Euskal kirolariek tematiak eta burugogorrak izatearen fama dute. Gaurkoan, horren adibide diren bi kirolari bikainekin gatoz: izan ere, arrazoi ezberdinak tarteko, kirol batetik bestera jauzi egin, eta, hala ere, goi mailari eutsi dioten bi kirolari handiren istorioak dakartzagu. Oier Aizpurua zumaiarrak, piraguan munduko txapeldun hainbat aldiz izan ostean, ura utzi gabe piraguatik arraunera egin zuen salto, «fisikoki ongi baina buruz nahiko erreta". Mikel Elgezabal gernikarrak kirolaren beste alde beltz bat ezagutu du. Txirrindulari profesionala zenean, talderik gabe geratu zen bat-batean, eta, hala, lehendabizi duatloiari eta ondoren triatloiari heldu zion, egun batetik bestera. Bai batak bai besteak emaitza onak lortu ditu azkenaldian.
Fausto Berazadi
2012ko Abuztuaren 10a
Oier Aizpurua: «Kirola egiten berriz gozatu eta talde bateko partaide izan nahi nuen»
Oier Aizpurua neke fisikoak baino neke psikologikoak eraman zuen Orioko trainerura. «Mentalki erreta baina fisikoki ondo nengoen», dio garai hori gogoratzean. Aurretik, ordea, bere kirol maitean, piraguismoan, sekulako ibilbidea osatu zuen: sei urrezko domina, zilarrezko hiru eta brontzeko bi irabazi zituen mundu mailako zien Europako txapelketetan. Gehienak distantzia luzetan, K-2 maratoian, Manuel Busto lagun eta arraunkide asturiarrarekin batera.
2009an utzi zuen piragua Oier Aizpuruak. Aurretik zuen, ordea, ideia buruan, euliak bezala, bueltaka. «Pixkanaka, betebeharrak ilusioa ordezkatu zuen eta egunero entrenatzera joatea kostatu baino, ezatsegin egiten zitzaidan piraguako jarduna. Goizero zein arratsaldero, Zumaiako Itxas-gain Kirol Elkartera joatea gero eta astunago zitzaidan. Nire buruarekin ez nengoen gustura, piraguaz disfrutatu baino betebeharra bilakatu baitzen niretzat. Azken finean nire lana zen, profesionala bainintzen. Niregatik nintzen hor, ez beste inorengatik. Azken urtetako presio mediatikoa, jendearena... ere ez nituen gehiegi atsegin. Nire garaipen eta porroten erantzule eta jabe bakarra ni nintzen, eta, orain, aldiz, ez», aitortu du Aizpuruak, serio.
Piraguan, maratoi modalitatean aritu zen Aizpurua azken urtetan. Entrenatzeko askatasun gehiago ematen du modalitate horrek, ibilbide luzeak izaki, bakoitza bere klubean egoten baita entrenatzen, arraun zentroetara joaten ibili beharrik gabe. Ez dira entrenamendu hain espezifikoak. Espainiar Estatuko selekzioko maratoi modalitateko K-2 ontzia Manuel Busto eta berak osatu zuten luzaroan. Fernando Garcia Herrero selekzioko sendagilea zen, eta harekin hasieratik ederki konpondu zen Aizpurua, konfiantza handia zuen berarengan. Era berean, Garcia Herrero, iazko urtera arte, Orio Arraun Elkarteko medikua ere bazen. «Selekzioko euskaldun bakarra nintzenez, askotan egoten ginen arrauna eta arraunaren munduaren inguruan hizketan. Eta, normala den bezala, lagunak egin ginen. Berak xaxatu ninduen arraunaren mundura. Orioko zuzendaritzarekin hitz egin zuen eta ea arrauna probatu nahi nuen galdetu zidan. Entrenamenduak ez ziren hain gogorrak eta nik kirola egiten jarraitu nahi nuen, baina niregatik, nire ilusioak agintzen zuena. Pentsa, bizikletan eta korrika sarritan ibiltzen nintzenez, triatloia probatzea ere pentsatu nuen! Baina berriz berdinera bueltatzea izango zen; bakartasunera eta helburu indibidualetara, alegia. Eta hori zen hain justu nahi ez nuena», agertu du kirolari zumaiarrak.
