Ruben Sanchez
2012ko Uztailaren 13a
Euskal Herrian borrokan ari diren talde eta pertsonek eszeptiko samar begiratu zioten/diote M15 mugimenduari, #spanishrevolution ere etiketatu zen horri. Denbora pasatu da mugimendua plazaratu zenetik, eta talaia horretatik, eta mugimendu horrek indar pixka bat galdu badu ere, aitortu behar zaio lozorroan zegoen espaniar herritar asko ernatu eta pizteko balio izan duela eta hasierako eklosioa borroka zehatzago batzuetara zuzendu dela (etxetik joateko aginduak gelditzea, krisiaren eragileen kontrako ekimenak...). Jakina, revolution baterantz joateko, nire iritzian, estatuaren gaineko irakurketa osatuagoa egitea falta zaie. Mugimenduaren beraren izaera “apolitiko”-ak trabatzen du irakurketa hori egitea, eta seguruenik ez dute aurkitu bide eraginkorragorik jendartearen despolitizazioari aurre egiteko...
Kontrako adibidea Asturies eta Leon-en dugu. Han borroka ez zen hasi atsekabe orokor batetik, arazo zehatz batetik baizik: meatzarien etorkizuna. Horiek, ordea, ez zeuden despolitizatuta, aitzitik, borroka tradizio luze baten seme-alabak dira, eta beren etxeetan entzun dutena da borroka izan dutela beti bide bakarra beren familien etorkizuna bermatzeko. Eta borrokan ari dira, gorputz eta arima, emakumeak eta gizonak, zaharrak eta gazteak, senideak eta lagunak, eta daukaten guztiarekin, diren guztia desagertzeko zorian dagoelako.
Meatzariek Madrileraino egin duten bidea M15-ek famatu zuen Sol enparantzan bukatu da Poliziaren indarkeriak sakabanatuta. Marusiñak hurbildu ditzala batzuen eta besteen borrokak! Gurean, Estatu espainol eta frantseseko herrientzat askapen borrokak bide-lagun izan beharko lukeen bezala, Asturies, Aragon, Gaztela edo Leonen egiten ari diren borroka lagungarria zaigu. Eta ezinbestekoa zaigu elkartasun zubiak eraikitzea. •




