TXORROTXIOAK PARTITURAN -

 Pello Zabalak dio txoriak umeak bezain jolastiak direla eta haiekin ibiltzen da bera sasoi honetan, batekin eta bestearen hizketan. Mixel Etxekoparek ere etengabe erabiltzen ditu txorien kantuak bere emanaldietan. Arantzazun edo Gotainen beren lekuak dituzte txoriekin mintzatzeko. Baina ez dira txoriekin harreman estua duten musikagile edo musikazale bakarrak, musikaren historia txoriz beteta baitago.

Joxean Agirre

2012ko Maiatzaren 11a

Donostiako Musika Hamabostaldiko zuzendari ohiak, Jose Antonio Etxenikek, kontatzen duenez, behin Olivier Messiaen musikagileari galdetu zioten ea zein ziren bere garaiko musikaririk onenak eta txoriak zirela erantzun zuen. Bere kasua berezia da, emaztea eta biak txorien txorrotxioak grabatzen ibiltzen ziren basoz baso munduan barrena. Txorien kantuak biltzen dituzten pieza asko ditu, baina ez da bakarra, Vivaldik, Ravelek, Mozartek, Wagnerek, Beethovenek berak ere erabili izan baitituzte txoriak beren lanetan.

Euskal kantutegia ere txoriz beterik dago. JoseAnton Artzek , “Txoria txori” famatuaren hitzak egin zituenak, badaki zerbait horretaz, bera ere grabazioak egiten ibilia baita Urbiara bidean edo Anerrekan. Txisturako errepertorioan ezin da orrialderik pasatu txori izeneko piezaren batekin topo egin gabe. Isidro Ansorenak “Birrigarroa” izendatu zuen bat, baina Lorenzo Ondarrak bospasei lan baditu, bakoitza txori jakin bat eskainiak. Txirula jotzaileek txoriak maisutzat dituzte. Zuberoako kantagintzan bada “basa ahaideak” izeneko tradizio bat hegaztien hegada imitatzen duena. Musikaren munduan ezin da pausorik eman txoriekin topo egin gabe.

Harrigarriagoa da oraindik beharbada txorien kantua imitatu eta txoriekin «hitz egiteko» gai direnen kasua. Udaberria da eta horietako bi lagun bisitatu ditugu, Pello Zabala Arantzazun eta Etxekopar Gotaine-Irabarnen. Lehenak orduak ematen ditu egunero txoriekin. Arantzazu inguruetako txorien kokalekuak ezagutzen ditu eta ibilaldi bat egin daiteke berarekin txoriekin «hitz eginez».

Antzeko jendea aurki daiteke Europako edozein hiritan. Igande goizetan ibilaldiak egiten dira Alemaniako edo Austriako basoetatik barrena txorien kantuak ezagutzeko, baina ornitologo gutxik lortuko zuten Pellok bere txoriekin duen harremana eta gutxiagok izango dute, seguru gaude, txorien kantuak errepikatzeko duen trebezia.

Mixel Etxekopar ere edonor txundituta uzteko moduko artista da. Azken bolada honetan Oliver Messiaenen ikasle den Fraçois Rosserekin dabil kontzertuak ematen, alsaziarra pianoarekin eta bera Isturitzeko txirularen errepikarekin eta honek ere txorien kantuak tartekatzen ditu. Gotaine-Irabarnen Uhaitzandi ibaiaren txoko batera eraman gintuen. Umea zela han edukitzen omen zuen amonak txorien kantuak entzuten eta hara joaten da oraindik ere. Txori bat imitatzeko orduan eskuekin ezpainak ukituz egiten ditu txorrotxioak.

Barrokotik gaurdaino

Jose Antonio Etxenikek ez du instrumenturik jotzen, «kalkulagailua baizik». Hori esatea gustatzen zitzaion behinik behin Donostiako Hamabostaldiko zuzendari zenean. Oraindik ere Hamabostaldiari lotuta jarraitzen du, baina aholkulari gisa. Oraindik orain Salzburgon egona da. «Hegazkinik ez dut inoiz hartzen eta, autoan edo trenean noalarik, lekuko musikagileen lanak entzutea gustatzen zait eta pasaiari begira ohartzen naiz izadiak zer eragin duen musikagileengan», dio eta berak Xabier Leterekin egiten zituen ibilaldiei buruzko oroitzapenak kontatzen hasi da, gehienbat Aralarrera joaten baitziren Xabier, Francis Lopez de Landetxe eta hiruak. Bere kutuna Laboa izan da, ordea, eta udazkenean bereziki Ibañeta aldera joatea gustatzen zaio eta han, usoak noiz agertuko zain, bere kantaren bat entzutea. Gaira ekarri behar izan genuen.