Arraunera aldaketa
Piraguatik trainerurako jauzia nola egin zuen esplikatzerakoan, solasaldiak beste tonu bat hartu du. «Piragua utzi nahi nuen aldi hartan Garcia Herrerok Orion arraun egitera animatu ninduen. Erreta nengoen eta berriz kirolen batean hastekotan, disfrutatzeko eta nire ilusioak bultzatuta izango zen. Horixe nahi nuen, berriz kirolarekin disfrutatu, kirolean gustura jardun. Erraza ematen du, baina hainbeste urte goi mailako kirolean zabiltzanean, ahaztu egiten zaizu zergatik egiten duzun , eta monotonia batean sartzen zara: betebeharrak harrapatzen zaitu», dio Aizpuruak, agertu berri duenak berarentzat zer suposatu zuen ongi azalduz. Aldaketa teknikoak aipatzerakoan, «piraguan gerriak alde batetik bestera biratzen du, ezkerretik eskuinera eta alderantziz. Arraunean, aldiz, gerriari aurrera eta atzera eragin behar diozu», dio Aizpuruak.
Igotzea helburu Orion
Azkenean, 2009an, Orioko bigarren taldearekin entrenatzen hasi zen, 32 urterekin. Kirolarekin berriz disfrutatzeko eta talde bateko partaide izateko, traineruko kuadrillako kide izateko. «Orion hasi nintzenean ez nuen inolako helbururik, ez Kontxa irabaztea ezta lehen taldean sartzea ere. Probatzera joan nintzen, gustatu, eta hasieran ederki kostatu zitzaidan arren, taldean hartu ninduten. Aurretik selekzioan ere taldean entrenatzen ginen, baina zeharo ezberdina zen. Guztira hemezortzi piraguista ginen, eta, azkenean lau soilik hautatzen zituztenez, lehia ez zen sanoa. Kide eta arerio ginen era berean. ‘Anaia Handia’ reality-aren antza zuen hark! Orioko kuadrillak talde giroan sartu ninduen. Ordura arte, kirola neuretzat eta neuregatik bakarrik egiten nuen; orain, aldiz, denok denontzat egiten dugu arraun, eta hori da nik bilatzen nuena», onartzen du.
Orioko arraunlari Aizperro ezagutzen zuen eta laguntza handia eman zuen hasiera hartan. «2010eko denboraldian jada lehen taldean nintzen, eta denboraldi zirraragarria egin genuen, TKE liga irabaztekotan egon baikinen. Berriz ere disfrutatzen ari nintzen eta Orio bezalako arraun herri batean. Iaz, ordea, gauzak aldrebestu egin zitzaizkigun eta mailaz jaitsi ginen. Kontxan sartzea ere ez genuen lortu! Orain txukun ari gara eta ea igotzen garen», amaitu du.
Mikel Elgezabal: «Txirrindulari bezala ateak itxi zizkidaten eta triatloiari heldu nion, erdi kasualitatez»
Paternina-Costa de Almeria taldean eman zituen profesional gisa lehen pedal kolpeak, 2004an. Aurretik, amateur mailan, Euskaldun Torneoa (2003) eta Bizkaiko Bira (2002) irabazi zituen, afizionatuetan jada maila handiko txirrindularia zela erakutsiz.
Lesioak tarteko, eta txirrindulari taldea dirurik gabe geratu zela-eta, berriz afizionatuetan eragin zituen hankak, mailaz jaitsita, 2005ean. Horretarako, afizionatuen mailara itzultzeko beharrezko birkalifikazioa eskatu behar izan zuen. Baina mutilak ez zuen etsi.
Hurrengo urtean, Atom talde kolonbiarrak fitxatu eta berriz profesionalekin lehiatzen hasi zen. «Alabaina, urte horretan UCI Pro Tourra eratu zen eta talde profesionalak bitan zatitu ziren. Gure taldea bigarren maila horretan egokitu zen eta gure maila erakusteko oso aukera gutxi genituen, profesionalen eta afizionatuen arteko maila zen-eta. Garai txarrak ziren. Talde asko desagertzen ari ziren eta txirrindulari on askok utzi behar izan zuten bizikleta. Atom taldeak ere urtebete soilik iraun zuen profesionaletan, 2006a alegia», gogoratu du gernikarrak.
Urte haietan Elgezabalek maila txukuna eman zuen, bai behintzat talde apal batean jarduten zuen batentzat. Paterninarekin 2004an Espainiako Txapelketan 11. izan zen, 12. Kubako Itzulian eta 21. Euskal Bizikletan. 2006an, Atom taldearekin, Kantabriako Circuito Montañes proban 11. sailkatu zen eta frantziar Estatuko hainbat karreretan aritu zen. Errioxa, Madril eta Extremadurako itzuliak ere jokatu zituen. Esperientzia eta maila bazituen Elgezabalek.
