-

Batzuek pilota edo kirol mundutik ezagutuko dute. Beste batzuek, telebistako «Basetxea» saioan izan zuen parte hartzeagatik. Eta, azken batzuek, Ertibil saria eskuratu berri duen «Pilota Girls» bideo lanagatik. Bertako protagonistak ba omen du zerikusirik Patri Espinarrekin, berak ere bizi izan baitu lanean islatzen den estereotipoen apurketa.

Amalur Artola

2012ko Abuztuaren 03a

Bizia da. Nerbioa igartzen zaio. Borrokalaria eta aktiboa. Berak “errebeldea” dela dio, beti egin izan duela egoki iruditu zaiona, besteen esanei entzungor egiten ondo baino hobeto ikasia duela. Anoetako Kirol Etxearen atarian, Donostian, segurtasunez, irmo, agurtu gaitu. Pozik dagoela dio, Sra. Polaroiska kolektiboaren “Pilota Girls” bideo lanean parte hartu izanak jende berria ezagutzeko balio izan diola, «jende ezberdina», eta une batez kirol mundutik atera eta arte mundura jauzi egin izanak aberastu egin duela.

Izan ere, Patri Espinar kirolik gabeko bizitza irudikatzeko gauza ez den emakumea da. «Kirola da nire bizitza», esaten du berak, sorbaldak igoaz, eta lesio batek pilota profesionala uztera behartu badu ere, praktikatzen dituen kirolen artean piraguismoa, eskalada, eskia, bizikleta, patinajea eta mendiak igotzea daudela dio. Baina, bereziki, futbola: «Aurten Oiartzunen ibili naiz eta Superligara, lehenengo mailara igotzeko play-off-a jokatu dugu Sevillaren kontra. Eta galdu egin dugu». Kanporaketak hiru urtetan segidan jokatu dituztela dio pozez, eta, kontrako bidetik, pilota utzi beharra oso gogorra egin zitzaiola:&punctSpace;«6 urte nituenetik nabil pilotan lehiatzen, eta, disko hernia irten zitzaidanean, medikuak kirola utzi behar nuela esan zidan... Nik ‘ezin didazu hori eskatu’ esan nion. Heziketa Fisikoan lizentziatua naiz, kirol ezberdinak egiten ditut... Nire bizitza kirolaren inguruan eraiki dut. Oso une gogorra izan zen. Gero, sorbaldako lesio bat izan nuen, eta hor jada... Urte asko eman ditut sufritzen, errekuperatzeko egun asko behar nituen. Futbolean, bizkarra eta sorbaldak ez dituzunez horrenbeste erabiltzen, kolpe gogor edo txarren bat ematean ez duzu antzematen mina; azkenean, baina, pasa den urtean, pilota uztea erabaki nuen».

Utzi bai, baina ez guztiz. Egun, Gipuzkoako Pilota Federazioan egiten du lan, Emakumea Pilotari ekimenaren baitan. Eta, partidaren bat edo beste jokatzeko deitzen diotenean, ezezkoa gutxitan ematen duela aitortu du: «Orain bi aste, adibidez, Trinitate plazan (Donostia) aritu nintzen txapelketa batean; min hartuta zegoen lagun baten ordez jokatzeko deitu eta joan egin nintzen, noski. Palan ere, deitzen badidate beti nago prest».

Estereotipoen aurka

Irrikak gauza berriak probatzera eraman ohi du Espinar, eta, hala, telebistako “Basetxea” reality show ezagunean parte hartzera ere animatu zen, 19 urte zituela. Esperientzia hartatik asko ikasi zuela dio, baita Sra. Polaroiska kolektiboaren “Pilota Girl” bideo lanean izan duen parte hartzeari esker ere.

Bideoaren istorioa ezagutzeko, bi urte egin behar da atzera, kolektiboko kide Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxek, enkarguz, euskal pilotaren gaineko bideoa egin zutenean. Hura egiten zuten artean, pilota munduan arakatzen ari zirela emakume bakarrarekin ere ez zutela topo egin konturatu ziren, eta, emakumeak egon behar zutela jakinik, euren lagun batengana jo zuten, aholku eske. Lagun hura Eneko Garay zen, haurtzaroan Espinarren entrenatzaile izandakoa: «Ez dakit nola lortu zuen nire kontaktua, baina pasa den Aste Santuan Alaitz eta Mariak deitu zidaten ideia proposatuz eta gizonen kirol mundu honetan oraingo honetan protagonista emakumea izango zela esanez. Ideia lehen unetik izan nuen gustuko».

Lehen grabaketa iPhone bat erabilita egin eta Gasteizko Gobernura bidali zuten, diru laguntza eskuratzeko. Finantzazioa lortuta, aurtengo otsailean egin zuten grabaketa, bi egunez, Bilboko erdigunean. Bost minutu irauten dituen film laburrean, Patri Espinar ikus daiteke, muga eta oztopo ororen gainetik hirian zehar pilotan jokatzen. Hala, emakumeari bere egunerokotasunean, ogibidean zein beste edozein alorretan, jarri ohi zaizkion mugak irudikatu nahi ditu Sra. Polaroiskak. Bideoan, muga horiek urbanistikoak dira: «Esku pilotan frontoian jokatzen da, pareta eta kantxa lauetan. Bilbo bezalako hiri batean, ez dugu horma bakarraren kontra jokatzen, bankuak, zuhaitzak, autoak, batetik bestera dabilen jendea, trafikoa... dena da oztopo. Horrela, emakume horrek estereotipo eta zailtasun guztien gainetik jokatzen du pilotan, jokatzen du nahi duen tokian, kasu honetan hirian, eta zailtasun guztien gainetik, banku eta hesien gainetik jauzi egiten duelako berak nahi duen horretan aritzeko».

