EMAKUMEAK ESPETXEAN -

«Entzun, ikusi eta isilik egon». Horiek dira, Salhaketak egin dituen elkarrizketen arabera, Iruñeko presondegiko 11 emakumek espetxealdia «ahalik eta erosoen» izan zedin erabiltzen zuten formula. Elkarteak kaleratu duen ikerketa-liburuari esker, isiltasunari gaina hartu eta euren ahotsek kartzelako murruak zeharkatu dituzte.

Amalur Artola

2012ko Uztailaren 20a

Zaila da espetxea zer den ulertzea horietako bat sekula zapaldu ez duzunean. Badakizu espetxeak badaudela, bai, baina, sekula batean egon ez bazara, ez dakizu zer dagoen murru horien artean. Zer pertsona mota dagoen han eta zer pertsona motak egiten duen lan bertan». Hala hasten da Cosmosen kontakizuna. Emakume honek, beste hamarrekin batera, Salhaketak argitaratu duen “Mujeres en prisión. Voces desde el Centro Penitenciario de Pamplona” liburuan kontatzen du bere historia pertsonala, bere bizipenak, bere sufrimendu eta itxaropenak. Liburuari gainbegiratu bat eman eta esaldi gutxi batzuk irakurtzea nahikoa da orrialde horien artean asko esaten dela konturatzeko. Asko emakumeek espetxean bizi duten egoeraz, baina baita gizatasunaz ere. «Gure asmoa ez da izan emakume guztiek kartzela guztietan bizi duten egoera zehaztea –argitu nahi izan dute Salhaketako kideek–; guk, une zehatz batean, leku zehatz batean eta egoera zehatz batzuetan zegoen emakume talde baten berri eman nahi izan dugu. Salhaketa gisa, urtetan zehar astero hiru egunez sartu gara emakumezkoen moduluan eta gure lurraldean gertatzen denari ardura aktiboz erantzun nahi izan diogu, han gertatzen direnak ikusi egiten ditugulako eta ez kontatzeak pisu handia zuelako gugan».

Ardura aktibo hori hartu eta emakume horiei bozgorailu bana emate aldera, Iruñeko kartzelan egiten ari ziren gaitasun sozialeko tailerra profitatu zuten:«Tailerraren bidez emakume hauenganako sarbide zuzena geneukan eta, beraz, euren ahotsak bertatik bertara bil genitzakeen, nortzuk diren azaldu, zein den euren historia». Izan ere, ez dago emakumeak eta espetxea gai gisa aintzat hartzen dituen argitalpen askorik, eta, ez hori bakarrik, Espetxeen Lege Orokorreko Espetxe Erregelamenduan emakumeak aintzat hartzen dituen zortzi artikulu soilik daude, gaiarekiko bibliografia «benetan urria» da eta esperientzien kontaketa, berriz, eskasa.

Salhaketako kideen iritziz, errealitate hau «bitxia» da, batez ere birgizarteratzeari dagokionean; kartzelak gizonezkoengan pentsatuta eraikita badaude ere, balizko birgizarteratzearen ideia emakumea presondegietan sartzen hasi zirenean sortu baitzen:«Gizarteko ‘arauak urratzea’ izan ohi zen kartzelaratzearen arrazoi nagusia, prostituzioa adibidez, baina baita etxea ‘behar bezala’ ez eramatea ere». Termino gisa, “birgizarteratzea” emakumea “bide onera” eramateko aitzakiaz sortu zen, «emakumea aldarazi eta, irtetean, bere generoari zegozkion jarduerak egin zitzan».

Ikerketaren nondik norakoak

Tailerreko emakumeei ikerketa egiteko proposamena egin eta «primeran» iruditu zitzaien: «Sekula tarterik eskaintzen ez zitzaiela eta euren historia kontatu nahi zutela esan ziguten, beraientzat oso garrantzitsua izan dela uste dugu». Hala, batetik azterketa teorikoa –legedia, emakumeei egiten zaizkien erreferentziak...– eta bestetik inkestak, elkarrizketak eta 11 lagunek kontatutako bizitza-historiak erabili dituzte ikerketa-liburua osatzeko, eta baita, noski, Salhaketa bezala lau urtez tailerretan jaso duten informazioa ere (iazko uztailetik Salhaketari ez diote espetxean tailerrik ematen uzten). Azaldu dutenez, «egiten dituzten hausnarketa asko orokorrak dira, bertan eman ditugun lau urteetan maiz entzun baititugu. Eta, gainera, gure ondorioetariko asko bat datoz Europa mailan egin diren ikerketetakoekin».

