-

Joseba Otondo

2012ko Uztailaren 20a

Berrikuntza, ikerkuntza eta garapena, bedeinkatuak zarete munduko agintari guztien artean, arduraz jokatu nahi duten politikarien eta teknokrata dohatsuen artean ere, baita ostaturen bateko elkarrizketetan geroari buruz zer erran ez dakigularik eta zerbait dakigunaren itxura egin nahi dugularik aipatzen zaituztegularik, edo sukaldari baten ahotan.
Zorioneko ikerkuntza, berrikuntza eta garapenari esker Euskal Herrian jatekoak esprai gisa ekoizten dituen Europako lehen enpresa sortu dutela jakin dugu orain gutti. Pozten gara. Pozten gara ere Donostian okin aritzeko eta ogi zaletasuna sustatzeko muntatu dituzten tailerrekin. Poztu gara, aunitz, zeren gainera Europako zuzendaritzaren bateko gorespena izan dute eta etorkizuneko jarduera eta enpleguak, adituren batek erran duenez, gisako ekimenetatik etorriko baitira. Kontua da kargu ponposoa duen norbaitek hori erratea, eta proiektua kreatiboren batzuek aurkeztea egitasmo kultural baten barnean; ingelesez baldin bada, hobe. Berrikuntza, ze gauza eder, moderno eta zirraragarria. Dena hain aldakorra eta moldakorra den garaiotan, berritzeak, ikertzeak, garatzeak, mantra zoragarria osatzen du: uuummm. Gaztetasuna erantsiz gero, gaindiezina. Horretan gabiltza zuzendari, aholkulari eta hainbat kreatiboren bulegoetako kontuekin. Bistan denez, afera, diskurtsoa eta errealitatea despolitizatzea da. Espezialisten, hiperespezialisten, megaespezialisten eta harrituen arteko garaiotan pitokeria ahalik eta gehien bota, modu pinpirinean, masterren bat edo zirkulu hautatu bateko kideek soilik uler dezaketen mintzoan. Azkenean betikoa: eliteak eta hierarkiak birsortu, baina orain solas liluragarriekin. •