IN FRAGANTI -

Munduko Bodyboard zirkuituan Alex Urangak olatu ikusgarri bat hartzen duenean, «amazing wave for the Basque Country rider" dio esatariak. Urrian garaipen latza lortu zuen Reunion irlan. Korala "jan" eta sorbaldako lesio bati aurre eginez, lehen kanporaketetatik txapela bururatzeraino, jo eta ma laga zituen munduko izarrak. Sasoian da mutila.

Fausto Berazadi

2012ko Uztailaren 06a

Surfak gurean loraldi ikaragarria izan du azken hamarkadan. Bodyboardak ere bai, ziurrenik. «Baina Zumaian betidanik egin izan da bodyboarda, nik behintzat txikitatik ikusi dut zumaiar piloa Itzurungo hondartzako olatuetan, haitzen ondotik ateratzen diren olatuetan», argitu du Urangak, galderaren intentzioa asmatuz. Anaia Manuk etxeratu zuen lehen boogia berari iritsi zitzaion, familia gehienetan bezala, eta ordutik du kresala azalari itsatsita. «Nire anaiak ere konpetitu zuen bere garaian, eta, egiari zor, oso ondo moldatzen zen; Europako proba batzuetan ere ibili zen! Gero, artearen munduak harrapatu eta, oraindik noiz edo noiz ibiltzen den arren, nik hartu dut haren testigua etxean», aitortu du Urangak. «Etxean, gure boogiak egiten genituen, rotaflexa hartu eta pertsonalizatu egiten genituen!», esan du barrez, txikitako kontuak xelebrekeriaz gogoratuz.

Gogoan ditu urrian, Reunion irlan, munduko IBA (munduko bodyboard zirkuitu nagusia) zirkuituko proba bat irabazi zuenean hezurretaraino hunkiturik eta pozez zoratzen botatako hitzak. «Eskerrak momentu oro nirekin egon den anaiari, lagunei, mundu guztiari. Ez dago hitzik hau deskribatzeko. Hau bizi egin behar da. Eta landu egin behar da honaino iristeko. Urratsez urrats. Gora Euskadi! Kirol hau bultzatu egin behar dugu denon artean. Ea bada, ekin!», esan zuen bere lehen txapelketa kolkoratzean, ingelesez, emozioekin borrokan. Podioan anaia Manuri besarkada ematen eta biak irrintzika ikusteak edonori tentetzen dizkio ile-bizarrak, eta atzean urtetako lanaren saria dagoela konturatzen da bat. Bideoa Youtube atarian dago ikusgai, nahi izanez gero.

Izan ere, ez sinesteko balentria egin zuen Urangak urri hasiera hartan. «Irail partean edo, Zumaiako Itzurungo hondartzan entrenatzen ari nintzela, olatu batean sorbalda atera nuen. Nahiz eta segituan bere lekuan ezarri, minbera nintzen, lotailuan luxazioa bainuen. Halaxe joan nintzen Reunion uhartera, munduko onenen artera, erdi lesionaturik baina dena emateko irrikaz», jarraitu du zumaiarrak. «Basurde zauritua basurde arrunta baino arriskutsuagoa den bezala iritsi nintzen Madagaskarren ekialdean dagoen Reunion irlara. Eta hara non txapelketa hasi eta bizkarkako aireko bat egin ondoren, olatuaren aparra uzteko urperatu eta azalore moduko koral bat "jan" nuen, muturrez eta saihets alboarekin», azaldu du irribar moduko batekin.

Koralarekin izandako talka hartan, Urangaren muturra zartatuta ikus daiteke, masaila, kokotsa eta sudurra haragi bizitan dituela. Itxura tamalgarri harekin ospatu zuen bere bizitzako lehen garaipen garrantzitsua.

Eta haria galdu gabe jarraitu du.«Horrek basurdea are gehiago sumindu zuen eta txapelketa amorruz irabazi nuen. Amorruz eta sekulako maila erakutsiz, sei aldiz munduko txapeldun izandako Guilerme Tamega brasildarra bidean utzi bainuen, eta gero Michael Novy eta Dave Winchester, biak australiarrak. Finala, berriz, Jake Stone australiar gaztearen aurka jokatu nuen. Nire adinekoa-edo izango da, 23 urte-edo izango ditu hark ere. Biok nahi genuen beterano eta izar handien aurrean gure benetako maila erakutsi. Oso lehiatua izan zen finala eta txapela eman zidan olatua azken 20 segundoetan hartu nuen. Ez sinestekoa!», aitortu du Urangak, begirada Itzurungo hondartzatik haratago lausotuz.