Azterketa eginda, liburua hiru zatitan sailkatu zuten; alde teorikoa –legedia, informazio orokorra...–, bigarrenik Iruñeko espetxearen gaineko ikerketa –zer emakume mota dauden, zer delitugatik, zer oztopo dituzten...– eta, hirugarrenik, liburuari izaera berezi eta benetakoa ematen dion elementua: bertan dauden edo egon diren 11 emakumeren bizipenak.

Horiek biltzeko ez zaie galdeketa zehatzik egin. Hau da, norberak hautatu du zer kontatu nahi duen eta zer ez –baita, pribatutasuna zaintzeko, euren fikziozko izena ere– eta, hala, zenbaitek espetxez kanpoko bizia dute mintzagai, besteek barruko bizipenak, bada haurtzaroaz mintzo denik eta baita etorkizuneko asmoak plazaratzen dituenik ere. Bakoitza berarentzat garrantzitsua den une horretan luzatu da, harremanez mintzo da, gertakariez, egoerez... Baina bada elkarrizketatutako ia emakume guztien ahotan izan den konturik: diskriminazioa eta osasunaren zainketa.

«Inkestak begiratzen ari ginela –oroitu dute–, gogoan dut batek ‘emakumeak kartzela barruan diskriminatuta daudela uste al duzu?’ galderari zera erantzun ziola: ‘Tira-tira, mojak dirudigu-eta hemen barruan sartuta gure lantxoak egiten...’. Eta ‘gure lantxoak’ esaten duenean historikoki emakumeekin lotuak izan diren kontuez ari da, tailerrak ere halakoak dituztelako; beira-alezko apaingarriak, jantzigintza, ile-apainketa...». Emakumea, «gizartean bezalaxe, espetxean ere mendean hartua, gutxietsia eta gizonen azpitik dagoena» dela baieztatu dute, «edo agian okerrago». Adibidez, gizonek tailer gutxi badituzte, emakumeek gutxiago dituztela diote, eta egoera bertsua dela espetxeko alor guztietan. «Emakumezkoen kartzelak hiru edo lau egongo dira Estatuan, ia ez dago amentzat modulurik, osasun bereziturik... baina, hori bai, bakartze moduluak nahi adina ditugu», kexatu dira.

Iruñeko espetxeari dagokionean, ikerketak argi utzi omen du oraindik «bitxia» egiten zaiola jendeari emakumeek arauak haustea, eta, beraz, emakumezkoen moduluak gizonezkoenak baino lasaiagoak badira ere, zigor kopurua «nahiko handia» izaten dela diote, «eta ez soilik tokatzen zaizun funtzionarioaren arabera; emakume zaren aldetik, agresibitatea eta amorrua ez dituzula erakutsiko aurreikusten da, eta, aldiz, malgua, esanekoa eta jasanbera izango zarela». Hala, azken isuna zergatik jaso zuten galdetuta, emakumeek «huskeriak» kontatu zizkieten; izan ere, «gizonen moduluan arau-hauste arina dena, kideak iraintzea esaterako, emakumezkoenean larria edo oso larria» izan daiteke.

Ezberdintasun eta urratze horiek egunero ematen direla diote eta zuzenean bizitako pasartea ere kontatu dute: «Grabatua geratu zitzaidan. Tailerra amaitu ostean, euren eguneroko lanak egiten ari ziren emakumeak. Talde bat funtzionarioaren garita garbitzen hasi zen. Lauzpabost izango ziren eta, beroa egiten zuenez, arropa gutxi zeramaten. Hara gerturatu nintzen, eguneko asistentzia pasa behar nuelako, eta parez pare zuten funtzionarioari bizkarra ematen nengoela, gizona hitz egiten hasi zen, inork ezer galdetu gabe: gustura zegoela han ikuspegi eder horrekin, ez zeukala etxeratzeko gogorik bertan emaztea eta alaba jaio berria zituelako, dena erakutsi behar zitzaiola haurrari, jaten, hitz egiten, eta nola joango zen ba etxera han zuen ikuspegi ederrarekin... Emakumeek eurenarekin jarraitu zuten, ezer esan ez balu bezala, eta nik, sekulako amorrua sentitu banuen ere, ez nuen ezer esan, tailerren amaiera ekarriko zukeelako. Pentsa zer puntutaraino zegoen ohituta funtzionario hori halakoak egitera, ni hor nengoenean ere egin zuela. Badaki inpunitate osoa duela. Nazkagarria da».

