Katalunian hiru urteko ibilbide arrakastatsua egin ostean, proposamen turistiko berria iritsi da Euskal Herrira: «Burrikleta». Bizikleta elektrikoak dira, eta, batere esfortzurik egin gabe, gure herriko parajeak ezagutzeko aukera ematen dute, ibilbide gidatuak eskainiz. «Asto» moderno hauek probatu ditu GAUR8k.
Ion Orzaiz
2012ko Uztailaren 26a
Zenbait herritan, garai bateko nekazariek, ikazkinek edota artzainek astoak erabiltzen zituzten mendira igotzeko. Alforjak gainean hartuta, pasarte eta bidexka estuetan gora eta behera ibiltzen ziren, naturak eskaintzen zituen paraje ikusgarrien artean. Asto horiek eredu hartuta, Burrikleta ekimena sortu berri da Nafarroan, landa turismoa garatzeko asmoz. Burrikletak ez dira astoak, bizikleta elektrikoak baizik. Ekimenaren sustatzaileen arabera, «itxura oneko bizikleta baten eta asto baten arteko maitasun suharraren emaitza» dira. Astoak bezalaxe, aldapa gogorrak eta biderik latzenak gainditzeko oso lagungarri dira, eta natura ezagutzeko aukera ematen dute. Beraz, kaskoa jantzi, alforjak bizikletan paratu eta bideari ekin diogu, burrikletaren esperientzia osoa barru-barrutik ezagutzeko.
Bertizko parke naturalean gaude, Oronoz-Mugairin. Bertan zabaldu dute Nafarroako Burrikleta zentro nagusia (bada beste zentro bat Arre herrian). Horixe da gure abiapuntua. Pedalei eragiten hasi bezain laster nabaritu dugu “astoaren” indarra. Bizikleta elektrikoaren motorrak bultza egiten du aurrerantz, eta hala, esfortzu handirik gabe, hainbat metro aurreratu ditugu segundo gutxitan. Motor elektrikoaren eragina erregula dezakegu: txikia, maldan behera goazenean; handiagoa, aldapa nekagarrietan (nahi izanez gero, motorra itzal dezakegu ere, izerdi pixka bat botatzeko). Hartara, ez da beharrezkoa kirolari iaioak izatea burrikletara igo eta txango luzeak egiteko, esfortzu eta ahalegin gehienak bizikletak berak eginen baititu.
Guztira, hamalau ibilbide egin ditzakegu Nafarroan (zazpi Arretik abiatuta, eta beste horrenbeste, Oronoz-Mugairitik): Bulartxiki, Elgorriaga, Hendaia, Lesaka, Sunbilla, Iruritako errekastoa, Etxaldeko errota, Nagizko Jaurerria, Ultzama ibaiaren pasealekua, Arga ibaiaren pasealekua Iruñerrian, Egulbatiko Jaurerria, Zolinako uharka, Oteitza eta Ezkabarte. Gehientsuenak egun erdiko txangoak dira, 4 eta 6 ordu bitarteko iraupena dutenak, baina badira egun betekoak edota bi egunekoak ere. Adibidez, Hendaiako ibilbidea hautatuz gero, egun osoko ateraldi lasaia eginen dute parte hartzaileek, Bidasoa ibaiaren bidea jarraituz, eta, Hendaian lo egin ostean, abiapuntura itzuliko dira hurrengo egunean.
Bertizko parkean zehar paseatzen ari garela, gure burrikletak irrintzi egin du bat-batean. GPSa da. Gune interesgarri batetik pasatzen garen aldiro, arrantza egiten du, astoa bailitzan, eta, nahi izanez gero, azalpenak eskaintzen dizkigu euskaraz, katalanez, ingelesez, gaztelaniaz edota frantsesez. Modu horretan, naturaz gozatzen dugun bitartean, inguruneari buruzko historia eta datu interesgarriak ere ikas ditzakegu. «Familiartean egiteko moduko turismoa sustatu nahi genuen, landa turismo hurbila. Horregatik, GPS bidezko ibilbide gidatuak prestatu genituen, eduki kulturalez hornituak», azaldu digu Burrikleta Nafarroa proiektuaren sustatzaile eta Basartea elkarteko kide den Nati Gomezek.
Kataluniatik Euskal Herrira
Burrikleta proiektua ez zen Nafarroan sortu. Katalunian jaio zen, 2009. urtean, Pirinioaurrean dagoen Lluçanès izeneko eskualdean. Regina Casasek eta Joan Salesek natura eta ingurumena ezagutzeko alternatiba berria aurkeztu zuten bertan: «Sedentarismoak naturguneetako ekimenak oztopatzen dituen garai hauetan, jendea ingurumenera hurbiltzea da gure helburu nagusia», adierazi zuen Salesek, aurkezpen ekitaldian. Bizikleta elektrikoak Pirinioaurreko parajeak ezagutzeko aukera paregabeak eskaintzen zituela ikusi zuten, «gure hirietako asfaltotik eta bizimodu sedentariotik urrun». Astoa, herrialde katalanetako ikur den heinean, ekimen berritzaile horren inspirazio-iturri ere izan zen.
