SUPERZEBRAMAN -

Beltzek beltzentzat egindako filmen erresuma da Nollywood. Javier Urtasun irundarrak, dena utzi eta bere pasioari jarraituz, Nollywooden zuri batek egindako lehen filma osatu du. Horretarako, Michael Superzebraman superheroiaren pertsonaia asmatu du. Zailtasunak zailtasun, «making-of» bat ere burutu du, Nollywooderako gidaliburu izango dena.

Fausto Berazadi

2012ko Maiatzaren 24a

Hollywood, Bollywood eta, orain, Nollywood. Nigeria eta Euskal Herriaren arteko lehen produkzioa da “Superzebraman”, Javier Urtasunen (Iruñea, 1980) lehen filma. Krisi garaiotan buruari hazka egin eta nork bere proiektuak aurrera ateratzeko abilidadea erakutsi beharra izaten bada, Urtasunek ganora, ilusioa eta kemena erakutsi ditu, hamaika muga eta traben gainetik lortu baitu proiektu «berezi eta ezberdin» hau gauzatzea.

Deustuko Unibertsitatean Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza ikasi ondoren, 2005ean Bartzelonara egin zuen jauzi Urtasunek, ikus-entzunezkoen arloko ikastaro bat eta sorkuntzako beste bat egiteko, zinema gustuko baitzuen. Geroago, 2007an, publizitate enpresa batean hasi zen lanean, baina «sektore gogorra da publizitatearena, diruak eta aurrekontuek baldintzatutakoa. Iradokitako ideien %90ek ez dute balio izaten, ez dira aintzat hartzen. Proposamenak egin eta arazoren batengatik aurrera ez ateratzeak nekatu egiten du bat», onartzen du irundarrak.

Bide horretan, 2009ko urtarrilean, oporrak baliatuz, Afrika ezagutzeko betiko desioari heldu zion, aurreko urtean Ciudad Juarezen, Mexikon, egon ostean. «Hegaldiak aurrez hartuta merkeagoak direnez, urte hasieran hasi nintzen planak egiten. Zinemarekin lotutako Afrikako herrialde batera joan nahi nuen. Eta, oraindik gazte naizela aprobetxatuz, herrialderen bat ezagutu. Zahartzerakoan bisitatu ezingo dudan herrialderen bat, alegia», azaldu du Urtasunek.

Internetek eman zion pista: Nollywood. «Nigeriak 135 milioi biztanle ditu, Afrikako herrialde populatuena eta arriskutsuenetakoa da. Baina urtean 2.500 film egiten dituen zinema industria ere badauka. Hollywood eta Bollywooden atzetik, munduko hirugarren handiena kontsideratuta dago. Aurrez, ordea, banuen zerbait entzuna Nigeriako zinemagintzaz eta nire oporretan han filmak nola egiten ziren ikustera joatea erabaki nuen. Kontakturen bat behar nuen soilik, eta bilatzeari ekin nion. Hala, bada, sarean Nollywoodi buruzko bideo bat ikusi nuen. Bertan, filmak sei egunetan eta mila dolarrekin egiten zituztela aipatzen zen. ‘Hau duk nirea!’ pentsatu nuen neurekiko. Ideia hark asko erakarri ninduen, jakin-min handia piztu zuen neure barruan», adierazi du Urtasunek bizi-bizi.

«Ordenagailu bat erostekotan nintzen garai hartan», jarraitu du. «Ordenagailua erosteko dirua baliatzea erabaki nuen, hamabost eguneko oporraldian bederatzi egun sobran nituela pentsatuta! Horrela, pelikula bat Nigerian egitearen ideia gorputza hartzen hasi zen nire baitan», aitortu du Urtasunek.