Sustantziak eta errudun sentipena

Ikerketaren arabera, Iruñeko espetxean sartzeko arrazoi nagusia droga trafikoa izaten da (kopuru orokorra %86koa da Espetxeetako Zuzendaritzaren estatistiken arabera), nagusiki “mando” gisa aritzea (muga politikoak euren gorputzean sustantziaren bat daramatela zeharkatzen dutenak): «Gogoan dut, tailerreko lehenengo egunean, euren buruak horrela aurkeztu zizkidatela: ‘Begira, ni hemen hegazkinagatik nago, eta baita hemengo hau ere. Hau ez, hau kalekoagoa da, eta hori...’. Horixe da euren aurkezpena».

Emakumeak –gizartean zein barroteen beste aldean– ezberdin tratatu eta zigortzen direla baieztatuta, gai fisiko eta psikologikoak jarri dituzte mahai gainean Salhaketako kideek. Hala, emakumeek errudun sentimendu gogorra izaten dutela diote: «Ama, ahizpa, alaba... eta, betiere, zaintzaile diren aldetik, funtzio hori egiteari utzi diotela sentitzen dute, baztertu egin dituztela maite dituzten horiek». Maritzaren testigantza adierazgarria da oso. Atzerritarra da eta bere jatorrizko herrialdean duen sendia hilero bidaltzen zien diruaz bizi zen: «Seme-alabak, ama, amona... Denak nire kargu nituen eta, kartzelan sartu nindutenean, dena kakaztu zen. Lurrikara batean dena galtzen duzunean bezala da. Zure familiaren oinarria izan eta halako egoera batean zaudenean, blokeatu egiten zara, jada ezin diezu ezer bidali janarentzat, urarentzat, argiarentzat».

Sentimendu horrek ezegonkortasun psikologikoa eta depresioak eragiten dizkietela gaineratu dute Salhaketatik, eta «ikustekoa» dela espetxeetan ematen den medikamentuen gehiegizko erabilera. Datu esanguratsu bat ere eman dute: aske izanik bere buruaz beste egiten duen emakume bakoitzeko bi gizon daude. Gatibu izanik, aldiz, euren buruaz beste egiten duten emakumeen kopuruak gizonena bikoizten du. «Hau emakumeek euren gune sozial eta familiarretik banantzea askoz sufrimendu gehiagoz bizi dutelako gertatzen da, kartzelak askoz gehiago eragiten dielako. Eta normala da, lehen esan bezala, espetxeak gizonen neurrira egin baitira. Askatasuna kentzea erabaki zenean, ez zen pentsatu horrek modu oso ezberdinean eragin zezakeela gizon eta emakumeengan. Emakumeek harremantzeko beste era bat dugu, gure arazoak askotan jan egiten ditugu, hortik datoz depresio indize altu horiek, errudun sentimendua, itxialdiaren aurreko eragin fisikoak –ilea erortzea, alergiak, anorexia kasuak...–, guztiak datoz harreman sozialen etetea ez delako era berean bizi, gauza guztietan gizonak eta emakumeak ez garelako berdinak».

Historia pertsonaletan agertzen diren kontakizunek bat egiten dute Salhaketako kideen esanarekin. Hala kontatzen du Trebolek: «Nire koinata ohia lehen bi hilabetetan pare bat aldiz etorri zen bisita egitera, nire alabarekin. Orduz geroztik, lau urte pasa nituen nire familiaz ezer jakin gabe. Une oso zailak bizi izan ditut, baina sekula ez dut ahaztuko zer sentitu nuen nire sendiak bizkarra eman zidanean. Hor hasi zen nire kalbarioa». Aguak kartzelan egon zenetik bere ahizpek ez diotela hitz egiten kontatzen du, eta, are gehiago, «nire seme-alabak ikustera ere ez dira joaten. Zure odol berekoek horrela baztertzea... benetan gogorra da».

Balizko profesionalen utzikeria

Ikerketaren oinarrizko beste puntuetako bat presondegiko osasun langileen profesionaltasuna da: «Psikologoek, hezitzaileek, gizarte langileek... preso daudenekiko bazterkeria izugarria erakusten dute. Gu espetxeen aurkakoak gara, baina argi dugu horiek behar bezala lan egingo balute egoera oso ezberdina izango litzatekeela».

