LONDRES 2012 -

Londres 2012ko olinpiar hiri izendatu zuten egunean hasi zen dena. Trafalgar Square plazan elkartu zen jendea ospakizun galantarekin berriari ongi etorria emateko. Hiriaren izena ofizialki ahoskatu zutenean, Erresuma Batuko Union Jack banderak sutsuki astindu zituzten londrestarrek plazako bazter guztietan. Orain, aldiz, argi dago Jokoek Londres ezer gutxi aldatuko dutela.

Maider Lacalle

2012ko Uztailaren 26a

Aterki formarekin egindako banderak ere ikus zitezkeen izendapenaren berri eman zen egunean; gaur bezalaxe, euria ari zuen 2005eko uztaileko egun hartan. Parisekin lehiatu behar izan zuen Ingalaterrako metropoliak izendapena. Horregatik ospatu zen beharbada hain sutsuki Londresen garaipena. Izan ere, ez da herrialde honetan denbora gehiegi igaro behar ingelesek frantsesei zenbaterainoko gorrotoa dieten ezagutu ahal izateko. Olinpiar hiri izendatu izanak eragindako lehen festa hartu zuen Trafalgar Square berak, adibidez, ingelesek frantses eta espainiarren kontra izandako bataila bati zor dio izena: ingelesak garaile atera ziren borroka hartatik. Horren isla da plazaren erdi-erdian kokatutako Nelsoni dedikatutako monumentua.

Historiatik zertxobait aldenduz, hala ere, Londresek uztaileko egun horretan bizi izandakoa handik ordu gutxira jasango zuenaren antitesi hutsa izan zela esango dizuet. Algarak izan ziren nagusi 2005eko uztailaren 5ean; negarra eta samina, aldiz, 6an. Hiria lotara joan zen eta esnatzean (oraindik ez dut argi Londresek inoiz lorik egiten duen baina artikulu honetan behintzat baietz esango dugu), leherketa lazgarri batzuen berri eman ziguten telebista kateek behin eta berriz, in repeat mode.

Logotipoa, Iran eta Israel

Lehergailuz egindako hainbat eraso izan ziren Londresen 2005eko uztailaren 6an, hildako eta zauritu dezente eraginez. Berriak berehala zapuztu zuen festa eta Olinpiar Jokoak oso urrun geratu ziren itsumustuan, aurreko eguneko festa inoiz gertatu izan ez balitz bezala, egunero definitzen den horizontearen lerroa bezalaxe. Garaipena birgogoratu behar izan genion hurrengo egunetan geure buruari, benetakoa izan zela sinetsi ahal izateko.

Izendapenetik bi urtera, begirale batzuen ustez «irandar izkribu forma» duen “London 2012” logotipoa kaleratu zuten. Irango Gobernuak, bere aldetik, logotipoan Estatu juduari erreferentzia egiten dion “Zion” hitza ikus zitekeela adierazi zuen agiri ofizial batean. Tira, imajinazioa behar da horrelakoekin etortzeko, baina zerbait behintzat argi dago: herritar gehienek goratu beharko luketen logotipoak iskanbila gogorra eragin du sortu zen unetik .

Logotipoaren aurkezpenetik beste bost urte ere pasa dira jada. Orain dela hainbat hilabete, Paul McCartney Beatle taldeko kide famatuaren Stella alabak diseinatutako uniformeak ikusi ahal izan genituen. Bizikletan ibiltzen diren poliziek janzten dituzten trajeen antza dute, eta, egia esan, zertxobait robotikoak dirudite. Hori bai, Espainiako kirolariek jantziko dituzten uniformeak ikusi eta gero, zinez zoragarriak dira ingelesenek, klasez beterikoak... Eta, badakizue, klaseari dagokionez, «the English gent(leman) never disappoints» (Ingeles prestuek ez dute inoiz huts egiten).

Olinpiar Estadioa ireki eta ikuslez eta atletaz betetzeko unea heldu den honetan (ezin ahaztu azken finean kirolean oinarritzen direla Jokoak), era guztietako publizitate mezuek hartu dituzte Londresko txokoak. Metroan geltoki bakoitzak nora eramaten duen dioten kartelak jarri dituzte turistentzat, autobusetan gihar miresgarridun kirolari ederren posterrak nonahi ikus daitezke nolabaiteko zerbitzu pribatuak salduz, ezaguna baino ezagunagoa den Damon Albarn Blur taldeko abeslaria Umbro markako kamiseten publizitatea egiten ikus dezakegu... Hiria bost kolorez jantzi da, Olinpiar Jokoen bost koloreez.

Baina gauza gehienek bezala, Jokoek ere aurpegi beltza dute; aurpegi zikin eta iluna. Hasteko, hiriko negozio eta herritarrekiko inongo errespeturik erakutsi gabe, eta gure aiton-amonek erakutsi ziguten dietaren balioa guztiz ezabatuz, horra hor zein izendatu duten jokoen “jatetxe” babeslea: McDonald’s. Zuen buruei komatxoek zer esan nahi duten galdetuz gero, stop it, ez jarraitu; komatxoak “jatetxe” hitzarekin doaz halaxe irakurtzen delako toki guztietan: ez fast food, ez zabor jana, ez ezer, «McDonald’s, Official Restaurant of the London 2012 Olympic Games». Yeah!

