ZIENTZIAREN ERAKUSLEIHOA -

Ez da lan erraza gizartea zientziara hurbilaraztea. Basque Research webguneak, ordea, hamar urte daramatza horretan eta, urteurren biribila ospatzeko, denbora horretan guztian irakurrienak izan diren hamar albisteen zerrenda osatu du. Esperientziarekin pozik, zerrenda urtero egingo dutela aurreratu dute.

Amalur Artola

2012ko Ekainaren 15a

Zientzia abstrakzioaren eta ulergaitzaren sinonimotzat hartzen dugu maiz. Ia-ia beste munduko zerbait bailitzan. Baina denon interesekoa da hiesaren aurkako txertorik bilatu ote den, poloen urtzeak zer ondorio ekar ditzakeen, punta-puntako sakelako telefonoen aplikazio berriak zeintzuk diren, zelan doazen minbiziaren gaineko ikerketak... Eta hori zientzia da, baina, irudiz, zientzia izan gabe, orokorrean gizarteak ez baitu horiek benetan zientzia –matematika, fisika, biologia eta gainerako hitz potolo horiek osatzen duten taldea–, diren pertzepzioa.

Hori jakinda sortu zen, orain hamar urte, Basque Research (www.basqueresearch.org) webgunea, Elhuyar Fundazioaren ekimenez eta helburu hirukoitzarekin: Euskal ikerketen sarea indartzea, Euskal Herriko zein nazioarteko kazetariei zerbitzua eskaintzea eta, orokorrean, hemen egiten diren ikerketak gizarteratzea. «2002. urtean hasi ginen eta, unibertsitateetako ikerketa taldeak, zentro teknologikoak eta enpresetako I+G unitateak hazten joan diren heinean, gure webgunea ere hazten joan da, azken finean eduki horietatik elikatzen garelako», argitu du Irati Kortabitarte Basque Research-eko arduradunak.

Ez da makala hamar urte hauek utzi dutena: webguneak 8.000 albiste eta ekitaldiren berri eman du, lankidetzak sortu ditu Europako ikerketa biltzen duen Alphagalileo eta Europako Batzordearen Cordis Wire webguneekin, 2004an sinatutako akordio baten ondotik Basque Researchen argitaratzen diren albisteak Eurekalert!-en (“Science” aldizkari entzutetsuaren webgunea) bidez ere zabaltzea lortu dute... Eta ez hori bakarrik: sare horren ondorioz, gure herriko ikerketak beste hainbat komunikabidetan zabaltzeko bidea ireki da, adibidez, “The Times”, “New Scientist”, “BBC”, “Discovery Channel”, “National Geographic” edo “CNN”.

«Euskal Herrian ikerketa asko egiten da, baina askotan ez ditugu zabaltzen», esan du Kortabitartek. Webgunea sortzeak ikerketa zentroen garapena ikusteko aukera eman die bertan aritzen direnei; izan ere, hamar urte horietan zentroak ugaritzen joan dira. Horren adibide, hamar urte bete dituen BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language) edota apurka-apurka sortzen ari diren CIC berriak; Nanogune, Biogune... «Horiek denak egiten dutenaren berri ematen doaz eta horiek hazten badoaz Euskal Herriko ikerketa ere hazten doan seinale da».

Hamar albiste irakurrienak

Urteurrenari begira, Basque Researcheko kideei zerbait berezia eta ezberdina egitea otu zitzaien eta, ustekabean, nolabaiteko ikerketatxo bat egin dutela esan daiteke. Izan ere, hamar urteotako albiste sarrera begiratu eta horietatik irakurrienak izan diren hamarrak hautatu dituzte. Zer erakusten digun horrek? Bada, laburbilduz, zein diren euskaldunoi gehien interesatzen zaizkigun gai zientifikoak.

Bisita kopuru handiena, zehazki 38.962, “Magnetikoak bihurtu dituzte urre-, zilar- eta kobre- atomoak” albisteak izan du. Basque Researchek azaldu duenez, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko zenbait ikertzailek nazioarteko talde batekin elkarlanean egindako ikerketa-lan baten emaitza da: «Lan horrek magnetismoari lotutako mekanismo fisikoen inguruko galdera berriak planteatzen ditu, eta zenbait gaixotasunen tratamendurako aplikazio interesgarriei ate berriak irekitzen dizkie».

