Argentonako Bartzelonako herri bat da eta 12.000 biztanle ditu. 2004an hasi zen atez atekoarekin eta 2010ean ordainketa sistema bat jarri zuen martxan
Amagoia Mujika
2012ko Uztailaren 06a
Zaborra sortzen duenarena da eta bizileku duen udalerriak zerbitzu bat eskaintzen dio, legez hondakinak jasotzera behartuta dagoelako, eta zerbitzu horren kostua tasa moduan kobratzen die bueltan bizilagunei. Hortik aurrera, Udalak erabateko eskumena dauka hondakinen bilketa eta kudeaketa nola egin erabakitzeko orduan. Ideia hau garbi izatea garrantzitsua da Bartzelonako Argentonan martxan jarri duten sistema ulertzeko. Atez ate jasotzen dituzte hondakinak eta herritarrek sortzen duten hondakin kopuruaren arabera ordaindu behar dute. Bidea ez da erraza izan eta sistemak moldaketak beharko ditu akaso, baina datuek garbi erakusten dute birziklapenaren eta berrerabilpenaren bidean urrats handiak eman dituela herri horrek.
Nola egiten duzue Argentonan zaborraren bilketa?
2004. urtean hasi ginen atez atekoarekin eta sistema horrek populazioaren %75 inguru hartzen du. Gainontzeko %25ak edukiontziak erabiltzen ditu. Bi zonalde daude atez atekotik kanpo, bata populazio dentsitate baxuko auzo bat da eta bestea, alderantziz, jende asko bizi den gune bat. Argentonak 12.000 biztanle ditu. 2004. urtean, legez, bosgarren edukiontzia, organikoarena, jartzea egokitzen zitzaigun. Hartara, ordura arteko sistemarekin jarraitu eta kalean beste edukiontzi bat jarri edo sistema berriz planteatu hausnartzen hasi ginen. Ordura arte Kataluniako zaborrak kudeatzeko udal programak finkatzen dituen birziklapen eta berrerabilpen helburuetatik nahiko urrun geunden eta norabide horretan pauso bat ematea erabaki genuen. 2004. urtean, errefusa eta organikoa atez ate biltzen hasi ginen. 2008. urtean, ontzi arinak eta papera-kartoia ere atez ate biltzen hasi ginen. Orain, kalean dagoen edukiontzi bakarra beirarena da.
Zergatik uzten da populazioaren %25 sistematik kanpo?
Bata populazio dentsitate gutxiko zonalde bat da. Kilometro asko egin behar dira bizilagun gutxi batzuen zaborra jasotzeko eta garesti ateratzen da. Beste muturrean populazio dentsitate handiko auzo bat dago, mila pertsona bizi dira zazpi eraikinetan. Auzo problematikoaren estigma dauka betidanik, nahiz eta horrek gehiago duen topikotik errealitatetik baino. Eta horiek kanpo uztea erabaki zen. Erabaki politikoa da, baina nik uste dut teknikoki bi auzo horietan egingarria dela atez atekoa eta dauden arazoak konpondu daitezkeela.
Atez atekoaz gain, ordainketa sistema bat daukazue martxan.
2007. urtean, Kataluniako Zaborrak Kudeatzeko Agentziak hondakinak sortzeagatik ordaintzearen aldeko apustua egin zuen. Horren arabera, bakoitzak sortzen dituen hondakinen arabera ordaintzen du. Gu bide horretan sartu ginen 2010. urtean. Baina hori martxan jartzeko, kontadore bat behar da eta hori da sistemaren zailtasun handiena. Sortzeagatik ordaintzea eskatzen duten sistemetan desberdintasunak daude; Italia iparraldean, Belgikan, Alemanian... betiere hondakinak biltzeko erabiltzen den moduaren arabera. Guk Italia iparraldean erabiltzen den sistema ekarri dugu gurera eta oinarrian poltsa tasatuak erabiltzean datza. Zaborra ateratzeko, propio horretarako sortutako poltsa erabili behar da eta poltsa hori ordainduz zaborra jasotzeko zerbitzua eta hondakinak tratatzekoa ordaintzen ari gara.
Hondakin bakoitza bere poltsan atera behar da, orduan.
