Katixa Agirre
2012ko Uztailaren 13a
Maite ditut liburutegiak. Une zoragarriak igaro ditut liburutegi bakartietan: liburu baten bila kode sekretua eskuan, liburu arteko lo-kuluxkak. Aurrekoan liburutegira joan eta eskaintza berezi batekin egin nuen topo. Aulkietan jarrita, dozena bat pertsona zain, mailegatuak noiz izango. “Human Library” delakoa zen, Giza Liburutegia alegia, zeinetan pertsonek hartzen duten liburuen tokia. Katalogoari begiratu behar diozu aurrena, eta norekin interesatzen zaren erabaki.
Nire kasuan, RAFeko hegazkin pilotu lesbiana, laurogeitaka urteko poeta eta mezkita bateko imanaren artean erabaki ezinda ibili nintzen. Azkenean, poetaren alde egin nuen: erreferentzia apuntatu, liburutegiko arduradunari esan eta honek pasa zion abisua bere aulkian txintxo zegoen poeta zaharrari. Altxatu, elkar agurtu eta liburutegiko txoko batean egokitu ginen, aurrez aurre, berrogei minutuz berba egiteko.
Laurogeita lau urteko emakume bat zen, zimurtuta eta ederra, senarra hil eta gero koadernoetan gorderiko bere poesia argitaratzen hasia zena. Huntaz eta hartaz aritu ginen. Bere bizitzaz, bere poesiaz, bere zahartzaroaz: ahaztu egiten zitzaion hain zaharra zenik, eta horrek gizon gazteengan fijatzera eramaten zuen. Ia egunero maitemintzen zen berrogei, hogeita hamar urteko gizonekin.
Berrogei minutu horiek ziztu bizian pasatu ziren. Presaka nenbilen eta ezin izan nuen beste inor maileguan hartu. Euskal Herrian antzeko zerbait antolatzearen aukeraz hausnartu nuen gero.
Danimarkan jaio omen zen Giza Liburutegiaren ideia. Lau gaztek sustatu zuten, beren lagunetako bat, gaueko liskar baten ondorioz, labankadaz zaurituta suertatu ostean. Gazteen artean sortzen zen biolentzia ulertezina ulertzea zen euren xedea. Soziologoek, politikariek, medioek erantzun topikoak, orokorrak, osatugabeak baino ez zituzten eskaintzen. Ez zegoen arrazoi bakarra, istorio bakarra, azalpen bakarra. Gazte bakoitzak, pertsona bakoitzak bere istorioa zuen, eta hobe zuten pertsona bakoitzarengan jo, ezer ulertuko bazuten. Horrela jaio zen Giza Liburutegia, “zein da zure aurreiritzia?” azpititulua daramana.
Motibazio literario hutsez bultzatuko nuke Giza Liburutegi bat Euskal Herrian. Errelato bakarraren ideia absurdoa bada, absurdoa da era berean bi errelatoen posibilitatea. Hainbeste intriga, miseria, elkartasun, gorroto eta maitasun istorio ez dira hiru, lau, hamabi errelatotan kabitzen. Ez al da kartzelara egindako bisita bakoitza ipuin baterako mamia eskaintzen duen gertakaria? Musean jolastu ziren Ortega Lararen kartzelariak 532 egunez, lehia amaigabe batean? Nola azaltzen zuen kazetari horrek, aspaldiko ezagunekin kalean topo egindakoan, segika zuen morroskoa bere bizkartzaina zela? Zer presio jaso zituen hamabost urte espetxean zeramatzan presoa utzi nahi izan zuen emakume horrek? Zer nolako intrigak jarri ziren martxan Negurin, enpresari handi hura bahitu zutenean? Zergatik gidatzen zuen leherkariz betetako kamioia zuzenbide ikasle pinpirin horrek, XXI. mendearen hasieran, gida-baimena atera berria? Nola mantentzen da itxaropena Cabo Verden, edo Habanan? Zer nolako power-pointak prestatzen zituen, ate blindatuaren atzean, unibertsitate-irakasle hark? Zer edaten du, laneguna amaituta, torturatuekin lan egiten duen terapeutak?
Bere istorioa kontatzeko irrikaz, beharraz dagoen jendez inguratuta bizi gara. Idazle batentzat hori altxorra da. Nik, behintzat, istorio horiek entzun nahiko nituzke: liburutegira joango nintzateke, pertsona aukeratu, bere istorioari adi geratu. Eta gero, fikzioaren trikimailuak erabiliko nituzke istorio hura sinesgarri bihurtzeko.
Liburutegi honek euskal literaturari egin diezaiokeen mesedea kalkulaezina da. Literaturatik harago ere mesederen bat egingo balu, hainbat hobe. •




