-

Zonbiak, saileko hiltzaileak, mamuak, mendekua bilatzen duten pertsonaia bortitzak, samuraiak, banpiroak, munstroak... eta ororen gainetik, odola. Odola borborka. Horiek dira «B" serieko generoko zinemagintzaren osagaietako batzuk. Santi Leone irakasle eta historialariak jakintza entziklopedikoa dauka gaiaren inguruan.

Ion Orzaiz

2012ko Uztailaren 26a

Ez du bere burua historialaritzat. Duela lau urte, Santi Leone iruindarrak hautsak harrotu zituen “Euskal Herri imajinario baten alde” saiakerarekin, baina, harentzat, horrek ez du historialari bihurtzen. «Historialari batek esparru horretan jardun beharko luke. Ni, orain, euskara irakaslea naiz». Bere ofizioa irakaskuntza edo historia izan, inork gutxik asmatuko luke zein duen benetako afizioa: gorea. Film bortitzak eta fantastikoak. Exotikoak. Zinema aretoetan estreinatzen ez diren horiek. «Beldurrezko filmak bainoago, nahiago dut esan pelikula fantastikoak maite ditudala. Batzuk bai, beldurrezkoak dira, baina beste askok ez dute beldurrik ematen. Bortitzak besterik ez dira. Nazkagarriak direla ere esan daiteke. Atzo berean, adibidez, film arrunt nazkagarria ikusi nuen: ‘The Human Centipede 2’ –biktimak elkarri josiz, giza ehun-zango bat sortu nahi duen mad doctor bati buruzko film polemikoa–. Lehenbiziko zatia, izenburuak kontrakoa adierazten zuen arren, nahiko aseptikoa zen eta istorio klasiko bat kontatzen zuen. Bigarren honetan, ordea, nazkaren muga guztiak gainditu dituzte». Argi gelditu da, beraz, zertaz ari garen.

Irakasleak jakin badaki askok ez dutela bere zaletasuna begi onez ikusten. Gehientsuenek muturra okertzen dute filmen izenburuak irakurtzearekin soilik: «Lagun bati hainbat DVD utzi nizkion behin. Handik zenbait egunera, itzuli egin zizkidan eta zera esan zidan: ‘Eskertzen dizut, baina ez ditut ikusi nahi’». Bere bikotekideak ere ez ditu gustuko «B» serieko pelikula bortitz horiek, baina Leonerentzat, ihes egiteko modu bat dira. Morbositatearen, ikusminaren eta nazkaren arteko muga lausoak zeharkatzen dituen grina. «Maiz, ideia zoroek harrapatu egiten naute. Film baten iragarkian ‘inoizko pelikularik nazkagarriena’, ‘goreena’, ‘bortitzena’ edo antzeko lelo bat irakurtzen badut, ikusi beharra dut. Jakin-mina daukat, eta hori da nire galbidea. Beste generoekin ez zait halakorik gertatzen. Zinema belikoak edo musikalek, adibidez, ez naute batere interesatzen», azaldu digu Leonek.

Norberarendako espazioa

Zaletasun mota horien oinarrian, norberaren beldurrak egon litezkeela diote adituek. Leonek berak aitortu digu txikitan «beldurti xamarra» zela, eta ez zela zineman halako filmak ikustera ausartzen, «afixek, ordea, nire arreta bereganatzen zuten. Gogoan dut, halaber, ‘Hellraiser’ edota ‘The company of wolves’ pelikulen kartelak Iruñeko zinema-aretoetan ikusi nituen garaia. Beldurra eman bai, baina, aldi berean, sekulako ikusmina sorrarazten zidaten». Handik zenbait urtera, alta, bere egoera pertsonala zeharo aldatu zen, eta horrek bide eman zion beldurrezko pelikulei heltzeko: «Filmak gauez ikusten hasi nintzen. Alde batetik, loak hartzen ez ninduelako, eta, bestetik, niretzako espazio bat behar nuelako. Izan ere, garai hartan, dena zen haurra, nire bizitza osoa haurraren inguruan antolatuta zegoen, eta esparru propio bat behar nuen, niretzat soilik».

Ekialde Urruneko zinemagintzarekin eman zituen lehen pausoak Leonek zinema fantastikoaren munduan. Eta behin Pandorako kutxa zabaldu zuela, ezin gelditu. «Hasiera batean, Ekialdeko zinemarekin hasi nintzen, Estatu espainolean argitaratuak ziren pelikulak ikusten. Betiko zinemak ez ninduen asebetetzen. Nire ibilbidea egin nahi nuen. Badakit ikusten ditudan pelikuletako batzuk oso txarrak direla, baina zinema aretoetan edo telebistan ematen dituzten gehienak ere ez al dira txarrak? Bada, agian, film txarrak ikusiko ditut, baina, behintzat, neuk eginen dut aukeraketa». Gaiaren inguruan bere gogoetak plazaratzeko, “Odolaren mintzoa” izeneko bloga zabaldu zuen duela gutxi.

