JAPONIA -

Jose Angel Oria

2012ko Uztailaren 20a

Asteazkenean jarri zuten berriz lanean Oi udalerriko erreaktore nuklear bat, zentral horretako bigarrena. KEPCO Kansai Electric Power konpainiak jakinarazi duenez, zentraleko 4 zenbakidun erreaktoreak gaurtik aurrera eskainiko du energia. Egun batzuk lehenago Oiko 3 zenbakidun erreaktorearekin gauza bera egin zuten, Japoniako erreaktore nuklear guztiak (54) geldirik bi hilabete eduki ondoren.

Energia nuklearraren geroa orain erabakitzen ari delakoan, herritarrek orain arteko manifestaziorik jendetsuena egin zuten joan den astelehenean, 170.000 lagun elkartu baitziren antolatzaileen arabera, erreaktore guztiak ixteko exijitzeko. Egun berean, lasaitasun eta normaltasun itxura eman nahian, Fukushima inguruko hondartza batean bainatzea baimendu zuten Japoniako agintariek.

Txosten argigarria

Mugimendu horiek guztiak agintarien jarduera salatzen duen txosten bat ezagutzera eman ondoren iritsi dira. Japoniako Legebiltzarrak izendatutako batzordeak egindako lanaren arabera, iazko martxoaren 11n Fukushima Daiichi zentralean gertatutako hondamendia «aurreikus eta saihets zitekeen».

Ezbeharraren erantzukizuna Japoniako Gobernuari eta TEPCO Tokioko Indar Elektrikoaren Konpainiari egotzi diote adituek, eta istripuari emandako erantzuna giza akatsez jositakoa izan zela dio ikerketak.

Erakunde arautzaileen lana ere salatu dute berriz adituek. Hedabide askok “kolusio” hitza erabili dute Gobernuaren, konpainiaren eta erakunde arautzailearen arteko harremana deskribatzeko. «Bi pertsonaren arteko hitzarmena, hirugarren bat kaltetzeko egina», da kolusioa Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera. Kasu honetan, egokitu egin beharko genuke definizioa: «Hiru aldeen arteko hitzarmena, negozioaren izenean japoniar herria kaltetzeko egina».

Arazo bera salatu zuen orain hilabete batzuk Greenpeace nazioarteko talde ekologistak. Martxoan GAUR8n idatzi genuenez, «‘Fukushimako lezioak’ izenburuko txostenaren berri eman du Greenpeacek. Bertan diotenez, Fukushima Daiichiko zentral nuklearraren istripua ez zuten eragin ez lurrikarak ez tsunamiak, ‘Japoniako Gobernuaren, industria nuklearraren eta erakunde arautzaileen akatsek baizik’».

Gainera, zenbaki berean, honakoa erantsi genuen: «Energia nuklearraren inguruko araudia oso ahula da Japonian. Gainera, erakunde arautzaileek 2006an onartu egin zuten TEPCO konpainiak hozte urari buruzko txostenak faltsutu izana. Hala ere, NISA Segurtasun Nuklearra eta Industrialaren Agentziak Fukushima Daiichiko erreaktoreen bizitza beste hamar urtez luzatzeko baimena eman zion konpainiari. Industria nuklearra eta erakunde arautzaileak elkar hartuta daudela ikus ahal izan zen berriz ere».

Japoniak dituen ezaugarri kulturalek ere izan dute zerikusirik Fukushimako istripu larrian, Legebiltzarrak sortutako batzordeak egindako lanaren arabera.

Ezaugarri kulturalak

«Min handiarekin onartu behar dugu hondamendia Japonian egina izan zela –idatzi zuen Kiyoshi Kurokawa medikuak, hamar lagunek osatutako aditu batzordea zuzendu zuen doktoreak alegia–. Gure kulturan oso sustraituta dauden ohituratan dute oinarria arrazoi garrantzitsuenek: gure obedientzia gogoetatsuan, agintea kinkan ez jartzeko joeran, egitasmoak dioena beti jarraitzeko jarreran, geure burua taldetik ez bereizteko ohituran eta Japonia uhartez osatuta egotean».

Beraz, adituen ustez, ezaugarri kultural horiei esker, energia nuklearra arautu behar duten erakunde guztietan «ezjakintasuna eta harrokeria barkaezina» dira nagusi, eta horrela errazagoa da txostenak faltsutzea eta segurtasun neurriak behar bezala hartu gabe uztea.