Historia pertsonaletan, Cuarzok oso ondo azaltzen du errealitate hori: «Hasieratik ikusi nituen ulertzen ez nituen gauzak. Zentro berezituren batean egon beharko luketen pertsona asko zeuden (…). Kanpoko profesionalen laguntza behar dute, ez irtenbidea medikazioa igota aurkitzen den pertsonen biltegi batean sartzea (...). Aldaketak behar dira eta, batez ere, aldaketak egin nahi dituzten profesionalak, oso erraza delako bost minutuko bisita egin eta benetako tratamendurik ez jartzea (…). Gainera, profesionalak ikusteko instantzia egiten duzu eta denbora asko pasatzen da haiekin egotea lortu aurretik. Eurekin hitz egiteko moduluan harrapatzea da bide errazena». Esmeralda ere medikazioaren erabileraz mintzatzen da: «Lehen bisita oso gogorra izan zen. Ama etorri zitzaidan. Bi urte neramatzan ama ikusi gabe eta pekulioan zerbait ere sartu zidan. Negar asko egin nuen. Pekulioko diruarekin ekonomatoan gauzak erosi eta drogagatik aldatu nituen. Zenbaitetan, besteei ematen zizkieten lasaigarriak hartzen nituen, medikazio horrekin pentsatzen nuen baino askoz emakume gehiago daudelako».

Drogaren kontuaz badaki zertxobait Magiak: «Kartzelan kanpoan baino droga gehiago dago, eta kalitate hobekoa. Kontsumoa ez da legezkoa, baina utzi egiten digute. Eurei berdin zaie, inor ziega barruan gaindosiagatik hilda azaltzen ez den bitartean (…). Kontsumitzen kartzelan hasi den jende asko ezagutzen dut nik, baita hiesa hartu duenik ere».

Depresio, sustantzia eta gatibutasun egoera hori noraino irits daitekeen Esperanzak kontatu du. Bere ziegakideak «arazo psikologiko larriak» zituela eta bere buruaz bete egiten ahalegindu zela oroitzen du, kontakizun benetan gordinean: «Ni izan nintzen sokatik jaitsi zuena. Egun ugari egon nintzen lo egin ezinean. Gertaeraren ‘errua’, kakotx artean, psikologo eta psikiatrena da; nik, bere ziegakideak, askotan esan nien ez zegoela ondo eta halakoren bat egin zezakeela. Beraiek, ordea, entzungorrarena egin zuten. ‘Profesional’ horiek, nolabait deitzearren, ez zuten ikusi jada ez ziola bizitzari zentzurik topatzen (...). Pertsona alaia zen, oso azkarra, jakintza askokoa... baina bere bidea egiteko arazoak zituena».

Psikologoari dagokionean, bere informeak presoak hirugarren gradua edota baldintzapeko askatasuna eskuratzerako duen pisua nabarmendu dute, eta, horrekin batera, aukera horiek ia inoiz ez direla ematen salatu dute, «ez duelako sekula informe mesedegarria aurkeztuko. Psikologoa sekula ikusiko ez zaituen pertsona bat da, asko jota izenez ezagutuko zaituena eta zurekin 10-15 minutu egongo dena, ez dena egiatan zure egoeraz arduratuko eta askatasun mugatuan bizitzeko gai ez zarela esaten duen informea aurkeztuko duena».

Birgizarteratzea, ustez bederen, helburu izanda, espetxeek pertsonaren araberako tratamendua egin behar dutela agertu dute Salhaketatik, eta, zentzu horretan, Iruñean elkarrizketatutako emakumeen erdiak baino gehiagok sekula ez dutela halakorik jaso nabarmendu dute. Are gehiago, tratamendua jaso izan balute ere, kartzelak ezer gutxirako balio izan diela argi dute, eta, askok, espetxealdia hutsune baten moduan bizi izan dutela diote. Cuarzo da horietako bat: «Familiaren hutsunea sentitu dut kartzelan, adierazpen askatasunaren gabezia, etengabe urratzen diren giza eskubideak, airea, eguzkia, arnastea, ni neu izatea… robotizatu egiten gaituztelako; txip bat jarri eta zure bizitza finkatua duten gizatasunik gabeko sistemaren arabera antolatu beharko bazenu bezala da. Prototipo bat sortu nahi balute bezala da (...). Espetxean entzun, ikusi eta isilik egon besterik ez nuen egiten eta profesionalekin, batez ere funtzionarioekin, hipokrita izaten ikasi nuen». Antzerakoa da Esperanzaren esperientzia: «Han sartzen zarenetik zure izaera galtzen duzula konturatzen zara, zure gainetik zu bezalako pertsonak daudela… soilik lana aurkitu dutelako, agian zuk baino bizitza errazagoa izan dutelako. (...) Zuk ‘gaizki’ dagoen zerbait egin duzula eta zigorra jaso behar duzula esaten dizute, ez zaudela askatasun partzialean bizitzeko prestatuta… Atxilotua izan nintzen arte primeran jakin nuen hala bizitzen, baina nola frogatu denek etengabe ez zarela gai esaten dizutenean?».