Ekialdeko sentiberatasuna

Zeluloidezko odolaren eta biolentzia neurrigabearen alorrean, Japonia, Taiwan eta Korean egindako lanak nabarmentzen ditu batik bat irakasleak. «Film bereziak egiten dituzte munduaren alde horretan. Sentiberatasun berezia daukate. Park Chan Wook zuzendariaren mendekuaren trilogia famatua [“Sympathy For Mr. Vengeance”, “Oldboy” eta “Lady Vengeance”], adibidez, izugarria da. Japoniako pelikulak ere biziki maite ditut. Takashi Miikeren ‘Audition’ ikusi nuen, eta izerditan blai atera nintzen zinematik».

Baina Ekialdeko zuzendariez eta filmez harago, bestelako estiloak eta garaiak ere maite ditu Leonek. Klasikoen artean, Alemaniako espresionismoa goraipatzen du, bereziki “Nosferatu” eta “Caligari doktorearen kabinetea”, baita Italiako giallo delakoa, AEBetako komedia goreak eta beste hainbat azpigenero ere. Gustukoen dituenen zerrenda bat egiteko eskatu diogu: «1970eko hamarkadan Italian egindako gore zinema demasa da; politikoki ez-zuzena erabat, bortitza... Gerora, 1980ko hamarkadan, gorea eta umorea nahiko modu egokian uztartu zituzten zenbait zinemagilek. Hortxe ditugu, besteak beste, Sam Raimiren ‘Evil Dead’ trilogia edota Peter Jacksonen ‘Bad Taste’. Umoretik aldenduz, ‘Hellraiser’ sagaren lehen zatia ere oso ona da. Eta film berriagoak aipatzekotan, asko gustatu zitzaizkidan bi: ‘Shawn of the Dead’ eta ‘Eden Lake’. Egun, Japonian, beste korronte bat ari da hedatzen: muturreko gorea. Izugarrikeria hutsa da. Nazkagarria, benetan. Argumentuaren aldetik, pelikula horiek ez daude sobera landuak, baina bitxikeria interesgarriak dira; besteak beste, ‘Vampire Girl vs. Frankenstein Girl’ edota ‘Tokyo Gore Police’». Hori bai, noski, berunezko barrunbeak dituzten ikusleentzat soilik.

Genero horietan, alta, badira idazle, blogari eta irakasleak gustuko ez dituen modak eta ezaugarriak ere. Remake-ek, adibidez, «amorrua» ematen diotela esan digu: «Remake delakoak ez ditut gustuko, gehienetan, egiten duten gauza bakarra aktoreak aldatzea baita, beste ekarpenik egin gabe. Ez dut moda hori sobera ulertzen, baina finean, zinemaren estatusa oso badaezpadakoa da. Beste zenbait arterekin eginen ez genukeena egitera ausartzen gara zinemarekin: adibidez, zuri-beltzeko film klasikoak koloreztatzeko moda ezarri zen duela zenbait urte, eta hori pentsaezina izanen litzateke beste arte mota batean. Piccassoren ‘Guernica’ margolanaren gainean kolore biziak margotzea onartuko al genuke? Mozarten sonata baten erdian etenaldi bat egin eta iragarkiak sartuko al genituzke?».

Artelanaren integritatearekiko ideia horrek, gainera, filmak jatorrizko bertsioan eta kalitate onean ikustera behartzen du Leone. «Ez nago, oro har, pirateriaren aurka, baina nik neuk nahiago dut filmak erosi, deskargatu baino. Bi diskoko edizio bereziak, metalezko kutxa ederrak eta halakoek zoratu egiten naute», aitortu digu, irribarrez. Horregatik, askotan, zaila izaten da halako «harribitxiak» ohiko saltokietan topatzea. «Interneten bidez erosten ditut nik neuk film gehienak. Amazon edo Dvdasian.com bezalako denda birtualetara jotzen dut gehienetan. Kontuz ibili beharra dago, dena den, film askok ez baitute azpititulurik. Horrez guztiaz seguru izan, edozer erosi aurretik». DVD asko atzerritik ekartzeak badu, gainera, beste ondorio bat: prezioek gora egin ohi dute. «Halako zaletasun bat ez da merkea. Nik, hala ere, ez dut bestelako biziorik. Diru gutxi xahutzen dut arropan, ez naiz gehiegi ateratzen... liburuak eta DVDak dira kasik nire zaletasun bakarra». Eta zaletasun horretan, Santi Leone benetako gourmet bat dela ezin ukatu. Hannibal Lecter bezalaxe. On egin. •