Joxean Agirre
2012ko Ekainaren 15a
Orain zortzi urte etorri zen Zugarramurdira eta, bertan bizi bada ere (bi seme-alaba ditu), lotura estuak ditu Kataluniarekin. Umeekin katalanez hitz egiten jarraitzen badu ere, euskara ikasi du eta euskaraz egin genuen elkarrizketa. Pomada taldean kantatu eta trikitixa jo zuen, Ensaladilla izeneko bertso talde batean ibili zen (bertsoa eta DJak), Mesclat taldean segidan, eta dantzaldiak ematen jardun du azken urteetan, Kataluniako herri errepertorioarekin. Orain libre dabil eta glosa tailerrak ematen, gehienbat.
Nola deitzen zaie Katalunian aberriaren alde abesten diren kanta hauei?
Bi kontu aipatu nahi nituzke. Gerrako gure kantutegia oso aberatsa da. Horretaz hasiko bagina, galdu egingo ginateke eta nik alde batera utziko nuke. Gainera, gerrako gure kantutegia anarkista da batik bat eta anarkismoa eta abertzaletasuna ez dira erabat bateragarriak izan. Bigarrenik, guk badugu aberria aipatzeko hitz bat, ‘terra’, lurra. Marc Bioscak ere euskal kantagintzari buruzko bere liburuan aztertu du auzi hau. Terra Lliure mugimendua, ‘Visca la Terra’ leloa... lurrarekin identifikatzen dugu aberria eta ‘Cants a la Terra’ izan daiteke genero horretako adibide bat. Gerra ondoko kantutegiari dgokionez, hiru kantari aipatuko nituzke: Raimon, Maria del Mar Bonet eta Lluis Llach. Raimonen “Al vent” izango da Euskal Herrian ere gehien ezagutzen dugun kanta eta ez du aberria edo herria aipatzen, haizea baizik. Askatasunaren kontzeptua adierazteko erabili zuen haizea. Laboak kantatzen duen txoriaren metafora bezalakoa zen, adierazpide handikoa.
Llach-en «L’estaca» bezalatsu.
Argi eta garbi, abesti horretan, erortzeko zegoen diktaduraz ari da. Kantari bakoitzaren kanta bana aipatzeko, Maria del Mar Bonetek ‘Que volen aquesta gent?’ kanta du. Kanta entzunda, oso jende gutxik jakingo du polizia frankistak hil zuen Enrique Ruano ikasle gazteari buruz ari dela, baina gertakari hori dago kantuaren atzean. Gaur egun kantatzen ditugularik ere, herri sentimendua goresten duten kantak direla ohartzen gara.
Sail honetan sartzeko moduko kantu zaharragoak ere izango dituzue, seguru asko.
Batzuk aipa genitzake. Gaur egun, oso famatua da ‘Cant de Maulets’, Al Tall taldearena, eta orain Obrint Pas taldeak askotan kantatzen duena. Al Tall gure Oskorri bezalakoa da, garai bertsuan jaioa eta sekulako lana egin duena. Folka egiten dute, baina politikarekin lotutako kantak dira askotan. Valentziarrak dira. Al Tall taldearen kanta honek Ordezkapen Gerraren garaiko kontuak aipatzen ditu. Austriarrek foruak agintzen zituzten eta Borboiek ez. Mauletak nekazari xumeak ziren eta galtzaile suertatu ziren. Maulets gaur egun talde independendista baten izena ere bada. Al Tall taldeak gisa honetako kantu gehiago ere baditu: ‘Tio Canya’, esaterako, tabernan kantatzeko oso kantu aproposa. Herri txiki bateko gizon bat hirira doa eta katalana soilik hitz egiten duelako dituen arazoak kontatzen ditu. Oso herrikoia da. Ostatu batera joan eta kanta hau abesten hasten bazara, seguru norbait etorriko zaizula laguntzera.
Ba al duzue Estatu espainiarraren aurkako kantu gogorragorik?
Nik ‘No en volem cap’ aipatuko nuke. «No volen ser una regio d’Espanya/ no volem ser un pais ocupat/ volem, volem, volem/ la indepedencia/ volem,
volem, volem/ Paisos Catalans». Tabernan, behar baino trago batzuk gehiago edan duenean, jendeak askotan kantatzen duen kanta da. Hain zuzen ere, melodia tradizional hau mozkorrei buruzkoa zen. «No en volem cap que no estiga borracho/ no en volem cap que no estiga bufat», zioen eta norbaitek hitzak aldatu dizkio.
