Iran AEBen eta Israelen mehatxupean bizi da aspaldi honetan. Londresen bizi diren irandarrekin eta hiri horretan gerraren aurkako mugimenduan esku hartzen duten ekintzaileekin egon gara, beraien kezkak, ilusioak eta hausnarketak jaso nahian. Ez da batere erraza mehatxatutako herri batekoa izan eta agian herri hori bonbardatuko duen herrialde batean bizitzea.
Maider Lacalle
2012ko Uztailaren 13a
Telefonoak seinalea eman du. Behin, birritan, hirutan… Ez dago erantzunik. Bat-batean, eta ingeles eskas batekin, esku-tresnaren bestaldean, ahots baxu batek izen arrotz bat ahoskatu du. Irandar jatetxe bat da eta establezimendua kudeatzen duen familiak, seguruenik, Iranek 1979. urtean bizi izan zuen iraultzaren ondorioz utziko zuen herrialdea, eta Londresera etorriko zen, orduan ezarri zen islamiar agintaritzatik aldentzeko.
Estereotipo hutsa dirudien pasarte hori behin eta berriro errepikatzen da Britainia Handiko hiriburuan. Irandarrek kazetariekiko mesfidantza izatea ere behin eta berriro gertatzen da.
Britainia Handian bizi diren irandar gehienak Iranen 1979az geroztik boterean egon den mulah deiturikoen erregimenaren aurkakoak dira. Ez dugu ahaztu behar orain hiru urte Mahmud Ahmadinejad egungo errepublikako presidentea garailetzat eman zuten hauteskundeek eztabaida handia eragin zutela.
Mesfidantza
Alde batetik, parte-hartzea 2005eko hauteskundeetakoa baino askoz ere handiagoa izan zen eta horrek talde askoren artean mesfidantza eragin zuen. Bestetik, emaitzak bozketa prozesua amaitu eta berehala jakinarazi ziren –Egipton ia astebete behar izan dute presidentetzarako azken hauteskundeetako emaitzak ezagutzera emateko eta Iranen bi ordu nahikoak izan ziren–. Denbora gutxiegi gauza onerako, begirale batzuen ustez. Oposizioko talde guztiek irabazlearen aurka egin zuten eta oraindik ere errepublikako buruzagi gorena den Ali Khamenei aiatolah-k herritar guztiei bat egiteko eskatu zien, Ahmadinejadi babesa emateko.
Izena ezkutatzeko eskatu digun kazetari batek aipatu digunez, «atzerrian aritzen diren kazetariak ez dira ongi etorriak izaten Iranen». Bere jaioterrira arrazoi horrengatik sekula ere itzultzen ez den irandar horren arabera, egoerak txarrera egin du aipatutako hauteskundeak egin zirenetik. 2009a baino lehen ere adierazpen askatasuna askotan bortxatutako eskubidea zen, baina geroztik egoerak txarrera egin du.
Moskuko bilera
Horrexegatik, hain zuzen ere, ez da batere erraza Britainia Handiko irandar komunitatearekin hitz egitea. «Beraien izenak argitaratuko diren beldur dira», diote gure iturriek. Horrek, jakina, oso ondorio larriak ekarriko lituzke. Horrela esan digu aski ondo eta orain dela denbora batetik ezagutzen dugun Londresen bizi den irandar batek. Berak eskatuta, ez dugu bere izenik emango testu honetan.
Orain aste batzuk, Irango agintariak 5+1 deituriko herrialdeen (Txina, Estatu frantsesa, Errusia, Britainia Handia, Ameriketako Estatu Batuak eta Alemania) taldeko buruzagiekin elkartu ziren, Moskun. Irandarren asmo nuklearren inguruan aritu ziren. Begiraleek bilera egin aurretik iragarritako moduan, Moskuko ahaleginak ez zuen inongo hobekuntzarik ekarri herrialde horien eta Iranen arteko harremanei dagokienez.
Herrialde indartsuenen mehatxuak bere horretan jarraitzen du eta, Teheranek programa nuklearra bertan behera uzten ez duen bitartean, garai batean Persia izena zuen herrialdeak zigor gogorren pean egoten segitu beharko du, gero eta gogorragoen pean, gainera, agintariek esaten dutenez. Aurreikusitako zigorretako bat Txinak eta Indiak, besteak beste, Irango petrolioa gehiago ez erostea da, eta horrek sekulako galera ekonomikoa eragingo lioke aiatolah-en herrialdeari.
