Aitor Etxebarria
2012ko Abuztuaren 03a
Heldu da eguraldi ona Euskal Herrira, azkenean. Eta eguzkia ailegatu denean ni oporretan urrutira joan naiz, lurralde epelagoetara. Ez dagoenean faltan sumatzen dut, baina agertu bezain laster itzalaren bila hasten naiz. Iparralderako errepidea hartu eta auto gutxi dago bidean; beherako norabidea, aldiz, kolapsatua, Europako iparraldetik, ekialdetik, auto andana hondartza bila.
Europako hiriak abuztuan edo Gabonetako asteetan bisitatzea maite dut. Horiek dira niretzat momenturik ederrenak. Gabonetan, iluntasuna, hotza, elurra, gabon merkatuak, argiak, edari gozoak eta gogorrak, lankideen arteko koktel eta jaiak. Abuztuan, eguraldi epela, jende gutxi, erritmo lasaia, argitasuna. Hiriak jenderik gabe disfrutatzeko unea.
Aurten Europako hiri ezberdinetan “libre” bizi ziren hainbat euskaldun atxilotu dituzte, espainolen aginduz; espainiar ziega ilunetan nahi dituzte. Eta abisua eman dute gehiago atxilotuko dituztela. Eta burura etorri zait idazle euskaldun batek behin euskal iheslarien inguruan erabilitako hitza: “enbaxadore”. Zenbat enbaxadore dauzka Euskal Herriak munduan zehar?
«Can I have a beer please?». «Spanish?». «No, basque, we are a people that...».
Herriz herri, kontinentez kontinente, errusieraz, txineraz, polonieraz, frantsesez edo ingelesez ikasi dute. Kanpoan euskara ikasi duenik ere egongo da. Egunen batean guztien abenturak eta bizipenak jasoko dituen unibertsitate katedra sortuko da, omenaldiak eta ongietorriak egingo zaizkie. Oporretan nago, hiri horietako batetik paseatzen, terraza batean garagardo bat edaten, eta, maiz, gurutzatzen dudan jendearen aurpegia begiratzen dut, enbaxadoreotako bat gurutzatuko ote dudan pentsatuz.•




