Aita japoniarra eta ama errioxarra, biak judokak. Era horretan txikitatik arnastu du judoa etxean Kyoshik. Aitak Portugaleten duen Yamabuki gimnasioan makina bat ordu pasata, anaia Kenjirekin batera, Londresko bidea hartu du, dominaren bat lortzeko helburuarekin. Japonieraz esaten den bezala, «Ganba su te, Kyoshi!» (zorte on, Kyoshi!)
Fausto Berazadi
2012ko Uztailaren 20a
Madrileko berotan hartu digu telefonoa Kyoshi Uematsu portugaletetarrak. Azken bi hilabeteetan bi egunez soilik etxeratu ahal izan da, gainontzeko lurtarrok etxean edo herrian egiten dugun egunerokoa egiteko astirik izan gabe. Juxtu-juxtu amaren plateretik birritan jan, lagunekin hilabete horietako jardunaz hitz egiteko arratsalde bat pasa, edota herriko kaleetan osteratxo bat emateko.
Judoka bizkaitarra, bere pisuan beteranoetako bat izango da aurtengo Londresko Joko Olinpikoetan, 34 urte bete berriak dituenean. 73 kiloz azpiko kategorian hartuko du parte, uztailaren 30ean hasiko diren borrokaldietan. «Egin beharreko lana eginda dago. Orain zaindu, xehetasun batzuk orraztu eta sasoia mantentzen ahalegintzen gara. Hori dena minik hartu gabe, noski. Pisuari ere begi zorrotzez begiratzen diogu, niri pisu horretan mantentzea gehiegi kostatzen ez bazait ere», onartzen du Uematsuk, lehiaketa aurreko azken egunetako planning-a esplikatuz.
Hirugarren Joko Olinpikoak biziko ditu Londresen Uematsuk. Aurretik 2000. urteko Sidney-ko jokoetan eta 2004an Atenasen hartu zuen parte, Espainiako selekzioarekin. Eta anaia zahar Kenjirekin batera. Australian 9. postuan sailkatu zen eta diploma olinpikoa lortzeko postu bakarrera geratu zen. Grezian, aldiz, lehen borrokaldian kanporatu eta etxerako bidea hartu behar izan zuen. «Jokoetan egun bakarrean jokatzen duzu bi urtetako lana. Nerbioak baretzen jakin behar duzu, eta zeure burua borrokan, eta ez beste ezertan, pentsatzera egokitu. Kontzentratu topera, finean. Tentsio momentu horiek zure kontrara baino, zure alde egitera zuzendu behar dituzu. Ez da erraza, konturatzerako, istant batean dena haizea hartzera joan baitakizuke», adierazi du judokak, nerbio eta tentsioen inguruan zuhurtzia handiz hitz eginez.
Bere pisuan lehia nola aurreikusten duen galdetuta, «Londresen egongo garen judoka guztiak oso lehiakorrak gara eta edozeinek irabaz dezake. Hortaz, aurrez aipatutako nerbio eta tentsioak egoki kudeatzeak erabateko garrantzia izango du. Horrelako txapelketek hori daukate, maila altua, ezberdintasun gutxi elkarren artean eta tentsioa. Era batean, zeure buruaren aurka ere jokatzen duzu, akatsik txikiena azkena izan daiteke eta. Nik urteak daramatzadanez, neure burua gehixeago ezagutzen dut. Eta hori nire aldeko izango da, dudarik gabe», azaldu du Uematsuk, azeri.
Londresen aurkari gogorrena ekialdeko jendea izango dela argi utzi du. «Betikoa da, eskola onenak han daude eta maila eta teknika oso altua dute. Japoniarrak eta korearrak izaten dira ia beti aurkari gogorrenak. Haiek dira gainditu beharrekoak», aitortu du Portugaleteko judoka beteranoak.
Aita japoniarra du, ama berriz errioxarra. Aita judo irakaslea izaki, Portugaleten gimnasio bat zuzentzen du, Yamabuki gimnasioa, hain zuzen ere. Anaia zaharrak ere judoa egiten zuen, orain utzita duen arren. «Anaia Kenji Atenaseko Joko Olinpikoetan izan zen, eta diploma olinpikoa ere lortu zuen, bosgarren sailkatu baitzen. Bukaresten ere Europako Txapelketa irabazi zuen urte berean, 2004an. Hala ere, kategoria ezberdinetan lehiatu zuen, Atenasen 73 kiloz azpiko kategorian borrokatu zen, eta Europako Txapelketan 60 kiloz azpitik», zehaztu du portugaletetarrak, familiari buruz hitz egiterakoan, horrenbeste denbora beraiengandik urrun egonda, goxotasun tonua ezarriz.
