IRITZIA -

Mikel Soto

2012ko Abuztuaren 03a

Ez naiz sekula bereziki kirolzalea izan. Beno, zehatzago izateko, ez naiz sekula kirola ikustearen zale izan. Primeran ulertzen dut lehia ikusteak sor dezakeen ikusmira, baina hobeto ulertzen dut lehiak nigan sortzen duen adrenalina parrastada. Hala ere, sentitu izan dut Olinpiar Jokoak inportante zirela, haurtzaroan bereziki. Umearoan, bizitza amaigabea zela zirudienean, denbora neurtzeko modua ziren. Niretzat Los Angelesen hasi zen zenbaketa –aurretik, Misha hartzaren pegatina bat soilik dut gogoan– eta Bartzelonan hasi zen, halaber, interesaren gainbehera.

Azkenaldian, gimnasian eta muskuluetan interes berezia daukat, ohartu bainaiz bizitzan den-dena dela gimnasia eta muskulu. Harluxet hiztegiaren arabera, “gimnasia” hitzaren bigarren adiera honakoa da: “Ahalmen intelektualak indartzeko egiten den ariketa-multzoa”. Benito Lertxundi antzera hitz egiten aurkitu nuen “Plazer bat izan duk, Benito!” liburuan Jiddu Krishnamurtik harengan izandako eraginari buruz ari zela: «Kuriosoa da geroztik zenbat gauza dauzkadan garbi nire eguneroko gimnasia mental horren bitartez, Krishnamurtik aipatu ere egiten ez dituenak. Hark gimnasia egiten erakutsi zidan, ez berak egindako gimnasiaren ondorioak buruz ikasten».

Baina hedatuxea dagoen adiera horretaz harago, arestian esan bezala, nik uste dut gure bizitzan dena dela gimnasia: pentsatzea, txortan egitea, idaztea, parranda egitea, sukaldatzea, barre egitea, irakurtzea… Eta gu geu garela oro muskulu. Harreman batean, edozer gauza dela medio, txortan egiteari uzten diozunean edo maiztasuna jaisten duzunean, gero guztiz zaila da berriz martxa hartzea. Bizikletan ibiltzea bezala, ez zaizu ahaztu, baina, batzuetan, gogogabe, baldar, arraro sentitzen zara. Gauza bera esan genezake ligatzeari buruz ere; zenbat lagun ikusi ditugu bikote gabe gelditu berritan taberna batean ezezagunen –edo ezagunen– aurrean beldurrak geldituta. Zenbat idazle ez daude izuak hartuta aspaldi idazten ez dutelako. Lagunek ajeari buruzko jesukristoren erretolikak botatzen dizkidate, eta nik, aldiz, neure bizitza osoko ajerik ez-kaltegarrienak dauzkat… inoiz baino gehiago ateratzen naizelako. Beraz, konbentzituta nago edozein ahalmen gara daitekeela, inozoenetik hasi eta inportanteenetara heldu arte: barre egiteko eta zoriontsu izateko gaitasunak, batez ere.

Kartzelan geundela lagun batek sarri esan ohi zuen: «Gu baino hobeto dagoena… putaseme galanta!». Eta hori entzundakoan ama haserretzen zitzaidan arren, esaldi horrek egiatik zeukan txantxatik bezainbeste edo gehiago. Kartzelan egonagatik ere, pertsona batek zoriontsu izateko bere gaitasuna ukigabe izan dezake. Eta aldrebes. Pertsona bat aske, maitatua, orekan, lagunduta egon arren, guztiz zorigaiztoko izan daiteke.

Duela urte erdi, urte luzez baimenak lortu ezinik egon ostean, bizitzan gehien maite dudan lagunetako bat kartzelara bisitatzera joateko baimena eman zidaten. Azken urteotako unerik zoriontsuenetakoak eman ditut lagunarekin kartzelako mintzatoki zikin horietan. Bisitek irauten duten denbora apur hori irribarrez eta barrez eman dugu at all. Azkenean, ezin bestela izan, fiskalaren helegitea onartu eta bisitarako baimenik gabe gelditu naiz. Zabaldu zen leihotxoa berriz itxi da. Ez nire zoriontasunarena. Kalean, lagunek, senideek, «zelako putada, ezta?» galdetzen didatenean, beti gauza bera erantzuten diet: «Lehen bisitarekin aski litzateke beste zortzi urte elkar ikusi gabe egoteko». Hiru ordu laurden horiek aski izan ziren konturatzeko elkar zenbat maite genuen, zenbat maitatzen dugun, zenbat gauza eder pasatu ditugun eta zenbat eder pasatuko ditugun. Doctor Deseok dioen bezala, «aún nos queda por jugar la mejor de las partidas». Eta, gu bion bizitza hobea litzatekeen arren bisita baimen horrekin edo nire laguna kalean balego edo gure lagun guztiak kalean baleude edo kartzelan inor ez balego, zoriontsuak gara, zoriontsuak garenez, eta barre egiteko gertu gaude, azkarrago, gorago, indartsuago. •