IRITZIA -

Antton Izagirre

2012ko Uztailaren 06a

Espainiako erresuman erortzen ari denarekin edo behar bada egoera horrek ziztatuta, itxaropenez jaso dugu Amaiur eta ERCk espainiar kongresuan erabakitzeko eskubidearen alde ekiteko lantaldea sortu izanaren albistea.

Espainiar ekonomia banku jabeek eta finantza zuzendariek lur jota utzi dutenean, milioika langabetu eragin dituen sistema politikoaren erantzule direnean, murrizketa sozialak inoiz ezagutu ez den mailaraino eraman dituztenean, ikatz meategiak sutan jartzeraino estutu dituztenean, Europako estatu indartsuenek Espainiaren gaineko kontrola bereganatu dutenean, nork izan dezake esperantzarik ongizatean?

Baina beste haren hitzak neurera moldatuz: «Beti geratuko zaigu Eurokopa». Espainia salbatzeko azken kanpai hotsa. Ahantz ditzatela murrizketak, zailtasunak, langabeziak, krisiak eta antzeko burugabekeriak.

Eskizofrenia.

Espainia erreala ala Espainia birtuala, zein gailenduko?

Espainiar nazionalismoak okupatu ditu telebista kateak, ikus-entzuleen belarriak goxatzeko futbolari heroien irudiez bete dituzte pantailak. Nork gogoratu behar du erortzen ari denaz?

Bukatu da, aukeran gutxitxo iraun du. Jaitsi da teloia. Antzerkia bukatu da. Hala ere behar dutenerako «beti geratuko zaie Eurokopa».

Espainiar kongresuan abian jarritako ekimena logikoa bezain esanguratsua izan arren, nekez espero genezake bide horretatik espainiar nazionalismoak Euskal Herriari erabakitzeko eskubidea aitortzeko borondaterik izatea.

Aitzitik, aurreko ekimenarekiko osagarri gisa, seguru izan espainiarren morrontzatik aldentzeko herri borondatean eta alde bakarreko erabakitasunean oinarrituriko ekimenak ezinbestekoak izango direla. •