IMINTZIOEN MINTZAIRA -

Bi imintzio herriz herri hedatzen ari dira Euskal Herrian. Bata, independentzihatz.com webgunean agertu ostean gero eta jende gehiago biltzen ari den independentziaren aldeko proposamen indibiduala da. Bestea, Herrira mugimenduak abiatutakoa, kanpaina zehatzik gabe da kalean: presoak herriratzea lortuko dugu!

Fausto Berazadi

2012ko Uztailaren 20a

Duela hilabete batzuetatik, bi imintzio, keinu, ekintza, jokaera edo zeinu ezagutu ditugu euskal independentisten artean. Lehenengoa, Independentzihatz.com webgunean agertu da. Bestea, berriz, presoen etxeratzearen aldeko Herrira mugimendutik dator. Biek ala biek eskuko hatzak erabilita egiten dituzte euren aldarrikapenak.

Independentzihatz.com webguneak, eskuko hatz txikia altxatu eta lau haizetara erakustearen aldeko apustua egiten du Interneten. Horrela, independentziaren aldeko edozein aldarrikapen, egoera edo momentutan (edo ez), eskua altxatu eta ukabila itxita dugula hatz txikia aireratzearen proposamena dakarkigu. Webgunean aipatzen den bezala, «Independentzihatz.com gunearen helburua, eskuko hatz txikia altxatzearen ohitura zabaltzea da, indenpendentziaren aldeko ikur modura. ‘Independentzihatzak’, txikia izan arren, besteek adinako eskubidea duelako, egin Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarria!».

Webgunea oso sinplea da. Erabiltzaileak Euskal Herriko edo munduko edozein txokotan hatza altxatuta erakutsiz argazkia atera besterik ez du. Ondoren, webguneko Google Maps mapan banderatxoa kokatu (dela Toronton, dela Atharratzen), eta argazkia eskegi besterik ez du. Oraingoz 25 bat argazki ezarri dituzte. Urrutikoenak, Finlandiako Oulu hirian, Berlinen eta New Yorken ateratakoak dira. Badira Frantzia eta Espainian ateratakoak ere; gehienak, hala ere, Euskal Herrikoak dira. Webgunearen eta ideiaren sortzaileak «hatz txikia airean biluztera» animatzen du independentista oro.

Herrira mugimenduaren bi hatzak

Euskal presoak gure artean egotea helburu duen Herrira mugimenduak bestelako keinua darabil azkenaldian. Aurrekoaren antza badauka ere, ez da berbera. Esanahia ere ez du bera. Hatz txikia ez ezik, txikiaren albokoa ere presente dago imintzioaren baitan; ukabila jaso eta hatz txikia eta nagia (edo eraztun hatza) altxatzeko proposamena egiten dute. Herriratik aditzera eman dutenez, «keinu hau ez dator presoen etxeratzearen kanpaina zehatz bati lotuta. Sinpleki esanda, ‘Lortuko dugu’ adiera da zabaldu nahi dena keinu honekin. Madrilen bizi guztirako espetxe zigorraren aurkako kontzentrazio batean egin genuen lehenbizikoz (hurrengo egunean GARA egunkariko azaleko argazkian atera zen), ondoren espetxe-zuzendaritzaren parean egin genuen beste elkarretaratze batean, herriren batean egindako lip-dub batean ere agertzen da... Hala ere, ez dago keinuaren inguruko kanpaina zehatzik. Egiari zor, Madrilgo lehen kontzentrazio hartan baten batek bota zuen, atxilo hartuz gero, betiko ukabil soila altxatu ordez bi hatzok erakustea ideia ona izango zela; halaxe hasi zen ideia mamitzen».

Bi imintzio, mugimendu bat

Batak zein besteak, elkarren berri jakin gabe proposatu zituzten keinuok, finean, «antzekoak izan arren, adiera ezberdina baitute. Kontrajarriak izan gabe, bakoitzak du bere testuingurua eta jatorria». Independentzihatz.com gunea aurrez pentsatuta eta landuta ireki zen euskal independentistentzat. Herrira mugimenduaren keinua, aldiz, planteamendu zehatzik gabe edo bat-batekotasunez sortu da. Behin keinuak kalean, elkarrekin hitz egin dutela aipatu digute; hori bai, «korronte antzekoan kokatzen diren arren, oraingoz bakoitza bere bidean doa», diote. Bitartean, altxa hatzak!