Txostenak dioena irakurri eta asteleheneko mobilizazio erraldoiko irudiak ikusi ondoren, adituek aipatzen duten ezaugarrietako bat, agintea kinkan ez jartzeko joera alegia, aldatzen hasia dela dirudi. Orain milaka lagun irteten dira kalera protesta egitera eta lotsarik gabe salatzen dute Japoniako agintarien jarrera. Manifestari batek bere txarteltxoan astelehenean gogorarazten zuenez, Japoniak dagoeneko hondamendi nuklear gehiegi jasan ditu –«ez Hiroshima gehiago, ez Nagasaki gehiago, ez Fukushima gehiago» zioen– eta ez dirudi agintarien gezurrak besterik gabe onartzeko prest berriz egongo direnik.

«Nire seme-alabei eta bilobei Japonia garbi bat utzi nahi diet», adierazi zien kazetariei joan den astelehenean Akiko Ichikawa manifestariak. Emakume horrek bat egin zuen Tokio Japoniako hiriburuan herrialdeko bazter guztietatik iritsitako milaka manifestarirekin.

Hedabide batzuek esan dute Fukushimako istripu nuklearra gertatu zenetik Japonian egindako manifestaziorik handiena izan zela astelehenekoa. Antolatzaileek egindako kalkuluen arabera, 170.000 herritar elkartu ziren, energia nuklearrari berriz ezetz esateko.

Akiko Ichikawa erretiratuta dago. Japoniako erdiko aldean dagoen Shigako prefekturatik joan zen hiriburura, Yoshihiko Noda lehen ministroari herriak esaten duena entzuteko eskatzeko, eta, ondorioz, erreaktore nuklearrak berriz lanean jarri ez ditzan exijitzeko.

Oiko erreaktoreak

Izan ere, 2011ko martxoaren 11ko lurrikarak eta tsunamiak eragindako istripuaren eraginez, Japoniak pixkanaka zentral guztiak geldiarazi egin zituen, herritarren presioa dela-eta. Baina egoera horrek bi hilabete baino ez ditu iraun eta dagoeneko Oi udalerriko bi erreaktore nuklear berriz lanean hasiak dira. Horregatik irten ziren astelehenean kalera protesta egitera manifestariak. Eta badirudi berriz irteteko prest daudela, agintarien gezurrekin nazka-nazka eginda daude-eta.

Eguerdirako denbora gutxi falta zenean, milaka taldetxo ikus zitezkeen Yoyogiko parkeko bidean. Makina bat txartel, era guztietan nuklearrari ezetz esateko. Eskualdearen araberako koloreak eraman zituzten manifestariek. Parkean manifestazioa festa bihurtu zen, horixe baitzen antolatzaileen helburuetako bat, adin guztietako herritarrak erakartzea, eta horretarako ez dago festa giroa bezalakorik.

Eskualde bakoitzeko txosna modukoen inguruan energiari buruzko eztabaidak egin zituzten batzuek, beste batzuek dokumentalak ikusten zituzten bitartean. Tokioko parkerik handieneko puntu askotan musikariak ere aritu ziren lanean, giroa alaitu nahian. Antolatzaileek zioten 170.000 lagun elkartu zirela, eta 100.000 elkartzea zutela aurreikusita. Poliziak parte hartzaile kopuruari buruzko daturik ez ematea erabaki zuen, agian agintariek horrela eskatuta, horrenbesteko manifestazioak ez baitira agintearen gustuko izaten, ez Japonian, ez Euskal Herrian, ez inon. Azken hilabeteotan, ostiralero, milaka lagun elkartu izan dira Tokion mezu berarekin, nahiz eta hedabide handienek ia jaramonik egiten ez dieten.

Negozioa eta osasuna

«Gobernuarentzat garrantzitsuagoa da ekonomia herritarren osasuna baino», laburbildu zuen parte hartzaile askoren iritzia Kuniko Matsubara Miyagi prefekturako herritarrak, hau da, 2011ko martxoko lurrikarak eta tsunamiak gehien kaltetutako eskualdetik etorritako manifestariak. «Herritarrei informazioa eskaintzen jarraitu behar dugu mugimendua gero eta handiagoa izan dadin, agintariei gure mezua entzunarazteko», erantsi zuen Matsubarak.

