Josu Juaristi
2012ko Abuztuaren 03a
Europar Batzordeak, urtero bezala, Europar Batasunaren barruan zein kanpoan turista moduan mugituko diren europarrentzat hainbat gomendio zabaldu ditu. Bidaiatzen duten gehienentzat ezagunak izango diren arren, komenigarria izaten da errepasotxo txiki bat egitea eta kontuan hartzea, nahiz eta oporrak prestatzeko orduan, beti bezala, gomendiorik onena zentzuz jokatzea den. Artikulu honetan batzuk aipatuko ditugu, oinarrizkoenak izan daitezkeenak edozer gertatuta ere.
Europako Osasun Txartela
Europar Batasunera zein Islandiara, Norvegiara,&punctSpace;Suitzara edo Liechtensteinera joateko asmoa izanez gero, ez ahaztu Europako Osasun Txartela eramatea. Gaixotuz gero edo urgentziaren bat izanez gero, denbora, dirua eta trabak aurrezteko modurik egokiena da. Txartel honekin, tokiko hiritarrek izan ditzaketen sarbide eta baldintza berberak (estatu batzuetan, debalde) izango ditugu Europar Batasun osoko zein aipaturiko beste lau herrialde horietako larrialdi zerbitzuetara joateko orduan.
Europako Osasun txartela eskatzeko tramitea erraza da eta bost egunen buruan bidali ohi dute etxera. Gure kasuan, hiru administrazio desberdinen menpe gaudenez, Interneteko helbide orokor bat utziko dizuegu; hortik erraz egin daiteke bidea behar den lekura iristeko, lekuko gizarte segurantza zerbitzura iristeko alegia: http://ec.europa.eu/social/main.jsp?catId=559&langId=es. Nobedadeen artean, Europar Batzordeak telefono adimendunetarako prestatu duen aplikazioa aipa genezake. Informazio praktiko ugari dator bertan. Eskuratu nahi duenak webgune berean deskargatu dezake.
Larrialdietarako zenbakia
Gogoratu, Europar Batasun osorako larrialdietarako zenbakia 112 dela (baita Kroazia, Montenegro eta Turkiarako ere), edozein telefonotatik deituta ere, dohainik, egunez zein gauez beharrezkoa izan daitekeen zerbitzuarekin kontaktuan jartzeko: medikuak, suhiltzaileak edo polizia. Estatu batzuetan oraindik zenbaki propioa dute, baina kasu horietan ere funtzionatzen du 112ak.
Europatik kanpo, enbaxada bila
Europar Batasunetik kanpo dabilenak eskubide osoa du Europar Batasuneko edozein estatu kideko enbaxadara edo kontsulatu zerbitzura joateko. Dokumentazioa lapurtzen badigute, istripu larri bat izaten badugu edo atxilotzen bagaituzte, «gurea» ez den beste edozein europar ordezkaritzara ere jo dezakegu. Kontsul-babesari buruz Batzordeak duen webgunea hauxe da: http://ec.europa.eu/consularprotection. Egia da, hala ere, zerbitzu honek bide luzea duela oraindik egiteko behar bezala funtzionatzeko eta benetan europarra izateko.
Desagertzeak
Adin txikikoen desagerpen kasuetarako zenbaki bateratu bat sortu du Europar Batasunak: 116.000. Semea edo alaba galdu duen aita edo ama bazara, edota galdu edo ihes egin duen haurra edo gaztea, hori da Europar Batasun osoan deitzeko zenbakia. Laguntza espezializatua eta praktikoa eskaintzen dute bertan. Informazio gehiago: http://www.hotline116000.eu.
Telefono-faktura
Telefono mugikorren ibiltaritzako tarifei buruzko arautegi berria aurtengo uztailaren 1ean sartu da indarrean. Berrikuntzarik nabarmenena Europar Batasunak jarri dituen topeetan dago, baina, hala ere, kontu handiz ibili eta, kasu, eskaintzei. Erabakitako tarifak hauek dira:
- 29 zentimo minutuko gehi BEZa, dei bat egiteagatik.
- 8 zentimo minutuko gehi BEZa, dei bat hartzeagatik.
- 9 xentimo gehi BEZ testu mezu bat bidaltzeagatik.
- 70 xentimo megabyteko gehi BEZ datuak deskargatzeagatik edota interneten nabigatzeagatik atzerrian.
Hauetxek gomendio batzuk. Bidai ona izan dezazuela! •




