Jose Angel Oria
2012ko Abuztuaren 03a
Kapitalismoak eragindako krisiek mundu berri baten sorreraren aurrean gaudela esatera eraman dute makina bat begirale, baina egoera justuagoa jaio dadin zenbat denbora beharko dugun ez daki inork. Ezta egoera berria egungoa baino justuagoa izango ote den ala ez. Alde bakoitzak egiten duen lanaren araberakoa izango da emaitza.
Munduak egun bizi dituen borroka garrantzitsuenen artean kazetaritzari dagokiona kokatu behar da. Izan ere, zalantzarik gabe, kazetaritza da herritarren iritziak eta jarrerak erabat baldintzatzeko ahalmena duen jardueretako bat. Hedabide nagusiak beraien jabeen interesen aldeko lanean ari dira, aldaketak beraiei komeni zaienak izan daitezen. Horiek hedatzen duten bertsioa kinkan ipini nahi duten hedabideak askoz ere txikiagoak eta ahulagoak dira, baina horien beharra dute bestelako mundu bat eraikitzea posible dela uste dutenek.
Inperioaren erasoak
Inperioaren eraso ugari jasan behar izan ditu azken urteotan Latinoamerikak, batez ere kontinente horretan AEBen nagusitasuna atzean uzteko prozesuak abian jarri dituzten herrialdeek. Urrian hauteskunde garrantzitsuak egin behar dituzte Venezuelan eta badirudi Hugo Chavez presidenteak lortuko duela garaipena. “Latinoamerikako autoritario berriak” izenburuko artikulua argitaratu berri du “The Washington Post” egunkariak. Latinoamerikako indar aurrerakoien aurkako gerra mediatikoaren beste kapitulu baten hasiera dela uste du Lizzie Phelanek, Global Research webgunean idatzi duenez.
AEBen nagusitasuna gainditzeko bidean dauden Latinoamerikako herrialdeen irudia kaltetzea litzateke egilearen helburua, ondorengo eraso ekonomiko zein politikoak justifikatze aldera. Beraz, biharko erasoentzako giro egokia prestatzen ari dira gaur tankerako testuekin, Phelanek egin duen irakurketaren arabera.
Nikaraguako Tortillaconsal webgunean idatzi dute “The Washington Post” egunkariak argitara emandako testua «Gizadiaren aurkako gerraren adar psikologikoa» dela. Gerra horretan alde batean Mendebaldea legoke, eta, bestean, gainontzeko guztiak, gizakien «%99», mundu osoko makina bat manifestarik azken hilabeteotan askotan adierazi dutenez.
Gerra horren helburua litzateke elitearen nagusitasunaz guztiok konbentzitzea, hau da, «%1ak» egiten duen irakurketa, eskaintzen duen bertsioa, guztiok onartu behar dugula sinistaraztea. Hori lortuz gero, beraien pribilejioei eutsiko liekete inolako arazorik gabe. Gutxiengo horren morala beste guztiona baino indartsuagoa eta hobea dela onar dezagun nahi dute. Beraz, beraien morala ezarri behar da bazter guztietan, kosta ahala kosta, horretarako herrialderen bat suntsitu edo milioika lagun hil behar badira ere. «Libia izan da azken adibidea», Nikaraguako webgunearen arabera.
Lizzie Phelanek erantsi du Human Rights Watch AEBetan egoitza duen gobernuz kanpoko erakundeak (kasu honetan bere Gobernuaren alde ari bada ere) argitaratu duen “Gogor egiten” txostenak ere Washingtongo hedabidearen helburu bera duela, hau da, Hugo Chavez agintari «autoritario» bat besterik ez dela nabarmentzea.
Hedabide nagusien diskurtsoa indargabetu behar dute egungo egoera aldatu nahi dutenek, baina horretarako etsaiak aukeratutako arauekin eta zelaian aritu behar dute lanean, beste aukerarik ez dagoelako. Ideia hori nabarmendu berri du Pablo Iglesias Tele K telebistako “La Tuerka” tertulia politikoa aurkezten duen kazetariak. Sozialismo21 udako unibertsitatean esan zuen ezkerrak herritar guztiek edo gehienek ulertzeko moduko mezuak plazaratu behar dituela, eliteari zuzendutako arrazoibideak alde batera utzita. Berak dio gaur egun ikus-entzunezko hedabideek dutela nagusitasuna komunikazioari dagokionez, eta hori kontuan hartuta egin behar duela lan ezkerrak, «aldez aurretik onartuta etsaiak ezarri dituela arauak, horretarako indarra duelako».
