HONDAKIN BILKETA -

Lehenago Gipuzkoako beste herri batzuetan gertatu bezala, Debagoieneko bazterrak nahastu ditu atez ateko zabor bilketa sistemak. Ezadostasunek eta zalantzek etxeko eta kaleko elkarrizketa denak bereganatu dituzte. Baina, iritzi bat josi aurretik informazio osoa izatea komeni da: zer da atez atekoa? Zergatik proposatu dute? Zein ondorio dauzka?

Beñat Alberdi

2012ko Abuztuaren 03a

Sorreratik abiatzea da egokiena. Zaborrari emango zaion trataera eta erabiliko den bilketa sistema hautatzea udal eskumena da. Hortaz, udal bakoitzari dagokio erabakia hartzea. Baina, Debagoienaren kasuan eta beste hainbat eskualdetan, mankomunitatea da eskumenaren kargu egiten dena. Udalek aukeratu dute bai bilketa sistema bai dagozkion gastuak elkarren artean hautatu eta ordaintzea ere, gastuak gutxitzeko asmoz. Dena dela, ez da derrigorra mankomunitateko kidea izatea. Edozein herriren esku dago, nahi baldin badu, ateratzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokionez, PIGRUG –Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa– plan orokorra da zaborren inguruan hartutako erabakia. Azpiegiturak zehaztu eta martxan jartzen ditu plan horrek: zenbat zabortegi, konpost planta... Hartara, EAJk zuzendutako Aldundiak erraustegia aurreikusi zuen azpiegitura horietan.

Hauteskundeek eraldaketa ekarri zuten ordea. Aurretik baziren atez ateko sistema jarri zuten herriak –Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuola–, eta gerora herri gehiago batu zitzaizkien. Lehen herriek atez atekoarekin errefusa –erraustegira botatzen den hondakina– gutxiago sortu zuten eta birziklatze tasak izugarri igo ziren. Sistema berdina herri gehiagotan aplikatuta, errefusa gutxiago sortu beharko litzateke, eta, ondorioz, erraustegi beharrik ez legoke. Bai, ordea, hondakin birziklagarrien kopuruaren igoera dela-eta, konposta egiteko edota papera, plastikoa edo beira birziklatzeko tratamendu guneak.

Testuinguru horretan murgilduta, Gipuzkoako Foru Aldundiak PIGRUG plan berria aurkeztu zuen ekainaren 5ean. Sei konpostaje planta eta tratamendu mekaniko biologikoko hiru aurreikusten ditu. Azken horrek, organikoak ez diren gainontzeko hondakin birziklagarriak tratatuko lituzke, hondatutako inguruneen berriztatzean erabili ahal izateko. 2014. urterako zabortegi guztiek itxita egon beharko lukete.

Debagoienean, atez atekoa

Debagoiena eskualdeari dagokionez, Mankomunitateko Gobernu Junta herrietako zinegotziekin dago osatuta eta biztanleriaren araberako ordezkari kopurua dauka herri bakoitzak: launa Arrasatek eta Bergarak; hiru Oñatik; bana Aretxabaletak, Eskoriatzak, Elgetak, Antzuolak eta Leintz Gatzagak. Udal plenoetan erabakitzen da nortzuk joango diren bertara. Kasu honetan Mankomunitateko Ingurumen Batzordeari dagokio hondakinen bilketaren inguruko plan bat prestatzea. Herri bakoitzeko Ingurumen batzordeetako buruak daude bertan eta beraien artean aukeratzen dute arduradun nagusia. Orain, burua Leire Egaña da, Oñatiko zinegotzia. Batzordean estrategia bat prestatzen dute eta Gobernu Juntara aurkeztu. Onartzen badute, martxan jarriko da.

Gaur egun, edukiontzi bidezko hondakin bilketa sistema dago martxan Debagoienean. Edukiontzi berde, hori, urdin eta berde ilunak –beirarenak–; erabiltzen dituzte, bi salbuespenekin: Aretxabaletan bosgarrena ere badago eta Antzuolan, atez atekoa darabilte, Mankomunitateak berak ordainduta. Baina jadanik gehienek onartu dute atez atekoa. «Lehenengo fasean Oñati eta Bergara hasiko dira. Aurreikusten dugu urtarrilean hasiko direla», dio Leire Egañak, «bigarrenean, Aretxabaleta eta Eskoriatza. Gero, Arrasate. Elgetak oraindik ez du erabaki zer egingo duen. Mailakatuta egongo da, egungo egoera ikusita udalek dirua aurreratzeko eta orain arteko ekarpen berdinekin jarraitzeko».

