CRISTINA HENRIQUEZ | FEMINISTA -

Makroekonomiari ez, etxekoari begiratzen dio ekonomia feministak. El Salvadorreko esperientziaren berri ematen izan da Euskal Herrian Cristina Henriquez.

Xole Aramendi

2012ko Maiatzaren 24a

Bizitza duinaren alde erresistentzian dauden emakumeen sareko kidea da Cristina Henriquez (Tonacatepeque, El Salvador, 1975). Mexiko hegoaldetik (Chiapas) hasi eta Panama arteko emakumeak biltzen dira bertan.

“Nekazaria naiz” aldarria egiten du soinean daraman elastikoak. «Nekazaria, baina nire eskubideen jabe», argitu du jarraian berak. Ekonomia ikasketak egiten ari zela, emakume taldeen bitartez ireki zion munduari leiho berria, feminismoarena. El Salvadorreko Ekonomia Feminista Eskolan hezitzailea da azken urteotan.

Euskal Herrian izan da Henriquez Garaipen emakumeen elkarteak gonbidatuta. «Esperientziak partekatu eta elkarrekin ikastea da kontua. Horrela, besteak entzunez ni non nagoen ikusten dut», adierazi du.

Nola sortu zenuten emakumeen sarea?

El Salvadorreko Bake Akordioen sinaduraren ondoren beharrezkoa ikusi genuen emakumeok gure agenda propioaren alde borroka egitea. Herrien Foro Mesoamerikarreko kideak gara, baina gizon zein emakumezkoak biltzen ditu eta gure interesak ez ziren islatzen bertan. 2004. urtean bizitza duinaren alde erresistentzian gauden emakumeon sarea sortu genuen. Hainbat erakunde gaude bertan.

Zein da egiten duzuen lana?

Herrialdeka antolatuta gaude eta ekonomia feminista lantzen dugu. Eskubide ekonomikoetatik abiatzea erabaki genuen eta horretarako eskubide politikoen gaineko formakuntza eta debatea abiarazi genuen. Horretarako Ekonomia Feminista Eskola sortu genuen. Erdialdeko Amerikako estatuek AEBekin sinatutako merkataritza libreko akordioen testuinguruan izan zen eta garbi ikusi genuen lehenengo eta behin akordio horien aurrean erresistentzia agertu behar genuela.

Ekonomia feministak zaintzaren aitortza eskatzen du, ezta?

Bai, hala da. Zaintzaren aitortza izozmendiaren punta da, eta ikusarazi ezean denean izango gara ikusezinak emakumeak. Izan ere, zaintza da gaur egungo ekonomia kapitalista sostengatzen duena. Guretzat ezinbestekoa da zaintzaren garrantzia aitortzea. Patriarkatuak naturalizatu egiten du, generoaren araberako lan banaketarekin gertatzen den bezala. Emakume guztiok erabakitzen badugu gizarteak egotzi digun rol horri uko egin eta zaintzaz ez arduratzea, zer gertatuko da? Ekonomia kapitalista bertan behera geratuko litzateke! Izan ere, gu geu ari gara eskulana prestatzen. Are gehiago, pentsa zenbat emakumek beren haurren zaintza alaba zaharrenaren esku utzi eta beste emakumeen umeak zaintzera joaten diren etxetik kanpo. Noren haurrak eta burgesiarenak! Modu horretan, burgesiak aurrera egin dezan laguntzen dugu. Eremu pribatuan egiten den lan hori guztia ez da ez ikusten ez kontuan hartzen. Zaintzak sistema kapitalista sostengatzen du eta ez da inor jabetzen emakumeon lanaz. Gure helburua hori agerraraztea da. Ekonomikoki aitortzea, eta ez hori bakarrik, herrialde bakoitzeko kontuetan agertzea guk egiten dugun zaintza. Hau da ekonomia feministaren ardatz nagusienetako bat.

Horrekin batera zeintzuk dira gainontzeko ardatzak?

Eguneroko bizitzan gutako askok ez dio aitortza hori bere buruari egiten. Ez du onartzen etxeko ekonomian egiten duen lana. Guk aldarrikatzen dugun feminismoak egunerokotasuna du abiapuntu. Gizartean garatzen dugun antolakuntza lana ere ez da ikusten. Lan hau gure gorputzen zein Ama Lurraren babesean egiten dugu. Emakume asko dira bere burua feministatzat jotzen ez dutenak. Zergatik? Feminismoa beste borroka batzuekin lotzen dutelako, nor bere gorputzari lotuago dauden borrokekin. Berritu dezagun feminismoaren diskurtsoa eta jar diezaiogun arreta gure gorputzak naturarekin duen harreman espiritualari, harmonian oinarritzen den harreman horri. Bizitzaren jasangarritasunaren alde lan egiten dugun subjektu politiko bezala ere ez dugu ikusten gure burua. Goazen subjektu politiko eta feminista bezala onartzera geure burua.

Zein da subjektu izatera iristeko bidea?

