Abortuaren auzian, Nafarroako mediku guztiak kontzientzia eragozleak direla dio Nafarroako Gobernuak. Hori gezurra dela frogatzen du Sanchez-Valverde doktoreak.
Ion Orzaiz
2012ko Abuztuaren 03a
Aitzindaria da Pablo Sanchez-Valverde doktorea. 1986. urtean, Nafarroan abortuak egiten hasi zen, legearen barruan betiere, eta horregatik auzipetu egin zuten 1990ean, Elisa Sesma eta Mari Cruz Landa doktoreekin batera. Epaileak absolbitu egin zituen, baina hedabide eskuindarrek eta Opus Deik epaiketa paraleloa eta mediatikoa abiarazi zuten, hiru medikuak sektore atzerakoi eta eskuindarren jomugan jarriz. Abortuaren inguruko auzia berriz ere pil-pilean dagoen honetan, ginekologo nafarrarekin hitz egin du GAUR8k, arau berriak izan ditzakeen ondorioak aztertzeko.
Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroak iragarri du abortua arautzen duen legea aldatuko duela. Eraginik izanen al du horrek?
Bai, zalantzarik gabe. Egun indarrean dagoen legea bertan behera geldituko da, eta horrek, noski, aldaketak ekarriko ditu. Gaur egungo legea epeetan oinarrituta dago. Hala, haurdunaldiaren lehenengo hamalau asteetan, abortua librea da; emakumeek dute erabakia eta ez dute beste edonoren oniritzirik behar. Orain, badirudi 2010eko legea indargabetuko dutela, baina ez direla 1985eko araudira itzuliko. Araudi hartan, hiru baldintzen pean soilik zegoen baimenduta abortatzea: bortxaketa baten ondorioz haurdun gelditutakoen kasuan, amarentzat kalte fisiko edo psikikoak eragin zitzaketen kasuetan edota fetuaren malformazio kasuetan. Gallardonek iragarritakoaren arabera, hiru baldintza horietatik bat, fetuaren malformazioarena alegia, kendu eginen dute, eta ez dakigu zer gertatuko den beste biekin. Seguru aski, murriztu egingo dituzte. Dirudienez, Alemaniako eredua hartuko dute: horren arabera, haurdunaldia eten nahi duen emakumeak informazio zentro batera jo beharko du, eta, bere kasuak legeak aurreikusitako baldintzekin bat egiten badu, Estatuak prozesua finantzatuko dio, baina, bere kasua ez badago legean aurreikusirik, emakumeak berak ordaindu beharko du abortua.
Abortu kasu guztien artean, zenbatek dute oinarrian fetuaren malformazioa?
Egia esan, gutxik. Haurdunaldia eteteko arrazoi nagusiena (alde handiarekin, gainera) amaren borondatea izan da betidanik. Nahi gabeko haurduntza kasuak, alegia. Horiek justifikatzeko modua, 2010. urtera arte, kalte psikologikoak alegatzea izan ohi zen, eta badirudi, PPren lege aldaketarekin, halaxe izanen dela aurrerantzean ere. Baina lege berriak ekarriko duen aldaketarik handiena ez da hori izanen, eredu aldaketa baizik. 2010. urtean onartutakoa, bere akats guztiekin, epekako lege bat da, eta beraz, hamalaugarren astera bitartean, erabakitzeko eskubidea emakumearen baitan gelditzen da. Hemendik aurrera, berriz, beste pertsona batzuek izanen dira erabaki hori hartuko dutenak, emakumearen borondateari oniritzia eman behar diotenak. Lege berriak erabakitzeko eskubidea kenduko die emakumeei.
Zer dago legearen aldaketa honen atzean?
Honen guztiaren atzean dagoena, inolako zalantzarik gabe, Eliza Katolikoaren morala da, eta moral horrekin bat egiten duten sektore ultrakontserbadoreak. Finean, emakume eredua da polemikaren muinean dagoena. Zein da Alderdi Popularrak hedatu nahi duen eredua? Haiek ere ez dakite, alderdiko emakumeek beraiek kontra egiten baitiete zenbait dogma atzerakoiei. Beraz, alde batetik, Gallardon bezalako morroiak ditugu, Eliza Katolikoarekin erabat lerrokatuta daudenak; eta bestetik, zenbait emakume, zalantzaz beterik: nola bermatuko dugu emakumeen askatasuna, emakumeak lan mundura heltzea edota familia eta lanbidea uztartzea, askatasunaren kontrako politikak aplikatzen baditugu? Horregatik, barne borroka gogorra bizi du PPk emakume ereduaren inguruan. Duela gutxi, “El Mundo” egunkari eskuindarrean, inkesta bat egin zuten Gallardon ministroak esandakoen inguruan, eta gehiengo zabal batek bizkarra eman zien tesi horiei; beraz, datozen hilabeteotan, eztabaida bizia izanen dela dirudi. Emakume askearen eta ama izatera mugatua (eta behartua) dagoen emakumearen artean hautatu beharko dute eskuindarrek.
