Bihar igaro zenetik ehun urte beteko badira ere, Bermeo, Elantxobe, Lekeitio edota Ondarroan ez dute ahaztu 1912ko abuztuaren 12an zerua belztu eta itsasoa harrotu zuen galarrena. 143 arrantzale irentsi eta 65 alargun eta 205 umezurtz utzi zituen. Hainbat ekitaldi antolatu dira egunotan hildakoen omenez, gurean arrantza mundua astindu zuen gertakaria memorian gordetzeko.
Nerea Goti
2012ko Abuztuaren 10a
Galarrena, abuztuaren 12an, iluntzean, heldu zen. Laster Andra Mari eta San Roke jaiak ospatu behar zituzten, eta arrantzaleak atunetan zeuden ohiko moduan, jo eta ke, etxeko jornala atontzeko.
Sortu berri zen Igeldoko behatokiko parteak honela zioen goizean goiz: «Cielos despejados, brisa del sur y mar bella». Orduekin, aldiz, aurreikuspena nabarmen aldatuko zuen. «Galerna terrible a media noche», zioen gaueko parteak.
Garaiko meteorologia zerbitzuek gertatuko zena aurreikusi bazuten ere, iragarpena arrantzan zeuden baporetara eta txalupetara helaraztea ezinezkoa zitzaien. Batzuek nolabaiteko abisua jaso zuten. Antza denez, itsasontzi bretoiek seinaleak egin zizkieten itsasontziei. Barometroa erakusten zieten behin eta berriro. Batzuek ez zuten ulertu eta berria jaso zutenek, aldiz, ez zuten pentsatu horrenbesterako izango zenik. Horregatik, atunetan zebiltzan txalupetako arrantzaleek gaua itsasoan ematea erabaki zuten, gauak zekarrena jakin barik.
Matxitxakoko lurmuturretik 45 milia ingurura zeuden atunetan arrantzan. Gauarekin, itsasoa inoiz ikusi ez zuten moduan harrotu eta 143 arrantzale irentsi zituen. Hildakoen artean, 116 bermeotarrak ziren; 8, Elantxobekoak; 16, Lekeitiokoak eta 3, Ondarroakoak. Guztiek 18 eta 30 urte bitarte zituzten. Garaiko herritarrek nabarmentzen zutenez, gizon belaunaldi oso bat galdu zen Bermeon.
Kaian, samina, ziurgabetasuna eta 75 alargun eta 255 umezurtz utzi zituen enbatak. Garaiko kroniken arabera, ate joka zeuden herriko jaietan ospatzekoak ziren 40 ezkontza bertan behera geratu ziren. Jaiak ere bertan behera utzi zituzten herriotan, tragediaren tamaina ezagututa.
Egunotan, gertaeraren mendeurrena dela eta egingo diren ekitaldien harira, Idurre Bideguren Bermeoko alkateak nabarmendu du galarrena Euskal Herriko «XX. mendeko lan istripurik handiena» izan zela.
Azken urteotan, euskarri ezberdinen bidez, galarrena hartan zer gertatu zen berridatzi da erakusketetan, film labur gisa, dokumental bezala, liburuetan, herri antzerkietan... Aurten ere herri oso bat prest dago hil ziren haiek eta euren familiak gogoan izateko.
Gertaera hura aztertu duen bermeotar batekin jarri da harremanetan GAUR8, gertatutakoaz eta izan zituen ondorioez hitz egiteko. Aingeru Astui Bermeoko Arrantzale Museoko arduraduna eta herriko Kultura zinegotzia, ordenagailuaren aurrean aurkitu dugu, garaiko argazki eta egunkarietako artikuluez inguratuta, tragedia lazgarri hura gogoratzen. «Atunetan ari ziren. Eguneko arrantza lurrun itsasontzietan sartu eta portura ekartzen zuten, fresko mantentzeko, orduan hozkailurik ez baitzegoen», azaldu du.
Dirudienez, atunetan zebiltzan batzuek itsasontzi bretoien abisua jaso zuten. Barometroa erakusten omen zieten zetorrenaz ohartarazteko. Hainbat arrantzale portura itzuli omen ziren, baina beste asko itsasoan geratu ziren. Garai hartan, ohikoa zen gaua itsasoan ematea.
Itsasontzi guztiak elkarrekin egon ziren, antza denez. «Gauean, txalupetan lo egiteko, belak eta lemak kendu eta bertan etzaten ziren, guardia egin behar zuena izan ezik. Horrek kandelatxo batekin egon behar zuen txaluparen seinalea emateko, itsasontzi handi bat pasatzen bazen-edo, izan ere, garai hartan ez zegoen radarrik», azaldu du Astuik.