Berak bezala, begirale batek baino gehiagok nabarmendu du herritarrei iristen zaien informazioa dela nuklearren inguruko gatazkaren gakoetako bat: zenbat eta informazio gehiago izan herritarrak, orduan eta gutxiago onartzen du energia nuklearraren aldeko agintarien diskurtso ustela.

Fukushimako istripuak hankaz gora bota zuen zentral nuklearrak oso seguruak direla dioen diskurtsoa. Japoniarrek ongi dakite eremu zabal bateko herritarrek bertatik ihes egin beharra izan zutela eta hamarkada asko pasa beharko direla leku batzuetara itzuli ahal izateko. Horregatik, ezin dute onartu orain arte esan izan zaiena.

«Istripu nuklear batek ondorio ezabaezinak eragiten ditu eta lurralde bat betirako markatuta uzten du. Horregatik da ezinbestekoa energia mota hori erabiltzeari uztea», adierazi zuen asteleheneko manifestazioan Satoshi Kobayashi gazteak, bi seme-alaba txikiak hartuta Tokioko manifestaziora joandako gizonak. «Arazoarekiko sentikor bihurtu» nahi zituen bi umeak, eta horregatik eraman zituen protestaldira, manifestariak berak jakitera eman zuenez.

Parkean eraikitako oholtzarik handienera igota beren hitzaldiak eskaini zituzten hizlariek, eguzkia punturik garaienean zegoenean. Txalo zaparrada ugari, eta, beroari aurre egiteko, emakume zaharrenek ”No nuke” hitzak gorriz idatzita zituzten haizemaile edo abanikoak astintzen zituzten.

Bertatik pasa ziren, esaterako, Ryuichi Sakamoto musikaria edo Kenzaburo Oe idazlea, Literaturako Nobel sariduna. «Ezin dugu gure herrialdearen geroa diren umeen bizitza arriskuan jarri, elektrizitatea bezalako zerbait lortzeagatik», adierazi zuen manifestarien txaloen artean Sakamoto musikariak.

Herritarren ausardia

Adio Energia Nuklearrari izeneko mugimenduak, manifestazioa antolatu zuenak, pertsona ezagunak erakartzea lortu du, Japonian aspalditik nuklearren aurka lanean aritu diren talde txikiekin egin duen moduan. Hala ere, manifestariak ez daude lasai-lasai etxean geratzeko moduan. «Mobilizazioak gero eta handiagoak dira, baina ezin dugu horrekin konforme geratu. Zergatik ez ditugu grebak antolatzen?», zioen Mayumi Ishida ikasleak.

Ausardia eskatzen zion manifestari gazteak japoniar herriari, Kenzaburo Oe idazleak ere beharrezko ikusten duen ezaugarria. Hona hemen nola deskribatu zuen Nobel saridunak elkarrizketa batean gaur egun gertatzen ari dena: «Duela gutxi irakurri dudan zientzia-fikziozko lan batean kontatzen zen gizadiak hondakin erradiaktiboak lur azpian oso sakon gordetzea erabaki zuela. Ez zekiten hurrengo belaunaldiei, hondakinak kudeatzeko erantzukizuna utzi dietenei, nola jakinarazi zer lurperatu zuten. Ezta dokumentua nork sinatu behar zuen ere. Tamalez, gaur egungo egoera jada ez da fikziozko kontu bat. Gure kargak datozen belaunaldiei ezarri dizkiegu. Noiz alboratu zituen gizadiak horrelako gauzak egitea saihesten zuten printzipio moralak? Historian inflexio-puntu garrantzitsuren bat gainditu al dugu? Hiroshima eta Nagasiko bonbardaketak, Munduko Bigarren Gerrako porrota eta ondorengo okupazioa nire haurtzaroan gertatu ziren. Garai hartan, guztiok ginen pobre Japonian. Baina Konstituzio berria ezagutzera eman zenean, sarreran ‘ausardia’ hitza horrenbestetan aipatzeak hunkitu ninduen. Harrotasunez hartu nuen gu baino zaharragoek horrenbesteko erabakitasuna izatea. Gaur egun pertsona zahar baten begiekin ikusten ditut Fukushimak eta Japoniak dituzten baldintza zailak. Uste dut japoniar herriak ausardiari eutsiko diola beste behin eta horrek itxaropena eragiten dit».

Baina manifestariak eta idazleak eskatzen duten ausardiak informazioa behar du aurrera egiteko, eta gaur egun agintariek propaganda baino ez dute ipintzen mahaiaren gainean, herritarrei gauzak ondo doazela sinestarazi nahian. Hor koka daiteke Fukushima probintziako Iwaki herriko hondartza batean bainatzeko baimena eman izana.

