AEB-ETAKO AURORAKO SARRASKIA -

Coloradon orain aste batzuk, Wisconsinen joan den igandean... AEBetan maiz gertatzen dira tankerako sarraskiak eta berehala plazaratzen dira dolu irudiak, baina fenomeno kezkagarriaren atzean dauden arrazoiak ez dituzte aipatu ere egin nahi agintariek. Armen inguruko legedia zorroztearen aldekoekin hitz egin du GAUR8k.  

Maider Lacalle

2012ko Abuztuaren 10a

Colorado estatuko Aurora herrian dolua da nagusi. Hiru aste pasa dira Denver hiritik gertu dagoen herrian aurpegia estalita zuen 24 urteko James Holmesek 12 pertsona hil, umeak barne, eta beste 50 lagun zauritu zituenetik. Holmesek Coloradoko auzitegian egin berri du bere bigarren agerraldia: 24 hilketa (bi hildako bakoitzeko) eta 116 hilketa saiakera leporatu dizkiote, Batman superheroiaren azken pelikula ikusten ari zirenen kontra tiro egiteagatik.

Begiraleek espero dute Holmesen ustezko gaixotasun mentalak defentsa moduan erabiliko dituztela bere abokatuek. Badago, hala ere, beste eztabaida bat mahaiaren gainean, Ameriketako Estatu Batuetan momentu honetan hiltzailearen defentsa estrategia baino premia handiagoa duena: gizartearen zati handi batek armekiko duen jarrera erlaxatua. GAUR8 hizketan aritu da Aurorako tragedia gertutik bizi izan dutenekin.

Goizeko ordu biak dira AEBetako Chicagon, eta sei ordu gehiago Britainia Handiko Londresen. Bi metropoli horien arteko distantzia telefonoz gaindituta, Elliot Fineman NGAC Armen Biktimen Akziorako Kontseilu Nazionaleko zuzendariarekin hitz egin dugu. «Gautxoria naiz», azaldu digu primeran entzuten den elkarrizketaren hasieran eta sutsu ekin dio bere esperientzia kontatzeari.

Lehen dirudunei laguntza eskaintzen aritzen zen marketineko profesionala da Fineman eta bere bizitza guztiz aldatu zen 2006an San Diegoko jatetxe batean gertatutako tiroketa batean semea galdu zuenean; semeak ez zuen gertatutakoan inolako esku hartzerik izan. «Polizia nire etxera etorri zen goiz batean eta berria jakinarazi zidaten», adierazi digu, orduan gertatutakoa gogoratzeak burua beste toki batera eraman izan balio bezala.

Bizimodu berria

«Guztiz suntsitzailea izan zen», jarraitu du. Esperientzia gogor horretaz zertxobait errekuperatu zenean («inoiz ez dio batek horrelako tristura sentimendu gogor bati guztiz uzten»), bere bizitza armen kontrako borrokari buru-belarri dedikatzea erabaki zuen. Orain ere zeregin horretan ari da; goizaldeko ordu bi eta erdiak dira dagoeneko Chicagon, baina Finemanen ahotsak sekulako energia ageri du, geldiezina dirudi.

«AEBetako korporazioek beste eredu bat ezar dezaten beharrezkoa da, hori baita armei buruzko lege hobeak, sanoagoak, lortzeko era bakarra. Ez badute beste eredu hori ezarri nahi, ekonomikoki min egingo diegu». Horretan datza hein handi batean Finemanen erakundeak egiten duen lana: AEBetako multinazionalei (Starbucks eta Nike, esaterako) beraien eraikinetan armen inguruko arau zorrotzak ezartzea eskatzen diete, eta, konpainia horiek eskatutakoa betetzeari uko egiten badiote, boikota egingo dieten lagunen babesaren bila hasten dira. Oso taktika azkarra iruditu zaigu eta horri buruz gehiago jakin nahi dugu. «2010ean konpainia multinazional askok beraien denda guztietan armak eramatea debekatu zuten, baita establezimenduak kokatuta dauden estatuetan herritarrei armak publikoki eramateko ahalmena onartzen zaien lekuetan ere –azaldu digu–. Starbucksek, hala ere, onartzen du bezeroek beraien kafetegietara armak eramatea». Paradoxikoa da, urtero milioika dolar irabazten dituen kafe konpainiaren misioa edo helburua «giza espiritua inspiratu eta lantzea» denean.

