Iñaki Altuna
2012ko Uztailaren 20a
PPko Gobernuak murrizketa politika basatiari jarraitzen dio, danba-danba. Neurriak iragarri, dekretuak onartu, Kongresuan «izorra daitezela» esan, eta tira. Sekulakoa egiten ari dira. Mariano Rajoyk eta bere ministroek sakrifizioak eskatzen dizkiete gutxien dutenei, krisiari aurre egiteko; baina, ez dirudi bide horrek krisia –banketxeena ez bada– konponduko duenik. Eta hainbesteko estutasunen ondorioak, berriro ere, herri sektoreek eta langileek ordainduko dituzte. Krisia sortzen aberasten zirenak orain ere aberats dira, eta krisiaren kudeaketa bidegabeari ere etekina aterako diote. Hori dena da Rajoyren Gobernuak proposatzen duen ereduaren errealitate gordina.
Gainera, jainkotzat hartuak dituzten «merkatu» famatu horiek ez dituzte inondik inora lasaitzen. Nazioarteko finantza erakundeek txalotzen dituzte PPkoek hartutako neurriak, baina, istant berean, gora eta gora egin ohi du arrisku sariak, eta behera eta behera Espainiaren sinesgarritasunak. Gurpil zoroa. Jendea haserrarazten ari den gurpil zoroa.
Euskal Herrian ere mobilizazio giroa piztu da eta, ostegunean, greba orokorra deitu zuten hainbat sindikatuk eta eragilek. Murrizketen tamainako erantzuna eman behar dela esan zuten. Neurri horiek Euskal Herrira ez iristea jarri zuten helburu datorren irailaren 26ko greba deitu zuten eragileek.
Bistan da arazoak ez duela «soilik» dimentsio ekonomiko bat. Gizarte ereduaz eta eredu politikoaz ere ari gara. Erantzuna ez dago bakarrik neurri zehatz batzuei zuzenduta, eredu oso bati baizik. Horregatik, protesta egiteko ez ezik, alternatibak eraikitzeko ere ordua iritsi dela diosku batek baino gehiagok. Nolabait esatearren, gatazka politikoaren eremuan egoera berri bat eraikitzeko garaia iritsi den bezalaxe, eremu sozioekonomikoan ere beste horrenbeste dago egiteko. Gaia ez da, ezta gutxiagorik ere, sektoriala, eta horregatik eragile guztiek izan beharko lukete zer esan, zer egin eta zer proposatu.
Interesgarria izan daiteke, horrenbestez, ELAk EH Bilduk deituriko manifestazioari eginiko kritikaren haritik hausnarketa egitea. Erakundeetan eta botere politikoaren borrokan ibiltzeko asmoa duenari herri mugimenduarekiko begirunea eskatu behar zaio. Aldi berean, ordea, soilik gaur egungo errealitatea kudeatzeko jaio ez den horrelako mugimendu politiko bati ezin zaio eskatu bere jarduera eremu konbentzionalera mugatzea. Euskal Herrian aldaketa politikoaren zein sozialaren beharraren arnasaz sortzen ari den fronte zabalak proposamen oso bat aurkeztu behar du. Kontraesankorra da, beraz, aldaketa erradikalak eskatzea eta, aitzitik, aldaketak egin ahal izateko sortzen denari mugak jarri nahi izatea. Ezadostasunak, izatekotan, mamian beharko luke, ez protagonismo kontuetan. Inori ezin zaio men egiteko eskatu, eta inork ezin du ulertu beto eskubidea duenik.
Fase historikoak ikuspuntu zabalagoa eskatzen du. Azken hogeita hamar urteotako amaraun politiko-instituzionala krisian da. Krisi orokorra; arlo politikoan ez ezik, arlo ekonomikoan eta sozialean ere ikus daitekeen krisi orokorra, hain zuzen. Zatiketa eta ez ezagutza ezaugarri dituen amaraun horrek ez du inondik inora euskal herritarrak asetzeko eskaintzarik, ez delako herritarren ongizatean eta eskubideetan sustraitzen. Indarra eta murrizketa ditu oinarri. Alor politikoan betidanik entzun dugun musika da. Orain eremu ekonomiko eta sozialean argi bezain garbi jotzen ari diren musika berbera.
Horrenbestez, nazio aitortzaren eta erabakitzeko eskubidearen arrastotik aldaketa gauzatu nahi bada, norberak berean eta, ahal den neurrian eta elkar errespetatuz, denak batera aritzen ikasi beharko dute eragileek. Horrek ibilbide zabala behar du, denen tamainakoa, baita gaur egun kontrako norabidean ari direnen tamainakoa ere (sinetsita edo, horrela ezin bada, behartuta sar daitezen). Urratsak egitea eta tarteko helmugak lortzea ahalbidetuko duen ibilbidea. Izena ere jarri diote azken urteotan: prozesu demokratikoa. •




