BEGIRADA -

Gorka Zozaia - Kimikaria

2012ko Uztailaren 13a

Kategorikoegia izateko beldurrik gabe, hainbatetan baieztatu dut begi beste egia daudela, errealitate beraren gainean. Baita zientziaren egia eraikitzeko orduan ere; klase altuko gizon zuri eta okzidentalaren begietatik ikusten baita nagusiki. Hargatik epistemologia feministaren garrantzia. Haratago, zientzian ezin da egiaz hitz egin ere! Ezer egia balitz, definitiboa, zientziaren egitekoa hor amaituko bailitzake; egiak zientzia ukatzen du. Baina tira, noan mamira. Egia ikuslearen araberakoa dela ulertarazteko, ziurtzat ditugun egia batzuk hankaz gora jarri behar dira eta hain zuzen ere, horretarako begia aztertzea oso interesgarria da.

Interesgarria da, batez ere, gizakiok –gehienetan– inguruko informazioa hautemateko, ikusmenari ematen diogulako garrantzia eta sineskortasun gehien, beste animalia batzuek ez bezala. «Ikusten ez badut ez dut sinisten» maxima lekuko, ikusmenaren bidez inguratzen gaituen inguru materiala fidelki jasotzen dugula uste dugu, bideo kamera batek bezala funzionatzen duela ikusmenak, alegia: begiak kanpoko argi izpiak jaso eta garunean pelikula osatu. Horixe da intuitiboena, baina errealitatea guztiz bestelakoa da.

Hainbat arrazoi eman daitezke sinismen hau errotik alboratzeko, baina sendoena begiaren fisiologiak ematen digu. Begiak gure inguruko argi izpiak erretinan proiektatzen ditu: argia pupilako zulotxotik pasatu eta barnekaldeko pareta esferiko osoan kanpoko irudia inbertituta osatzen da, argazki kameretan bezalaxe. Erretina baina, ez da argazki kamerako pelikula edo sensore digitala bezalakoa. Argi ikusgarriarekiko sentikorrak diren zelulak (konoak eta bastoiak) ez daude homogeneoki banatuta, irudian erakusten den moduan baizik. Ia kono guztiak Fobean daude eta gainontzean bastoiak dira nagusi, Foveatik urrunduz gutxitzen direlarik.

Erretinaren gaitasun detektore heterogeneo honek, erabat zapuzten du ikusmena kanpoan dugunaren isla fidela den sinismena. Hasteko eta behin, begi bat itxita ere, non dago nerbio optikoari dagokion «zuloa» gure ikusmenean? Beltzune bat ikusi beharko genuke ikuseremuaren nahiko erdikaldera, ezta? Baina hoberena ez da hori. Bastoiek argi ikusgarria detektatzeko balio dute, baina konoak dira, hiru motakoak ditugunez, ikusgarriaren baitako espektro ezberdinak bereizteko gai direnak (hots, koloreak bereizteko gai direnak). Eta konoak praktikoki Fovean bakarrik baldin badaude, nola da posible gure ikuseremu guztia koloretan ikustea? Lerro hauek irakurri bitartean, ikuseremuaren alboetan duzun eskua zergatik ari zara koloretan ikusten? Erantzuna, oso sinplea da, baina apurtzailea: ikusten duguna garunaren asmakeria bat da.

Garunak, noski, errealitate baten gainean asmatzen du –norbere egiak erralitate baten gainean eraikitzen diren bezalaxe–, baina errealitate horretatik ebidentzia batzuk soilik jasota. Fovearen bidez jasotzen dugun informazioa nahikoa da (haratago, erretina osoa konoz josia bagenu, gure garunak ezingo luke informazio guzti hori prozesatu) inguruan zer dugun hautemateko. Foveak gainera ez du soilik kolorea diskriminatzen, zelulen dentsitate handiena bertan ematen denez, irudien zehaztasuna ere bertatik jasotzen dugu. Guztiz inkontzientea eta ikaragarri azkarra eta zorrotza den begiaren mugimenduak ahalbidetzen du detailerik ez galtzea. Esan liteke, Foveaz gaindiko erretinaren funtzio nagusia mugimendu/argi aldaketak detektatzea dela, begi mugimendu azkar batez Fovea bertara zuzentzeko.

Azken honen erakusle, irudian jasotzen den jolas optikoa. Karratu beltzen artean zirkulu zuriak daude. Fovea bati zuzentzean ohartzen gara denak zuriak direla. Baina puntu zuri bati begira gaudelarik, besteak beltzak edo grisak ikusten ditugu, bastoien bidez informazio nahaskorra heltzen baita. Jolas optiko guztien oinarria garunak egiten duen interpretazio okerra da. Batzuetan begiaren fisiologiagatik eta bestetan kulturalki barneratuak ditugun patroiekin. Horren adibide azken irudia: bikote baten irudia gehienontzat, baina bederatzi izurde umeentzat. Zein da egia? •