Sistemaren baldintzak

Sistema berria jartzea ez da derrigorra izango. «Birziklapen maila altuena lortzeko atez atekoa aukeratu genuen. Behin herri gehienek ezarritakoan, sortzeagatiko ordainketa sistema sartuko dugu». Hondakin guztien %80 birziklagarria izatea eta errefusa %20 izatea da jarritako baldintza. «Errefus portzentaje altuagoa sortzen duen herriak berak ordainduko du kantitate hori. Beste sistema batekin lortuko balu %20 hori, ez luke gehiago ordainduko. Aretxabaletan, esaterako, plenoak ez du atez atekoa onartu, beste modu baten bila dabiltza», jarraitu du Egañak.

Baina, nola neurtzen dira portzentaje horiek? Herri bakoitzean jasotzen diren edukiontziak pisatu egiten dira, banan-banan. Guztiak batuta zabor totalaren kantitatea lortzen da eta bakoitzean zegoen pisua totalarekin konparatuta ehuneko bat ematen zaio. «Errefusa edukiontzi berdera botatzen dena da; %70 gaur egun. Birziklagarria paper, plastiko eta bidrio edukiontzietan dagoena, %30», zehaztu du Egañak. Mankomunitateak bilketa sistema eta beharrezko baliabideak jartzen ditu, baita proiektua definitu ere. Baina udal bakoitzak nola eta zein epetan jardun hautatzen du. Lehenago aipatu bezala, Bergara eta Oñati izango dira lehendabizikoak eta abian daukate atez atekoa ezartzeko prozedura.

Lehen urratsa, informazioa

Leire Egaña, Mankomunitateko Ingurumen Batzordeko burua izatez gain, Oñatiko Ingurumen Batzordeko burua ere bada. «Martxoan hasi genituen bilera informatiboak Zero Zabor taldekoekin batera. Guk erabakia zergatik hartu genuen azaltzen genuen eta Zero Zaborrekoak hondakin problematikari buruz aritu ziren, nondik datorren eta sistema ezberdinak azalduz». Eskualdeko Gobernu Juntak ere martxan jarri ditu informatzeko beste bitarteko batzuk. Lau pertsona arduratuko dira Oñatin eta beste lau Bergaran herritarren ardurak argitzeaz eta beste funtzio batzuez. «Formazio bat jasotzen ari dira. Gero komertzio, industria eta jatetxeetatik pasatuko dira inbentarioak egiteko. Horrela, sortzen duten hondakin mota eta kantitatea kalkula daiteke eta kubo ezberdinak banatuko zaizkie». Irailean bulegoak zabalduko dituzte, sortuko diren «kezkak eta zalantzak» argitzeko.

Oñatiko Udalak ingurumen mahai bat sortu du espresuki atez atekorako eta datorren urtarrila arte eman beharreko urratsak zehaztu ditu. Ingurumen, Hirigintza eta Zerbitzuak, Landa garapena eta Auzoak eta Ogasuna batzordeetako zinegotzi buruekin eta teknikariekin dago osatua. Herritarrekin informazioa banatzeko bilerak egin dituzte eta informazio guneak prestatu dituzte. Parte hartze prozesua hastea da hurrengo erronka. «Mankomunitatetik datorren proiektua berrikusi eta herritarrei aurkeztuko diegu. Proposamen batekin joango gara –agertu du Egañak–; eurek izango dute erabaki batzuk hartzeko ahalmena, adibidez, zintzilikarioen kokapena. Guk ahal dugun informazio gehien eramango diegu, aldaketek zer dakarten jakin dezaten».