Bigarren postuan, Lizarrako BSH enpresak Siemensekin batera garatutako “Dressman, plantxatzeko robota” (18.824) dago eta, hirugarrenean, “Antzinako DNA: Aldaietako historia biologikoa berregiten” (16.737). Azken hau Arabako Aldaieta nekropoliko populazioaren gaineko ikerketa da, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateak garatua.

Laugarren eta bosgarren postuetan, berriz, “Familia-insomnio hilgarria (FIH) eragiten duen mutazioaren jatorria” ikertu dute (10.596) eta “Itziar Laka Gogo Elebiduna ikertzaile-taldeko zuzendaria: ‘Hizkuntza burmuinean dago” (10.304) sarrerak daude. Horien atzetik doaz, guztiak 9.000 bisitari ingururekin, “Robot industrialen portaera hobetzeko metodo berriak”, “Osasunari lotutako bizi-kalitatea neurtzea, bioestetikaren desafioa”, “BIOSEK, biometriako sistemak ebaluatzeko sistema”, “Propietate elektromagnetiko berriak dituzten metamaterialak” eta “Bertsolaritzaren ‘gaitasuna’ aztertuko du BCBL-k”.

Gizarteratzeari begira

Ikus daitekeenez, osasuna, teknologia eta euskal historia eta izatearekin lotutako gaiak dira irakurrienak eta, Kortabitartek gaineratu duenez, Basque Researchen bidez, zientzia modu erakargarri eta interesgarrian azal daitekeela frogatu dute: «Matematika, fisika, kimika... gai gogorrak dira, abstraktuak, baina denek ulertzeko moduan azal daitezke. Nire ustez, gizarteak zientzia munduan ematen diren aurrerapausoen jakitun izan behar du, azken finean, gizartea eta ikerketa batera baitoaz».

Begi-bistakoa da, esaterako, gizartearen interesekoak direla medikuntza eta teknologia alorretan egiten diren berrikuntzak, «horiek gure gizartean islatzen direlako, gure eguneroko bizitzan ditugun aurrerapauso asko ikerketetan oinarrituta daudelako».

Hamar urte horiei begira, gehien irakurri diren albisteen rankinga egiteaz batera, argitaratu diren sarreren gai nagusiak zeintzuk diren ere aztertu dute eta, hemen ere, gaiok zuzenean izakioi eragiten digutenak direla ikus daiteke: «Teknologia, osasuna, medikuntza eta ingurumena dira webgunean zabaldu diren ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren alorreko gai nagusiak».

Urteroko zerrenda eta Twitter

Etorkizunari begira, Basque Researchek ildo beretik jarraitzeko asmoa duela adierazi du Kortabitartek: «Webgunea 2001-2004 aldirako Zientzia Planaren inguruan jaio zen eta orain gutxi aurkeztu da 2015eko Zientzia, Berrikuntza eta Garapen Plana. Horren inguruan I+G alorra indartzeko asmoa dago eta guk ere ildo beretik jarraituko dugu, Euskal Herrian egiten dena ahal bezainbeste zabaltzen eta hori guztia jakin nahi duenarentzat erakuslehio izaten».

Ildo beretik jarraitu bai, baina berrikuntzak ere sartuko omen dituzte. Esaterako, urteurren biribil honi begira sortu duten hamar albiste irakurrienen zerrenda urtero argitaratzeko apustua egingo dutela aurreratu du Kortabitartek, eta argudio hau eman du: «Konturatu garelako hori eginez ikusten dela zer den gehien interesatzen zaiguna». Horrekin batera, Twitter-en bizia izatearen alde ere egingo dutela azaldu du: «Aspalditik genuen sare sozialetan zerbait egiteko asmoa, ikusten genuelako aberasgarria izan zitekeela, eta hamargarren urteurren hau erabili dugu horretarako».

Lehen datuen arabera, badirudi Twitter Euskal Herriko ikerketak zabaltzeko egokia izan daitekeela: hamar albiste irakurrienak atzera kontaketa bat eginez zabaldu zituzten eta horrek, Kortabitartek azaldu duenaren arabera, bisitari kopurua igotzeko balio izan du. «Egunero eman dugu gehien irakurritako albiste baten berri, azkenekotik lehenengora, eta horrek erabiltzaile kopurua areagotzen lagundu digu. Etorkizunean ere horrela jarraitzea espero dugu».