-

Isidro Esnaola

2012ko Uztailaren 20a

Europako herrialde interesgarrienetariko bat Norvegia dela iruditzen zait. Norvegiarrek euren burujabetza asko estimatzen dute, eta, horregatik, aspaldiko urteotan Europar Batasunaren inguruan entzun dituzten laudorioak ez dira nahikoak izan norvegiarrak konbentzitzeko eta Europar Batasunetik kanpo jarraitzea erabaki dute. Horrela, euren baliabideen gaineko kontrola mantentzen dute, euren moneta, euren politika ekonomikoa, eta abar. Horrek, gauza guztiek bezala, bere alde onak eta txarrak ditu, baina, egian esan, gaur egungo mundu aldakor honetan, burujabe izateak abantaila dirudi beste ezer baino gehiago. Arras interesgarria iruditzen zait petrolioarekin egin dutena. Herrialde batzuentzat, horrelako aurkikuntzak arazo iturburu bihurtu dira. Izena eta guzti jarri diote gertakari horri: «Petrolioaren madarikazioa». Norvegiarrek, aldiz, zentzu handiarekin kudeatu dute baliabide hori. Ipar Itsasoan topatu zuten petrolioa eta urre beltza ateratzeari ekin zioten. Ekonomia bultzatzeko aukera gisa ikusi zuten aurkikuntza hori, eta, erlijio neoliberala albo batera utziz, Estatuak petrolio erauzketaren inguruko industria garatu zuen. Gaur egun, petrolio ateratzeko industria hori punta-puntakoa da mundu mailan.

 Bestalde, petrolioak izugarrizko dirutza eman zion eta ematen dio Norvegiako Gobernuari. Diru gehigarri horrekin bi aukera zituen Gobernuak: edo baliabide horiek etorri ahala gastatzea edo zerbaitetan inbertitzea. Lehenengo aukera baztertu eta bigarrenari ekin zion Gobernuak 1990. urtean, funts bat sortuz. Orain dela sei urte Gobernuak zituen funtsak berrantolatu zituzten, eta, ordutik hona, «Gobernuaren Pentsio Funts Globala» deitzen da petrolioen etekinekin sortutako funts hori. Munduko handienetakoa da eta ia 700.000 milioi dolarreko inbertsioak ditu mundu osoan zehar.

Funtsaren inguruan eztabaidak izan badira ere, funtsak bere izaera mantendu du. Eztabaida bat ere burutu zuten funts horretatik Gobernuak urtero zenbat gastatu ahal zuen zehazteko. Akordio batera iritsi eta Gobernuari urtero funtsaren %4 erabiltzeko aukera ematen dion arau bat onartu zuten. Luze eztabaidatu zuten funts horrekin egindako inbestimenduek irizpide etikoak bete behar zituzten ala ez. Azkenean, batzorde etiko bat osatu zuten inbertsioak aztertzeko. Batzorde horrek irizpide batzuk zehaztu ditu inbestimenduak egiteko. Ondorioz, adibidez, tabako edota armagintza enpresetan inbertsioak egitea debekatuta dago.

Funts horren kudeaketan dago nire ustez norvegiarren eta gure arteko ezberdintasun nagusia. Inork imajinatzen ahal ditu hemengo politikariak aparteko diru bilketekin lortutako irabaziak funts berezi batean jartzen etorkizunari begira? Baliabide gehikuntza bat izanez gero, ez ote zuten dena gastatuko? Zaila egiten zait irudikatzea inaugurazioak egiteko horrelako aukerari uko egitea. Egun, aspaldi baliabiderik ez dugun arren, Pasaiako kanpoko kaia, errauskailua, abiadura handiko trena, Donostiako metroa... eskatzen jarraitzen dute politikariek. Norvegiarren epe luzeko ikuspegi hori gureganatzea, neurri txikian bada ere, ez legoke gaizki. Are gehiago gaur egungo krisi egoeran.

Pasa den igandean Laura Mintegik krisitik ateratzeko herri gisa aritu beharra dugula esan zuen. Horren haritik, asteartean, bai Patxi Lopezek, bai Jose Luis Bilbaok, bai Martin Garitanok antzeko beharra azpimarratu zuten. Sindikatuek ere matxinadara deitu dute. Badago nondik hasi. Kontua da hauteskunde kanpainaren bezperan gaudela eta horrek asko zailtzen duela herri gisa aritzea. Hala ere, orain da momentua ariketa hori gauzatzen hasteko, bestela Estatuan PPri gertatu zaiona gerta dakiguke guri ere Euskal Herrian: hauteskundeen ostean beranduegi izatea ezer zuzentzeko. Norvegiarrek petrolioarekin egin zuten moduan, Euskal Herrian ere Etorkizuneko Inbestimendu Funtsa osatzen joan beharko dugu, lehia politikotik babestua eta burujabetzaren aldeko akordioekin osatua. Hori da krisia gainditzeko egin dezakegun inbertsiorik sendoena. •