Landa auzoetan, martxan

Irailean hasiko dira bilerak herri mailan. Dena den, landa auzoetako prozesua martxan da dagoeneko. Auzoetako alkateei luzatu zaie Udalaren proposamena eta eurek onartu edo aldaketa eskaini behar dute uztaila bukatu baino lehen. Ez dituzte zintzilikarioak jarriko, ordea, ekarpen-guneak baizik. «Eraikinak dira. Auzokoek giltza izango dute eta nahi dutenean sartuko dira barrura. Bertan paper, plastiko, beira zein organikoarentzat kuboak egongo dira» esan du Iosu Lizarraldek, Oñatiko Hirigintza eta Zerbitzuak batzordeko buruak. Eraikin horiek ez dira auzotarrentzat bakarrik izango; «larrialdi batean, non zabor gehiegi daukazun eta ezin duzun etxean pilatu zabor mota hori botatzeko eguna iritsi arte, edozein herritarrek udaltzainei giltza eskatu eta erabili ahalko du».

Kontrako ahotsak

Atez ateko sistemak bere ibilbidean kontrako ahots ozenak piztu izan ditu. Baita Oñatin ere. «Beste herrietan egin bada, guk zergatik ez?», azaldu du herri mugimenduko kide batek. «Elkartu ginen hainbat lagun eta zerbait egin behar zela erabaki. Paperak prestatu eta auzo zein tabernetan banatuz ekin genion». Ez dago plataforma bezala osatua, hau da, ez da ofizialki sortutako talde bat. Horrez gain, ez ditu «helburu politikoak» erdietsi nahi eta edozein alderditik bereizita dago. «EAJk eskaini zigun laguntza. Baina esan genion siglarik gabe hasi ginela eta horrela jarraituko genuela. Lagundu digute, baina pertsona modura, ez alderdi moduan». Atez atekoaren aurkako postura garbi bezain argi daukate. «Zikina eta zakarra da. Gainera, kostuak igoko ditu, jende gehiago kontratatzen dute. Bestalde, adineko jendearentzako nahaste bat izango da eta gauza pila bat daude birziklatzeko oso zailak direnak. Adibidez, laka pote bat». Ez dira sistema berriaren aurka egitera mugatzen dena den, prest daukate ordezko proposamena ere. «Lehenengo ondo birziklatu behar da, baina gero soberakinak erraustegira joan behar dira. Zubietakoa makroproiektua zen, baina munduan zehar badaude sanoak eta politak. Ahalik eta gutxien kontaminatzen dutenak».

Udalen ikuspuntua

Udalek kontrako argudioak entzun eta horiei buelta emateko modua badute. Kostuaren gaia izan da, esaterako, oposizioak gehien erabili duena. «Hasiera batean hainbat inbertsio egingo ditugu: zintzilikarioak jarri eta kamioi berriak erosi. Baina, ikusita Debagoieneko edukiontziek daukaten egoera tamalgarria eta kamioiak ere egoera txarrean daudela, berriak erosi behar dira. Beraz, sistema bat edo beste jarri inbertsio horiek berdin-berdin egin beharko ditugu», agertu du horren harira Leire Egañak. Kostuen gaia, baina, ez da inbertsioetara mugatzen, bilketa garestia denaren argudioa bolo-bolo baitabil. «Bilketa sistema bai da garestiagoa. Baina sistema orokorrean hartu behar duzu, tratamendua barne. Konpostaje planta baten organikoa tratatzea 65 euro da tona bakoitza; errefusa, berriz, 140 euro tonako». Edukiontzi bitartez funtzionatzen duten herrietan %70 da errefusa. Atez atekoa daukaten herrien emaitzen arabera, hondakinen %40 organikoa da, eta, %10, errefusa. «Tratamendu aldetik gastuak txikiagoak dira».

Horrez gain, sarrera ekonomikoak ere babesten dituzte atez atekoaren aldekoek. «Egun diru pila bat gabiltza basurara botatzen eta atez ateko sistemarekin hori ekidin egiten dugu. Hondakin gehiago hartzen duzu zure gain, beraz, saltzeko gehiago daukazu. Atez atekoarekin hondakin askoz gehiago berreskuratzen duzu birziklatzeko, eta, gainera, kalitate hobea duen materiala. Beraz, hortik diru sarrerak lor daitezke», jarraitu du Egañak.

Benetan garestiagoa al da?

