Reyna tabernako bazter batean kartak atera eta liluratu egin gaitu, emanaldi inprobisatu eta pribatuan, Eriz magoak. Mahai biluzia, kartak, trebe mugitzen diren eskuak eta hitz jario etengabea. Magiak ezinezkoa dena posible bihurtzen du. Eta unetxo batez dena posible dela sinistu ahal izatea benetan magikoa da.
Amagoia Mujika
2012ko Uztailaren 13a
Eriz magoak 37 urte beteko ditu aurten eta 16 bat zituela hurbildu zen magiaren mundura. Gauza asko batu ziren aldi hartan bere bizitzan; desberdina zen zerbait egiteko gogoa, Juan Tamarizek telebistan zuen magia saioa eta barru-barruan zeraman irakurzaletasuna. «Izugarri gustatzen zitzaidan irakurtzea eta denetarik irakurtzen nuen. Errenterian bazen bigarren eskuko liburuak oso merke saltzen zituen denda bat eta hara joaten nintzen. Denetarik erosten nuen eta han topatu nuen karta jokoak biltzen zituen magia liburu bat. Gogoan dut dendako liburu garestienetakoa zela. Niri kartak betidanik asko gustatu izan zaizkit eta erosi egin nuen». Eta magiak harrapatu egin zuen; «beti esaten da magiaren pozoia barruan sartzen zaigunean dagoeneko ezin dugula atera eta niri horrelako zerbait pasa zitzaidan», gogoratu du. Horrela hasi zen buru-belarri gerora ofizio bihurtu zuen afizioarekin. «Ez da ohikoa magoa izatea. Koadrilakoek oraindik ere esaten dute brometan ‘nik mago bat ezagutzen dut, e?’».
Lortu zuen lehen liburu hura altxor handi bat bezala zaintzen zuen, azkar konturatu baitzen magiaren inguruan apenas zegoela materialik. Bere jakin-minak Donostiako Xixka elkartera eraman zuen, Gipuzkoako Ilusionismo Elkartera, eta oraindik bertako bazkide izaten segitzen du. «Han beste mago batzuk ezagutu nituen eta haiek utzitako liburuekin-eta jarraitu nuen ikasten. Lehen oso informazio gutxi zegoen eta, gaur egun, gehiegi. Ez bata, ez bestea ez dira onak. Lehen magiaren inguruko informazioa lortzeko lan egin beharra zegoen, liburua topatu, irakurri eta lortzen genuen informazio apurra benetan baloratzen genuen. Gaur egun, Internetera sartu, tekla bati eman eta informazio mordoa daukagu eskura. Eta hain erraz hainbeste informazio lortzen dugunez, bada, ez dugu batere baloratzen».
Eromen puntu bat
Gauza bat magia gustuko izatea da. Beste bat, magia emanaldi bat jendaurrean egitera ausartzea. Eta beste bat, magia ogibide bihurtzea. «Jendeak askotan galdetzen dit zer behar ote den magoa edo ilusionista izateko. Magia truku bat egiteko ez da ezer berezirik behar, baina jendaurrean aritzeko, antzeztoki batera igotzeko, eromen puntu bat behar da. Ez bakarrik magoak, baita antzerkia egiten duenak, bertsoak kantatzen dituenak, monologoak egiten dituenak... ere. Nik badaukat eromen hori eta horri esker egin nuen nire lehendabiziko emanaldia hementxe, Reyna tabernan».
Bere lehendabiziko hura lagunez eta etxekoez inguratuta egin zuen Eriz Markesek, hori baita bere benetako izena. «Izen artistiko bat pentsatzen hasi eta nire izena aukeratu nuen, nahiko berezia delako. Egia esan, gerora konturatu naiz izen artistiko txarra dela, zeren ia inork ez du ondo esaten. Baina, tira, une hartan askorik pentsatu gabe horrela erabaki nuen eta aurrera. Eriz eta magoa aukeratu nituen pertsona eta pertsonaia uztartzeko».