Atez atekoak daukan muga bakarra egun bakoitzean hondakin mota bat atera behar dela da; ezin da nahi dugun zaborra gogoak ematen digun egunean atera. Organikoa ateratzeko hiru egun daude; ontziak ateratzeko, bi; papera eta kartoia ateratzeako, bat, eta errefusarako, beste bat. Bada, ontzi arinak eta plastikoa dagokien egunean eta dagokien poltsan atera behar dira. Eta berdin, errefusa. Poltsa horiek herriko hainbat dendatan eros daitezke, hamarreko sortetan. Ontzietarako hamarreko sorta batek 3,5 euro balio du eta errefusarako hamar poltsako sortak, 6,5 euro. Horrekin hondakinak jasotzeko zerbitzua finantzatzen ari gara. Aldiz, ez badugu zaborra dagokion poltsan jaisten, iruzur egiten ari gara, zerbitzu bat ordaindu gabe erabiltzen ari garelako.
Beraz, zenbat ontzi mota dituzue hondakinak sailkatzeko?
Ontzi arinek eta errefusak poltsa propioa dute eta ordaindutako poltsak dira. Organikoak bere ontzia dauka eta Euskal Herrian ez bezala, hemen poltsa konpostagarriak erabiltzen ditugu kuboaren barruan. Hartara, langileak poltsa jasotzen du eta kuboa garbi geratzen da. Katalunian herritik herrira desberdina da kontua, herri batzuetan poltsa konpostagarriak Udalak berak ematen ditu; beste batzuetan herritarrak erosi behar ditu eta badira hondakin organikoak edozein poltsatan jasotzen dituzten herriak ere. Arazoa da konpostatzeko gunera iristean poltsa horiek baztertu egin behar direla eta horrek prozesua zaildu eta garestitu egiten du.
Eta zer gertatzen da zaborren tasarekin?
Egia da badirela gastu finkoak, ez direnak sortzen den hondakin kopuruaren araberakoak. Hondakinak sortzeagatik ordaintzea dakarren sistemaren aurretik, urtean 150 euro ordaintzen zuen etxe bakoitzak. Sistema martxan jarri eta gero, tasa hori 95 eurora jaitsi zen eta gainontzeko gastua poltsak erosi beharra da. Beraz, zenbat eta poltsa gutxiago erabili, orduan eta merkeago.
Nolako emaitzak eman ditu?
Onak. Sistemaren aurretik gertatzen ziren tranpa batzuk orain ez dira egiten. Esaterako, larunbata errefusa jaisteko eguna da; errefusa bere horretan, organikorik gabe, ontzirik gabe, paperik gabe... baina gerta zitekeen larunbatean sobratutako janaria errefusan botatzea. Hori gertatzen zen lehen. Baina, orain, errefusaren poltsa ordaindu egin behar denez, jendeak ez du poltsa bete nahi, bestela beste bat erostera joan beharko du-eta. Tasatutako poltsa hauekin lortu dugu poltsa horretan doan hondakina dagokiona bakarrik izatea, ez besterik. Errefusa asko jaitsi da, lehen hor botatzen zen guztia ez baitzen errefusa.
Datuak onak dira, beraz.
Bai. Egia da, hala ere, krisia dela medio hondakin gutxiago sortzen dela. 2007, urtera arte hondakinen kopuruan gorakako joera sumatzen bazen ere, ordutik hona urtez urte jaisten joan da sortzen den hondakinen kopurua. Gutxiago kontsumitzen denez, hondakin gutxiago sortzen da. Baina ordainketa sistema martxan jarri genuen lehen urtean, 2010ean, organikoak gora egin zuen eta errefusak, behera. Zergatik? Bada, lehen organikoa zen hondakin kopuru bat errefusan joaten zelako eta tasatutako poltsak daudenetik ez da hori gertatzen.
Hondakinen bilketa selektiboak diru-sarrerak ere sortzen ditu, ezta?
Zabortegian ordaindu behar diren tasez aparte, badira beste kanon batzuk. Diru horrekin, hondakinen agentziak konpostatzeko guneak finantzatzen ditu eta diruaren beste zati bat udalei bueltatzen die, beren hondakin organikoen kopuruaren eta kalitatearen arabera. Adibidez, Argentonan, hondakinen bilketaren eta tratamenduaren gastuen %10 inguru berreskuratzen dugu hondakinen agentziatik. Gure organikoagatik ordaintzen digutena da hori. Bestetik, ontzi arinengatik, beiragatik eta paperagatik ere lortzen du dirua Udalak. Azkenean, urtearen amaieran, Argentonako biztanleek hondakinen bilketaren eta tratamenduaren gastuen %70 ordaindu behar dute. Gainontzeko %30a diru-sarrera moduan jasotzen du Udalak, birziklatzen duen material guztiagatik.