Gaur egun ere txapelketaz txapelketa dihardu denboraldian zehar, IBA zirkuituan buru- belarri. Azken proba Brasilgo Itacoatiara paradisuko hondartzan jokatu du, ekainaren 7tik 17ra. Dave Winchester australiarrak irabazitako proba bederatzigarren amaitu zuen zumaiarrak. «Itacoatiara hondartza izugarri ederra da. Jende jatorra eta olatu potenteak daude. Rio de Janeiro hiritik ordubetera-edo dago, baina toki nahiko basatia da», gogoratu du Urangak.

Txapelketako giroaz eta bertako kulturaz galdetuta, hauxe aitortu du urzale gipuzkoarrak, listu guruinei eutsiz: «Niri horrelako lekuetara joan eta bertakoek zer egiten duten, nola bizi diren jakitea gustatzen zait. Bertakoekin nahastea, alegia. Ez naiz txapelketako eremuaren baitara mugatzen, kaiola batean bezala. Bertakoak nora doaz? Bada, nik taberna horretan zer edo zer hartuko dut, eta tokiko jaki edo edaria bada, huraxe. Adibidez, Brasilen "açai" fruituak badu fama, Amazonas inguruko masusten antzeko fruitu bat da eta banana, eztia eta zukuekin zerbitzatzen dute. Gero, olatu artean jarduteko badaezpadako indarra ematen du, sekulakoa da!». «Behin txiringitoan, bertakoekin solasean hasi, txantxaren bat bota eta harreman onak egiten ditut. Haien artean errespetua irabazteko ere balio du, gainera, txapelketari begira jarriz gero», adierazi du, esperientziak zaildutakoek soilik esaten duten antzera.

Etxetik datorkio

Etxean, artista sena duen familia du Urangak. Aita Kandido Uranga du, Goenkaleko Abel ertzain erretiratua, baina makina bat filmetan bere ahots sakon eta bereziarekin ezagutu duguna. Anaia Manu ere Goenkalen ibili zen, bere garaian, eta orain Alexekin batera, arropa marka bat atera berri dute. «Surfaren kulturan kokatu daiteke gure arroparen estiloa. Kolore bizikoa eta erosoa, lasaia. Hasi berriak gara eta gure kostan zabaldu nahi dugu. Building izena du; eraikitzen, ingelesez», argitu du Alexek. Esan gabe doa zein markako kamiseta daraman elkarrizketa egiteko orduan. Ea aitak bere jardunaz zer dioen galdetzean, «hura ederki zagok, etxean belarra mozten, lasai asko!» erantzun du, gurasoen lasaitasuna irabazi duela iradokiz.

Akaso batek pentsa dezake Alex bera ere olatuetako pailazoa dela, egiten dituen itzulipurdi, aireko eta olatuetan irristatzen joan eta edozer gauza egiteko duen dohainagatik. Edo tutuaren barren-barrenean sartu, bat-batean desagertu eta, halako batean, tututik bertatik ateratako sifoi erraldoi baten erdian azaltzeko abilezia duelako.

Baina ez. Aitzitik, badu txapeldun sena, munduko bodyboard rankingean 22.a baita, gaur gaurkoz. Harrapazank! Txapeldun sena baino, onena izan nahiaren kasta. Eta horretarako amorrua, grina. Pailazo baino gehiago, olatuetako artista dela esatea egokiago litzateke.

Aipatu bezala, txikitatik izan du afizio bodyboarda. Zumaiako haitz inguruak ederki ezagutzen ditu. «Baina surferako Itzurungo hondartza sorpresa kaxa bat da, itsasaldi ederra izan eta akaso olatu onik ez dugu aurkituko, eta kondizio eskasetan, bat-batean marea gorantz denean, olatu oso jostagarriak. Ezin jakin. Horrek ere badu xarma...», esan du, bere semeaz ariko balitz bezala.

Bere etxean artista sena dagoela esan dugu, baina gainera, senideak betidanik alboan izan dituela onartu du Alexek. Gauza mordoa egin izan ditu eta beti lagundu izan diotela dio. Gazte garaian, Realean ere ibili zen Alex, baina ez zuen jarraitu. «Eskerrak utzi nuen! Bestela, igual espainiar selekzioarekin egongo nintzen Eurokopa ospatzen!» bota du. Eta Alexek eta kazetariak Itzurungo hondartzako sosegua txikitu dute, algara betean. Grabagailuak doi-doi eztanda egin gabe jaso ditu algarak.

Eta Mexikora begira jarri da zumaiarra. Izan ere, hurrengo IBA proba hantxe du. «Baina krisia dela eta duela egun batzuk urakan bat pasatu dela medio, airean da oraindik. Ikusi beharko da. Bestela, hurrena Portugalera goaz», adierazi du, zoriontsu eta alai. •