-

Ruben Sanchez

2012ko Abuztuaren 10a

Kirola, artea, musika... politikarekin nahastu behar ez direla dioen leloa jasanezina egiten zait. Normalean menperatzailearen status quo-a ez salatzeko argumentua besterik ez da. Eskerrak zenbaitek bestela jokatu zuten Hegoafrikako apartheid-a salatzerako orduan, Espainiako II. Errepublikarekin elkartasuna bultzatzerakoan edo Israelera beren jarduna eskaintzera ez joatean! Ulergarria da kirolariek lehiari lehentasuna ematea, baina kirolean ere giza baloreak nagusitzen direnean gertatzen dira lehiarik ederrenetakoak.

Nola ez oroitu Muhammad Ali, munduko txapelduna zela, soldadutzara ez joateagatik (Vietnamgo Gerraren kontra zegoen) titulu gabe eta lau urte luze boxeatu gabe utzi zutenekoa?

Nola ez oroitu 1968ko Mexikoko Olinpiar Jokoetan kirolari beltzak ukabila goratuta, AEBetako ereserkia entzuten zen bitartean?

Nola ez oroitu Cathy Freeman atleta bere garaipenak aborigenen bandera hartuta ospatzen?

Berriki, Ronan O’Gara irlandar errugbi jokalariak Ingalaterrako erreginari bostekoa ez ematea erabaki zuen, eta haren aurrean eskuak patriketan agertu zen argazki ezin politikoago eta dibertigarriagoa utziz.

Londresen bertan ere egon da keinu politikorik. Aljeriar kirolariek, tokatuz gero, israeldarrekin lehiatuko ez direla adierazi dute; Andy Murray teniseko urrezko dominak eskumuturrekoetan Eskoziako bandera eraman du; Mireia Belmontek eta Alex Fabregas katalanek adierazi dute nahiago luketela Kataluniako selekzioekin aritu, eta Damien Hooper boxeolaria aborigen banderarekin eginiko kamiseta jantzita lehiatu da.

Euskal kirolariek espainiar edo frantses ereserkia entzutean ukabila altxatzen ez duten bitartean... nahiago Kubak irabaztea! •