“Manipulazioaren mugak: bestelako informazio bat posible da” izenburuko hitzaldia eskaini zuen Iglesiasek. «Politikan aritzeko, ezinbestekoa da diskurtsoak eraikitzea. Eta gaur egun, diskurtso politikoen %90 ikus-entzunezko markoetan eraikitzen dira. Hori barneratzen ez baduzu, ez zara existitu ere egiten», esan zuen. Bere ustez, ezkerrak aspalditik duen arazo baten aurrean gaude berriz ere: diagnostiko ezin hobeak egiten dira, baina gero ez dago gauza bera herritar guztiek ulertzeko moduan esateko gaitasunik. Antonio Gramsci italiar pentsalariak esaten zuena ekarri zuen gogora “La Tuerka” aurkezten duen kazetariak: «Berak esan zigun agintea lortzeko borroka ez dela bakarrik arlo ekonomikoan egin behar, superegitura ideologikoan baizik, hau da, politikan, kulturan, hedabideetan eta gizarte zibilean, beste batzuen artean».
Hedabide nagusiek ezarritako arauetara egokitzen dute beraien lana Tele K telebistakoek: PSOE eta PP Estatu espainoleko alderdi nagusiak ere gonbidatzen dituzte, eta aurkezleak gorbata darama. «Zergatik? Bada jendeak xehetasun horiek barneratuta dituelako eta gauza horiek gure lana normaltzen dutelako». Horregatik, bere ustez lana normaltzea garrantzitsu delako, bera ez da hedabide «alternatiboez» hitz egitearen aldekoa.
Itxura eta edukia
Itxura eta formatua, informazioaren azala, kontuan hartu beharrekoak dira, baina edukiari bere garrantzia kendu gabe. Ideia hori plazaratu du Pascual Serrano kazetariak “Pueblos” aldizkarian, Ryzard Kapuscinski kazetari poloniarrak orain hamar urte esandakoa baliatuta: «Edukiaren arazoa itxuraren kontuarekin ordezkatu dute, teknika ipini dute filosofiaren lekuan. Nola erredaktatu, datuak nola bildu, nola transmititu… horri buruz aritzen dira. Baina zer idatzi, zer bildu eta zer transmititu… horri buruz, hitzik ere ez. Adierazpen horien alde ahula da joera horren bitartez, edukiari, espirituari eta gauzen zentzuari buruzko eztabaidak egin beharrean, komunikazioaren alorrean gertatu diren azken berrikuntzez baino ez garela enteratzen». «Horrela ikusten zuen egoera Kapuscinskik orain ia hamar urte eta orain sentsazio hori askoz ere nabarmenagoa da», eransten du orain Pascual Serranok.
Valentziarrak gogorarazten du kazetaritza asko aldatu dela XIX. mendetik hona. Orduan, kazetaritza eta egunkariak borroka politikorako tresna ziren, indar politikoek beraien interesak eta posizioak defenditzeko asmoarekin eratutakoak ziren hedabideak, eta informazioaren azken helburua ez zen egia kontatzea, norberaren posizioa indartzea baizik. «Gaur egun beste muturrean gaudela esan daiteke, hedabideetako zuzendaritzetako kideek eta prentsako pertsonarik ezagunenek etengabe esaten baitute informazio neutral eta orekatua eskaintzen dutela. Beraien banderak dira, horrela esaten digute, objektibotasuna eta inpartzialtasuna», idatzi du Serranok. Bere ustez, objektibotasuna gurtzeko joera oso kaltegarria da informazioaren kalitatearentzako, kazetariak pasiorik gabeko begirale neutral bihurtu baitira. Datuak eta zenbakiak eskaintzen dituzte, testuingururik gabe, pasiorik gabe, justizia lortzeko urratsik egin gabe. Objektibotasunaren izenean, aginteari komeni ez zaizkion kontuak estali egiten dira. Izan ere, neutraltasuna, objektibotasuna eta distantziakidetasuna, hedabidearen sinesgarritasuna lortzeko erabiltzen diren argudioak besterik ez lirateke, hedabide horren jabeen eta agintearen interesak ondo babesteko hobe baita mundua benetan nola den ez azaltzea.
