Gorka Zozaia | Kimikaria
2012ko Ekainaren 15a
«Zientzia ezagutza balitz» izendatu nuen nire lehen artikulua hemen, GAUR8n. Hogei artikuluren ostean, zientzia ez da oraino ezagutza. CERNeko azken emaitzek neutrinoen matxinada eten eta Einsteini arrazoia ematen dioten arren (azkenean arazo teknikoek eragin omen zuten azaroan neutrinoen abiadurak argiarenak baino emaitza handiagoa ematea), ahazten zaie zientzian egia ez dela existitzen. Eterra bezalakoxea dela egia; alegia, gertaera oro esplikatzeko baliatzen den existentziarik gabeko kontzeptua. Errealitate bat existitzen denik ez dut ukatuko, baina begi beste egia daudela ukaezina da. Eta tamalez, egun, Zientziaren Egia definitzen duten begiak, argazkikoen moduko enparauenak dira: gehienak gizonak, zaharrak, okzidentalak, zuriak eta noski, klase altukoak; Nobel saridun jaun txit gorenak.
Zientzia ezagutza ez dela esan eta inork erantzungo dit, apreziazio ororen gainetik, argazkikoak pertsona prestatuak direla. Ez dut ukatzen. Bizitza osoko dedikazioren bat edo beste ere txalotu nezake. Kontua ez da errealitatea aztertzeko gai ote diren, baizik eta nondik begiratzen dioten errealitateari eta beraz, zein egia eraikitzen duten. Zientziaren esparrutik kanpo oso ondo ulertzen den kontzeptua da hau, eta horrexegatik hautatu dut argazki hau.
Argazkikoak Valentzian ospatzen diren Jaime I.a erregearen sarien epaimahaikideak dira, 22 Nobel saridun tarteko. Duela aste pare bat, adierazpenak egin zituzten krisi ekonomikoaren harira. Zientziaren eta hezkuntzaren murrizketak salatu zituzten adibidez, baina baita oro har espainiar estatua hartzen ari den neurriak bide onetik doazela defendatu ere. Oihartzun handiena dena den, krisiaren erantzukizunaz baieztatutakoak eragin du. Soldata handiegiegiak jaso eta bankuen erabilera txar bat egin izan duten hainbat pertsonaren arduragabekeria aipatu zuten, baina jendarte osoan instalatua dagoen “esfortzuaren kulturaren” galeraren isla gisa. Hots, jendarte osoa egiten dute krisi ekonomikoaren erantzule, «ahalik eta gehien, esfortzurik txikienarekin lortzeko» joera absolutizatuz.
Halako autoritateen eskutik irakurketa sinplista hau jasotzeak, agerian uzten du batzuen egiak ez duela zertan errealitatea islatzen, prestakuntzak prestakuntza. Zer esaten den ulertzeko, nork eta zertarako esaten duen ikusi beharra dago. Argazkikoak, klase baten parte diren heinean, klase horren beharrak dituzte gogoan eta horregatik ez zaie pasa zientziari egindako murrizketak salatzea. Baina haratago, klase menderatzailearen aholkulari diren heinean, izkin egiten diote sistema kapitalistaren gaineko aipamenik egiteari (politikari eta bankari ustelak daude, ez besterik) eta gainera, herritarrengan kokatzen dute egoeraren ardura. Azken urteetako diskurtsoaren haritik, esfortzu berriak eskatzera datoz, hauek ere! Esfortzuak, noski, herritarrek gerrikoa zulo bat gehiago estutzeko norabidean; inondik inora ez argazki hau iraultzeko norabidean. Eta hain zuzen, hauxe da zientziaren krisia; argazki hau, eredu hau, sistema hau.
Haizea aurka jarri zaion arren, zientziak urrats asko ditu emateko. Elitizazioa ate joka duelarik, herritartzeko bilakaerari eutsi behar dio eta bide horretan, epistemologia feministen garapenean du erronka nagusi bat. Zientzia ezagutza izateko bidean, krisia baliatu behar du, eta nahiz eta egiaren jabe ez den, badu Einsteinen hitzetan erreferentzia interesgarri bat:
«Ez dezagun gauzak aldatzea espero, beti berdina egiten badugu. Krisia pertsonei eta herrialdeei gerta dakiekeen bedeinkapen handiena da, krisiak aurrerakuntza baitakar. Sormena etsipenetik sortzen da, eguna gau ilunetik sortzen den bezala. Krisian sortzen dira asmakizunak, aurkikuntzak eta estrategia handiak. Krisia gainditzen duenak, bere burua gainditzen du, gainditua gelditu gabe. […] Krisiaz hitz egitea bultzatzea da, eta krisian isiltzea konformismoari gorazarre egitea. Honen ordez, gogor lan egin dezagun.
Amai dezagun behingoz mehatxatzailea den krisi bakarrarekin; gainditzeko borrokatu nahi ez izatearen tragediarekin». •




