OSASUNA -

Iñigo Ansorena | Psikoterapeuta

2012ko Abuztuaren 03a

Gogoan ditut azken urteotako udaretan idatzitako artikuluak, non, besteak beste, oporraldien arriskuez aritu izan naizen. Errepikatzeko arriskua onartuz eta abuztuan gutako askok jai hartuko dugula jakinik, horren inguruan pentsatzeko momentu aproposa iruditzen zait oraindik, izan ere, bat-bateko gelditze honek ondorio desatseginak izan ohi ditu uste baino jende gehiagorengan –psikiatren esanetan, depresio eta antsietate kasuak gorantz egiten dute egunotan–. Beraz, gure hamabostaldi sakratua nahi baino garestiago atera lekiguke eta ez bakarrik, noski, zentzu ekonomikoan, baizik eta zentzu emozional, psikologikoan ere.

Zer gerta daiteke bada? Lehenik eta behin, opor egunetan itxaropen irrealak jarri baditugu, horiek ez betetzea eta ondoren lilura-galtzea; bestetik, normalean bigarren mailan mantendu ahal izan ditugun harreman-arazoak nabarmentzea, bereziki bikotekide eta senitartekoekin. Denbora kudeatzen ez jakitearen eta denbora alferrik galtzen egotearen sentsazioek sortutako mamuak beste arazo iturri bat izan ohi dira, izan ere, gure bizitzak abentura hutsa izan “behar” duela sinestarazi digutela dirudi, eta, jakina denez, besteekin konparazioak egiteak –gure bizilagun abenturazale eta arrakastatsuarekin edota telebistan ikusten ditugun modelo argal eta ederrekin adibidez– ezinegonera garamatza zuzen-zuzenean. Aipatutako guztia gutxi ez balitz, laneko edo bestelako gaiak ez baldin baditugu nahi beste lotuta utzi oporrak hartu aurretik, deskonektatzea zaila egingo zaigu; egungo smartphone, tablet eta gainontzekoekin, hondartzan egonda ere laneko posta elektronikoa begiratzea tentagarria bezain alferrikakoa izan daiteke, kontuz! Hortaz, buruak deskantsa dezan, konektatuta egoteari uztea osasungarria izan daiteke egunotan: itzali telefonoa eta ahaztu ordenagailu eramangarria.

Oporraldia ihesaldi bezala planteatzeak daukan arriskua nabarmena da; egunerokotasun aski askea izango bagenu, hobeto geundeke udarari begira ere. Lehen esan bezala, atseden egun batzuez gozatu ahal izateko, gauzak ondo loturik uztea garrantzitsua da; ez pentsa egunotan, gu ez gaudelako, arazoak desagertzen direnik! Iraileko lana astunegia izan ez dadin, aldez aurreko antolakuntza nahitaezkoa da.

Oporraldian gauza asko gerta daiteke eta malgutasunez jokatzea oso gomendagarria da. Egia esan, aisialdia ondo kudeatzea arte bat da, zaindu beharreko zerbait: aipatutako malgutasunaren eta ordenaren arteko oreka aurkitu behar da, atsedena eta alferkeria ez dira nahastu behar; gure gogoa errespetatuz, gertukoenekin akordioetara iritsi behar dugu; egiten ditugun gauza ezberdinak gozamen iturri izan behar dira eta ez, sarri gerta ohi den bezala, neke edo estres iturri, eta abar. Horregatik, gauzak zuk nahi bezala ez badira ateratzen, ez pentsa inozo hutsa zarelako denik; esan bezala, libre hartzen ditugun egunak ondo antolatzea ez da erraza, eta, horregatik, badaezpada ere, itxaropenak gutxitzea gomendagarria da.

Topikoa izanagatik ere, zoriontsu gauza txikiek egiten gaituztela esan ohi dugu, ez da ala? Izan ere, gauza txiki horiek ez dira hain txikiak izaten; Martin Seligman psikologo ospetsuaren ikerketa baten arabera, loteriako sari nagusia jaso dutenen zorion maila ez da istripu larri bat pairatu dutenena baino altuagoa izaten; hasieran bai, noski, baina behin hamabi hilabete pasata, lehenengoak, saria irabazi aurretik zuten zorion mailara bueltatzen dira, eta, bigarrenak, aldiz, zorion maila dezente altuagoa lortzera heltzen dira. Dirua eta ondasunak lortzea helburua dutenen ongizate maila, harreman hobeak edota hazkunde pertsonal sakonagoa lortzen saiatzen direnena baino txikiagoa da. Horrela izaki, zoriontsu egiten gaituzten gauza “txikien” zerrendatxo bat honakoa litzateke: onartua eta maitatua sentitzea; erakunde baten parte izatea (politikoa, kirol elkartea, erlijio-komunitatea…); barne hazkundearen sentsazioa izatea; besteei laguntzea eta lagunak izatea. Hori jakinda, bakoitzaren erantzukizuna izango da zerrenda handitzea bere ukitu pertsonalarekin; oraingoz, aurretik ditugun egunek aukera ezin hobea eskaintzen digute besteak zoriontsu egitearekin gure zorion mailak gora egiten duen ikertzeko. Ondo pasa! •

iiansorena@gmail.com