Zailtasunen gainetik berak egin nahi duen horretan ibiltzea lortzen du film laburreko emakumeak, baina, aurrean duen errealitatearen kontra berak egin behar duen arren, badu bidelagunik. Hala azaldu du Espinarrek: «Bideoak badu beste elementu bat; badaude emakumearen alde azaltzen diren pertsonak, nolabait neska protagonistaren konplizeak-edo direnak. Une batean, pilotarekin denda bateko kristala apurtzen du, eta, dendako neskak, barre egin eta pilota itzultzen dio, jokatzen jarrai dezan. Edo, autoen artetik dabilela, batek eskua ematen dio».

Lanean islatzen den emakumearekin identifikatua sentitzen den galdetuta, Espinarrek irribarre egin eta baietz dio, «guztiz». Batetik, protagonistak duen errebeldia puntu hori berak ere baduelako, eta «nahiz eta gurasoek, jende mordoak, esku pilotara ezin nuela jokatu esan, nik beti jolastu izan dudalako. Orduan, estereotipoen apurketa hori nik ere bizi izan dut; ni beti ibili naiz esku pilotan, futbitoan... halako kiroletan».

Partidetara bere taldekideen gurasoekin joan ohi zela eta, jokatzen ikusita, maiz «neskek ezin dute pilotan jokatu» esan izan diotela ekarri du gogora, baina, kolektiboaren lanean bezala, berak ere izan du babesa eta indarra eman dionik: «Beste pilotarien gurasoek, bost urtez nire entrenatzaile izan zen Roberto Arauzok eta partiden ostean nigana etorri eta ondo jokatzen nuela eta jarraitzeko esaten zidaten horiek indarra ematen zidaten. Agian hobeto sentituko nintzatekeen gurasoek laguntza eman izan balidate, baina tira».

Urteak aurrera joan ahala, ordea, gurasoak ere alde jarri zaizkio Espinarri, eta, orain, harrotasuna sentitzen dutela dio. «Nitaz oso harro daude, 2005ean Txilen Munduko Txapelketa jokatzera iritsi nintzen, eta, horretaz aparte, futbolean ere Athletic B taldera iritsi nintzen. Kirol lorpenak izan ditut, bai pilotan bai futbolean, eta orduan konturatu ziren ez dela horren txarra beren alabak kirola egin nahi izatea. Hori onartuta dena aldatu zen, nire partidak ikustera etortzen ere hasi ziren!», dio, barrez.

Egun, esan bezala, Gipuzkoako Pilota Federazioan egiten du lan, hain justu Emakumea Pilotari egitasmoaren barruan. Proiektu hori emakumearen presentzia bultzatzen saiatzen da, hiru arlo jorratuz: eskola kirola (ikastetxeetan), kirol federatua eta partaidetza. «Azken atal horretan ikastaroak ematen ditugu, emakumeak aerobic edota spinning egitera joaten diren bezala, palan jokatzera etor daitezen», azaldu du.

Izan ere, nerabezarotik aurrera esku pilotan aritzea ez dela batere erraza ondo baino hobeto daki Espinarrek. «Nerabezaroan, lotsak direla eta ez direla edo beste edozein arrazoi tarteko, esku pilota uzten dute; kadeteetan jada ez dago neskarik. Guk, palan aritzea proposatzen diegu, hor badaudelako. Ni gazte mailara arte, 18 urte bete arte, iritsi nintzen, baina bakarrik». Esku pilotan hasi zenetik, Espinar mutilen txapelketatan aritzen zen, entrenatu ere mutilekin egiten zuen, eta «haiei gorputza aldatzen hasi zitzaienean... Ni beti izan naiz txikia eta argala, baina nerbio handikoa. Horrek ematen dit indarra. Baina gazte mailan pilota aldaketa dago, oso gogorrak ziren niretzat eta ez nuen mutilek bezainbeste indar. Entrenatzaileak Abadiñora eraman ninduen, han bazelako palara jokatzen zuen emakume talde bat, eta haiekin hasi nintzen», amaitu du.

Ibilbide horrek bere buruarekiko segurtasuna izatera eta ezberdintasunen aurrean ez izutzera eraman du Espinar, eta, hala, orain bideo lanak jaso duen sariarekin eta hurrengo hilabeteetan egingo duen ibilbidearekin oso gustura dagoela ziurtatu du: «Oso esperientzia polita izan da niretzat, ezagutzen ez nuen mundu bat ikusi dut, eta, gainera, oso harreman ona egin dut Alaitz eta Mariarekin. Lana Zubiondoko merkataritza gunean egon zenean elkarrekin egon ginen, baita Ertibil saria eman ziotenean ere». Hala, eskerrak eman nahi izan dizkie «lan hau egiteagatik eta niri emandako tratuagatik. Egia esan, oso lan ona egin dutela uste dut eta saria merezita lortu dutela; artista hutsak dira». Izan ere, Sra. Polaroiskak dantza, performancea, dokumentala eta beste zenbait alor jorratzen ditu eta aipatzekoa da bideoan entzun daitekeen abestian, Beastie Boysen “Sabotage”, abeslariaren ahotsa kendu eta, trukean, Maria Ibarretxek berak abesten duela.

Balorazio moduan, esperientzia aberasgarria izan dela dio Espinarek eta film laburra egitearen esperientzia ez duela erraz ahaztuko:&punctSpace;«Otsaila zen eta ni, Bilbo erdian, mahuka motzean! Baina merezi izan zuen».

Sra. Polaroiska kolektiboaren bideo lana Bizkaiko hainbat herritan ikusi ahalko da datozen hilabeteetan. Orain, Bilboko Errekalde aretoan dago ikusgai. Kasualitatez –edo ez–, bertako pilotalekuaren alboan. •