Bizitzaren jasangarritasunaren alde egin behar da, lehenengo geure burua onartuz. Eta horrekin batera, generoaren araberako lan banaketa naturala dela dioen ideiari, gizartean nagusi den jarrerari, aurre egin. Ezin ahaztu, noski, sexu eta ugalketa eskubideak, eta natur baliabideen defentsa. Eta noski, sistema kapitalista neoliberalaren aurrean sistema alternatiboa eraikitzea. Gizateria osoarekin eta bereziki emakumeokin erabat suntsikorra da. Emakumeoi esan izan zaigu naturala dela eta gure gain daukagula bizitzaren ugalkortasuna. Baina, adibidez, bikotekideak ere bere ardura har dezan borrokatu behar dugu. Subjektu politiko bezala jokatzen dugun egunean bikotekideak ez du lagundu bakarrik egingo, seme-alaben zaintzan parte hartuko du. Eta horrekin batera, elikadura bermatzean eta arropa garbia prest izatean, alegia, bizitzaren jasangarritasunerako beharrezkoa den guztian.

Modu horretan kideari ardura hartzeko aukera ematen diogu, eta gu iristen ez bagara ez gara hain errudun sentituko, emakumeon berezko joera horixe baita. El Salvadorren pentsa zein punturaino iristen den auzia, kaleko delinkuentziaren errudun ere emakumeak sentitzen direla! Zergatik? Askok atzerrira joan behar izan dutelako lan bila. Aitak familiako ardurak bere gain hartzen ez dituenean horren errua ere amari egozten zaio etxetik alde egin duelako... Beti bizitzaren jasangarritasunaren ardura bizkar gainean jartzen zaigu. Gutxienekotik hasita, gure egunerokoan, patriarkatuaren iraupenaren alde nola egiten dugun konturatu gaitezen da gure helburua.

Krisi ekonomikoak nola eragiten die dagoeneko lortuta genituen eskubideei?

Krisiarena estrategia bat besterik ez da. Krisia dagoela eta horregatik eurek ezartzen digutenaren aurrean men egin behar dugula sinestarazten digute. Kapitalismoaren krisiarekin neoliberalismoa etorri zen, are suntsikorragoa. Globalizazioaren bidez beste herrialde batzuk bereganatu eta herrien kolonizazio eta birkolonizazioarekin lurralde berriak eskuratzea zuen helburu. Hori lurraldeari dagokionez. Indibidualtasunari eta arlo pribatuari dagokionez, krisiaren kontuarekin datoz, gure eskubideen alde borroka ez dezagun. Eta faltsua da. Kapitalismoa beti berdin dago, dirua berdin edo gehiago eskuratzen dute. Krisian gu gaude. Ez digute uzten antolatzen, sindikatuak desagertzen ari dira langileak kaleratuko dituzten beldurrez...

Lan eskubideak zein egoeratan daude El Salvadorren?

Krisia ez da benetakoa. Dagoeneko eskura genituen eskubideak mozteko egindako asmakizuna da. Ikusi dute kapital askok eskuetatik ihes egiten diela eta neoliberalismoak erabateko askatasuna ematen du lan malgutasunari dagokionean. Gure herrian ikasketak burutu edo denbora libre gehiago izan dezagun aukera bezala saltzen digute, baina benetan dakarrena eskubideak murriztea da. Prestakuntza sozialak, osasunari dagozkionak, ekonomikoak... galduz goaz. Esaterako, orain txandaka lan egiten dugunez ez dugu aparteko ordainsaririk jasotzen. Krisiari egozten diote arrazoia, baina horren atzean prestakuntza sozialen mozketa dago. Kapitalismoak bere biziraupenerako bidean, eta kapitala ez uztearren, sortutako demagogia da. Alfabetizazio kopuruak gora egin du, emakume gehiago ari delako ikasten. Baina lehiakortasuna ere handiagoa denez, soldata baxuagoaren truke lan egin beharra dago. «Zuk ez baduzu nahi, beste langile asko daude onartuko dutenak» esan eta kito. Lan aukerak murriztetik datorren prekarietatea erabatekoa da Erdialdeko Amerikan.

Makroekonomian ez, egunerokotasunean jartzen duzue argi fokua.

Gauzak txikiak dira, baina garrantzitsuak. Esaterako, kontsumismoa. Horrekin ere sistema kapitalista neoliberala bermatzen ari gara eta ez gara ohartzen. Neoliberalismoa hezurretaraino sartuta daukagu! Kontua ez da errudun sentitu eta geure burua zigortzea, erresistentziatik zer egin dezakegun hausnartzea da gakoa.

Eta, zer egin?