Gatibutasunaren ondorioak

Espetxealdiaren ostean, preso egondakoek lana bilatzea izaten dute arazo nagusi eta, «haurrak dituztenen kasuan, batez ere oso txikiak direnean, horrenbeste denbora desagertuta zergatik pasa duten azaltzea». Batez ere lehen baimenak ematen zaizkienean. Cuarzok, esaterako, kanpoan sendi osoa zain zuela kontatzen du, eta, ikusi zituenean, barrura itzultzeko gogoa etorri zitzaiola, «ezagutzen nuena kartzelako mundu txiki hori zelako eta, irtetean, beldur eta segurtasun gabezia izugarria izaten delako». Eta ez hori bakarrik: emakume askok, bizi izan dituzten kunda –kartzela batetik besterako garraioa– ugarien ondotik, atea zabalik dutela dutxatzen direla kontatu diete Salhaketako kideei, baita argiak itzaltzeaz ahazten direla –espetxean ez zuten argirik maneiatzen– eta halako kontuak ere.

Salhakearen hitzetan, elkarrizketatutako ia emakume guztiek espetxealdia euren bizitzako impasse bat bezala bizi izan dutela diote. «Denek transmititu diguten zerbait da, euren bizitzako hutsunea da kartzela. Horrek bakoitzari nola eragin dion beste kontu bat da».

Ondorio nagusia? Espetxeen mundua ikertu duten gehienen berbera: «Kartzela ez da ona eta ez da sekula izango, inorentzat. Kolektibo bezala, kartzelak eta sistema penala desagertzearen aldekoak gara, uste baitugu hori ez dela gatazka sozialak konpontzeko bide egokia». Espetxeek «ezertarako» balio ez dutela argi uzten duten ikerketa ugari daudela gaineratu dute, baita ikerketan parte hartu dutenen ahotsek gauza berbera diotela ere. Esperanza, esaterako, oso kritikoa da: «Kartzela pertsona ‘okerragoa’ egiteko leku aproposa dela uste dut, bertan zurearen tankerako delituak egin dituen jendea dagoelako; gainera, kontaktuak egiteko leku bikaina da. Lehengo lekura zaramatza». Iritzi berekoa da Trebol: «Esperientziak zerbait erakutsi badit, zera da: zirkulu honetan [droga munduan] sartzea oso erraza da eta irtetea benetan zaila. Asko sufritu dut espetxean, beste laguntza mota bat behar nuela uste dut eta, kartzelak, nire egoerak okerrera egiteko baino ez du balio izan».

Amaitzeko, merezi du hitza Cosmosi eman eta bere hausnarketa aditzeak: «Kartzelak ez dira onak, inorentzat. Ez dute laguntzen, eurek esaten duten bezala, pertsona gizartean berriro txertatzen. Gizakien edukiontziak besterik ez dira».

AHOTSAK

SAGRASEZ

«Sartu bezain laster, egun hartatik aurrera espetxealdian nirekin eraman beharko nuen txartela eman zidaten, NISa. Une hartan bertan galdu nuen nire identitatea, ordutik aurrera identifikazio zenbaki bat soilik izatera pasa nintzen (…). Zure kabuz pentsatzeari uzten diozu, dena ondo joan dadin arauak betetzen dituzu eta kito. (…) Kartzelak hara itzuli nahi ez dudala jakiteko balio izan dit, ez besterik»

COSMOS

«Kartzelara sartu nintzenean, gomendio on bat eman zidaten: ‘Espetxealdia ondo eraman nahi baduzu, ez egin inori zuri egitea nahi ez duzun hori eta entzun, ikusi eta isilik egon’. Sekula eman didaten gomendiorik onena da»

ESMERALDA

«Hara sartu behar duzula dakizunean dena prestatzen hasten zara. Amarekin hitz egin eta esan nion ez zuela sekula nire alaba kartzelara eraman behar. Bi urte zituen orduan eta, txikia zen arren, iruditu zitzaidan berarentzat onena

ama halako leku batean ez ikustea zela, berarekin egin behar nuen bizitza espetxealdiaren ostean hasiko zen (…). Oraindik ez daki preso egon nintzela, ez dakit auzoan kontatuko ote zioten edo ez, baina ezetz pentsatu nahi dut»