Markel Olanok, Usurbilgo kontu-hartzaile eta egun Gipuzkoako Aldundiko Ogasun zuzendariak, hitzaldi batean aurkeztu zituen 2010. urterako Usurbilgo Udalak zituen aurreikuspenak. 2010eko urte erdiko emaitzak hartu eta biderkatu egin zituen urte osoko datuak lortzeko. Bilketa gastuak 325.000 eurokoak izango lirateke ohiko sistemarekin. Atez atekoarekin, 455.207 eurokoak. Tratamenduarenak, berriz, 228.544 eurokoak eta 181.881 eurokoak, hurrenez hurren. Bilketa eta tratamendu gastuak batuz gero, ohikoak 553.544 balioko luke, eta, sistema berriak, 637.088. Hondakinen salmentarekin lortutako diru sarrerak, berriz, edukiontziekin 250.000 euro lirateke; bestearekin, 373.000.

Horrenbestez, gastuak eta sarrerak elkartuta sistema zaharra erabiltzeak 303.544 euroko inbertsioa dakar. Atez atekoak, berriz, 264.088 eurokoa.

 

«HERRITARREN JARRERA TXALOTZEKOA DA ANTZUOLAN»

Plangintzak eta herritarren iritziak gorabehera, egokiena praktikan jarritakoa ikustea da, hau da, Antzuolako atez ateko sistema ikustea. Inma Beristain, alkatea, eta Maddi Elorza, zinegotzia, prest agertu dira sistemari buruz hitz egiteko. «2007 eta 2011 arteko legealdian Debagoieneko Mankomunitateak hiru urte luzez hiri hondakinak bereizita jasotzeko moduak aztertu zituen. Katalunia, Mallorca eta Usurbileko esperientziak aztertu ziren, besteak beste, eta edozein arduradunek nahiko lituzkeen emaitzak soilik Usurbilgo ereduak lortzen zituela ikusi zen. Eskualde osorako bideragarritasun azterketa egin eta orduan hartu zen erabakia», hasi da alkatea.

Gaur egun aplikatzen dabilen bezala, Mankomunitateko plangintza aurkeztu zen udalean eta plenoak onartu egin zuen. Alderdi nagusia ANV zen, bost zinegotzirekin. EAJk hiru zeuzkan, bi Ezker Batua/Zutik/Aralarrek eta bat, PSE-EEk. ANV eta beste alderdi ezkertiarren koalizioak alde bozkatu zuten; EAJ abstenitu egin zen eta PSE-EEk ez zuen bozkatu, plenora ez zelako zinegotzia agertu. Hala ere, PSE-EEko zinegotziaren aldeko postura nabarmentzen dute, «martxan zeukaten herrietan egon zen sistema aztertzen eta gustura zegoen emaitzekin».

2011ko urtarrilean abiatu zen ezartzeko prozedura eta martxorako martxan zegoen. Egun udal ezberdinek planteatzen duten modura aldaketa burutu zuten. «Parte hartze prozesu bat garatu zen», gogoratu du Maddi Elorzak, «hiri hondakinen inguruko problematika eta arazoari aurre egiteko bilketa eredu berrien nondik norakoak azaldu ziren. Landa gunerako eredua, herri gunea, auzoak, atariz atari biltzeko proposamenak, ordutegiak, egutegiak eta abar herritarren ekarpen eta proposamenekin zehaztu ziren. Antzuolara egokitutako bilketa sistema diseinatu zen». «Jende asko agertu zen eta oso positiboa izan zen», jarraitu du alkateak, «gauzak oso garbi utzi ziren, nabarmenduz Usurbilgo eredua interesgarria zela eta hondakinekin zerbait egin behar genuela».

Prozedurak gorabehera, gaur egun atez ateko bilketa sistema darabilte antzuolarrek. Hondakin organikoak astean hiru aldiz jasotzen dituzte, ontzi arinak bi aldiz, papera eta kartoia behin eta errefusa ere astean behin. «Jendeak aukera dauka gaueko bederatziak aldera jartzeko bere potea eta goizaldean jasotzen dira», esan du Elorzak. Ezartzeko modua ere nabarmendu du Beristainek, «progresiboa izan zen. Errefusa batzen hasitakoan kendu zen edukiontzi berdea. Ontzi horiak biltzen hasita, horia. Horrela edukiontzi guztiak. Ez zen egun batetik bestera egin».

