-

Ander Izagirre | Kazetaria

2012ko Maiatzaren 24a

Islandiara joateko motxilak prestatzen ari ginela, Josu Iztuetak eta biok gutun bat jaso genuen, eskuz marraztutako mapa bat zeukana. Islandiako silueta eta erliebea zehaztasun handiz ageri ziren: mendikateak, sumendiak, glaziarrak, ibaiak, bideak... Myvatn lakuaren ertz batetik, Reykjhalid izeneko hoteletik, marra eten bat ateratzen zen Hlidarfjell sumendiaren tontorreraino. Kaligrafia landuko ohar bat ere irakur zitekeen, euskaraz zein ingelesez: «Nik harripilo (cairn) bateren goi aldean, beste harri batzukin estalita, mendi honen tontorrean, kristalezko poto baten utzi nuen neure mezua. 1968ko abuztua». Agustin Egurrolak sinatzen zuen. Eta altxorraren mapa harekin abiatu ginen Islandiara.

Egurrola bizkaitarra zen, Etxebarrikoa, Sheffieldera bizitzera joan zena (Ingalaterra) eta erretiroa hartu ondoren kontinenteak ertz batetik bestera oinez eta bizikletaz zeharkatu zituena. Pedalei eraginez Ekuador, Peru, Bolivia, Txile, Argentina eta Uruguai zeharkatu zituen (66 urterekin), baita Kanada (70) eta Australia ere (71). Hegoafrikatik Egiptoraino oinez eta garraio publikoz joan zen (72) eta bizikletara berriz igo, Istanbulen pedalei eragiten hasi eta Pekineraino iritsi zen (73). Europa erdialdea oinez gurutzatu zuen azkenik, Adriatikotik Baltikora (74 urterekin). Giharrak, birikak eta batez ere bihotza zeuzkan motortzat: bakardadea maite zuen, isiltasuna, kanpin-dendaren soiltasuna. Estreinatu gabeko mundu bat goizero deskubritzen duenaren pozarekin ekiten zion bideari. Eta gauero bere koaderno txikian idazten zituen jardunaldiko kontuak, bidaiaren amaieran mekanografiatu, fotokopiatu, koadernatu eta lagunei opari gisa bidaltzen zizkienak.

Baltikora oinez iritsi eta hilabete gutxira, 2009ko otsailean, minbizi batek eraman zuen Agustin. Hil baino aste batzuk lehenago, lagunei postaz bidali zigun urte berrirako zeukan asmoaren mapa: Portugalgo sudurrean hasi eta Ural mendietaraino zihoan bidea, hamalau ibai europar handiren iturriak lotzen zituena. Marra sigi-sagatsu hark marrazten zuen ibiltariaren azken ametsa, bete ezin izan zuena.

Egurrolaren mapa poltsikoan, Islandia zeharkatu eta Myvatn lakuraino heldu ginen Josu eta biok. Haren ondoan altxatzen da Hlidarfjell sumendia, 711 metroko piramide beltza. Magma kristalizatutako maldatan gora, ikusmira estralurtarra izan genuen: Kraflako laba zelai arrakalatu eta elurtuak, kono bolkanikoak, krater lehertuak, irakiten zeuden urmaelak, orro egiten zuten fumarolak… Bi ordu behar izan genituen gailurreraino iristeko. Baina bertan ez zegoen Agustinek marraztutako harri piloaren arrastorik: sismografo bat eta harkaitz bloke mordoak besterik ez, batera eta bestera mugitu genituenak, altxorraren bila, gure herrikideak berrogei urte lehenago munduaren bazter galdu honetan utzi zuen mezuarekin fantaseatzen. Zer idatzi ote zuen?

Hamabost edo hogei minutu pasa genituen gailurra arakatzen, harriak altxatzen, eta, azkenean, mokadu bat jatera eseri ginen. Ekaitzen batek harri piloa aspaldi bota zuela pentsatu genuen… ala agian gugandik metro erdira egongo zela edozein arrokaren azpian. Metaforekin kontsolamendua bilatzeko egoera aproposa zen: Agustinek utzi nahi zigun benetako altxorra sumendiaren tontorretik ikusten zen panorama zela, benetan garrantzia duena bidea dela eta ez helburua, eta antzeko memelokeriak. Orduan Slawomir Mrozek idazle poloniarraren ipuin labur bat etorri zitzaidan gogora, “Altxorraren uhartea” izenekoa.

Narratzailea eta Gucio bere kidea hamabost urtez ibili dira “Morgan kapitainaren altxor ospetsua” bilatzen, abenturaz abentura. Azkenik heldu dira altxorra lurperatuta omen dagoen irlara, mapan markatutako puntuan lurra zulatzen hasi eta kutxa zahar bat aurkitu dute. Zabaldu eta ohar bat besterik ez dute aurkitu: «Eman iezadazue musu bat ipurdian! Morgan».

Orduan Guciok esaten du: «Helburua ez da inoiz garrantzitsuena. Benetan balio duena helburua lortzeko ahalegina da, ez helburua lortzea bera». Eta narratzaileak amaitzen du ipuina: «Gucio hil nuen eta etxera itzuli nintzen. Moralejak atsegin ditut, baina neurrian». •

www.anderiza.com