Haize gogorra, hotza, olatuak...
Zelan harrapatuko zituen ekaitzak? Astuik dioenez, «seguruenik haize gogorra hasiko zen, olatu handiak, euria… eta baldintza horietan ez ziren gai izango lemak ipintzeko, belak altxatzeko…». Bizirik atera zirenen testigantzetan oinarrituta, Astuik azaldu du haizeak norabidea aldatu eta indarra hartzen zuela ikusita, txalupetan esna zirenek besteak esnaraziko zituztela. Euren asmo bakarra txalupa armatzea zen, lemak altxatzea eta ihes egitea, baina ohikoa baina gogorragoa zen gainean zuten enbata.
Adituen esanetan, galarrena gogor batean, tenperaturak izugarrizko jaitsiera du, 8 gradu ingurukoa, eta gau horretan aldaketa horren bikoitza eman zela uste zuten bizirik irten zirenek; baiezkoan daude egungo adituak ere sasoiko mapak ikusita. Olatuek 16 metroko altuera hartu zutela ere kontatzen zuten; «eraikin baten modukoak» ei ziren olatuak haien esanetan. Oihuak, otoitzak, haizea eta itsasoaren orroak baino ez ziren entzuten txalupetan gauaren iluntasunean itsu geratu ziren itsasgizonek kontatzen zutenez.
Kontuan hartu behar da, bestalde, nolako baliabideak zituzten garai hartan. Itsasora irteten ziren txalupak belaontziak ziren, arraunean ere gidatzen zirenak. 15 metro inguruko luzera zuten eta bakoitzean zortzi arrantzale joaten ziren, bederatzi batzuetan. Gau hartan, Bermeoko hamalau traineru galdu ziren, Lekeitioko bi, Elantxobeko bat eta Ondarroako beste bat. Portuan, bestalde, ezer ikusi beharrik gabe tragedia aurre-aurrean zutela bazekiten lurrean geratu zirenek. Garaiko kronikek ez dute gehiegi kontatzen, kaian zain zeuden emakume, ume eta zaharrei buruz, baina kontatzen dutenaren arabera, asko etxean egonezinik portura joan ziren gizonen zain, eta, diotenez, emakumeak kalean korrika oihuka hasi ziren tragediaren aurrean.
Bizirik irtetea lortu zutenak
Ekaitz bortitz hark utzi dituen kontakizunen artean, istorio zirraragarriak daude. Pantaila handira eramatekoak dira bizirik heldu zirenenetako batzuek bizitakoak. Bereziki ezaguna da Eskurza lekeitiarraren istorioa, hiru egunetan masta bati helduta egon baitzen arrantzontzi batek salbatu zuen arte.
Juan Daniel Eskurza San Nicolas txalupako patroia zen, Lekeitioko portutik atera ziren bietako bat, hain zuzen ere. Duela hiru urte, bere birbiloba Joseba Eskurzak GAUR8rekin hitz egin zuen Lekeition oraindik gogoan duten gertaeraz. Bere arbasoak kontatzen zuen haizeak bat-batean norabidea aldatu zuela. Itsaso kolpe batean, ur asko sartu omen zen txalupan eta urperatu egin zen branka zerura begira utzita. Eskurza patroia zen, eta, antza denez, besteei oihu egiten zien gogor hel zitezen egur zatietan.
Masta bat heltzea lortu zuen Eskurzak, Fidel Bengoetxea eta Victor Laka lagunekin batera, baina orduak pasa ahala olatu kolpeen artean beste biek indarrak galduta irentsi zituen itsasoak. Eskurzak 60 ordu eman zituen itsasoan, abuztuaren 14an Deba eta Getaria aldera eraman zuen arte; azkenean, oso era bitxian lortu zuen ikusia izatea. Aurreko egunetan itsasontziak ikusi zituen urrunean, baina bera, aldiz, ez zuten ikusten. Egun horretan kaioak bere gainean pausatzen utzi zituen, jarraian «eup!» oihuka esan eta kaioak hegan irtetean lortu zuen itsasgizonen arreta deitu eta onik ateratzea.
Alfonso XIII.a erregea berak egin zion harrera eta Eskurzarekin argazkia egin zuen. Sarritan agertzen da errege espainola garaiko egunkarien kroniketan. Izan ere, Donostian oporretan zen galarrena gertatu zenean, eta Bermeon izan ziren elizkizunetan hartu zuen parte. Kroniken arabera, 4.000 pezeta eman zituen hondamendiari aurre egiteko.
