-

Iker Barandiaran

2012ko Ekainaren 15a

Corpus jaia pasatu da, Oñatin izen handia duen eta hango ohituratan erabat sustraituta dagoen ospakizuna.

Oñatiko lagunek askotan onartu didate, nahiz eta jaiak kutsu erlijioso handia izan, herritar gehienek nola edo hala jarraipena egiten diotela.

Ez dut esango Oñati herri erlijioso edo fededuna den, ez dakidalako, baina ausarta iruditu zait bertako Udal Gobernuak Corpuseko prozesioan lehenengoz parte ez hartzeko hartutako erabakia publiko egin izana. Ziur jarrera horrek askoren ez-ikusia eta botoen galera ekarriko diola.

Gauza bera gertatuko zaio, antza, Bilduri Oñatin eta beste herri askotan, atez atekoa martxan jartzeagatik. Kezkatuta nauka zaborraren gaineko ohitura aldatzeak eta konpromisoa hartu behar izateak hainbat herritarrengan sortu duen ezinegonak. Ohiturak ez direla aldatu behar? Non egongo ginateke aldaketak egingo ez bagenitu?

Argi dago EAJ eta beste hainbat alderdi gai hau Bilduri eraso egiteko baliatzen dabiltzala eta tartean interes ekonomiko handiak daudela, baina erabat harrituta nauka, berriro diot, gertatzen ari den guztiarekin, gai honen harira inoiz protesta egiten ez dutenak hainbeste mobilizatu izana. Atez atekoaren kontrako plataformak eta mobilizazioak? Eta non daude plataforma horiek Gobernuak ezarritako murrizketa etengabeen aurrean? Pentsioen jaitsieraren aurrean? Langabeziaren hazkundea? BEZaren igoera? AHTren sarraski eta despilfarroa? Ilegalizazioak? Presoen eskubideak? Euskal Herrian bizi izandako guardia zibilek ere Euskal Herrian bozkatzeko aukera izatea?... Zerrenda amaiezina da, baina, dirudienez, bidegabekeria horiek ez dira garrantzitsuenak. Bietako bat: edo eskuma, euskalduna eta espainiarra, mugitzeko gai dela erakusten hasi da edo borrego hutsak dira. •