KOADERNOA -

Kattalin Miner

2012ko Uztailaren 26a

1973ko abuztuan, armatutako talde batek Stockholmeko Kreditbank banketxea hartu zuen bertako dirua lapurtzeko asmoz. Gauzak, ordea, okertu egin ziren eta sei egunez bahituta izan zituzten bertan zeuden langile zein bezeroak, azkenik errenditu ziren arte. Haien buruak entregatu aurretik telebista kamera batek honako irudi hau hartu zuen: bahituta egondako emakume bat lapurretako bat musukatzen.

Irudi horrek bahitu nau ni egun hauetan. Irudi benetan indartsua iruditzen zait, gustatzen zait. Eta horrelako istorioak ere asko gustatzen zaizkit, hau bereziki, gerora hain ezaguna zaigun Stockholmeko sindromearen jatorria delako, hortik datorkio izena. Pentsatzen dut hura gertatu zenean jendeari irudia ez zitzaiola hain indartsu eta polita iruditu; are gehiago, gerora trastorno psikologiko bat bezala ulertzen den perbertsio edo buruko gaitz batekin lotuko zuten oso azkar.

Niri beti gustatu izan zaizkit atrakatzaileak, beti sentitu izan dut Stockholmeko sindrome hipotetiko bat haiekiko, eta, azkenaldian, gero eta argiago ikusten dut nire burua Stockholmeko banketxe hartako emakumea bezala (nahiz egia den ziurrenik nik ez nukeela gizon hura musukatuko).

Baina nik ez dut Stockholmeko sindromean sinesten, ez behintzat fenomeno psikologiko-traumatiko bat bezala, ez kontatzen diguten bezala. Inork ez digu azaldu banketxean zegoen andre horretaz ezer gehiago. Bakarrik esan nahi izan ziguten hain izan zela ahula eta txolina, pistola buruan jarri zionaz maitemindu zela. Gainera, hainbeste maitemindu zen, gerora ez zuela haren kontra ere testifikatu.

Gauza da, terminoa gaizki erabiltzen irakatsi digutela, edo behintzat ez digutela argi utzi noiz ematen den fenomenoa. Oso kasu zehatzak erakusten dizkigute, espazio itxietan pistoladun jende gaiztoarekiko senti dezakegun perbertsio modura irudikatuz sindromea. Oso jokaldi azkarra da hori, horrek berak ez baitigu ikusten uzten nork gaituen benetan bahituta eta zanpatuta. Esan nahi dudana da, benetako sindromea mantentzen dutela gugan, benetan bahituta gauzkana, benetan zanpatzen gaituena, konturatu gabe maitatzen jarrai dezagun. Sortu dutela Stockholmeko sindromedun gizarte bat, non gure politikoak maite ditugun, non banketxeak gure lagunak direla esan diguten eta beraz dirua utzi behar diegun, non Poliziak gu zaintzen gaituela sinetsarazi nahi diguten, non heteropatriarkatuak zaindu eta normal egiten gaituela uste dugun...

Eta nik nire burua ikusi dut egun hauetan banketxeko emakume horren lekuan. Batetik, Patricia Hearsti buruzko liburu bat irakurtzen ari naizelako, eta, bestetik, orain egun batzuk Donostian bertan banketxe batean izandako lapurreta batek (eta haren amaierak) gorputza aldatu zidalako. Entzun nuen “Teleberri”-aren amaieran azken orduko berri bat zutela, bi gizonek Donostiako banketxe bat hartuta zutela, eta, iragarki baten ostean, esan ziguten haietako batek tiro bat jaso eta bizia galdu berri zuela.

Gaur egun bizi ditugun garaiak ikusita, uste dut denok izan gaitezkeela pixka bat banketxeko andre hori, denok poztuko ginatekeela gu geu banketxean izanda ere, norbait etorri eta hura atrakatzen saiatzeagatik (denok diodanean, azpian gauden horietaz ari naiz). Errazago zaigula batzuoi behintzat, atrakatzailearen heriotzak penatzea, hura hil duen poliziak jasotako tiroak baino. Nik ez, nik ez nuke testifikatuko bizirik geratu denaren kontra.

Eta hori baldin bada sindrome bat izendatzeko arrazoi, horixe da nik izango dudana.

Bahiturik izan zuten askatasunaren aldeko talde armatu sinbiotikoko kideek askatu ostean, Patricia Hearst haiekin itzuli zen talde armatuarekin bat egiteko asmoz, eta honi ere sindromea jarri zioten gainean. Baina, «Stockholmeko sindromea ez, printzipioak ziren» irakurri dut liburuan, eta horrekin geratzen naiz, ez gara hain inozoak, engainatu nahi bagaituzte ere, badakigu nor maitatu. •