CUARZO

«Kartzelan heriotzan ere pentsatzen da. Nire egonaldiko uneren batean pentsatu nuen sufrimendu horri amaiera emateko era egokiena nire buruaz beste egitea izan zitekeela, horretarako gai izango ez nintzela banekien arren. Baina niretzat ez zela egunsenti berririk egongo pentsatzeak lasaitu egiten ninduen»

MAGIA

«Behin baino gehiagotan izan naiz kartzelan eta, atera naizen guztietan, nire arropa guztia barruan utzi dut, soinean neramanarekin soilik irten naiz. Eta, zuzenean, droga bila joan naiz. Zergatik? Ez duzulako non egon, ez duzulako familiarik, badakizulako ez duzula ezer, zain duzun gauza bakarra lehengo jende eta giro bera delako. Batzuetan barrura itzultzeko gogoa ere izan dut. Kalean drogatu, edan eta edozer egiten duzu ez pentsatzearren»

MARIA

«Kartzelan sartu ninduten lehen aldian 14 hilabete egon nintzen. Fidantzapean irten nintzen eta nire alabak ere ez ninduen ezagutu. Ilea besterik ez nintzen, han pasa nuen urduritasuna tarteko. Asko argaldu nintzen han barruan, gorputz mehar-mehar bat besterik ez nintzen. Bizi izan dudan esperientzia gogorrena da eta ez diot inori opa»

ESPERANZA

«Funtzionario despota eta agintzaile asko dago, zu baino gehiago direla uste dutenak, zu, zuzenean, pertsona ere ez zarela pentsatzen dutenak, soilik zaindu behar dutenen zerrendako zenbaki triste bat zarela… Eta beren papera ere ez dute betetzen, birrindu besterik ez gaituztelako egiten, zapaldu, erreprimitu… Presoen babes gabezia izugarriak ikusi ditut, [psikologoek zein sendagileek] nola tratatu jakin ez eta alboratu dituzten emakumeak. Oso gaizki amaitzen dute, beren buruaz beste egin nahian… Eta, saiatuz gero ere, bost axola, ez garelako ezer, gizarteko zaborra besterik ez. Ez dugu ezertarako balio, ez dugu ezer balio»

TREBOL

«Funtzionarioa etorri eta ‘komunikatzera’ esaten duenean, irten eta zain inor ez duzula ikustea oso gogorra da. Medikuarengana zoazen bakoitzean pilula bat gehiago eskatzen diozu eta berak eman egiten dizu, bizitzaz nazkatua zaudela ikusten duelako (…). Zenbat eta gehiago eskatu, orduan eta gehiago ematen dizkizute (…). Kartzelan gaindosia eman zidan. Metadona, pilulak… eta ketamina edo hartu nuen, ez dut oroitzen. Agerikoa zen lehertzear nengoela»

GEMINIS

«Beheraldiak familiarengan pentsatzen duzunean datoz. Nire kasuan, atzerritarra izanik, urrun nituen senideak eta seme-alabak ere galdu nituen… Niretzat hori izan zen gogorrena, deserrotze hori. Eta denbora zerbaitekin betetzearena, zereginak bilatzea. Dauden tailerrak laburrak direlako eta ez dutelako ezertarako balio. Gizonen aldean badaude ondo dauden ikastaroak, baina ezin duzunez beraiekin egon…»

MARITZA

«Espetxean sartu nintzenean denbora gelditu zenaren sentipena dut. Burbuila batean egon izan banintz bezala, denbora luzez lo egon banintz bezala. Denboraren nozioa galdu nuen; ez nekien zer ordu zen, zer data, ez nekien ezer. Ni beti oso baikorra eta alaia izan naiz eta han dena blokeatu zitzaidan. Hondoa jo nuen»

AGUA

«Emakumeen modulua estrukturalki polita da espetxea izateko, baina horren txikia izanik arrainontzi batean nengoela sentitzen nuen (…). Kalean, oraindik preso nagoela sentitzen dut. Batzuetan jendea begira dudala iruditzen zait (…). Nire etxean eman nituen lehen egunetan arraro sentitu nintzen, etxean ez banengo bezala. Bi orduro esnatzen nintzen, ‘kunden’ ondorioz atea zabalik dudala dutxatu behar izaten dut, igogailuetan sartzean itolarria dut, jende asko mintzatzen ari den lekuetatik ihes egiten dut…»