Elkartasun olatua
Garaiko egunkarietan xehetasun ugari agertzen da galarrenaren inguruan, bizirik irten zirenen testigantzak hartuta, baina ezer gutxi agertzen da etxe askotan sarraskiak eragin zuen hondamendiari buruz. Hala ere, elkartasun mugimendu handia egon omen zen kaltetutakoentzako dirua lortzeko.
Aingeru Astuik dioenez, 143 famili ezer gabe geratu ziren, asegururik eta inongo babesik ez zegoen garai batean. Horrek ekimen ugari eragin zuen dirua jaso eta alargunei eta umezurtzei helarazteko. Ameriketan zeuden euskaldunen kolonia handietatik heltzen omen zen laguntza, eta, Estatu mailan, han eta hemen zezenketak, antzerkiak edota txapelketak antolatu ziren Bermeoko kaltetuentzako diru bilketak egiteko. Ordenagailuan gordeta dituen egunkari artikuluak errepasatzen, Ceutan antolatutako ekitaldi bat aurkitu du Astuik, Bermeoko kaltetuentzako diru bilketa egiteko.
Egunkariek egunero argitaratzen zituzten partikularren ekarpenen zerrendak. Instituzioek ere diru-laguntzak eman behar izan zituzten kaltetuei nolabaiteko babesa adierazi eta iritzi publikoa astindu zuen arazo sozial larri bati aurre egiteko.
Lan baldintzak, hobetzeko bidean
Bestelako aldaketak ere eragin zituen galarrenak arrantza munduan, itsasgizonen lan baldintzak hobetzeko bidean jartzeko eta kaltetuek gutxieneko babes sistemak izan zitzaten. Garai hartan, belaontziak erabiltzen baziren ere, motorreko propultsioa sartzen ari zen apurka-apurka. Horregatik, jasotako eskaeren artean bazegoen arrantza txalupetan motorra ipintzekoa.
Itsasontzien eta portuen egoera ere aztertu zuten. Askok alarma sistema bat ezartzea ere eskatu zuten, meteorologia behatoki ezberdinen elkarlanari esker osatua, eguraldiaren aurreikuspenak portuetara garaiz hel zitezen.
Babesguneak ezartzea ere planteatu zen horrelako egoera bati aurre egiteko moduan egoteko, edota salbamendurako ontzidi bat antolatzea. Astuik dioenez, hurrengo hilabeteetan batzar ugari egin ziren hainbat aurrerapen ezartzeko, eta garrantzi handia eman zioten arrantzaleen heziketan sakontzeari. «Patroiek aitarengandik bakarrik ikasi beharrean, bestelako formazio bat jaso beharra planteatzen hasi zen, meteorologia apur bat, nola nabigatu... ikasteko», azaldu du.
Bestelako eskaerak ere entzuten hasi ziren. Hala, derrigorrezko aseguruak ezarri beharra jarri zen mahai gainean, bai itsasontzientzako bai arrantzan zebiltzan gizonentzako.
Bestalde, galarrenaren aurretik aurreikusita egon arren, gertaeraren ostean indarra hartu zuen Bermeon olatu-horma altxatzeko proiektuak. 1913an, errege espainolak egitasmoa onartu eta eraikitzeko agindua eman zuen.
Bermeoko olatu-horma eraikitzeko proiektua eta orokorrean 1912ko abuztuaren 12an gertatutakoari lotutakoa hainbat lanetan jaso da herrian. Aurten, galarrenaren mendeurrena betetzen dela eta, Udal Gobernuak urrats bat eman nahi izan du gaiaren inguruko zenbait datu jorratzeko. Horregatik, galarrenean hil ziren arrantzaleen zerrenda jasotzen duen koaderno bat argitaratu berri du. Izen-abizenekin batera, zuten adina eta ezkonduta edo ezkongabeak ziren zehazten du.
Astuik azaldutakoaren arabera, informazioa egon bazegoen baina ez zegoen horrela jasota, eta dokumentazio ezberdina gurutzatu ondoren lortu dute zerrenda osatzea. «Hildakoak eta beraien familiak omentzea da helburua», azaldu du.
Enbata hura gogoan gorde nahi duenak bestelako informazioa aurkituko du koadernoan. Hondamena nola gertatu zen, herrian nola bizi izan zen, hileta elizkizunak nolakoak izan ziren edota argitaratutako berriak eta testigantzak aurkituko ditu liburuxkan, garaiko argazkiekin eta galarrena bezalako fenomenoen gaineko azalpenekin batera.