Izan ere, oholtza gainean agertzen den mago berritsu, zirikatzaile eta lotsagabeak badauka beretik. «Nire pusketa exajeratu bat agertzen da oholtza gainean», aitortu du.
Izen artistikoa estreinatu zuen Reyna tabernako lehen emanaldi hura oso gogoan dauka oraindik: «Ateratzeko unea gogorra izan zen. Gerora, horrela izaten segitu du. Niretzat gogorrenak emanaldiaren lehen bost minutuak dira, zeren nahikoak izaten dira emanaldia ondo edo gaizki joango den jakiteko. Lehen emanaldi hura oso ondo joan zen, jendearen erreakzioa bikaina izan zen. Gerora pentsatu dut igoal gehiegizkoa ere izan zela eta irudi faltsua sortu zidala. Lehen emanaldi hartan benetan nintzena baino hobea nintzela sinistu nuen».
Bi emanaldi nahikoak izan zituen gailurra ukitu eta behea jotzeko. «Bigarren emanaldia Donostiako Txofre plazan izan zen, Santo Tomas egunez, eta lehenengo aldiz, haurrentzako. Egun hartatik, ez dut sekula lanik egiten Santo Tomas egunez. Hasi baino lehen, haurrak dagoeneko petardoak botatzen ari ziren eta nik pentsatzen nuen ‘oraindik ez naiz hasi, ez dakizue ona edo txarra naizen’. Gaur egun dakidanarekin erraz gaindituko nukeen egoera hura. Baina nire bigarren emanaldia zen, hasiberria nintzen eta benetan gogorra izan zen. Orduan, magia emanaldiena utzi egin behar nuela pentsatu nuen».
Eta ez zuen utzi. Lehen esperientzia haietatik plaza asko ibili ditu Erizek eta gaur egun garbi dauka berari gehien gustatzen zaizkion ikusleak haurrak direla. Gaur egun egiten dituen emanaldien %99 haurrentzako dira. «Euskal Herrian, helduentzako ez da ia ezer egiten. Badirudi ikuskizunek haurrentzako izan behar dutela. Ez dut sekula ulertu zergatik den hori, beste toki batzuetan helduentzat askoz eskaintza zabalagoa baitago».
Hala ere, Erizek haurrekin gozatzen du gehien, beretzat publiko onena dira, nahiz eta era berean zailena ere baden. «Haurrekin gauza mordoa ikasten dugu. Haurrek dituzten ateraldiak jenialak dira, ezin zaizkio beste inori okurritu. Publiko onena eta zailena da. Haurra oso exijentea da, aspertzen baldin bada, altxatu eta joan egiten da. Ez du txalo jotzen zerbait gustatu zaiola erakusteko, eta ez bazaio gustatzen, argi eta garbi esango digu. Baina gustura eta pozik badago, azaltzen duen zoriona eta eskerra izugarriak dira. Hori ezin da ordaindu». Beste magoek, profesioko lankideek, aitortza krudel samarra egiten omen diote bere ikuskizuna ikusten dutenean: «Magiaren aldetik, ez zaie asko gustatzen nire emanaldia. Baina, beste aldetik, haurrak ordubetetik gora adi-adi, pozik eta begira egotea meritu handikoa iruditzen zaie eta pentsatzen dute agian beraiek daudela oker. Nik urte asko daramat plazetan eta nahi dudana haurrek ondo pasatzea da. Hori da nire helburua».
