Iñaki Soto
2012ko Uztailaren 26a
Tamalez, ez pentsa izenburuak luzatzen duen galderarentzat erantzuna dudanik. Argi dut, ordea, une politiko honetan horixe dela euskal abertzaleok gure buruari egin behar diogun galderetako bat. Izan ere, aurreko fase politikoaren amaiera eta berriaren jaiotza ernatzeko prozesu politiko kanoniko baten eskema hil edo bizikoa izan baldin bada (bere berezitasun guztiekin, Hegoafrikan eta Irlandan aurrekari garrantzitsuak dituen prozesua), gertaerek aurreikusitako diseinua iraul dezaketela gero eta nabarmenagoa da. Jakina, espainiar Estatuaren kolapsoaz ari naiz. Lehenik eta behin kolapso ekonomiko gisa azaldu dena, baina, euskal herritarrok ondo dakigunez, sustrai politiko garrantzitsuak dituena eta gisa bereko ondorioak izan ditzakeena. Adibidez, espainiar agintarien tentazio zentralistak gero eta agerikoagoak dira.
Antonio Alvarez-Solisek behin eta berriz gogorarazten digunez, espainiarrak ez dira batere eztabaida zaleak. Hartara, hobe dugu eztabaidok lehenbailehen gure artean burutzea, aurrean duguna gurekin eztabaidatzera noiz eseriko den zain egon gabe, azkenaldian bezala. Egia osoa esateko, horrek berdin balioko luke prozesu «kanonikoarentzat». Izan ere, egin dudan prozesu kanonikoaren eta ez-kanonikoaren arteko banaketa ez da doi-doia. Alegia, nire ustez, gure prozesua bien arteko nahasketa bat izango da; hori bai, ez da prozesu lineala izango. Agian, “Zutik Euskal Herria” dokumentuan bertan iradokitzen zenez, gatazkaren ondorioek trataera «arruntagoa» beharko dute, aipatutako ereduen antzekoagoa, eta abertzaleon proiektu estrategikoak ibilbide ez hain normalizatua izango du. Kontuz, ordea, bien arteko lotura nabarmena da-eta.
Erantzunik ez dudanez, zenbait baldintza argitzen ahaleginduko naiz, ondoren kontuan hartu behar diren zenbait auzi azaltzeko, labur bada ere.
Ereduak Irlanda eta Hegoafrika ez badira, zertaz ari gara?
Aditu gehienek azaltzen dutenez, gatazken konponbidean eredu mimetikoak bilatzen dituztenak oker dabiltza. Era berean, prozesu desberdinen nahasketekin formula magikoak bilatzen dituztenak ere oker daude. Konparaketak egitea, ordea, beti da interesgarria.
Izenburuan “kolapso” hitza erabili dudanez, argi dago aipatutako ereduen artean Hegoafrikakoa askoz ere iskanbilatsuagoa izan zela. Kolapsotik gertu zegoen Apartheid sistema, baina baita luzaroan, era batean edo bestean, ANCrentzat itsasargi izan zen sobietar blokea ere. Gure kasuarentzat oso interesgarria den irakaspena dago hemen. Behin baino gehiagotan aipatu denez, honelako prozesuetan nazioarteko komunitatearentzat irizpide nagusia egonkortasuna da. Horrexegatik, une honetan, Euskal Herriko edota Kataluniako independentziaren auzia termino horietan irakurriko dute: egonkortasunaren ikuspuntutik, balizko agertokiek zer eman eta zer kentzen dieten kalkulatuz.
«Jatorriko» ereduetara itzulera: Balkanak eta Baltikoa
Independentzia prozesuak olatu gisa etortzen dira, txandaka. Orduan nazioarteko komunitateak ateak irekitzen ditu eta beraientzat erosoenak/deserosoenak diren kasuak “konpontzen” ditu. Balkanetako herriak eta Baltikoko herriak dira, zentzu horretan, kasurik gertukoenak eta guretzat interesgarrienak. Nire ustez, uneotan, oso emankorra izan daiteke hango herritarrak nola antolatu ziren, ze kanpaina klase egin zituzten, liderrak eta herria nola batu ziren, independentziaren beharra eta komenigarritasuna herritarren aurrean eta atzerrian nola argudiatu zituzten… aztertzea. Bide batez, askatasuna berreskuratu zuten herriez (Estoniaz, Lituaniaz, Esloveniaz… baita Montenegroz ere) bezainbeste edo gehiago ikas dezakegu herrialde horiek “galdu” zituzten estatuez ere (Serbiaz eta Errusiaz). Etsaia ezagutzeko deia, Sun Tzuren ikasgaia ez ezik, sen onaren ondorioa ere bada.
Badakit, ez dut galdera erantzun. Baina nire ustez, okerrago edo zuzenago, erantzun posibleen gakoetako batzuk hemen daude.•