Nafarroako egoera bakarra da Estatu osoan. Egoera aldatuko al da?
Ez pentsa, gaur egun, Nafarroaren egoera beste hainbat herrialdetan duten berbera da. Aldaketa iaz hasi zen, Antsoainen abortuak praktikatzen dituen klinika pribatu bat zabaldu baitzuten, eta Osasunbidea hasia baita abortatu nahi duten emakumeak hara bideratzen, Zaragozara edo Bilbora bidali beharrean. Beraz, Gallardonek iragarritako aldaketek ez dute Nafarroan beste inon baino eragin handiagorik izanen. Jakina, gure agintariek bat eginen dute abortuaren gaineko ikuspegi murriztaile eta atzerakoi honekin, eta seguru aski, are traba handiagoak ezarriko dizkiete abortatu nahi duten emakumeei, baina hori ikusteke dago oraindik. Ezin esan.
Zer egin behar du Nafarroan abortatu nahi duen emakume batek?
Lehen aipatu dudan bezala, Nafarroaren egoera, gaur egun, beste zenbait komunitateetan duten bera da. Alor publikoan ez da aborturik praktikatzen, eta gehienak, sistema pribatura bideratzen dituzte. Zorionez, bada Antsoainen haurdunaldiaren borondatezko etetea ahalbidetzen duen klinika bat gaur egun. Tramitazioa doakoa da, eta beraz, zerbitzua publikoa izan ez arren, gutxienez, eskuragarria da gehienentzat.
Gaur egungo egoera, alta, ez da ona abortatu nahi duten nafar emakumeentzat...
Ez. Medikuok geure burua eskaini izan dugu behin baino gehiagotan abortuak osasun sistema publikoan egiteko, baina agintariek ez dute nahi: bai UPN bai PSN izan dira gobernuan eta biek ala biek egin diete entzungor gure eskakizunei. Haurduntzaren borondatezko etetea sistema publikoan eskaintzea ez dute egoki ikusi, antza.
Maria Kutz Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari ohiak esan zuen herrialdeko mediku guztiak kontzientzia eragozleak zinetela. Kafkianoa, ezta?
Erabat. Guk behin eta berriz gezurtatu genuen hori. Hamaika eskutitz bidali genizkion kontseilariari, abortuak egiteko prest geundela esanez, legearen barruan betiere. Baina ez zigun erantzunik eman. Osasun publikoa ez dute inoiz haurduntza eteteekin nahastu nahi izan, Nafarroan eztabaida gogorrak pizten dituen gaia delako. Finean, Opus Deik eta bestelako sektore atzerakoiek presentzia handia dute hemen: Nafarroako Unibertsitatea &dle;[pribatua], “Diario de Navarra”...
Zuk zeuk sektore ultraeskuindar horien sumina pairatu zenuen, auzipetua izan baitzinen Nafarroan abortuak egiteagatik. Nola gogoratzen dituzu gertakizun horiek?
Oso urrun ikusten ditut orain; 25 urte gazteagoa nintzen, eta aldaketa zetorrela pentsatzen nuen. Osasungintza publiko baten aldarria egiten genuen zenbait medikuk, eta abortuak egiten hasi ginen. Guztira hogei inguru egin genituen talde erlijioso eta atzerakoiak konturatu aurretik. Hainbat salaketa aurkeztu zituzten, eta batek aurrera egin zuen. Medikuak erabiliak sentitu ginen, manipulatuak. Finean, legea bera zen epaitu nahi zutena, eta gu hartu gintuzten errudun. Garai hartan, gainera, arazo handiak izan genituen profesionalen artean ere, gaur egun ez bezala, orduan askok ez baitzuten begi onez ikusten haurduntzaren borondatezko etetea. Hedabideetan ere epaiketa paralelo bat egin ziguten, estigmatizatuak izan ginen, familiak eta lagun minek ere asko sufritu zuten... Atzera begiratuz gero, akaso, merezi izan zuen horrek guztiak, abortuaren eztabaida jendarteratzea lortu baikenuen, eta haurduntzaren etetea emakumeen eskubide bat dela onartu baitzuen jende askok orduan.
Abortuaren gainean, jarrera irmoa erakutsi duzu beti. Zeintzuk izan dira jarrera horrek eragin dizkizun ondorioak?