Zuk zeuk kantatzen al duzu kanta hauetakoren bat?
Bai, bai. Azken hau, esaterako, dantzaldietan beti kantatu ohi dut bukaeran, hau eta honen antzeko beste batzuk. Badago Katalunian habanera famatu bat, gurean den famatuena, Josep Lluis Ortega Monasterio izeneko militar batek Kubako Gerrari buruz egina. Egilearen aitonaren oroitzapenetan oinarrituta idatzi zuen kanta hori eta horregatik bere izenburua, ‘El meu avi’ (nire aitona). Santoñan jaioa zen, Mutrikun eman zuen haurtzaroa eta militarra zen lanbidez eta musikagilea. Habanera horretan bizia galdu zuen katalan soldaduak aipatzen ditu eta Espainiaren aipamenik egiten ez badu ere, ‘Visca Catalunya eta visca català’ hitzekin bukatzen da habanera eta gure hizkuntzaren aldeko kanta bezala interpretatu izan dugu beti. 1942an, habanerak kantatzen zituen talde bat ere sortu zuen. Istorioa oso bitxia da. Badago beste kanta bat nik askotan kantatu dudana Mesclast taldearekin: ‘El rei vol corona’. Herrikoia da eta oso ezaguna. «Si el rei vol corona/ corona li darem», hasten da, baina tarte batean «Que vingui a Barcelona/ i el coll li tallarem», esaten du (etor dadila Bartzelonara eta lepoa moztuko diogu). Borboien kontrako kanta zahar bat da eta askotan jotzen genuen. Mesclat taldeak kanta tradizionala nahasten zuen rockarekin.
Zuen ereserki ofiziala «Els segadors» da.
Administrazioak erabiltzen du, baina guk ere bai, oso kanta herrikoia da. Bitxia da haren historia. Oinarrian, doinua antzinako kantu erotiko batena da eta segalarien (igitaiarekin ebakitzen zuten garaia) eta baserriko nesken arteko harremana kontatzen zuen. XVII. mendean mila bat segalari altxatu ziren Felipe IV.ak emandako mobilizazio aginduaren aurka. Bidenabar, jauntxoen eta aberatsen kontrako errebolta ere izan zen eta gertakari horiekin erromantze bat egin zuten, doinu horrekin.
Gaurko hitzak 1889koak dira, Unió Catalanistak ereserkia aukeratzeko lehiaketa antolatu zuenekoa. Gure kirol selekzioek kanta hau erabiltzen dute ereserki gisa eta badago beste adibide polit bat ere: Perpinyan badira bi errugbi talde. Horietako bat Dragons Catalans deitzen da eta Ingalaterrako ligan hartzen du parte. Orain bi urte, finalera irisi zirenean, erregina eta guzti agertu ziren partida horretara eta abesbatza batek gure ereserkia kantatu zuen. Harriturik egon ginen telebistari begira. Besteak Frantziako ligan hartzen du parte eta beren ereserkia ‘L’estaca’ da.
Sardanaren bat ere izango duzue, bada, aipatzeko modukoa.
Charlie Haden eta beste lagun batek ‘The ballads of the fallen peoples’ jazz diskoa atera zuten, ‘munduko herri derrotatuen baladak’ biltzeko asmoarekin eta ‘La Santa Espina’ izeneko sardana bat sartu zuten, bi bandotan kantatzen zena. Galtzaileen bandoan bazen karlisten tertzio bat atakatzeko unean sardana hori kantatzen zuena eta aurrean zirenek ere kantu bera kantatzen omen zuten. Euskaldunek eta katalanek gerra hori galdu egin zuten, bando batean edo bestean ibili, espainiarrek sortutako gerra izan baitzen. Sardana hau jainkozalea bezain katalanista da. Jainkoa eta lege zaharra, alegia.
Eta tabernan zintzurra berotuta kantatzekoren bat?
Nik ‘Les rondes del Vi’ (ardoaren errondak) aipatuko nuke. Brindisak egiten ditu bataren edo bestearen alde edo kontra. Oso polita da. «El tercer libació a la salut dels pobres/ no és amb mala intenció deixar al burgès les sobres», dio, esate baterako.




