Iņaki ALTUNA
2012ko Uztailaren 26a
Barne Ministroak Euskal Herritik ETAren mehatxuagatik alde egindakoek gurean bozkatzea bideragarri dela esan berri du. Zenbat dira? Zeintzuk? 200.000, 300.000… Sekulako astakeriak entzun ditugu. Zenbat izango dira azkenean bozkatuko dutenak? Egiazki izan ziren ETAren mehatxupean? Ezer gutxik axola du. Gezur galanta da. Manipulazio hutsa. Hamaika datu eta argudio daude frogatzeko. Baina entzungor egingo diote ministroak eta bere “adituek”. Iruzur saioa martxan da.
Zer eragin izango ote duen eta zergatik egin ote den dira galderak. Bere eragina ikusteko dago. EAEko hauteskundeetarako ez omen da iritsiko. Hauteskunde Legearen aldaketa beharko duen prozedura zehazteko dago. Harria bota dute, eztabaida politikoan eta mediatikoan. Espainiako Kongresura eraman beharko dute, alderdien arteko sukalde lana eginda.
Zergatik sortu duten halako zalaparta da bigarren kontua. Euskal Herrian irekitako prozesu politikoarekin du zerikusia, bete-betean, baita Estatuak aro berriari termino demokratikoan aurre egiteko duen ezintasunarekin ere. Herria da etorkizuna erabakitzeko gakoa, eta erabakitzeko eskubidea atea irekitzeko sarraila. Prozesuak lor dezakeen herri atxikimendua eta sor ditzakeen indar harreman berriak galarazi, nahastu, atzeratu, trabatu… nahi dituzte.
Azken 30 urteotakoa atzean utzi eta beste egoera bat irekitzeko herri gehiengo sendo bat osatzeko aukera (arriskua, beraien begietara) egon badagoela jakin badakite PPkoek eta Estatuko estoldetatik ari diren guztiek. Irakurketa hori egina dute. Beste aldean, berriz, denok ez. Ez da oso ulergarria Estatu espainola gaiztoa dela edo Barne Ministerioan ez dutela telefonoa hartzen (Xabier Silveirak GARAko zutabegileak aurrekoan zihoen moduan) esanez prozesuaren ahalmena epaitzea. Xelebrea ere borroka armatuak berea egina zuela orain aitortzea; hain zuzen, oraingo saioaren gabeziak agerian uzteko.
Ezker abertzalearen estrategia aldaketa ez zen Estatua, makurraraztea lortu ez zuelako, seduzitzeko gauzatu, indar harremana aldatzeko baizik. Prozesuan barrena aldaketaren aldeko posizioak nagusi izateko eta bidea galarazi nahi dutenen jokabidea ahal bezain beste indargabetzeko. Gauza on asko etor zatekeen hortik, baina ez prozesu idilikorik. Kontraesan eta ezintasunez betea bai. Bakoitza bere buruarekin konforme izatea koherentzia eta duintasuna ulertzeko modu bat da, baina, akaso, begi bakarra duena. Iraultzaileek, diotenez, bi begiak behar dituzte, herri proiektuaren mesedetan.
Ezinegona normala da. Prozesuak emaitzak eman behar ditu. Legalizazioa eta presoak ziren lehentasunak. Garai bateko eskemak apurtu eta, eztabaida politikoari eusteko indarra dagoelako, gatazkaren ondorioak lehenbailehen leuntzeko hautua egin du ezker abertzaleak. Estatuak, hemen ere, jokaldiaren nondik norakoa ulertu du, eta trabak jarriz bertan ito nahi du aldaketaren dinamika. Badaki edozein urrats prozesuarentzat gasolina dela.
Halere, bi gai horietan pausoak eman dira (Sorturen legalizazioa –mehatxupean, egia da– eta Estrasburgoko epaia), urteotan egindako lanari esker. Hemen ere ez dago ezer idilikorik, baina bidea non den frogatu da. «Estatua mugitzen ez den bitartean gu ez gara mugituko» ideia ez da eraginkorra, herriaren atxikimendua lortzen ez duelako. Eta hori gabe ez dago ezer egiterik, Estatua bestelako indarrez, inoiz izan ez den indarrez, behartzeko gaitasunik ez bada. «Estatuak du errua» esateak, nahiz eta herritarren gehiengoak ere hala ikusi, ez du edozein jokabide babesten. Hori frogatu zen aurreko prozesuetan: Gobernuaren borondate eza bistakoa zen euskaldunontzat, baina horrek ez zituen eraman haustura garaian ezker abertzalea babestera. Beste horrenbeste gertatuko litzateke orain ezker abertzalea urratsak egiteko uzkur ikusiko balute.
Estrategia aldaketa ez zen kosmetikoa izan. Paradigmak aldatu zituen, baina ez bere zio politikoa, bere egitasmo eraldatzailea. Estatuak horrenbeste badaki, eta horregatik ez dio alfonbra gorria jarri. •




