IRITZIA -

Koldo Sagasti

2012ko Uztailaren 26a

Astegun buruzuria da Denverren. Ehunka lagun bildu dira superheroiaren ezdakitzenbatgarren filmaren estreinaldira. Horixe da Coloradoko hiriburuan egin daitekeen gauzarik kilikagarriena, estatubatuartasunaren baloreen defendatzailearen azken balentriez gozatzea.

Halako batean, filmeko gaizkilea dela guztiz sinetsita, morroi bat altxatu eta ikusleei tiro zaparrada jaurtitzen hasi da. Inor ez da asaldatu; efektu berezien artean hezitako publikoak odol festa ikuskizunaren zati dela sinetsi du, eta, une batez, errealismo biziko espektakulua txalotzeko tentazioa ere izan du. Aldiz, hamabigarren hildakoa zerraldo erortzean, dena zentzua galtzen hasi da. Panikoa. Gizajoak. Gizarte perfektuan bizi zirela sinestarazi zieten. Atzerriko arerioarekiko beldurra aitzakiatzat hartuta, gotorleku bat eraiki zieten inguruan. Askatasuna eta eskubide zibilak saldu zituzten segurtasunaren truke.

Musulmana, beltzarana, hizkera arraroduna edo Batmanen etsaia gorrotatzea samurra da; irensgarriagoa egiten du segurtasunaren izenean ezarritako gizarte kontrola. Aldiz, sarraskiaren egilea «gutako bat» denean, eraikitako eskema manikeo eta sinpleak karta dorre baten gisan erortzen dira. Jokerren jarraitzailea gazte yanki zuria da, cheese-burguer erraldoiekin elikatua eta unibertsitatean ikasia; seguruenik, supermerkatuan erosiko zituen armak.

Orain mamua ez da durbantedun bat, eurek eraikitako gotorleku barruko gizasemea baizik. Denverreko triskantza gertatu zenetik, Polizia sartu omen dute AEBetako zinema aretoetan, segurtasun sentsazioa emateko. Baina segurtasuna sentsazio hutsa da, arerioa euren baitan baitago. Egun arrunt bat baino ez da, Denverren, edo Columbinen, edo Virginiako Unibertsitatean, edo Tucsonen. •