Udalaren koadernoa ez da gaia jorratzen duen bakarra. Horrenbestez, egunotan lan ezberdinetako egileak bildu dituzte Bermeon enbataren inguruko kontu ezberdinak aztertzeko, besteak beste, “Galerna, ekaitza ezezaguna” izeneko dokumentala zuzendu zuen Jabi&punctSpace;Elortegi, “Bermeo 1912” film laburra egin zuen Alberto Bilbao, “Galerna” liburuaren egilea den Jon Kepa Iradi edota “Itsasoari begira” idatzi zuen Josu Munitiz.
Garaiko jantziak eta xingola beltza
Hildakoen omenezko ekitaldi gehienak gaur eta bihar artean ospatuko dira. Balkoietan izarak krespoi beltzekin jartzeko deia egin du Udalak egunotan, baita garaiko jantziak berreskuratzekoa ere. Horretarako, tailerrak egin dituzte herrian jantziak prestatzen laguntzeko.
Gaur gauean herri antzerki abestua eskainiko dute, baita “Autopoetika” argi ikuskizuna ere. Bihar, aldiz, galarrenean hildakoen aldeko oroimen meza kantatua izango da Bermeoko&punctSpace;Abesbatzaren eskutik, eta, 20.00etan, “Galerna, ekaitza ezezaguna” dokumentala aurkeztuko da. Ordu berean txistulariek joko dute Portu Zaharrean, eta, ondoren, itsas prozesio isila egingo da. Lekeition ere omenezko ekitaldiak izango dira. Udalak iragarri duenez, bihar, 12.00etan, Talan, «kanpaiak, sirenak, adarrak, deitzekoak, garaian kokatuko gaituzte». Aurreskua, kantuak eta lore eskaintza ere izango dira, eta plaka bat ipiniko dute hildakoen omenez. Udalak ekimenean parte hartzera deitu du, eta, aurreratu duenez, ekitaldi gehiago antolatuko ditu datozen hilabeteetan galarrena gogoan izateko.
«Urperatutako argiak», herritarrek antzeztuta
1912ko galarrenean hildakoen eta euren familien omenez izango diren ekitaldien artean, gaur gauean ikusmin handia sortu duen antzezlana ikusteko aukera izango dute bermeotarrek elur-fabrikaren zabaldegian, 22.00etan. “Urperatutako argiak” izenburua ipini diote Carlos Panerak zuzendutako antzezlanari, eta Eneritz Artetxe koordinatzaileak azaldu dio GAUR8ri horren zergatia: «Gorde diren testigantzetan, iluntasuna da behin eta berriro errepikatzen den elementuetako bat, garai hartan erabiltzen ziren kriseilu haiek banan-banan itzaltzen joan zirela, eta iluntasun horretan haize gogorra eta olatuak kontra izanik, lema jarri nahi eta ezin zutela... Hori irudikatu nahi izan dugu».
Udalak egin zuen gertaera antzezteko proposamena, eta Maskarada antzerki taldeak hartu zuen enbidoa. Sekulako erantzuna izan zuen herritarren artean. Artetxek dioenez, herriko jende asko berehala hurbildu zen, eta horrek arreta deitu diola onartzen du. «Izaera parte hartzaile hori eta abesteko zaletasuna bereziki nabarmenduko nituzke», esan du. Izan ere, adin guztietako ia ehun herritarrek irudikatuko dute gaur duela ehun urte beraietako batzuen arbasoei gertatutakoa; horietako 85 kantari arituko dira. Kantari, bai, Ander Oleagak idatzitako bertsoak kantatuko baitituzte Euskal Herriko doinu ezagunetara egokituta. Artetxek azaldutakoaren arabera, Bermeon oso ezagunak diren doinuak ere berreskuratu dituzte egitasmo honetarako, “Maria Madalenea” edota “Talan” abesti ezagunak kasu.
Lanak atal ezberdinak ditu. Artetxeren azalpenen arabera, sasoiko testuinguruan du hasiera. «Herrian jai giroa bizi zen, Santa Klara eguna ospatzen ari ziren eta Andra Mari eta San Roke jaietarako prestatzen ari ziren. Poztasun giro hori iluntzen joan zen haizea altxatzen zen heinean», azaldu du. Oraindik berri txarrik ez bazuten ere, eguraldia ikusita jakin bazekiten itsasoan giroa okerragoa izango zela. Garai hartan, galarrenek sarritan eragiten zituzten hildakoak, eta haize haiek ez zuten ezer onik iragartzen.
Eneritz Artetxeren esanetan, antzezlanean parte hartzeko prest azaldu den jendeak bere ekarpen propioak ere egin ditu ehun urtez herrian bizirik izan diren kontakizunetan oinarrituta.
