-

Iratxe Esnaola | Informatika ingeniaria

2012ko Ekainaren 15a

Badira lau aste Facebook enpresak burtsara jauzi egin zuela, 100.000 milioi dolarreko balioarekin. Albiste izan zen han eta hemen. Ez zen gutxiagorako. Mundu osoan Internet erabiltzaileen gaineko informazio gehien bildu duen enpresa da Facebook. Eta hori da burtsara eraman dena: informazio horren gaineko boterea.

Duela bi aste %16 jaitsi zen bere akzioen balioa. Eta Facebookek burtsara jauzi egin zuenetik %27 jaitsi dira. Akzioen merkatuan dimentsio handiko galerak dira, inongo zalantzarik gabe, bi astetan 5.000 milioi dolar galtzeraino.

Inor gutxik espero zezakeen ziur aski. “Mendeko burtsarako jauzia” izendatzera iritsi dira zenbait. Eta akzioen balioaren beherakada azkar hori ez zen, ziur aski, eszenatorik probableena.

Lehen egunean 45 dolar balio zuten. Maiatzaren 18an 38 dolarreko irteera-tasa zuten akzioek. Ekainaren 1eko itxiera-prezioa 28 dolarretik behera zegoen. Eta tarteko egunetan, 27 dolarretik behera ere egon zen. Beraz, lehen egunetik, %40ko galera izan du. Alegia, “mendeko burtsarako jauzia” izan daiteke, baina benetan eskasena izan delako.

Gorabehera ekonomikoez gain, ordea, badira Facebookek burtsara jauzi egitearen beste zenbait ondorio, zeinak erabiltzaileak igar edo senti ditzakeen. Erabaki edo aldaketa hauek burtsara jauzi egin aurretik pentsatuak zeuden, baina burtsan emandako beherakada horrek indartu besterik ez ditu egingo. Lau dira nagusiki: publizitate gehiago, doakoa ez den erabilpena, kontrol handiagoa eta bilaketarako motor bat.

Inbertsoreak presio itzela egiten ari dira eta oso posible da Facebooken publizitatea areagotzea, inbertsoreen helburua Facebook dirua egiteko makina bilakatzea dela susmatzen baita. Baina kontuz ibili beharko dute honekin, publizitate gehiago sartzeak erabiltzaile asko uxa baititzake.

Doakoa ez den erabilpenak mezuen ikusgarritasunarekin lotura estua du. Facebook beraren ustez, idazten diren mezuen %12 soilik irakurtzen omen dituzte kontaktuek. Eta horrexegatik, zenbait erabiltzaile beraien zenbait mezuren ikusgarritasuna handitzearekin interesatuak egon daitezkeela kontsideratzen du eta, noski, ordaintzeko prest egongo liratekeela horretarako. Proba piloto bat martxan dago Zeelanda Berrian eta preziorik altuena 2 dolar da. Oraingoz ez da beste herrialde batzuetara zabaltzeko asmorik agertu.

Era berean, burtsan dagoenetik, Facebookek argitaratzen den edukiaren gaineko kontrol handiagoa izateko beharra sentitu du. Orain arte erabiltzaileek egindako “salaketen” zain egoten bazen edukiak blokeatzeko, esaterako, jabetza intelektualarekin lotutako lege urraketengatik, orain erabiltzaileen salaketarik gabe ere Facebook bera da blokeo horiek egiten dituena. Edukia askoz gehiago kontrolatzen duela, alegia.

Eta azkenik, bilaketa motorrarena dago. Zurrumurrua omen da, baina egia ere izan daiteke. Facebookeko ingeniari talde bat Googlerekin leihatuko duen bilatzaile bat sortzen ari omen da, Facebook barruko informazioa erabiliz bilaketa zehatzak egiteko. Jakina da, egun, nahi izanez gero, Googlek ez duela Facebookeko erabiltzaile baten profileko edukia indexatzen. Facebookeko bilatzailearekin, berriz, informazio horren gainean bilaketa zehatzak egiteko aukera irekiko litzateke.

Esanak esan eta gertatuak gertatu, Facebook erabiltzaileen gaineko informazio gehien duen enpresa da, burtsara atera da eta, hortaz, informazio horren jabegoaren gaineko eztabaida ere mahai gainean dago. Informazioa boterea baita, eta burtsa boterearen salerosketa. Eta informazio hori guztia maneiatzen duen enpresa burtsara atera bada, boterearen gaineko boterearen salerosketa bizitzen ari gara. Eta ondorioak etortzeke daude. •