-

Ramon Sola

2012ko Abuztuaren 10a

Iosu Uribetxeberriaren egoera gogorrak 1999. urtean hil zen Esteban Esteban Nieto tolosarrarena ekartzen digu gogora ezinbestean. Paralelismoak begi bistakoak dira, eta ez bakarrik gaixotasunari dagozkionak. Estebanena gertatu zenean ere PP genuen Espainiako Gobernuan mandatari. Eta 2012an gertatzen denaren antzera, ezker abertzalearen ekimenaz konponbidearen aldeko haizea zebilen Euskal Herrian, aukera parez pare. Orduan eta gaurkoan, Aznar-Mayor Orejak eta Rajoy-Fernandezek berdintsu jokatu dute espetxe politikaren arloan. Datu adierazgarria da Espetxe Zuzendaritzaren buruan pertsona berdina kokatu dutela: Angel Yuste.

Orain gertatzen den bezala ere, espainiar iritzi publikoaren zati handi batek presoaren curriculuma jarri nahi izan zuen lehenengo planoan: Esteban Nieto «Madril komandoko» kidea izana zela nabarmendu zuten eta Iosu Uribetxeberria «Ortega Lararen kartzeleroa» izan zela errepikatzen digute, batak zein besteak heriotza zigorra merezia dutela esan nahi eta ausartuko ez balira bezala.

Auzi hura liskartu egin zen kalean, Esteban Nietoren osasuna okerragotzen zihoan neurrian. Etxera hiltzera eraman zuten azkenik, asko kostata; apirilean askatu zuten eta irailean zendu zen, 44 urte besterik ez zituela. Bere bizitzaren bukaera latza izan bazen ere, etsipengarriak izan ziren heriotza horren ondorioak ere: agintari politikoen erantzukizun eza, desinformazioa, presoen egoeraren gogortze etengabea, kale borroka... Lizarra-Garaziko prozesuaren eta ETAren su-etenaren amaiera azkartzeko faktoretako bat izan zen Esteban Esteban Nietori egindakoa, dudarik gabe, alde guztien artean landu behar zen konfidantza usteltzea baino ez zuelako eragin. Bistan da jokaldi ederra egin zuela kasu horrekin Aznarrek: mendekua burutu, presoen egoera gogortu eta helburu politikoa (Lizarra-Garazikoa gelditzea) gauzatu zuen.

Hamahiru urte pasatu dira geroztik. Ez dago lerro asko gastatu beharrik espainiarrek ez dutela ezer ikasi frogatu ahal izateko. Krudelkeria eta mendeku gosez aritzen dira, XXI. mendean ere, Moncloako estoldetatik. Baina ez da hori bakarrik. Helburu politikoa ere argi ikusten da espetxe politika horren azpian: konponbide aukeretako zirrikutu txikiena ere ixtea, euskal presoek betikoz preso jarraituko dutela sinetsaraztea, Euskal Herrian 1999ko udazkeneko etsipen hura berpizten saiatzea... Ez da ezer berririk. Ortzimuga orain ezberdina izanagatik ere, bere betiko bidetik doa Espainiako Gobernua, nora ezean.

Euskal Herrian, ordea, dexente ikasi dugu Esteban Nietoren heriotzatik hona. Hasteko, ez du itxaropen faltsurik egiten Madrilgo Gobernuarekiko. Euskal preso politikoekiko krudelkeria zainetan sartuta daramatela ikusi ahal izan dugu beste hamabi urtez. Baina badakigu, aldi berean, espetxe politika alda daitekeela eta aldatu egingo dela. Ez da izango Madrilen zain geldituz, ez eta Madrilekin berak nahi duen tokian aurrez aurre talka eginez ere, gu baino ahulago dagoen esparruetan eraginez baizik: Euskal Herrian eta nazioartean. Urtarrilaren 7ko manifestazio itzelak ikusarazi zuen inoiz baino euskal jende gehiago dagoela presoen alde aritzeko prest. Eta Estrasburgoko Auzitegiaren uztailaren 10eko epaiak «Parot doktrinari» bukaera jarriko dio goiz ala berandu.

Esteban Esteban Nieto hil zen. Iosu Uribetxeberria ere, naturaltasun eta apaltasun osoz, agur esaten hasi zaio Euskal Herriari GARAn egindako elkarrizketa gogoangarrian. Euskal herritarrei dagokie eragitea, Estebanenak ez bezala, bere kasuak konponbidea erraz dezan, Euskal Herrian eta nazioartean. Estatuak arrasatearrarekin mendekua gauzatu duela ukaezina da; ez ditzala horrekin batera bilatzen dituen helburu politikoak lortu. Hori «garaipen» mixerable bat baino ez litzateke izango. •