Beste atal batean arrantzaleek ekaitzaren erdian eta ia baliabiderik gabe elementu guztien kontra bizirik irteteko mantendu zuten borroka irudikatuko dute kantariek, 70 minutu inguru irauten dituen antzezlanean.
Bestalde, lanean islatuta geratzen den beste une bat, alargun eta umezurtz geratu zirenen errealitatea da. «Herria zelan geratu zen irudikatu nahi izan dugu, 116 arrantzale gazte galdu ondoren».
Garaiko jantziak prestatzeko ahalegin berezia ere egin dute. Horretarako, herrian sasoiko jantzien tailerrak eskaini dituen jostun taldearen laguntza izan dute.
Antzezlanaren unerik sentituena bere iritziz zein den galdetuta, Artetxek ez du bakar bat zehaztu. Dioenez, gertaera ezagutzen duenarentzat, eszena batzuk aurrean izatea eta herriko doinu triste eta zaharrak entzutea hunkigarria izango da.
«XX. mendeko bortitzena», adituen esanetan
«Galerna asko egon da, baina hau bezalakorik ez», esan ohi zuten Bermeon ezbeharraren ostean, eta zerbaitegatik esaten zuten, XX. mendeko bortitzena izan baitzen, adituen esanetan. Margarita Martin Igeldoko Meteorologia Behatokiko zuzendariari deitu zion GAUR8k zehatz-mehatz Kantauriko galarrena tipikoa zer den jakiteko, eta ordukoa ea hain gogorra izan zen jakiteko. «Abuztuaren 12 hartan izan zena ez zen Kantauriko galarrena tipikoa izan, zeren galerna horiek kostaldetik 20 miliatara ematen dira gehienbat, eta Bermeokoa urrunago izan zen, 50 miliatara hain zuzen ere», erantzun zuen Martinek.
Kantauriko enbata famatuak bat-batekoak dira, hori da duten ezaugarri nagusia, baita laburrak direla ere; Bermeokoak, aldiz, orduko testigantzen arabera, ordu luzez iraun zuen. Garaiko eguraldi mapak aztertuta eta testigantzak entzunda, adituek jakin ahal izan dute gertatu zena «galerna frontal bat» izan zela, ohikoa baino enbata gogorrago bat beraz; gainera, atzetik ziklogenesi lehergarri bat izan zen, enbatak eragindako hondamendia areagotuz.
Martinekin berbetan, jakin dugu Bermeoko galarrena adituek bereziki ikasten duten gertaera bat dela. Dioenez, holako fenomenoak sarritan ematen dira Bizkaiko Golkoan, bertako orografiak horretarako joera sortzen baitu, baina duela ehun urte itsasoan bizi izan zutenak benetan beldurtzekoa izan behar zuela dio.
Gaur egun, horrelako enbata bat ordukoa bezain beldurgarria izango litzatekeela dio. Argi esateko, egungo itsasontziek ere ezingo liokete horrelako ekaitz bortitz bati aurre egin, eta neurriak ez du zerikusirik. Aldiz, bada ezberdintasun bat: egun horrelako egoerak aurreikusi egiten dira eta inor ez da itsasora irteten.
Zer gertatu zen duela ehun urte? Ezin izan zutela ez abisua jaso ez lehen eskuko informaziorik izan, Margarita Martinek azaldu dunez. Ez zuten pentsatu horrenbesterako izango zenik.
Hain berezia da Bermeoko gertaera hura, egun oraindik gordetzen dela orduko Igeldoko partea. Izan ere, gaia aipatu eta Margarita Martinek berehala topatu ditu bere artxiboan egun hartan Igeldoko Behatokiak egindako parteak. Abuztuaren 12 hartan, 08.19an egindako aurreikuspenean, «zeru garbia, hegoaldeko haizea eta eguraldi polita» iragarri zuten. Handik ordu batzuetara, galarrena izateko arriskua aipatzen zuen jada parteak, eta, gauean, berriz, gauerdian «galerna izugarria» izango zela aurreratzen zuen.
Abisua portuetara helarazi zuten, baina jada ezinezkoa zen hegaluzetan zebiltzan txalupak ohartaraztea. Egun hartan gertatutakoa irudikatu du Martinek. Dioenez, enbata gauez sartuko zen, indarra hartuz joango zen, eta, ondorioz, ez zuten ikusi ere egingo. Iluntasunean, are zailagoa izango zen ondokoari laguntzea. Zalantzarik ez duena, aldiz, «XX. mendeko enbata bortitzena» izan zela da; horregatik aztertu dute hain sakon meteorologoek.




