-

Gorka Elejabarrieta

2012ko Abuztuaren 10a

"Café para todos” izena jarri zioten trantsizio garaian Estatu espainolak ezarritako estatu ereduari. Helburua Euskal Herria, Katalunia edo Galizia herrien estatusa gainerakoekin parekatzea, herri hauetako abertzaletasuna gutxitu eta kolpatzeko. Argi dago helburu horrek porrot egin zuela, esango nuke independentismoa inoiz baino osasuntsuago dagoela hiru hauetan. “Café para todos” horrek bere helburu nagusia bete ez eta Estatuak espainolak bizi duen krisiaren arrazoietako bat ere ba ei da.

Frantses estatuak ere “Café para todos” hori erabili zuen Europako Hizkuntz Gutxituen Karta ez sinatzeko orduan. Frantses hizkuntzak dituen hamarna dialekto ezberdinak euskara, okzitaniera, katalana, bretoiera, nederlandera eta beste hizkuntzen parean jarri zituen bere posizioa argudiatzerako orduan.

Espainiar eta frantses estatuen jarrera hauek ez dira bakarrak Europar Batasunaren barruan. Badira irizpide berdintsuak erabiltzen dituzten beste zenbait estatu ere. Zentralismoa, jakobinismoa, nazionalismoaren izenean herrien desagerpena bultzatzen dituzten politikak. Liberté, égalité, eta fraternité. España una, grande y libre. Hitz ponpoxoak eta denok ezagutzen ditugun ondorioak.

Zuetako askok moduan Olinpiar Jokoak jarraitu ditut azken asteetan. Erresuma Batuko hainbat futbol jokalari galestar eta eskoziarrek, abertzale izan edo ez, ez dute ohikoa den “God Save the Queen” himnoa abestu, Ingalaterrarekin lotzen dutelako eta beraiek abertzale izan edo ez, ez dira ingelesak. Kasu honetan oso argi dago estatu eta herrien arteko ezberdintasuna. Futbolean, errugbian eta bestelako kiroletan ez bezala, Olinpiadetan ez daukate herri bezala parte hartzeko eskubiderik eta horrek Erresuma Batuaren izaeraren inguruko debatea piztu du.

1998an sinatu zen Irlandako Iparraldeko bake akordioa, Ostiral Santuko akordioa, eta 1998an ere sinatu ziren Gales eta Eskoziarako lege berriak (Scotland Act eta Wales Act). Kasualitateetan sinesten ez dudanez, pentsatzen dut Erresuma Batuko gobernuak bere estatuaren erreforma bat egitea erabaki zuela orduan, eta frantses edo espainol estatuen kasuetan ez bezala, “Café para todos” hori ez erabiltzea erabaki zuen. Gales, Eskozia eta Irlandako Iparraldeak estatus berezia, autonomia eta parlamentua eskuratu zuten. Eta are garrantzitsuagoa dena, de facto erabakitzeko eskubidea onartu zitzaien. Herri hauetako gehiengoak independentziaren aldeko hautua egiten duenean independentzia eskuratuko du. Eta kito.

Baten batek pentsatuko du hori dena britainiarren borondate onari esker lortu dela, herri horiekiko interes estrategiko ezari esker. Baita zera ere. Irlandako Iparraldeko gatazka politiko armatuaren konponbideak agertoki politiko berria ekarri du eta Erresuma Batuak badaki etorkizunean Irlandako Iparraldea, Eskozia edo Gales bere gain mantendu nahi baditu, ezingo duela izan inposizio, biolentzia edo antzeko armak erabilita. Bere esku dituen baliabide onargarri guztiak erabiliko ditu gauzak aldatu ez daitezen, eta lurralde, herri horien jabe izaten jarraitzeko. “Better Together” da Eskoziako unionisten lelo nagusia. Britainiar batek behin esan bezala, estatuek ez daukate lagun edo aliatu estrategikorik, baizik eta helburu estrategikoak. Horiek defendatzeko moduak egoeraren arabera moldatzen doaz.

Espainol eta frantses estatuek ez dute sekula Euskal Herriko egoera edo estatusa aldatu dadin nahiko. Haien borondatea, helburuak ez dira aldatuko. Euskal Herria beren agindupean mantentzeko baliabide guztiak erabiliko dituzte estatu horiek, onargarriak eta koste handiegirik ekarriko ez dizkieten baliabideak. Azken hamarkadetan eta oraindik ere erabiltzen dituzten indarra eta biolentzia ezingo dituzte etorkizunean erabili. Hori Euskal Herriak irabazi beharko du, baina berri batzuk erabiliko dituzte, betiere haien “helburu estrategikoak” defendatzearren. •