ARKITEKTURA -

Ibai Gandiaga | Arkitektoa

2012ko Uztailaren 26a

GAUR8n azkeneko artikulua dut gaurkoa. Bost urte eta gero, hainbat gaien inguruan idaztea tokatu zait, betiere arkitektura, hirigintza eta lurralde antolamenduaren antiojoak jantzita. Urte batzuen distantzia hartuta, ordea, betaurreko horien izendapena okerra dela iruditzen zait, atzean bestelako ardura bat nuela iruditzen baitzait, ez bakarrik arkitekturarena. Ez dakit ardura horri nola deitu: gizakion ekimenen ondorioak? Eraikitako harritzarren itzala, isla, gizartean? Estetika eta etikaren arteko mugak?

Egindakoari gainbegiratu txiki bat emanez, eraikuntza handiei, ia kasu gehienetan, muzin egin diedala iruditzen zait; ez da arkitektura kritiko batentzako jarduera elegantea, eraikin horiek baitira etorkizunera lagako dugun ondarea. Baina bestelako gauzak suertatzen zitzaizkidan interesgarriagoak. San Mames Barriaren diseinuak baino, Athleticzale askoren San Mames zaharraren arkua berreskuratzeko desioak txunditu ninduen; zirrikitu horiek dira, sinbologia ezkutu horiek, arkitekturaren benetako ondorioak azaleratzen dituztenak.

Krisiko bost urte izan ditugu, kritikarako momentu zaila; aurreko hamarkadan atzera –edo alboetara– begiratu gabe ibili baita kritika, momentuko prima donna goraipatzen. Hilero-hilero agertzen ziren, hedabideen agertokian, azkeneko eraikin izugarria, txundigarria eta aparta. Aldiz, jasangarritasuna, aurrezteko premia edota energia eraginkortasuna paperean besterik agertzen ez ziren kontzeptuak ziren.

Egun, gauzak dezente aldatu dira: aurrezteak ezinbesteko baldintza dela ematen du, egoera ekonomikoa dela medio. Proiektu erraldoien gauzatzea kolokan jartzen da, behin eta berriz; oso ziurtzat eta oso beharrezko irudikatzen diren Pasaiako kanpo portua, Barakaldoko Bizkaiko Atari etxebizitza promozioak, Getxoko Azkorriko zabalkundeak, eta, zergatik ez, abiadura handiko trena bera ere, denak kolokan jarri dira, gutxien-gutxienez berriro pentsatzeko beta zabalduz, kasu ia denetan.

Krisia (grezieratik, “aldaketa”) dela eta ez dela, azkenengo urteotan makina bat talderekin mintzatu naiz, arkitekturak ohiko dituen adreilua, porlana eta egurra baino, bestelako lanabesak hartzen dituztenak eskuetan: horrelako taldeek, normalean, gizartea erabiltzen dute eraikuntza partikula oinarrizko bezala. Adibidez, Hiria Kolektiboa hirigile taldeari orain dela bost urte egindako elkarrizketa datorkit burura, non hiri edo lurraldearen azterketa hainbat ikuspegiren arabera egin behar dela ulertu nuen; kasu honetan, beraien desioa genero edo hirigintza barneratzailearen ikuspegia hartzea zen. Beste zenbaitekin batera, ikuspegi hori berritzailea izan zen Euskal Herrian, eta beste ikuspegi batzuk ere erantsi dira, tartean: umeen hiria, adingabeen hiria, adineko pertsonen hiria, irisgarritasunaren hiria, hiri debekatua...

Baina ikuspegi oro da sektoriala, partziala. Arkitektura, ordea, oso jarduera erabakigarria da gure bizitzaren bilakaeran. Apaltasuna galdu gabe, esan daiteke gure herri izaera zizelkatzeko gaitasuna duela. Adibide konkretu bat: azkeneko bost urteotan, EAEn ireki zitekeen azkeneko megazentro komertziala ireki zen. Horrekin batera, jardueren deslokalizazio funtzionalista osotu zen, eta milaka herritarrentzako aisialdi eredu berri bat proposatu: herrian bertan baino, hobe autoa hartu eta 30 kilometro mugitu, erosi, jan, eta ostera ere 30 kilometroko etxera buelta gauzatu.

Ikuspegi oro da partziala, nirea barne; aukeraketa estetikoetatik at, ordea, etorkizunak jarriko gaitu gure tokian. Ondorioak aurreikus daitezke, baina egiaztapena etorkizunean etorriko da. Horrek ez du esan nahi jarrera kritikoa galdu behar dugunik, aitzitik: etorkizun horrek ekar ditzakeen ondorioak asmatzea ariketa ezinbestekoa da, nabarmenak baitira azken denboretan hausnarketarik gabe egindako hainbat lanen ondorioak. Kritikoa izatea norberaren gizabanakotasunaren aitormena da, eta, ondorioz, gizartea laguntzeko lehenbiziko urratsa, gizabanako edo indibiduoz osotutako gizarte baten bitartez heldu baikaitezke benetako justizia izatera ere. •