Magiaren pozoiaz kutsatu zenean, Eriz arotza zen. Egun batean, aitaren aurrean jarri eta «aita, nik magoa izan nahi dut» esan zion. Aitak ikusia zuen ordurako magiaren inguruko liburuekin atzera eta aurrera, bazekien noraino zeukan harra sartuta eta segituan konturatu zen alferrik izango zela hari kontra egitea. «Eskatu nion bakarra etxean bizitzen uztea izan zen, magiatik bizitzen saiatu behar nuela. Hortik aurrera, kalera atera nintzen magia egitera, eta ez beti baldintza onetan. Hasiera ez zen erraza izan, baina pixkanaka aurrera eginez egin dut nire bidea. Grazia egiten dit jende askok esaten didanean sekulako zortea dudala gustatzen zaidana egiten dudalako. Nik arotz lana utzi nuenean erotuta nengoela esan zidaten, eta orain zortea dudala esaten dute. Zortea norberak bilatzen du. Nik esaten diet: ‘Zer gustatzen zaizu? Bada, utzi zure lana eta hasi horretan...’. Nik urte gogorrak pasatu ditut, diru gutxirekin, ofizioa ikasten eta ikasten, egurra jasotzen... jendeak, maiz, ofizioaren alderdi ona bakarrik ikusten du».
Lehendik krisi antzean zebilen kultur arloari oraingo krisia igo zaio bizkarrera. «Lan gutxiago egiten ari naiz, baina gauzak dauden bezala, ez naiz kexatuko. Egia da jendeak nire ikuskizuna gustukoa duela eta deitzen didatela. Baina gauzak ez daude batere ondo».
Uda eta festak eskutik dauden honetan, lan gehiago izango du, noski, mago batek? «Hori aldatu egin da. Lehen, udan lan gehiago egiten genuen, baina orain neguan egiten da gehiago. Eta nik, aukeran, nahiago dut neguan egin, baldintzak hobeak izaten direlako. Udan kalean izaten dira emanaldiak, eta kalea ez da magia ikuskizun baterako tokirik onena. Kalean egiten den ikuskizunaren kalitatea %30 inguru jaisten da; zaratak daude, autoak pasatzen dira, jendeak ikuskizunarekin topo egiten du, ez da espreski ikustera joaten... Aldiz, neguan, normalean, antzokietan aritzen gara, kanpoko soinurik gabe, argi hobearekin, jendea gure ikuskizuna ikustera doa propio... Ulertzen dut kaleko ikuskizunek bizia ematen diotela herriari, baina bestalde iruditzen zait antzokietara edo aretoetara ikuskizun bat ikustera joateko ohitura zabaldu beharko genukeela, ez baitago horren kultura handirik».
Telebistako magoa
Kalean aritu da, baita antzokietan ere, eta telebistako martxa ere ezagutzen du. ETB-ko Finlandia saioan aritu zen Eriz magia egiten. «Bitxia da, baina Finlandian nengoen bitartean, saioak ez zitzaizkidan ugaritu, alderantziz. Telebistan nengoenez, hor ikusten ninduten eta ez zidaten deitzen. Gero, telebistakoa bukatu zenean sumatu nuen igoeratxoa. Esperientzia oso polita izan zen telebistakoa eta magia asko ikasi nuen. Anjel Alkaini eskerrak eman behar dizkiot, eskaini zidan aukeragatik. Izan ere, telebistako denborak asko aldatzen dira eta ez dago dena gure eskuetan; zazpi kamera, errealizadorea... ez dakigu zein kamerak hartuko gaituen, zer plano hartuko duten... Guztira 37 programa izan ziren eta lan handia dago horiek prestatzen. Baina benetan gustura aritu nintzen. Guraso askok esaten zidaten seme-alabekin batera ikusten zutela programa, elkarrekin gozatzen zutela eta hori gauza handia iruditzen zait».
Auto txikiaren trukuarekin jarraitu du. Oso erraz egiten duenez, zaila dela imajinatzen urte eta erdi eman duela truku hori prestatzen. Eta itzal txinatar batzuekin agurtu gaitu, orain horiekin hasi baita. Izan ere, Erizen trukurik emankorrena deskubritu dugu: beti dagoela zer ikasia pentsatzen du. •