Estutasun ekonomikoak
Izena eman nahi ez duen beste irandar batek GAUR8-ri azaldu dionez, 2011n Irango monetak krisialdi izugarria izan zuen eta prezioak ikaragarri igo dira herrialdean; diru gutxiago sartzen da Iranen, petrolio gutxiago saltzen baitu. Hori dela eta, inflazioa goi-goian dago.
Egoera hobeto ulertzeko, letra txikia irakurtzen lagunduko digun Stop the War Coalition taldeko Jim Brann-ekin elkartu gara. Londreseko hegoaldeko aski ezaguna den kafetegi batean egin dugu hitzordua. Inguruko jendeak ez duen itxura du Jimek, berak ez du eguzkitako betaurreko cool-en (Euskal Herrian fashion esaten zaien horiek) beharrik. Bere bizikletan agertu da, aktibista itxurarekin.
Ez galdetu azken hitz horrek zer esan nahi duen, baina merkataritza nagusi den hiri handietan beti igartzen da nor den statu quo-aren kontrako manifestari sutsua. Jim azken horien adibide on bat da. Ez du inola ere atentziorik deitu nahi, goitik behera xume jantzita doa. Vietnameko gerraren aurka egin zuen bere lehen agerraldi politiko-aktibista, 16 urte besterik ez zituenean. Ordudanik, indar berarekin aritu da herrialde inperialisten okupazio biolentoei aurre egiten.
Gaizkiaren Ardatza
Kafeari zurrupada txiki bat eman eta hamaika datu botatzen hasi da: zenbakiak, lekuak, pertsona izenak... Zaila da, batzuetan, batez ere kafetegian dagoen beroarengatik, elkarrizketaren haria jarraitzea. Baina bat-batean, bam!, «Axis of Evil» esaldia aipatu du eta Brann informazio iturri fidagarria dela konturatu gara. «New York-eko dorre bikiak behera etorri eta gutxira [2002ko urtarrilean] George W. Bush-ek esaldi hau erabili zuen, asmo propagandistikoekin, argi eta garbi». «Axis of Evil» edo «Gaizkiaren Ardatza» bezala itzuliko genukeen diskurtsoak hiru herrialdeei egiten zien erreferentzia zuzena: Ipar Koreari, Iraki (gero inbaditu eta okupatuko zuten herrialdeari) eta Irani.
Brannek ez du duda izpirik ere: Estatu Batuek 2001eko irailaren 11n gertatutakoa erabili dute beraien estrategia politiko-militarra aurrera eramateko, eta Iran estrategia horren parte nagusia da. «AEBek egindako ‘terrorismoa laguntzen duten estatuen’ zerrenda ofiziala oraindik ere existitzen da», aipatu du Brann-ek. «Aldi berean, AEBen arabera, oraindik badaude suntsipen handiko armak ekoizten ari diren estatuak». Horixe da, hain zuzen ere, inperioak bere beldurraren aurkako kanpainan erabiltzen duen formula propagandistiko gorena: terrorismoaren eta suntsipen handiko armen diskurtsoaren konbinazioa.
AEBen aitzakiak
«Zerk elkartzen ditu Irak, Iran eta Ipar Korea? Ezerk ez –esan du Brann-ek–, hirurak AEBen helburu estrategiko izateak besterik ez». Auzi nuklearra, Iranen kasuan, «aitzakia» besterik ez dela azaldu du. «Horixe da AEBek beraien estrategia aurrera eramateko erabiltzen duten metodoa». Azken helburua zein den garbi ikusi ahal izan dugu Iraken: inbasioaren ondoren, lehen bertan presentziarik ez zuten Mendebaldeko petrolio konpainia ugari bertan ezarri dira.
Aldi berean, «irandarrek diotenez, beraiek garatutako teknologia nuklear guztia AEBek suntsitu zuten», jarraitu du Brannek. Iranek ezeztatu egin du arma nuklearrak ekoizteko programarik inoiz izan duenik. Baina ez dago hori horrela dela frogatzerik. «Ezezko bat ezin da inoiz frogatu. Nola frogatu, adibidez [niri begira], zu ez zarela Ghandi? Ezinezkoa da».