Hasteko, egoeraren diagnosia egin behar da. Ondoren, gure arbasoen jakituria berreskuratzearen alde egin dugu. Kapitalismoak modernotasuna eta garapena saltzen digu, baina zein motako garapenaz ari gara? Lehen herrien egoera ekonomikoa bestelakoa zen. Izadiarekin lotura estuagoan, elikadura osasuntsuagoa zuten eta beren diru propioa bazuten; zergatik ez erresistentzia jarrera hartu eta sistemaren aurrean ezetz esan? Nekazari moduan aldarrikatuko dut nire burua. Lehen nekazaritza guneetan ez zegoen inolako aurrerapenik. Orain, ura, argindarra, etxetresna elektrikoak... denetarik dago bidalketei esker –atzerrian lanean ari direnek etxera bidalitako dirua–. Eta ondorioz, gure nortasuna galdu egin da. Lotsatu egiten dira nekazaritza guneetan bizi direlako, ez dira nekazari sentitzen. Sistemak «hobea izan behar duzu, gauza gehiagoren jabe izan»... saltzen dizu eta inoiz akaberarik ez duen kontsumismoaren gurpil zoroan sartzen zara.

Zuen aldarria nortasunaren defentsari lotuta dago.

Bai. Nekazaria naiz baina nire eskubideak nahi ditut. Izan ere, El Salvadorren lan eskaera egiten badut, esaterako, sortuko zaizkidan aukerak oso desberdinak dira hirian ala herri txiki batean bizi. Modernotasun gisa saltzen didazu sistema kapitalista, eta nire burua nola onartu behar dudan ere esaten didazu. Nire sustraiez lotsaraziz, gainera. Adineko emakume askok gerrak sufritu dituzte, baina belaunaldi gazteek ez dute hori ezagutu eta nondik gatozen azaldu behar diegu. Modu horretan, Internetez eta sare sozialen bidez jasotzen duten informazioa gure testuinguruan kokatzen lagunduko diegu.

Horren guztiaren eragina handiagoa al da emakumearengan?

Eraginak ez dira berdinak. Ekonomia patriarkal neoliberalaren eragin nagusia emakumeontzat da. Gizonezkoa txiroa bada, emakumea are txiroagoa izango da, etxeko dirua nola gobernatu ikusi behar du-eta. Urik ez badu etxean, emakumea da errekaraino joan eta etxera garraiatzeaz arduratzen dena, bide horretan bortxatua izateko arriskuarekin. Bada besterik. Orain, esaterako, lan malgutasunaren eraginez, ebakuntza bat izan duen gaixoa egun batetik bestera bidaltzen dute etxera. Nor arduratzen da bera zaintzeaz? Emakumea da haurrez, hirugarren adineko senitartekoez eta gaixoez arduratzen dena. Eta Estatuak diru gutxiago gastatzen du ospitaletan erizainekin. Estatuak berak eskuak garbitu eta emakumeon bizkarrean jartzen du pisua.

Prekarietatearekin non geratzen da emakumearen ekonomia autonomia?

Emakume asko bakarrik ari dira familia aurrera ateratzen. Eta Estatuak ez die inolako laguntzarik ematen. Etxetik kanpo lan duinik ez dagoenez, zertan aritzen dira? Lan ez-formalean, jakien eta edarien salmentan... Noski, soldata ez denez nahikoa etxeko lanetan lagunduko dizun inor kontratatzeko, zuk edo alaba zaharrenak egingo duzue. Eta neska horrek ez du ikasteko aukerarik izango. Beti emakumeengan dago pisua.

Sexu eskubideez zer esan?

El Salvadorren emakumeek oso gaztetatik dituzte sexu harremanak eta nahi gabeko haurdunaldien kopurua handia da. Gainera, haurra jaiotzearen gaineko erabakirik ezin duzu hartu. Abortuaren zigorraren aurkako borroka etengabea da. Atzeraka goaz, duela hiru urtetik hona Konstituzioan haurraren bizitza sortu zen unetik babesten baita. Baita frogatutako bortxaketa baten ondorioa den kasuetan ere, edo malformazioren bat dagoenean.

Euskal Herrian ikusi dut emakumeak autonomia gehiagoren jabe direla. Beren gorputzetik abiatuta erabakiak hartzeko aukera edo gaitasun handiagoa dute. Emakumeak euren buruaren jabe direla eta zenbat haur izan nahi dituzten erabakitzen ikusteak poztu egin nau. El Salvadorren gaur egun lau haur izaten dira batez beste, eta hemen ikusi dut gutxiago direla. Sistema kapitalistak merkatua du lehentasun, eta ez gizakia. Hortik abiatuta, gure eskubideak bortxatzen dira. Nola bizi zaren, zure ongizatea, horrek ez du axolarik. Interesatzen dena merkatua da, diru pilaketa.

Edonora joan, gerrak asmatu eta sekulako arpilatzeak ematen dira munduan zehar. El Salvador ez da salbuespena. Gure herrian ez dizkigute natur baliabideak –ura, meatzaritza– bakarrik lapurtu, baita kultura bera ere. Eta lapurreta hori da ekonomia kapitalista sostengatzen duen habeetako bat, nahiz ez den horretaz hitz egiten. Gure arbasoek hainbeste lan egin zuten lurraren defentsan eta orain potentzia handiek jaun eta jabe balira bezala jokatzen dute!

Eta gu guztiok gero eta bakartuago...

Bai, bizilaguna zure egoera berean ote dagoen jakin ez dezazun. Indibidualtasuna eta lehia, horixe bultzatzen du kapitalismoak.