Emaitzak emaitza, 2006ko denboraldi amaieran talderik gabe geratu zen Elgezabal eta bere karrera profesionala bertan behera geratu zen. «Kirola egiten jarraitu nahi nuen, baina argi nuen ez nuela berriz amateur mailan aritu nahi. Nire denbora, maila horretan behintzat, pasa zela sentitzen nuen. Gazteei ere lekua utzi behar zaie... Gainera, profesionaletan Euskaltelek ez zuen nire aldeko apusturik egin, eta beste taldeetatik ere ez ninduten deitu. Beraz, esku hutsik aurkitu nuen nire burua; zirt edo zart egin behar nuen», gogoratu du Elgezabalek, tristura apur bat erakutsiz.
Duatloia eta triatloia
Gernikan bizi zen Jonathan Hall australiarra ezagutzen zuen Elgezabalek, egungo AEBetako triatloi hautatzailea. 1997an Munduko Dualoi Txapelketa irabazi zuen, eta ondoren Festina txirrindulari taldean aritu zen. «Nik ezagun nuen Jonathan Hall. Txirrindularitzaren ateak itxita ikusten nituen eta leihoren batetik ihes egin beharra neukan, oraindik gazte eta gogotsu bainintzen 27 urterekin. Duatloiak korrika eta txirrindua batzen zituenez, probatzea erabaki nuen. Bat-batean, ia kolpean. Nik sekula ez nuen korri egin, serio esan nahi dut, ordura arte. Laster etorri ziren lesioak. Masajistak harrituta galdetzen zidan zer arraiotan ari nintzen, inoiz ez baitzuen halako lesiorik ikusi. Noski, nire gorputza ez zegoen korri egitera ohituta eta toki arraroetan izaten nituen lesioak. Hankak lurra zapaltzera ohitu gabe zeuden seinale!», onartu du, erdi barrez baina sufrimendu imintzioak aurpegian dituela. Hasiera hura «oso traumatikoa izan zen, aldaketa handia suposatu baitzuen niretzat. Baina hilabete batzuetan nire gorputzak hura guztia asimilaturik zuen», agertu du.
Triatloian, berehala emaitzak
Babesleen laguntza ere jaso zuen Mikelek hasieratik. «Behin bizikleta lagata, aurretik izan nituen babesleei duatloian eta triatloian arituko nintzela esan nien eta hasieratik lagundu zidaten. Eskerrak haiei! Apurka-apurka, korrika gero eta erosoago ikusten nuen nire burua eta lehen lasterketetatik hasi nintzen emaitzak lortzen. Egin nuen bigarren triatloia Zarauzkoa izan zen. Eta bigarren egin nuen. 2007ko ekaina zen. Pentsa!», bota du gernikarrak gustura eta harrotasun, ez harrokeria, puntu batekin. Eta ez da gutxiagorako. Zarauzko triatloia oso zorrotza da eta maila handia eskatzen du lehenengo postuetan ibili nahi duenarentzat. «Egiari zor, nire gorputzak ondo asimilatu zuen hori guztia: korrika, kostata baina hartu nion erritmoa. Igeri ez nintzen gaizki moldatzen (itsasoan apur bat okerrago) eta bizikletan erraz nindoan. Txirrindularitzan beti esan izan da igeri egitea txarra dela. Garai hartan hobetzen joan nintzen, 28 urte bainituen eta hobetzeko marjina bainuen. Triatloiaren munduan asko hobetu dut, asko ikasi dut. Oraindik gehixeago ahal dudala uste dut, baina jada oso zaila da, adin bat badaukat-eta. Gazteak ere atzetik jo eta su ari dira; maila geroz eta handiagoa da. 2007ko hasierako triatloietan bizikletan erraz nindoan eta aurrena izaten nintzen bizikleta proban. Orain, aldiz, maila asko handitu da. Zarautzen bigarren triatloian bigarren egin eta mundialera joateko deitu ninduten!», adierazi du erdi harrituta baina gozo Mikelek. Gasteizen ospatu berri den Munduko Txapelketan 19. izan da.
Meritua badute biek ala biek. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula bi gazte euskaldun hauek lortu dutena. Kirolez aldatu eta goi mailan jarraitu. Bejondeizuela!