Herritar pobreenak

Harro altxatzen da olinpiar hirian “Arcelor Mittal Orbita” eraikina ere. Izen hori eman diote Anish Kapoor Indiako artistak diseinatutako dorre gorriari, Olinpiar Jokoek egoitza duten Stratford auzoan eraikitakoa. DNAren egitura balitz bezala, kurba askoko 115 metroko estrukturak 22,7 milioi liberako kostua izan du; hau da, 29 milioi euro ordainduko dituzte Erresuma Batuko zerga-ordaintzaileek kapritxoarengatik. Bien bitartean, Stratford auzoan eta bere ingurumarietan, etxebizitzen prezioak gora egin du neurririk gabe Olinpiar Jokoak direla-eta. Britainia Handiko zonalderik txiroenetakoan, Udalak 500 familia inguru herrialdeko iparraldeko beste gune batzuetara eramateko asmoa du, familia horiek ez baitute inolaz ere alokairuei aurre egiterik.

Dagoeneko Europa osoa sorgindu duen mamuaren ondorioak dira: krisi ekonomikoaren ondorioak, alegia. Izenik edota aurpegirik ez duten milaka lagunen arrastoa nabaria da; kalean nora joan eta zer egin ez dakitenen itzala. Etxebizitzarik ez dute eta hemen homeless bezala ezagutzen dituzte. Goian aipatutako Trafalgar Square ezagunera joan eta metro geltokiko usain jasanezinari konpainia egiten diote; eguna lotan pasatzen dute bertan, eskean. Kalera ateratzean, kamera garestiak lepotik zintzilik daramatzaten turisten artean zoruan eserita dagoen emakumea ikusi dut; bere transistoreari begira dago, eta, antza, ez du ozen-ozen entzuten den abestia ezagutzen. Pausu batzuk aurrera egin eta kale erdian inongo lotsarik gabe oinezkoen zirkulazioa mozten duen laguna dago, etzanda: gutxi batzuek erreparatzen diote, bizirik ote dagoen ez dakitela.

Etxebizitzarik gabekoen kopuruak gora egin du. Baita langabeen kopuruak ere. Gero eta gehiago dira hiriburuan bihar zer egingo duten ere ez dakitenak, baina Olinpiar Jokoekin batera gizarteak honako mezu hau bidaltzen digu: take the gold, take the stage –urrea hartu, agertokia hartu, lehiatu, jarraitu, birzikla zaitez... eta horrela zurea izango da dena–. Britainia Handiko industria mediatiko eroari zentzu pixka bat ematen dion “The Guardian” egunkarian duela gutxi irakurri ahal izan nuenez, gero eta gehiago dira praktikak ezertxo ere kobratu gabe egiten dituzten unibertsitario ingelesak. Merkatua, mundu kapitalista, oso krudela dela ondo baino hobeto dakitelako onartzen dute egoera hori. Eta hotza, goian aipatutako “Arcelor Mittal Orbita” dorrea bezain hotza; burdin-hotza. Kazetariak kezkaz galdetzen zuenez, gizakiok horretarako eginak al gaude? Behin eta berriz birziklatzeko, to take the gold, to take the stage?

Lehia ona da, inongo dudarik ez; batez ere bakoitzak bere buruarekin duen lehia. Progresioa, ametsak betetzea, hobetze pertsonala... Hori guztia primerakoa da, eta horretan ere oinarritzen da atleta baten balioa. Helburu bat ezartzeak eta bertara iritsi ahal izateko eman behar diren urratsak emateak indartu egiten gaitu. Orain dela aste gutxi batzuk Wimbledonen jokatu zuen Andy Murray horren adibide bikaina da. Orain dela urte batzuk inork ez zuen inongo konfiantzarik tenislari eskoziarrarengan. Poliki-poliki, halere, prentsa eta herritar britainiarrak bere alde jartzen hasi dira, batez ere kirolari gazteak bere lehiakortasuna erakutsi duenean (nahiz eta Federerren aurkako finala galdu egin zuen).

&zeroWidthSpace;Londresko Olinpiar Jokoek bestelako balioak ere islatu beharko lituzkete, ez bakarrik lehiakortasuna. Gizarteari zor dioguna, batak besteari erakutsi beharko geniokeen errespetua eta etorkizunera begira luze iraungo duten bestelako balioak zaindu beharko lirateke. McDonald’s erraldoiaren alde egin beharrean, era jasangarrian ekoitzitako elikagaiak komertzializatzen dituzten negozio txiki eta familiarren alde egin beharko litzateke; merkataritza bidegabea beharrean, gutxiago dutenen partaidetza, aberasten gaituen komunitatearen babesa sustatu beharko lirateke. Kanpokoentzat erakustoki bihurtzea baino, gure artean egunero bizi direnen bizitzak hobetzea izan beharko litzateke helburua.

Edonora begiratuta, Olinpiar Jokoak hasteko zenbat egun falta ziren edonon ikus zitekeen azken asteotan Londresen.