Boikota indartu

Starbucksen bezero sutsu izandako 6.000 pertsona nazioarteko boikotean esku hartzen ari dira dagoeneko. Finemanen arabera, urtean bost milioi dolarreko kaltea suposatzen dio boikotak konpainiari. Starbucks bezalako enpresa handi batentzat kopuru hori gutxi den arren,  «denborarekin, 60.000 pertsona izango ditugu konpainiari boikot egiten eta horrek 50 milioi dolarreko kalteak eragingo dizkio». Bere proiekzioak errealistak ote diren galdetu diogunean, zuzendariak ez du duda izpirik agertu.

Tom Mauserrek tankerako urratsak egin ditu Daniel semea Columbine High School institutuan 1999an gertatutako tiroketan erail zutenetik. Hil zutenean 15 urte besterik ez zituen Danielek erabiltzen zituen oinetakoak eraman izan ohi ditu Mauserrek NRA Erriflearen Elkarte Nazionalaren aurkako protestaldietara. Tom Mauser Colorado Su-etena (Colorado Ceasefire) erakundeko presidentea da: estatuko hauteskundeetan, armen inguruko lege zorrotzak ezarriko dituzten hautagaiei ematen diete laguntza. Tomen izenean hitz egin duen Eileen McCarronek aipatu digunez, «arazoak dituzten gazte askorentzat oso erraza da armak lortzea eta horrexegatik gertatzen dira horrelako sarraskiak».

AEBetako Konstituzioaren Bigarren Zuzenketa babestea helburu duen taldea da NRA; armak edukitzea ahalbidetzen duen zuzenketa, alegia. Charlton Heston zinena izarra izan zen garai batean talde horren presidentea eta gaur egun 240 milioi dolar irabazten ditu urtean taldeak, Finemanek adierazi digunez, «armak ekoizten dituzten konpainien eskutik».

Jakina, horien lehentasuna gero eta arma gehiago saltzea da. Lobbying lan handia eginez lortzen dute hori, Obama presidenteak armak debekatu egingo dituela eta tankerako mezuak eta mehatxuak gizarteari bidaliz, esaterako. Inolako eskrupulorik gabe aritzen dira gainera: Columbine eskolan gertatutako sarraskiaren ondoren, Auroratik oso gertu dagoen hiri horretara joan zen taldea, bere kanpaina aurrera eramateko asmoz. Hori dela eta, sutan jartzen dira oraindik Fineman bezalako herritarrak haien harrokeria gogoratzean. Argi utzi dute NRAkoek Obamaren kontrako jarrera, nahiz eta «AEBetako egungo presidenteak armen aurka oso lan gutxi egin duen». Ekintzailearen arabera, Obama hautatua izan zenean armen salmentak gora egin zuen, askok pentsatu baitzuten armen inguruko lege zorrotzagoak ezarriko zituela. Guztira 30 milioi dolar gastatuko ditu NRAk Obamaren aurkako borrokan azaroan bukatuko den hauteskunde kanpainan.