Serranok eskatzen duen pasioa eskaini nahi duten kazetariak ere badira, ordea, baina horiek herritarren laguntza behar dute aurrera egin ahal izateko. Gaiari buruz hitz egin zuten orain hilabete “Diagonal” hamabostekariarekin Roger Pala eta Sergi Picazo Media.cat behatokiko kazetariek. «Gure profesioa oso gaizki dagoela-eta kexatu beharrean, haserretzeko gure modua da egiten dakigun gauza bakarra egitea: hobeto edo okerrago, baino kazetaritza egiten dugu». “Anuari Mediacat” izenburuko txostenean Kataluniako hedabideek gehien ezkutatu dituzten hamabost gaiak jaso dituzte, urtero egiten duten moduan.
«Zein izan behar da kazetaritzaren zeregina krisi garaian?», galdetu zieten. «Gure kasuan, aurten aukeratutako hamabost gai ezkutatuak gure ikerketaren fruitu eta informazioa eman ziguten gobernuz kanpoko erakundeei eta giza mugimenduei jaramon egitearen ondorio dira –erantzun zuten kazetari kataluniarrek–. Kazetari gehienek lor zitzaketen gaiak dira guztiak. Gai horien inguruko isiltasuna ez da izaten ikerketa lanik egin ez izanaren ondorio, motibazio politikoek eta interesek eragindakoa baizik. Hori bai, agentziek bidalitako teletipoen eta erakundeen prentsa oharren mende bizi diren erredakzio asko egoteak eragiten du ikerketa kazetaritza gero eta baztertuago egotea».
Izan ere, kalitatezko kazetaritza egiteko baliabideak behar dira. «Kazetaritza egitea garestia da, eta denbora eta dirua beharrezkoak dira. Gainera, azken finean, kazetariok, beste edozein langilek bezala, lan egonkortasuna behar dugu, hilero kobratzea alegia», Roger Pala eta Sergi Picazo kazetarien arabera. Begirale horien ustez, «azken 30 urteotako garairik txarrena bizi dugu hedabideen ikuspuntutik begiratuta, baina, aldi berean, kazetaritza egiteko garairik onena dugu egungoa». Garai txarrena litzateke kazetarien ezegonkortasuna, lan baldintza kaskarrak eta kaleratzeak direla-eta, baina ona Internet eta teknologia berriek eskaini dituzten aukera berriei erreparatuz gero.
Ordaindu egin behar
Hedabide nagusien bertsioari aurre egingo dieten kazetariek egindako lana beharrezkotzat jotzen duten herritarrei lan hori ordaintzea tokatuko zaie, bestela beraien ikuspegiarekin bat datorren hedabiderik gabe geratuko dira-eta, GAUR8ko irakurleek ederki asko dakitenez. Honela azaltzen dute ideia Roger Pala eta Sergi Picazok: «Amnesty Internationalek 60.000 bazkide inguru ditu Espainian eta ez du inongo gobernuren diru laguntzarik onartzen. Esaten dute horri esker eusten diotela beraien independentziari. Greenpeacek 100.000 bazkide inguru ditu eta horrek ematen die beraien salaketak egiteko indarra. Guztiek uste dute giza eskubideen aldeko borroka horiei lagundu behar zaiela gizarte zibiletik. Eta informazio eskubidea? Agintea kontrolatzea helburu duen ondo egindako kazetaritzak merezi al du herritarren sostengua? Uste dugu benetako informazioa eskuratzeko aukerarik gabe, demokrazia ahuldu egiten dela. Nola ahuldu gainera! Kazetaritza demokratikoa eta irekia izan dadin, herritarren babesa behar da, sozialki zein ekonomikoki».
Tankerako ideia defenditzen du Vincent Partal Vilaweb sarean indartzen ari den proiektuko zuzendariak. Benetako demokrazia lortu nahi dugun herritarroi poltsikoa arintzea beste erremediorik ez zaigu geratzen, nahiz eta gaur egun sarean ezer ordaindu gabe hedabideek diotena ikusteko aukera dugun. Baina ahots horrek sarean eta kalean jarraitzea nahi izanez gero, diru pixka bat eman beharko zaio. Demokrazia garestia da kalitatezkoa bada, baina suzedaneo merkeek ez dute demokrazia deitzerik merezi.