Nolakoa izan da orain arteko bidea?
Ez da erraza izan, aldaketak beti direlako zailak. 2004. urtean, edukiontzietatik atez atekora pasatu ginenean, protestak izan ziren eta udaletxe parean manifestazioak izan genituen. Baina, dena bezala, aurreiritziak bazterrean utzi eta patxadaz sistemarekin hasten garenean, konturatzen gara ez dela hainbesterako eta aste gutxi batzuetako epean jendea konturatzen da ez dela mundua bukatuko edukiontziak kaleetatik kentzeagatik. Are gehiago, lehen ez zituzten abantaila batzuk atez atekoarekin badituztela konturatzen dira. Esaterako, zaborra etxeko atean bertan uztea. Atez atekoarekin, gauzak asko lasaitu ziren nahiko azkar eta gaur egun sistema hori ez dago zalantzan, herrian gehienak sistema horren aldekoak dira.
Eta sortzeagatik ordaintzea eskatzen duen sistemarako saltoa nolakoa izan da?
Kostatu egin da. Nahiz eta zaborren tasa merkatu, tasatutako poltsen prezioarekin jendea urduri jartzen hasi zen. Ontzi arinenak 0,35 zentimo balio du eta errefusarenak, 0,65 zentimo. Orduan hasi ziren esaten errefusaren poltsa astero jaitsiz gero asko garestitzen zela kontua. Baina kontua ez da errefusaren poltsa astero ateratzea, beteta dagoenean ateratzea baizik. Bilketa selektiboa ondo eginez gero, sortzen den errefusa minimoa da, hiru astean edo hilean behin jaisteko modukoa. Nire kasua azalduko dizut; ni, emaztea eta hiru haur gara etxean eta errefusa hilean behin ateratzen dugu. Haurrak txikiak dira eta pixohialak erabiltzen dituzte. Horientzako beste poltsa bat erabiltzen dugu, Udalak doan ematen diona behar duen guztiari, eta pixohialak edozein egunetan ateratzen ditugu. Beraz, bilketa selektiboa ondo eginez gero, lehen baino merkeago ateratzen da zaborren tasa.
Herritarrek hori ulertzea ez zen samurra izango.
Bada ez, asko kostatu da. Gezurra dirudien arren, jendeak ez zeukan oso barneratuta zerbitzuagatik ordaindu beharraren kontzeptua. Hainbeste ur gastatzen badugu, hainbeste ordaintzen dugu, ados. Hondakinetan eredua berdina da, baina badirudi gehiago kostatzen dela hori ulertzea. Eta tasatutako poltsa ordaindu beharraren kontua barneratzea ere asko kostatu da. Askok esaten dute poltsak ez duela hainbeste balio. Ez, noski, ez gara poltsa ordaintzen ari, zerbitzua baizik. Txipa aldatu beharra dago eta hori normalean asko kostatzen da.
Eta nola joan da aldaketa?
Aurreikusitako poltsa kopurua baino gutxiago saldu dira. Izan ere, sistema gustatzen ez zaion jende kopuru batek zaborra ondoko herrietara eraman izan du. Bagenekien gertatuko zela, baina egia da espero baino portzentaia handiagoan gertatu dela. Ondorioz, aurreikusitakoa baino diru-sarrera txikiagoa lortu dugu poltsen salmentarekin.
2011ko hauteskundeen ondotik aldaketaren bat izan da sisteman, ezta?
Bai. Hauteskundeetan, hondakinen gaia oso erabilia izan ohi da batzuen eta besteen aldetik. Hondakinak sortzeagatik ordaintzea eskatzen duen sistema bultzatu zutenek irabazi zituzten hauteskundeak, baina gehiengorik gabe. Ondorioz, oposizioan zeuden lau alderdi elkartu ziren eta haiek gobernatzen dute. Bi alderdik oso garbi ikusten dute ordainketa sistema eta beste biek, ez hain garbi. Beraz, ados jarri behar izan dute eta 2012. urtean aldaketa txiki batzuk egin dituzte orain arteko sisteman. Aldaketa horien helburua zaborren turismoa desagerraraztea da, hondakin horiek sistemara bueltatzea eta sistema defizitarioa ez izatea. Hartara, zaborren tasa igo egin dute, 95 eurotik 119, 129 eta 139 eurora (etxe bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera). Eta etxe bakoitzean bizi den lagun kopuruaren arabera, Udalak hainbat poltsa ematen dizkio etxe bakoitzari. Tasaren zati finkoa garestitu egin da eta poltsak doan ematen dira. Emandako poltsak bukatzen bazaizkigu, herriko zenbait dendatan daude salgai, lehengo prezio berean.&punctSpace;Arazoa da poltsak sobratzea, hondakinen bilketa selektiboa oso ondo egiten duen jendea badagoelako. Urte amaieran poltsak sobran dituenak ezingo ditu bueltatu, Udalak ez baititu ordainduko. Nahiz eta hondakin gutxiago sortu, gehiago ordaindu beharko du. Hau da sistema honen akatsa, lehengoa justuagoa zen.