AEBetako beste erakunde batek ere lan egiten du armen erregulazio zorrotzagoaren alde, gizartean eragin handia lortuz gainera. Bere izena Bill Clintonek ezarritako Brady Legeak inspiratu zuen. Lege horren arabera, armak erosten dituztenak egiaztatze edo kontrol prozesu bat igarotzera behartuta daude. Brady Campaign to Prevent Gun Violence (Armen Indarkeria Ekiditeko Brady Kanpaina) izeneko erakundearen lana goraipatzen du Finemanek, egiten duena oso garrantzitsua delakoan, «egun Brady Legeak ezarri beharko lituzken kontrolak ez baitira guztiz existitzen». Jakinarazi digunez, AEBetan egiten diren armen inguruko konbentzioetan ez da inolako kontrolik ezartzen, «eta horrela kriminalei aukera ematen zaie armak inongo arazorik gabe erosteko». Salerosketa pribatuek ere ez dute inolako kontrolik izaten, eta, ondorioz, «hilketetan erabilitako armen %40 konbentzioetan –milaka egiten dira herrialdean urtero– eta Internet bidez era pribatuan saldutakoak dira». Bestalde, zuzendariak adierazi duenez, milioika datu falta zaizkio FBI Ikerketa Bulego Federalari eta horrek esan nahi du erregistratutako kriminal askoren informaziorik ez dagoela zerrendetan, kontrolak behar moduan egin ahal izateko.

Kalifornia txapeldun

Egoera benetan kezkagarria da AEBetan, urtero armen eraginez 10.000 lagun hiltzen baitira herrialdean. Armaz hildakoen kopururik handiena duen estatua Kalifornia da, Texasek jarraitzen dio bigarren postuan eta New York da hirugarrena. Asko, Michael Moore zinema zuzendari ospetsua barne, estatubatuarrek armekiko duten obsesioa ulertzen eta salatzen saiatu dira azken urteotan (batez ere azken 30 urteotan gertatu izan dira Aurorakoaren tankerako sarraskiak). Hona datu esanguratsu bat: Obama politikan hasi zen Chicago hirian aurten armaz hildakoen kopurua Kabulen dauden militarren kopurua baino handiagoa izan da. Beldurra eragiten du herritarren %90ek armaren bat dutela jakiteak. Komunikabideetan etengabe erabiltzen diren herritarrak beldurtzeko taktikak faktore garrantzitsu ote dira?

Kontserbadoreek askotan errepikatzen dute honako esaldia: «Armek ez dute jendea hiltzen, jendeak hiltzen du jendea». Goian aipaturiko McCarronek dioenez, «hori propaganda egiteko beste era bat besterik ez da, jendeak behin eta berriro errepikatzen duen esaldia». Norbait hurkoa erailtzeko gai denean, are errazagoa izango du, noski, logelan AK-47 bat baldin badu.

Auroran orain aste batzuk izandako tiroketa bezalako gertakizunak hirien kanpoaldean gertatzen dira batez ere, zurien auzoetan, dirua duten herritarren artean. Ohikoa da, gainera, gertaera horiei antzeko erantzunak ematea hedabideetan. Oraingo honetan, James Holmes burutik ondo ez dagoela adierazi dute, eta, Columbineko institutuan, hiltzaileek Marylin Manson entzuten zutela esan zuten hedabideek. Bi datu horiek zuzenak izanda ere, askoz premiazkoagoa litzateke AEBek armekiko duten jarrera oso kezkagarria dela nabarmentzea, baina hori, aldiz, ez da inondik ere aipatzen herrialdeko komunikabideetan.

Obama eta Romney

Bi minutu besterik ez zituen behar izan James Holmesek Aurorako zineman elkartutako 12 lagun erail eta beste 50 zauritzeko. Badirudi, gainera, sarraskian erabilitako arma guztiak era legalean erosi zituela gazteak. Tragedia gertatu zenetik armen salmentak gora egin du. Fenomenoak AEBak zigortuko ditu berriz eta tankerako sarraskiek ez dute etenik izango. NRA elkarteak duen eraginak bere horretan jarraitzen duen bitartean, eta Barack Obama lehendakariak eta bere aurka hautagai moduan aurkeztu den Mitt Romney bezalako politikariek horri aurre egiten ez dioten bitartean, Mauser, Fineman eta semeak galdu dituzten gainontzeko gurasoen ahaleginek ez dute tamalez askorako balioko.