IRITZIA -

Ruben Sanchez

2012ko Maiatzaren 18a

Europarroi euliari kakatik alde egitea beste kostatzen zaigu begietatik trapu zahar eurozentrista eranztea. Horrez gain, zu, europar jator hori, bihotzez espainiarra bazara, aukera asko dauzkazu trapu hori bekokian iltzatuta edukitzeko, Kristo guztiz ahalduna izango bazina bezala.

Europan dugun joera higuingarri pedantea, urte luzez ondutako argumentu eskasen ondorioa da: munduan demokrazia burgesak ondoen funtzionatzen duen lekua da Europa, demokrazia burgesa sistemarik onena da, beraz, Europa munduko lekurik onena da. Gu baino hobeto bizi litezkeen apurrak, edo lanerako bizi dira –japoniarrak–, edo lerdo samarrak dira –yankiak–.

Espainiarra bazara, gainera, lehengo formulazioari beste itzulipurdi bat ematen diozu: «Europan zozo samarrak dira eta Españaren berezko gatz eta piperrak Europako lekurik onena bilakatzen gaitu». Olé. Eta bat-batean iristen dira festa (nazionalaren) izorratzaile batzuk eta esaten dute España dela langabezia tasa altuena duena Europan, arrisku saria bere markak hausten ari dela, OCDEren arabera España erakunde horretako 31 herrialdeen artean 27. postuan dela gizarte-justizian, justiziaren independentzian 54. postuan dagoela (Egipto eta Iranen artean)... EspaÑistan is different.

Argi dago Hegoaldeko euskaldunei egunero pizten digutela espainiar ez izateko gogoa. Baina ez gaitezen atera EspaÑistan-etik euro-zilborrera “eusko” label batekin sartzeko. Gure herria (amesten duguna behintzat) ez da Merkel eta Hollanderen azokakoa; eskaintzen dugun barne produktu gordinak (euskara, emakumea, langilea, baserritarra, kultura, hezkuntza, elkartasuna...) ez du burtsan kotizatzen. Arrisku sari handikoa da. •