Nigeriako proiektua

Bitarte horretan, Radio3 irratian Nollywoodi buruzko dokumental bat egin zuen belgikar zuzendari baten inguruko saio bat entzun zuela gogoratu zuen nafarrak. Bere izena Saartj Geerts zen. Geerts Facebooken topatu, mezua idatzi, eta, ordu bete eskasean erantzuna jaso ondoren, Nollywoodeko hainbat kontaktu eman zizkion belgikarrak. «Egun hura borobila izan zen, gauza asko lotu bainituen. Batetik, funtsezkoak suertatuko zitzaizkidan kontaktuak eskuratu nituen. Bestetik, ezinbesteko izango zitzaidan diru apur bat ere izan banuen, eta, azkenik, ikaragarri ilusionatu eta motibatzen ninduen proiektu bati hasiera ematera nindoan», azaldu du. «Hori guztia ongi aztertu ondoren, publizitate agentzian Nigerian film bat egiteko lana utzi behar nuela azaldu nuen. 2009. urtea zen», zehaztu du Urtasunek.

Nollywoodeko lehen zuria

Urtasunek hasieratik argi zuen filma zuzendu ez ezik antzeztu ere egin nahi zuela. «Nollywoodeko abenturak erabatekoa izan behar zuen. Zuzendu eta antzeztu, alegia. Ez nuen hara joan nahi film bat egitera soilik. Integratu eta hango produkzio lana ezagutu nahi nuen. Nigerian baliabide eskas eta diru gutxirekin zinema egiten zuten freakiak bazeuden, Europan horietarikoak ere bazirela agertu nahi nuen. Eta horregatik antzeztu egin nahi nuen», dio argi eta garbi.

Integratzeko gogo hark, berezi edo pribilegiatu ez bihurtzeko ardura sozialak ezusteko bat edo beste eragin zion. «Nollywoodek Afrikako istorioak kontatzen ditu, eta hortxe du, hain justu, bere arrakasta. Beltzentzako beltzen istorioak kontatzen dituzte, beltzek eurek egindakoak. Oso argudio eta gidoi apalak erabiltzen dituzte, kasik barregarriak, produkzio maila oso baxua dute, baina eurek eurentzat egindako zinema da azken finean. Hollywood eta Bollywood batuta baino film gehiago egiteak horixe dakar azkenean: afrikarrek soilik ikusiko dituzten 2.500 film», esplikatu du irundarrak. «Horrek guztiak nire gidoian eragin handia zuen, zuri batek lehenbizikoz Nollywooden parte hartzeak gidoi berezia eskatzen baitzidan. ‘Zer arraio egiten du zuri batek beltzen zinemagintzan?’ nioen neurekiko. Zuri batek nola edo hala beltzen munduarekin bat etorri behar zuen gidoi hartan», jarraitu du Urtasunek, arazoa oso argi azalduz. Eta ondotik bere anaiak iradoki zion ideia bota du: «Margotu ezak aurpegia beltzez!».

Puli, hitz egiten dakien zebra

Halako batean, anaiarekin New Yorken bidaia batean zela, zebra batekin amets egin zuen. «Zuria eta beltza den heinean, zebraren pertsonaiak joko asko eman zezakeela-eta ideia gorpuzten hasi nintzen. Buelta asko eman ondoren, Puli pertsonaiarekin eman nuen», dio nafarrak. «Horiek horrela, sinopsia ondokoa litzateke: Michael Lagos hiriburuko zerbitzari apal bat da, tabernan abesten duen Niurka kantariarekin maiteminduta dagoena. Niurkak zuriekin ditu harremanak gehienbat, Londresera joan nahi baitu bere ametsa betetzera: MTV telebista katean lan egitea. Halako batean, Michael, depresioak jota, basora joan eta mozkortu egiten da. Han ezagutuko du Puli, hitz egiten dakien zebra, eta zebren boterea emango dio, beltzetik zurira aldatzearena hain zuzen, Niurka maitemintzeko. Alabaina, Michaelek boterearen kontrola galtzen duenean dena zailduko da; ez da gehiago zuria edo beltza izango, giza-zebra bat baizik. Eta hori ehiztariz jositako Afrika batean arazo galanta da...», nabarmendu du nafarrak, umoretsu.