Brasilen mehatxua?
AEBek Irak okupatu ondoren, dena den, Iranen aurka jo zuten eta erabaki horren arrazoi gisa herrialdearen programa nuklearra aipatu zuten, 1974an AEBen aliatu zen xah-k abian jarritako programa bera.
Brannek adierazi duenez, AEBen diskurtsoan aurkitzen ditugun irregulartasunak inperioak Asiako herrialde horren aurka daraman kanpaina gogorraren isla dira: «Badakigu Brasilek iraganean arma nuklearrak ekoizteko programa bat izan zuela eta orain uranioa aberasten ari dela. Hor duzu Brasilen mehatxua! Iranen mehatxua baino larriagoa da, gainera».
Uranioa aberastearekin bueltaka dabiltza Iranen kasuan. %5 edo gutxiago aberastea zentral nuklearrak elikatzeko izaten da; eta %20 aberastea helburu medikoetarako izaten da.
Irandarrek uranioa %5 eta %20 aberastea lortu dutela onartzen dute. «AEBek eta Europar Batasunak nahi dutena Iranek aberasteari guztiz uztea da; eta Iranek aberastearekin jarraitu duenez, AEBek zigorrak ezarri dizkiote azken 30 urteotan. Berria dena da orain beste herrialdeak ere inplikatzen ari direla zigor prozesu horretan», Brannen arabera, lehen aipatutako Txina eta India, esaterako.
Hamar urte pasatu dira AEBek «Axis of Evil» diskurtsoa lehen aldiz erabili zutenetik, Iran ofizialki etsai izendatu zutenetik. Gauza asko gertatu dira geroztik, baina Brannek dioenez, AEBak gerra hori galtzen ari dira, hamarkada honetan ez baitute Iran menperatzea lortu.
AEBak, Israel eta Iran
«Iranek ez dio inori militarki eraso 250 urtetan. Israelek, aldiz, askotan beste herrialdeen lurraldeak okupatu ditu. Eta AEBek 70 aldiz sartu dute eskua, 70 urteotan, hainbat eta hainbat lurraldetan», gogorarazi du Brannek. Zergatik esaten da, orduan, Iranek nazioarteari mehatxu egiten diola?
Komunikabideek jendearengan duten eragina «frogatu» nahian, inkesta txiki eta xume bat egin dugu Brannek eta biok, Brixton auzoko kafetegian. Terrazan dauden pertsonei herrialde zerrenda bat eman diegu (Txina, AEBak, Brasil, Israel eta Iran) eta horiek 1etik 5era puntuatzeko eskatu diegu, munduko bakerako suposatzen duten mehatxuaren arabera.
Esperimentuaren emaitza ikustean, sorpresa ikaragarria izan da: AEBak atera dira bakearekiko mehatxu handien gisa. Nork pentsatu behar zuen hedabide propagandistikoek esandakoari hain kasu gutxi egiten zaionik? Aldi berean, sorpresa bera jaso dugu Iran bigarren mehatxua dela uste dutela ikustean. Eta Israel, azkenaurrekoa besterik ez.
Iranen, hainbat zientzialari nuklear hilda «agertu» dira azken urteotan. Egun, Britainia Handiaren eta Iranen arteko erlazioak normaltasunetik urrun daude. Esan daiteke bi herrialde horien arteko nazioarteko harremanak bertan behera geratu direla. Luze iraun duten ekialdeko herrialde horren aurkako mehatxuek, zeintzuek Irango ekonomian eragin zuzena izan duten, petrolio usaina dute. «Ekialde Hurbilak munduko petrolio erreserben bi heren ditu eta, dudarik gabe, horixe da estatubatuarrek Iranen eskua sartzeko arrazoi nagusia», esan du Brannek, bukatzeko.
Paradoxa
Gerraren aurkako ekintzailearen arabera, AEBek Iranen aurkako borroka galdu egin badute ere, dagoeneko kalte dezente eragin diote herrialdeari, ezarritako zigorrekin eta komunikabideen berri-emate distortsionatuekin. Injustizia politiko guztien artean hau litzateke handienetako bat: herrialde batek, bere aurkako ezer frogatu ez den arren, beste herrialdeek urte askotan behin eta berriz egin dutena egiteari utzi behar izana.




