Katixa Agirre
2012ko Ekainaren 15a
Ginekologoarenera joan behar nuen atzerrian eta estualdia apaltzeko neure buruari esaten nion, gutxienez, «ginekologoarenera joan behar nuen atzerrian» bezalako esaldi batekin has nezakeela gaurko nire zutabea; eta hasiera indartsua izan zitekeela hura, eta umoretsua. Seguru anekdota barregarriren bat gertatuko zela kontsultan, txoke kulturalen bat edo, atzerrian gaudenean egunerokotasunaren diferentzia txikiak, aurreikusi ez diren desfase sotilak, beti direlako barre-iturri. Gero gogoratu nuen nola duela pare bat hilabete hemen idazteari ekin nionean “Euskañoles por el mundo” baten bertsio txotxoloa ekiditea agindu nuela orri hauetatik bertatik. Dena den, kasu honetan, neure buruari ziurtatu nion atzerrian ginekologoarenera egindako bisita batek salbuespen duin moduan konta zezakeela.
Kontsultara ailegatu nintzen eta orduan deskubritu nuen egin behar zidaten froga ez zidala ginekologoak baizik eta erizain batek egingo. Arranopola. Horrek nire planak zapuzten zituen erabat, izan ere, «erizainarenera joan behar nuen atzerrian» bezalako hasiera makalxeagoa da inondik inora. Abiapuntu berri bat topatu beharko nuen. Erreklamazio orriak eskatzekotan egon nintzen, baina azkenean prakak kendu nituen erizainaren aurrean, txintxo, otzan eta frustrazioz beterik.
Nire zutaberako abiapuntu zirraragarri berri baten beharra buruan, Louise nire lagunarekin biltzera jo nuen pubera, erizainarekin tête-à-tête (hitz egiteko modu bat da) laburretik onik eta aparteko anekdotarik gabe atera ostean. Despedida antzeko bat ospatzeko deia eginda zuen Louisek, izan ere, Danimarkara zihoan hiru hilabetez. Louise bera daniarra da, eta eleberrigilea, eta idazleentzako erresidentzia lortua zuen Fanø irlan, Frisiako uharteetako batean: leku txiki, eder eta, jakina, isolatua. Idazle batentzako paraje ezin hobea. Pasa den udan Las Vegasera joan zen Louise bere eleberri berrirako dokumentazio lanak egitera, Danimarkako gobernuak emandako bidaia-burtsa bati esker. Nago hainbeste beka, laguntza eta uharte xarmangarrirekin sekulako nobela aterako zaiola Louiseri.
Kuriosoa da adiskide honekin gertatzen zaidana, izan ere, berak esaten dit idazlea dela eta nik esaten diot idazlea naizela, eta elkarri sinesten diogu, nahiz eta, nik danieraz edo berak euskaraz idatzi bitartean, ezingo ditugun elkarren lanak irakurri.
Dena den, Louisek jakin zezan herrialde aurreratu batetik nentorrela, joan den udako nire esperientzia kontatu nion. Joan den udan bi aste igaro nituen Pasai Donibanen, Pasaiako udalak eta Euskal Idazleen Elkarteak txukundu eta idazleen eskura jarri duten etxetxo zoragarrian. Hugoenea izena du Victor Hugo idazleak Pasaian igaro zuelako 1843ko uda, kontatu nion nire adiskide nordikoari. Ez berez gaur egun idazleentzako etxea den horretan baizik eta urrun ez dagoen beste batean. Orduan izan zen nire adiskide daniarrak kontatu zidanean berak hiru hilabetez hartuko zuen etxea norena zen berez. Kulturako ministro ohi baten etxea da, esan zidan, idazleentzat utzi zuen hil eta gero. Disimulatu egin nuen, baina zur eta lur utzi ninduen.
Gero, etxean bueltan, ikerketa apur bat egin nahi izan nuen, neure buruari esaten bainion akaso gaizkiulerturen bat egonda zela Louise eta bion arteko elkarrizketan, eta Fanøko idazleen etxea ez zela berez ministroaren etxe propioa, baizik eta bere agintaldian sustatutako ekimen kulturala. Baina Google tramankulu zorrotza da, eta berehala erantzun zidan ondo ulertu nuela kontua, etxea Julius Bomholt ministro zenaren oporretako erresidentzia partikularra izana zela, eta bere testamentuan idatzita utzi zuela etxea idazleentzako egoitza bihurtu nahi zuela. Oh la la, sozialdemokrazia eskandinaviarra.
Zeren eta, lagunok, esadazue, bihotza eskuetan duzuela, zintzoki: imajinatu dezakezue geurean ministro, kultura ministro bat nahi baduzue, edo sailburu autonomiko bat, berdin zait, bere udako erresidentzia lagatzen, modu altruista hutsean, zertarako eta letrak sustatu eta literatura loratu dadin? Erantzuna, aurreratuko dizuet, ezetz da, ezta? Horixe ba. Benetako diferentziak, herrialdez herrialde, gauza hauetan daude: barrea baino, harridura eta hausnarketa eragiten dituzten detaile hauetan, eta ez ginekologoarenera joatean, edo erizainarenera joatean. Azken finean, ezezagun baten aurrean hankak zabaltzerakoan denok gara berdintsu samarrak. •