Bi xede: filma eta «making of»-a

Urtasunek garbi du ez dela Nollywoodera film bat egitera bakarrik joan, beste xede batzuk ere bilatu nahi izan ditu. «Produktore handi baten dependentziaz harago filmak egiterik badela erakutsi nahi izan dut. Era berean, egun zinemaren industriak pairatzen duen pirateriari alternatibak eskaini eta bide ezberdinak aztertzen saiatu naiz. Nollywoodek eskain dezakeenaren harian, etorkizunean lankidetza egitasmoak indarrean jartzeko oinarriak ezarri nahi izan ditut. Afrikak Europan duen irudia guztiz aldatzeko nire ekarpena egin nahi nuen, batzuk hesiz itxi nahi duten kontinentean besteok gure ametsak egi bihurtu ditugula nabarmenduz. Xedeekin jarraituz, Nigeriako zinemarekin lehen koprodukzioa burutu nahi nuen, hango banaketa eta produkzio eredu arrakastatsuez ikasiz, hemengo zinemagintza independentean aplikatzeko. Azkenik, mundua zertxobait aldatzea posible dela eta ametsik eroena ere, gogo biziz ekinez gero, egi bihur daitekeela erakutsi nahi nuen», azaldu du Urtasunek, bihotza irekiz.

Hori dena gauzatu nahian, bi bide erabili ditu Urtasunek: azaldu dugun ametsa bete, filma Nollywoden grabatzearena alegia, eta, aldi berean, jende ezberdinak Nollywooden filmak egin ahal izateko gidaliburu moduko bat eratzea. Filma eta making-of-a esku beretik. «Film bat Nollywooden egitea kanpotarrentzat ezinezkoa ez izatea lortu nahi dut, eta, horretarako, film bat egiteko prozesu hori dena azaltzen duen making-of-a egin nahi izan dut, bidea erakusteko asmoz: Nollywoodi buruzko analisia, zenbat kostatzen den, zein den egitura guztia... hori guztia esplikatu nahi izan dut», agertu du irundarrak.

Superzebraman, etorkizunean

Ez da hemen amaitzen Urtasunen grina. Nollywooden hasi duen ibilbideari jarraipena emateko asmoz, Superzebraman Hollywoodera, Bollywoodera eta munduko beste hainbat tokitara eramateko nahia du. Baditu behintzat hainbat ideia buruan. «Toki bakoitzean tokiko estiloari helduko lioke gidoiak. Bollywooden koreografia anitz izango lituzke, abesti eta dantzekin. Hollywooden akzioa izango litzateke nagusi; pistolak tiroka eta titiren bat edo beste ere agertuko litzateke... Honk Kongen arte martzialek pisu nabaria izango lukete. Baina hurrengo proiektua Ciudad Juarezen osatu nahi dut, drogaz eta mugaz hitz egiteko. Horrela, Michael [hasieran tabernari zena], mediku batengana abiatuko da, azaleko kolore naturala berreskuratu nahian. Sendagile hori Michael Jackson ‘zuritu’ zuen berbera da, eta zebraren marra zuri-beltzak kentzeko eskatu nahi dio, normaltasunera bueltatzeko. Medikuak kontsulta Los Angeles hirian izanik, Mexiko helmuga duen barku batera igoko da Michael. Behin Ciudad Juarezera iritsi eta muga pasa nahi duenenen, autoritateek ez diote pasatzen lagako. Muga zeharkatu eta Los Angelesera iristeko modu bakarra bertako narko-mafiarentzat lanean aritzea izango da. Michael borroka librearen munduan sartuko da horrela, bertako kulturan oso barneratua den ikuskizunean parte hartuz. Bere aurpegiko marra zuri-beltzek jendearen miresmena ekarriko dute. Zebra Jauna bezala ezagutuko du publikoak, eta, borroka oholtzara igotzean, Misterio Erregea bertako borrokalari ezagun eta entzutetsuarekin lehiatuko da».