Administrazioak jendeak botatako hondakinak kontrolatu eta hainbat arrazoi medio isunak jartzen dituen esamesak, ordea, eztabaidak berotu ditu herriz herri. «Ez da hori erabiltzen Antzuolan. Zerbait gaizki ateratzen baduzu Mankomunitateak abisatu egiten zaitu, hurrengorako kontuan izateko», argitu nahi izan du alkateak. Batu behar ez den zerbait poltsa barruan egotearren abisatzen dute. «Ez inoiz, inor zigortzeko asmoz. Ikasteko da, modu egoki batean egiteko».

Baina, zer-nolako iritzia daukate antzuolarrek hondakinen bilketa sistema berriaz? Nahia Cotillasek, 20 urteko ikasleak, eta Modesto Caceresek, 66 urteko erretiratuak euren iritzia eman diote GAUR8ri. Hasiera «shock-a» izan zela dio Cotillasek, «horren modu erradikalean» birziklatzen ez zeudelako ohituta. Caceresek ere mesfidantza nabarmendu du; «ezezagunaren aurrean sortzen den aurkakotasuna agertu zen».

Egunak igaro ahala iritzia aldatu zuten biek ordea. «Ez da karga bat», dio erretiratuak, «nik lehen ere birziklatzen nuen. Ez agian horrenbeste bereizita, baina orain oso ondo jartzen du zer bota nora. Baina lehenago bezala jarraitzen dut». Gaztearen arabera, hasieran «zaila» egiten da, baina gero «ohitu» egiten zara. Dena den, beste sistema batzuetan ere sinesten du. «Jendeak berdin-berdin birzikla dezake honela edo beste modu batean». Bestelakoa da Modesto Caceres-en iritzia. «Positiboa da aldaketa. Agian beste edukiontzi batzuekin ere asko birziklatuko genuke herritar bezala ardura nahikoa baldin bagenu. Baina beharra daukagunean bakarrik egiten dugu».

Udaletik herritarren erantzun bikaina nabarmendu dute. «Herritarren jarrera txalotzekoa da. Eztabaida ugari egon ziren eta hasieran herritarrak oso ezkor zeuden orokorrean. Baina, elkarrekin lan egin eta gero, berehala uxatu ziren beldurrak eta kezkak. Gaur egun, bakarren bat izango da eredu honekin gustura ez dagoena, baina, orokorrean, herritarrak pozik daude. Antzuolarrok garbi daukagu etorkizun hobe bat marrazten ari garela», esan du Antzuolako alkateak.

 

BIRZIKLATU BAI, ATEZ ATEKO SISTEMAREKIN EZ

Udalek proiektua aurkeztu eta eztabaidatu nahi izan duten arren, makina bat zalantza eta aurkako postura zabaldu dira. Plangintza eta asmoak mahai gainean jarri ostean, neurri berriaren aurkako herri mugimenduak sortu dira hainbat tokitan. “Birziklatzea bai, atez atekoa ez” Zarauzko plataformak, esaterako, 8.000 sinadura aurkeztu zituen sistema berriaren aurka. 22.627 biztanle zeuzkan Zarautzek 2011n, INEren datuetan. 6.000 sinadura aurkeztu ziren Hernanin, eta 19.296 herritar dauzka. Oñatin (11.033 biztanle), berriz, 2.400 bildu dira. Zarauzko eta Oñatiko bi mugimenduek bat egiten dute oinarrian: birziklatzearen alde, baina atez atekoaren aurka.

Atez ateko bilketa sistemaren aurka gogotsu lanean dabilen plataforma sortu da Arrasaten ere: “Puerta a puerta Stop Atez atekoa”. Notario aurrean 6.686 sinadura aurkeztu dituzte, baina, diotenez, 8.000ra heltzear daude jende gehiago batzearen ondorioz. Udalari aurkeztu eta sistema berria ezartzea geldiarazi nahi dute. Taldeko bozeramailea, Oscar Garcia, alternatibaz ziurtasun osoz mintzatzen da. «Birziklatzea derrigorra da, ezin daiteke eztabaidatu. Baina zaborra batzeko badaude modu ezberdinak. Adibidez, Austrian daukate Europako birziklapen tasa altuena, baina atez atekoa ez». Austrian, batzen diren hondakinetatik birziklagarri eta konposterakoak %65 dira, beraz, herrialde industrializatuen buruan jartzen da. Bertan burututako ikerketen arabera, 90eko hamarkadan ekin zioten organikoa bereizteari eta nabarmen igartzen da jendearen kontzientzia ekologikoa, sistema ezarri eta gero sortua.