Etxeko giroa kontatu du ondoren. Txikitan judoa besterik ez zegoela etxean, eta anaiarekin izan zituela, nahi gabean eta jolasean bada ere, lehen entrenamenduak. «Txikitatik aita gure irakaslea izan da. Berak animatu izan gaitu beti judoan aritzera. Aita irakaslea izanda, gimnasioan pasatzen zuen egunaren zati handi bat, eta gu, bitartean, hantxe egoten ginen, aitaren mugimendu guztiei adi, gero guk alboko tatamian errepikatzeko», gogora ekarri du Uematsuk, denok txikitako oroitzapenak gogoratzean jartzen dugun tonu xaloan.
Eta etxeko kontuekin jarraitu du. «Etxean kirolariak izan gara denak, aitak eta amak judoko txapelketa batean ezagutu baitzuten elkar. Nire aitak judo irakasle gisa lan egin du betidanik, gimnasioetan: Santanderren, Errioxan, Getxoko Areetan, eta azkenean Portugaleten amaitu zuen. Biak judokak izanda, nahiko erraza genuen etxean judoan hasterako orduan. Gogoan dut etxean izugarrizko poza izan genuela anaia eta biok Atenaseko Joko Olinpikoetara joateko hautatu gintuztenean, 2004an. Zortzi urte pasatu dira, eta poz horrek oraindik irauten du, nahiz eta etxean ez naizen aspaldian egon», adierazi du gustura Uematsuk.
Londresko Joko Olinpikoetara iristeko, aurrez aipatu bezala, lan nekeza egin du Kenjik. Denbora luzeko lan horri buruz hitz egiteko orduan nekea gainditu eta helburua lortu duenaren adorearekin mintzatzen da. «Joko Olinpikoetarako bidea bi urtetan egiten da, 2010etik nabil postu honen atzetik. Lehenengo urteko puntuazioek %50a balio dute eta bigarren eta azken urteko puntuek denera jasotakoaren zenbaketa suposatzen du. 2011n lortu nituen puntuak oso baliagarriak izan zitzaizkidan, jokoetara sailkatzeko beharrezko puntu gehienak iaz lortu bainituen. Hala nola, Dusseldorfeko Grand Prix-ean bigarren izan nintzen eta Varsoviako Munduko Kopan hirugarren geratu nintzen, Abu Dhabi eta Almaty-Azerbaijaneko sari nagusietan bezalaxe. Aurten lesio bat izan dut, baina ez da larria izan. Saihets alboan eta ukondoan hartu nuen min, baina ez ninduten aurrera jarraitzeko larregi baldintzatu. Aurten ere beste puntu batzuk lortuta, azkenean sailkapen preziatua lortu dut! Gaur egun, sailkapen olinpikoan 22. postuan aurkitzen naiz. Azken bi hilabeteotan Japonian, Bartzelonan astebetez kontzentratuta, Talaverako zentroan egon naiz, entrenatzen, eta orain Madrilen nago, selekzioko kideekin. Hurrengo astean maletak hartu eta Londresera joateko gogoz. Ea dena guk pentsatu bezala joaten zaigun!», agertu du bizkaitarrak.
Entrenamendu plangintza zorrotz eraman du orain arte, dagoen lekuan utzi duen arte. «Orain arte goizean bi ordu eta arratsean beste pare bat pasatzen genituen, judoan. Borroka indarra gehitzeko eta teknika hobetzeko balio izaten du horrek. Azken asteotan, lehiatzeko txanda hurbiltzearekin batera, goizeko bi orduak sesio fisikoak ordezkatu ditu: pesa batzuk eta korrika. Lehia egunerako pisu egokienean iristeko zaindu beharra dugu. Batzuek ahoa itxi beharra dute, baina niri ez zait gehiegi kostatzen nire kategoriak markatzen didan pisuan mantentzea, 73 kiloz azpirakoa alegia. Normalki entrenamendu bakoitzaren ondoren pisatzen gara, egunean bi aldiz beraz, pisua kontrolatzeko. Badira judokak oso gaizki pasatzen dutenak pisuaren kontuarekin. Uztailaren 30a hurbildu ahala, grasak kendu eta karbohidratoak gehitzen ditugu gure jatorduetan. Bestela? euskaldun oro bezala, denetik jaten dut lehia sasoia amaitzen denean, edonork bezala», bota du Uematsuk. Portugaleteko jaiak abuztuaren 11n dira eta herrira domina olinpiko batekin iristea «herriko festetara iristeko modurik onena» litzatekeela aitortu du barretxo batekin. Herritarrek ere gauza bera pentsatuko dutelakoan gara geu ere. Munduko zorterik onena, Kenji Uematsu. •




