Mikel Soto
2012ko Uztailaren 06a
Euskal Herrian zegoela eta, aurreko astean Raul Zelik lagun eta idazle alemanarekin egoteko aukera izan nuen. Ohi bezala, politikaz ari ginela, konfidentzia kutsuz zera aitortu zidan: «Alderdi bateko kide egin naiz». Die Linke Alemaniako ezkerreko alderdian izena emana zuela azaldu zidan, eta bazkidetzeko arrazoiak aletu zizkidan. Emandako arrazoi guztiak zentzuzkoak iruditu zitzaizkidan. Besteak beste, alderdiaren azken barne prozesuaren berri eman zidan, zuzendaritza berrituan sartu diren hainbat kideren potreta egin zuen eta komunismoaren edota parlamentarismoaren inguruan izan dituzten hainbat jarreraren eta eztabaidaren berri eman zidan. Niretzat esandako guztia borobiltzen zuen baieztapena bota zuen: «Nik ere uste dut parlamentarismoari buruz eztabaidatu behar dugula eta, aukeran, nahiago 50.000 lagunekin batera egitea». Azkenik, kide egiteko erabakia zela-eta lagunek egindako txantxen berri eman zidan.
Gu bion inguruabar ideologiko eta intelektuala ezagututa, ez zitzaidan gaia arrotza egin. Gaur egun, Sorturen eratze prozesua abian dela, inguruan kezka sakonak eta ergelkeriak entzun izan ditut: «Zer, eta hemendik aurrera, karneta? Kuotekin hasi beharko? Bai, eta aurki… idazkari nagusia!». Zur eta lur uzten naute horrelakoek, normalean “ezker klasikotik” egindako kritikak edo zirikadak baitira, eta ez dakit ezagutza falta edo zitalkeria ote den. Jarrain sartu nintzen lehen egunetik ordaindu nituen kuotak, LABen ordaintzen jarraitzen dut... Altxor gisa gordetzen ditut, aspaldi, Aberri Egunean banatu eta zigilatzen zituzten lekukotasunezko pasaporteak, baita gerora hori baino serioago izan nahi izan zuen EHNA ere. Nire egongelan, beste buruzagi abertzaleen irudiarekin batera, HASIko idazkari nagusi zen Santi Brouarden marrazkia dago. Eta ez naiz bereziki sentimentala eta ez dut neure burua XX. mende hasieran ikusten, beraz, inguruan antzeko kontuak entzuterakoan, militanteen galderak baino gehiago, fede txarreko ergelkeriak direla pentsatzeko joera daukat.
Ezker abertzaleko militanteok Sorturen eraketa prozesuaren aurrean printzipio ideologikoen, antolakuntzaren, barne demokraziaren… inguruan dauzkagun kezka zintzo eta ezinbestekoen aurrez aurre bi jarrera “hurbil” daudela uste dut: betidanik ezker abertzalearen parte sentitu arren, orain ados ez egoteagatik aldentzen direnen jarrera, eta inoiz egon gabe orain ere, gauzak argi ez ikustearen mozorropean, ez daudenen eta egongo ez direnen jarrera. Azkenean, batzuk zein besteak frankotiratzaile lana egiten dabiltza ezker eta eskuinetik taberna eta Sareko eztabaida interesatu eta, sarri, antzuetan. Iruditzen zait eskuak garbi mantentzearen aitzakiapean egiten dutela, alegia, inoiz eskurik zikindu ezean posible baita betiko arrazoia edukitzea eta, aukeran, nahiago 50 pertsonaren artean arrazoia edukitzea, 50.000rekin eztabaidatzea baino.
Aspaldiko elkarrizketa batean, Txillardegik gogora ekartzen zuen Josep Pallach militante katalanaren esana, zeinaren ustez, politikan %51n konforme egotea aski zen alderdi batean egoteko eta, horren harira, zera baieztatzen zuen: «Talde batekin erabat ados egotea utopia da». Baina hainbat une historikok norberaren barruko %51 hori lanean jartzea eskatzen dute. Gogoan dut, aspaldi samar hori ere, Noam Chomskyren beste elkarrizketa bat irakurri nuela, zeinetan bere bozen zentzua azaltzen zuen. «Chomskyk bozkatu… nori?», pentsatu nuen nerabezaroaren araztasun ideologikoan. Egun, ulertzen dut erabakia, izan ere, gerora, munduaren luze zabalean, Chomsky, Txillardegi, Raul eta gisako intelektual eta militante eredugarri ugari ezagutu baititut, une historiko bakoitzean haien ardurak neurtu eta sinesten zuten %51 horren alde lan egin dutenak. Txillardegik zintzo aitortzen zuen bezala, pentsatzen dut ez zirela inoiz guztiz eroso sentitu, gogorra baita sarritan %49 batek norbaiten bizitzan daukan pisua. Baina, segur asko, niri bezala, haien uste eta maitasunen %51k laguntzen die aurrera egiten. Horietatik sortuak dira gure ametsak. •