«Bosgarren edukiontzia jarri nahi dugu eta jendea kontzientziatzea. Jendeak ez daki bere zaborrarekin zer egiten den: tratamendu plantara eramaten den, erre egiten den, lurperatu egiten den... Zer egin daitekeen ere ez daki», esan du Garciak. Organikoen bilgunearekin zenbakiak asko igoko liratekeela babesten dute plataformako kideek. «Oraingo birziklapen ratioekin %30 inguru gabiltza; herri bakoitzean ezberdina da. Bosgarrena jartzen baduzu kalkulatuta dago %40tik gora igoko litzatekeela. Aurrerapauso bat da». Baina ez aurrerapauso bakarra. “PaP Stop” plataformakoentzat jendea kontzientziatzea da hurrengo pausoa eta garrantzitsuena. Atez atekakoaren, edukiontzi bidezkoaren edo beste edozein bilketa sistemaren «akatsa», beren esanean, «kontzientzia falta» da. «Kontzientzia gabe alperra da edozein sistema».

Argudioen eraikuntza denbora kontua izan da. Poteo baten sortu zen taldea, lagun kuadrilla batean. Ezarri behar zuten sistemaren berri izan, eta, Antzuolakoaz informatu ostean, aurka egitea erabaki zuten. «Sinadurak biltzea aukeratu genuen eta ea beste moduren bat dagoen edo ez ikertzea». Zabalduz joan da, ordea, eta egun ideologia edo iritzi ezberdinetako herritarrek osatzen dute taldea. Baina ez dauka garrantzirik kideentzako, «biztanlea biztanle delako, ez alderdi politiko batekoa, eta erabakia biztanleen ikuspuntutik hartu behar delako». Hala ere, urrun utzi nahi izan dituzte alderdiak, herritarrek «inongo politikorik gabe» nahi duten modua hauta dezaten. Sistemarekin sartuta, atez atekoaren hutsuneak argi ikusten dituzte. «Deserosoa, zikina eta garestiagoa da. Zure hondakin guztiak batu, poltsa edo kuboarekin kalera irten, lekuan utzi eta hurrengo egunean batuta egongo balitz perfektua izango litzateke. Baina hori ez da posible, ez dagoelako jende eta denbora nahikorik». Zikina izatearen arrazoi nagusia, Garciaren ustez, kubo txikien erabilera da. «Katuak kubo txikietara hurbiltzen dira, barrukoa kanpora atera eta kaletik zehar barreiatuz», esan du. Gastuak ere azaltzen dira argudioetan. «Frogak dauzkagu: Hernaniko Udaleko fakturak. Herritarrentzat kostua %100 igo da. Lehen familia bakoitzak 90 euro ordaindu behar zituen eta joan den maiatzean 190 euro». Hernaniko ordenantza fiskalak eskuratu ditu GAUR8k. Horien arabera, 2009an (atez atekoaren aurretik) zaborren tasa urteko 83,40 eurokoa zen. 2012an (atez atekoarekin), 88,60 eurokoa da.

Sistemaren aldekoen partetik jaso dituzte kritikak, erraustegia babesten dutela barne. «Nola izango da gure erronka hori? Gure erronka atez atekoa ez jartzea da, baina arrazoiak emanda».

Sinadurak batzeaz gain, antolatu dituzte beste hainbat ekintza ere. Kontzentrazio deialdiak egin dituzte eta Arrasateko alkatearekin batu ziren. Eta batuko dira irailean ere. «Azken batean, alkatearekin egon ginenean 2.000 sinadura inguru geneuzkan, eta, orain, 8.000 inguru. Ez dakit zer egingo duten. Baina logikoena litzateke atzera botatzea».

Udalaren jarreraz kexak dauzkate dena den, duela hainbat hilabete bando bat argitaratu baitzuen gezurtiak zirela egozten. Alkateak barkamena eskatzea nahi du atez atekoaren kontrako taldeak.