Ondorio onak eta txarrak pairatu ditut. Lankide askoren babesa jaso dut, baita elkarte eta kolektiboena ere. Aurrera egiten laguntzen dizu horrek guztiak, baina badago bestelako eraginik ere, jakina. Familian, esate baterako, gurasoek ez zuten nire jarrera ulertzen, eta ez zuten gustuko ni egunero egunkarietan ikusi behar izatea. Lan esparruan, berriz, bada nirekin hitz egiteari utzi zion medikurik ere. Baina tira, zer eginen diogu bada. Honengatik izan ez balitz, akaso beste zerbaitegatik ukatuko lidakete agurra.
Urte asko igaro dira Osasunbidean abortuak egin zirenetik. Gaur egun, prest egonen al lirateke mediku, erizain eta gainerako profesionalak?
Teknikak asko aldatu dira, baina ene ustez, profesionalak “birziklatzea” prozesu azkarra izanen litzateke. Egun, abortu asko modu errazean egin litezke, ebakuntza gelarik erabili behar izan gabe ere.
Nola?
Abortu farmakologikoaz ari naiz; bederatzi aste baino gutxiagoko haurduntzetan egiten da (hau da, kasu gehienetan), eta ospitalizazioa ez da beharrezkoa. Pilulen bitartez egin dezake emakumeak berak, bere etxean. Bada, alta, arazo bat. Kasuen %5 inguruan konplikazioak sor litezke enbrioiaren kanporaketa erabatekoa ez bada, eta, halakoetan, beharrezkoa da medikuen esku hartzea. Beraz, larrialdietako arreta da, soilik, bermatu behar dena. Guk askotan proposatu dugu abortu farmakologikoa onartua izan dadila, botere handia ematen dielako emakumeei, sistema honekin emakumea bera baita noiz eta non abortatuko duen erabakitzen duena. Eta hori guztiori, pilula bakar batekin. Erabakitzeko boterea erabatekoa da. Nahi izanen balute, sistema hori berehala aplika genezake, baina borondate politikoa da falta dena.
Borondate politikoa aipatzen duzu, baina Nafarroako Parlamentuan, ustez, abortuaren alde dago gehiengoa. Zergatik ez da egoera zuzendu?
Gehiengo horrek ez duelako eraginik agintean dagoen taldean. Oposizioko alderdiek sarritan agertu digute babesa abortuaren aldeko mediku eta profesionalei. Eskutitz bat ere argitaratu genuen, eta gehiengoak bat egin zuen han esandakoarekin. Abortuaren legea errespeta zezala exijitu zioten UPNri, baina honek ez du zertan bete Legebiltzarrak eskatzen diona. Zer gertatzen da Iruñeko errotulazio elebidunarekin? Zenbat aldiz eskatu zitzaion UPNri hiriko seinale elebakarrak alda zitzala? Eta noiz aldatu zituen? Urteak pasa ostean, epaile batek horretara behartu zuenean. Bada, abortuaren auzian, antzeko zerbait gertatzen da. UPN luzamendutan ibiliko da ahal duen bitartean.
Profesionalen artean adostasun maila minimo bat ere beharrezkoa izanen da, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Profesionalen arteko hitzarmena ezinbestekoa da. Abortua emakumeen eskubidea dela onartu beharko dugu behingoz, eta, kontzientzia eragozlerik badago, ederki, baina beste norbaitek bermatu beharko du eskubide hori. Nik errespetatzen ditut abortuak egin nahi ez dituzten mediku edo erizainak, baina errespetatu ezin dudana da prozesu osoa oztopatu nahi izatea. Finean, kontzientzia eragozpena aitzakia hutsa da emakumeen osasun eskubideak urratzeko, hori da onartu ezin dudana.
Gobernuak galdetu ere ez du egin, mediku guztiak kontzientzia eragozleak zareten jakiteko...
Horixe da! Begira, duela hogei urte, kontzientzia eragozpenaren eztabaidak funts apur bat izan zezakeen. Ginekologo gehienak zaharrak ziren, sistema kontserbadore batean heziak... baina gaur egun, egoera oso bestelakoa da. Mediku gazte ugari ditugu osasungintza publikoaren alorrean lanean; denek ezagutu dituzte abortuaren legeak, bai 1985ekoa baita 2010ekoa ere; lehen ez bezala, ginekologo asko emakumezkoak dira, eta bestelako sentsibilitatea dute abortuaren gaiaren inguruan; beraz, profesionalen arteko arazo edo zatiketa hori ez da existitzen kasik. Eztabaida gainditzear gaude, eta, borondatea egonen balitz, egoera erraz asko bidera genezake.