Zaborren turismoa murriztea lortu al da?
Bai, datuek esaten dute herritar asko sistemara bueltatu direla. Bagenuen beldurra errefusa gehituko zela eta hori ez da gertatu, berdin jarraitu du eta hilabete batzuetan jaitsi ere egin da. Orain, ikusteko dago urte amaieran poltsarik gabe geratzen denak zer egingo duen, poltsak erosiko dituen edo ez. Hori da daukagun zalantza, ikusiko da. Bide honetan aitzindariak gara, gu baino lehen Estatuan udalerri bakarra baitzegoen bide honetan, Mallorcako Esporlas (gu baino urtebete lehenago hasi ziren eta oso emaitza onak lortu dituzte). Aitzindariak garenean zaila da lehenengotik sistemarekin bete-betean asmatzea eta bidean aldaketak egin behar ditugu. Ikusiko da aurten egindako aldaketek zer emaitza ematen duten.
Atez atekoa zalantzan, behintzat, ez dagoela aipatu duzu.
Ez, erabat txertatuta dago eta datuak onak dira. 2004an, errefusa eta organikoa atez ate biltzen hasi ginenean, %20 birziklatzetik %52ra pasatu ginen. 2008an papera eta ontziak atez atekora gehitu genituenean, birziklatze tasa %62ra igo zen. Gaur egun, ordainketa sistemarekin, %67 inguruan gaude. Atez atekoa herriaren %100era zabalduko bagenu, hondakinen bilketa selektiboa %75-80 ingurukoa izango zen. Datuak onak dira, are gehiago edukiontzien sistema darabilten udalerrien datuekin konparatuz gero.
Askok esaten dute atez atekoa sistema garestia dela.
Normalean, azterketa ekonomikoetan ez dira kontuan hartzen ez gastu guztiak, ezta abantaila guztiak ere. Bilketari bakarrik begiratzen badiogu, atez atekoa garestiagoa da. Baina, beste sistemekin baino material gehiago berreskuratzen dugu eta, beraz, diru-sarrera gehiago sortzen ditu. Hondakinen kudeaketa egokia eginez gero, ez da beharrrezkoa errausketa eta, beraz, ez dugu ez dioxinarik, ez berotegi efektua sortzen duten gasik zabaltzen; mendietan ez ditugu zuloak zaborrez betetzen eta abantaila garbia da. Bestetik, gauden egoeran, punta-puntako kamioietan inbertitu beharrean dirutza hori lanpostuak sortzen inbertituz gero, hobeto, ezta?
Zer iruditzen zaizu Gipuzkoan hondakinen inguruan sortu den bataila politikoa?
Euskal Herriaren eta Kataluniaren artean badaude desberdintasunak alderdi horretan. Kataluniako Atez Ateko Bilketaren aldeko Udalerrien Elkartean kolore guztietako politikariak biltzen dira. Zergatik? Katalunian atez ateko sistema darabilten udalerriak ere kolore askotakoak direlako. Ez da siglen arteko bataila bat, udalerriaren baitan agintea dutenen eta oposizioan daudenen arteko gatazka bat da. Gipuzkoan ez, hemen, atez atekoa «Bildu sistema» bezala bataiatu dute eta nolabait sistema bera estigmatizatu eta kriminalizatu. Horrek, noski, eztabaida erabat kutsatu du eta ez da, ez, koherentea, zentzuduna eta objektiboa. Garrantzitsua da eztabaida bideratzea, ez baitauka batere zentzurik. Eztabaidak patxadatsua eta zentzuduna izan behar du, aldeko eta kontrako faktoreak ondo baloratzeko. Eta oraintxe Gipuzkoan gai honen inguruan dagoen krispazioa ez da batere onuragarria, egoera bideratu beharra dago.