Hondartza zabalik

Japoniak Itsasoaren Eguna ospatu zuen astelehenean. Fukushimara ere iritsi zen ospakizuna, bertakoek hondartzara joan eta bainatzeko aukera izan baitzuten, lehen aldiz iazko martxoaren 11ko istripu nuklearra gertatu zenetik.

Nokosoko hondartza suntsitutako zentral nuklearretik 65 kilometrora dago. Bertako uretan bainatu ziren hiru gidari turistiko beste herritar guztiei bidea erakutsiz, normaltasuna itzuli dela adierazi nahian.

Musika emanaldiak, kirolak eta festa giroa izan ziren hondartzan eta makina bat hedabidek eman zuten horren berri, egun berean Tokio hiriburuan egin zen herri mobilizazio erraldoiari baino tarte handiagoa eskainiz. «Ura hotza dago oraindik, baina nik esango nuke oso denboraldi ona izango dela. Pertsona asko etortzea gustatuko litzaidake», esan zien kazetariei Yukiei Hakozaki 22 urteko gidari gazteak.

Agintariek esan dute makina bat aldiz egin dutela itsasoko uraren analisia istripua gertatu zenetik, 2011ko martxoaren 21etik apirilaren 30era kutsatutako ur asko bota behar izan baitzuten itsasora. Baina beraiek emandako datuen arabera, gaur egun Nokoson bainatzeak ez du inolako arriskurik. Beraiek zer esango dute bada?

Sergey Prants Errusiako Ozeano Bareko Institutu Ozeanografikoko adituak egin duen azterketaren arabera, gaur egun Fukushimatik irtendako erradiazio gehiago dago itsasoan lurrean baino; hamar aldiz gehiago, hain zuzen ere. Erradiazioak itsasoan zabaltzen jarraituko du 2013an ere, baina kutsadura hori ez da gizakiontzat arriskutsu.

Errusiar adituak eredu matematiko bat garatu du erradiazioaren bidaia zein izango den kalkulatzeko. Horretarako sateliteek eskainitako irudiak eta datu ozeanografikoak erabiltzen ditu ereduak.

Datu horietan oinarrituta, Sergey Prantsek adierazi du kutsadura Japoniatik ekialdera eta ipar-ekialdera doala, eta Ameriketara ere iritsiko dela, baina Japoniatik oso gertu dagoen Kamtxatka Errusiako penintsula ukitu gabe. Eransten du oso zaila dela ur kutsatu horietan harrapatutako arrainek gizakioi kalte egitea.

Errusiar adituaren baikortasuna ez dator bat Txinako agintariek bere garaian erakutsitako jarrerarekin. 2011ko udaberrian Fukushimako zentralean erabat kutsatutako ur asko zeukatela-eta, TEPCO konpainiakoek ur hori guztia itsasoratzea erabaki zuten, baina Pekineko agintariek berehala adierazi zuten beraien protesta.

Lurrikarak

Energia nuklearrari buruzko gatazkaren inguruko txosten honetan ezin dugu aipatu gabe utzi 2011ko martxoaren 11ko lurrikara ikaragarriak izan zuen eragina. Orain arte begirale gehienek ontzat eman dute tsunamiak suntsitu zituela Fukushimako zentraleko erreaktoreak, baina minutu apur batzuk lehenago izandako lurrikarak ez zuela kalte aipagarririk eragin.

Beraz, ondoriozta daiteke Japoniako zentral nuklearrak lurrikararik bortitzenei ere eusteko gai direla. Baina hori TEPCOk berak botatako beste gezur bat baino ez litzateke. Nuklearren aurkakoen arabera, lurrikarak Fukushima Daiichiko zentraleko 1 zenbakidun erreaktorea kaltetu zuen, konpainiak hori onartu nahi ez badu ere. Ez dirudi ez gauza bat ez kontrakoa frogatzeko moduan gaudenik. Baina lurrikaren inguruko eztabaida hori kontuan hartuta hobeto ulertzen da hilaren 11n TEPCOk 2011ko martxoaren 11ko argazkiak orain ezagutzera eman izana: tsunamia Fukushimako zentralera nola iristen den ikusten da irudietan. Zergatik eduki dituzte gordeta orain arte?