Katalunian izandako arrakasta ikusita, egitasmoa Euskal Herrira hurbiltzea erabaki zuen Basartea izeneko elkarteak. Ingurumen eta baso ikerketak egiten dituen bulego teknikoa da, eta Nafarroako landa turismoa sustatzea du helburu. «Burrikleta ekimenaren sortzaileak Katalunian ezagutu genituen, eta oso ideia erakargarria iruditu zitzaigun. Gaur egungo krisialdi ekonomikoak eragin itzela du turismoaren alorrean, eta hori bezalako egitasmoak oso lagungarri izan daitezke egoera hobetzeko», esan du Gomezek.
Horretarako, hitzarmenak eta sinergiak sustatu dituzte tokiko eragile zenbaitekin: «Harreman bikainak ditugu tokian tokiko elkarte eta enpresa txikiekin, eta hori baliatu nahi dugu Burrikleta proiektuari bultzada emateko. Adibidez, gure ibilbideetako bat errota baten ondotik igarotzen denez, taloak egiten ikasteko tailerrak antola ditzakegu bertan. Akordioak ditugu, halaber, gaztandegiekin, artisauekin, landetxeekin eta bestelako eragile askorekin, Burrikleta markarekin batera ekimen interesgarriak proposatu ahal izateko. Bestalde, inguruko bailara eta eskualdeetako udalekin zein tokiko administrazioekin harreman estua dugu, eta Bertizko Jaurerriko Partzuergo Turistikoko kide ere bagara», azaldu du Basarteako bozeramaileak.
Gomezen esanetan, ekimena bertoko jendeari zuzenduta dago, «batez ere familiei eta lagun kuadrillei», baina baita atzerritarrei ere: «Kanpoko turismoa erakarri nahi dugu. Europan, batez ere, bizikleta elektrikoekin ibiltzea oso gauza naturala da, hemen baino askoz arruntagoa, eta, beraz, mota horretako ibilgailuekin landa turismoa egitea oso erakargarria izan daiteke atzerritarrentzat, batez ere Nafarroan ditugun paraje erakargarriak ikusita».
Ibilaldi terapeutikoak
Naturarekin gozatzea eta ezinegonak ahaztea. Hori da Burrikleta ekimenaren xedeetako bat. Hirietako bizimodu korapilatsuaz aldentzeko asmoarekin ondu dute proiektuaren filosofia osoa: «Bizikletak orduka alokatu beharrean, egun erdiko, egun bateko edota asteburu osoko ibilbideak diseinatu ditugu. Horrela erabaki genuen hasieratik beretik, ingurumenarekin eta naturarekin patxadan gozatzea baita gure proiektuaren filosofia. Deskonektatzea. Hein handi batean, gure ibilaldiak terapeutikoak dira, erlojua burutik kentzeko balio dutelako», esan digu Joan Salesek. Horregatik, diotenez, ekimen hau mesedegarria da sasoi fisiko onean ez dauden lagunentzat edo haurrentzat ere.
Filosofia horrekin bat eginez, bizikletarekin batera, osagarriak ere eskaintzen zaizkie bisitariei; piknikak, hamakak, alforjak... «Burrikleta aisialdirako baliabide bat da –nabarmendu du Nati Gomezek–, ez kirol jarduera bat. Horregatik, atsedena hartzeko puntu ugari daude ibilbideetan zehar barreiatuta, eta, erabiltzaileek hala nahi izanez gero, bestelako osagarri asko ere eskuragai izanen dira, aisialdi hori are atseginagoa izan dadin».
Argi dagoenez, xehetasun txikienak ere kontuan izan dituzte Burrikleta egitasmoaren arduradunek. Besteak beste, espartzuko alforjak paratu dizkiete bizikleta elektrikoei, aspaldi astoei jartzen zitzaizkien bezalaxe. Gaur egun, alta, ez dago espartzu saltzailerik inguruan, eta Jaendik (Espainia) inportatu behar izan dute material hori. «Den-dena zaindu dugu, baita detailerik txikienak ere: alforjak, kaskoak... Normalean bizikletan ibiltzeko kasko arruntak nahiko itsusiak direnez, modelo berriak egin ditugu, dotoreagoak edo xelebreagoak, norberaren gustuen arabera», azaldu digute ekimenaren arduradunek. Burrikleten alokairuaz eta ibilbideen antolaketaz harago, bestalde, bizikleta elektriko arruntak ere salgai dituzte Arre eta Oronoz-Mugairiko zentroetan, bizikleta elektrikoen onurak eguneroko bizitzan aplikatu nahi dituztenentzat.
Guk amaitu dugu gure ibilbide laburra, baina hamalau aukera gehiago daude, pedalei eraginez mugitzen diren “asto” hauekin gozatzeko.