«Txoriak? Bai, bai, sekulako presentzia dute musikaren historian, Barrokotik hasi eta gaurdaino», erantzun du eta egileak aipatzen hasi da. Bitan programatu omen ditu Hamabostaldiak gaiarekin lotutako ekitaldiak. «2008an txori imitatzaileen lehiaketa bat ere antolatu genuen Miramar jauregiaren atzean dagoen parkean. Guk nahi beste oihartzun ez zuen izan, baina jendeak oso ondo erantzun zuen. Bospasei imitatzaile etorri ziren. Torroella de Montgriko jaialdiaren laguntzarekin izan genuen lehiaketa antolatzeko», dio. Lehiaketa antolatzeko aitzakia Olivier Messiaen-en jaiotzaren mendeurrena izan zen, inork ez bezala baliatu baititu txorien kantuak musikagile honek.

Txoria askatasunaren, bakearen eta maitasunaren sinbolo da eta musikaren historian behin eta berriz agertzen dira. «Barrokotik hasi eta gaurdaino txorien kantuetan inspiratutako obrak etengabeak dira. Gure bi musikagile aipatzearren, Aita Donostiak badu preludio bat ‘Errotazuriko urretxindorra’ deitua eta Ravelek beste bat oso ezaguna, ‘Les oiseaux tristes’ izenekoa. Barrokoan hasten dira musikagileak txorien kantuak imitatzen eta Vivaldik bere ‘Urtaroak’ obran, Beethovenek seigarren sinfonian eta Monteverdik erabili izan dituzte. Pau Casals-ek badu txeloarekin jotzen den lan bat, gerra ondoan erbestean askotan jotzen zuena, ‘El cant des ocells” izenekoa. Etxe Zurian Kennedytarrentzat eman zuen kontzertuan ere jo zuen. Askatasunari egindako goratzarre bat zen», esan digu Etxenikek.

Stravinskyk bi lan omen ditu, “Suzko txoria” eta “Udaberriaren sagaratzea”, txorietan inspiratuak eta bietan, txorien kantuak imitatuz, jolasak egiten ditu biolinarekin.

«Wagnerek ere lau opera epiko biltzen dituen zikloaren barruan, ‘Sigfrido’ren ekitaldi batean, txoriek protagonismo erabatekoa dute», gogoratu du.

Euskal kantutegian eta Europa osokoan agertzen dira txoriak. «Badaude ‘Uso txuria’ bezalako doinu batzuk han eta hemen agertzen direnak. Mozartek berak sartzen du melodia hori bariazioetako batean».

Pello Zabala: «Zozoari euskal kanta bat erakusten saiatu ginen»

Mutikotan txori habia bila ibili ohi zen, baina Erriberrin ikasketak egiten ari zela hasi zen txoriekin zaletzen. «Filosofia ikasten adina denbora pasatzen nuen txoriak zaintzen eta jaten ematen. Karnaba edo kardantxilo kumak urtero hazten nituen eta azken urtean urretxindor kuma bi izan nituen eta haiekin etorri nintzen Arantzazura. Trenean egin zuten bidaiaren zati bat kaiolan sartuta, paperarekin estalita. Hemen ondoren gela handi bat jarri genuen txoriekin. Zozoak, birigarroak eta oskilasoak izan nituen. Oskilasoak oso etxekoiak dira, builoso samarrak badira ere. Kuku bat zaintzen ere lan dezentea hartu genuen. Inguruan aurkitutako kuku kume bat ekarri ziguten eta gauean ikaskideak irakurraldira joaten zirenean gelako argi guztiak piztu eta sartzen ziren tximeletak eta eltxoak harrapatzen aritzen ginen, biharamunean kuku kumeari jaten emateko. Eman ahala jaten zuen», hasi zitzaigun kontatzen Pello Zabala.
Berarekin txorien bila Arantzako santutegirik itzuli bat egitea esperientzia berezia da. Arazorik larriena bere txorrotxioak transkribatu ezina da, ez eta bere barre algarak ere, txorien kontuak kontatu ahala barreak egiten baititu. Berak dionez, txori bakoitzak bere eremua du eta kanturako bere pulpitua. Hara gerturatu ahala, ezagutu egiten dute askok eta hasten zaizkio kantuan. Umeekin bezala, ibiltzen omen da txoriekin jolasean, bati eta besteari ezusteak ematen. Tranpak egiten ere ba omen dakite, dio. «Ezustean zozo batek norbaitekin topo egiten duenean kantu bat fuerte kantatzen du, ondoren beste bat baxuago eta hirugarren bat isil-isilik, urrutira joan den itxurak eginez. Umeak bezain tranposoak dira». Arantzazuk 700 metroko altuera du. Aurten, hotzagatik edo, zizare eta barraskilo gutxi dabil eta ez da batere udaberri ona txorientzat. «Eskerrak huntzak udazkenetik fruitu gorri asko izan duen», dio. Txori bakoitzak bere kantatzeko era du. Kukuek, esaterako, tonu bakarreko edo biko tartearekin kantatzen dute, baina badira hiru tonuko tartearekin kantatzen dutenak ere eta badaki Pellok, entzunda bakarrik, zein kuku ari den kantuan.

Txori askoren kantuak badakizkizula erakutsi diguzu. Saiatu al zara inoiz txoriren bati kantuan erakusten?

Seminarioan gela bete txori izan nuen garai horretan zozoei kantuak erakusteko kaiola handi bat ere jarri genuen. Zozo bat bagenuen ikasten bizkor samarra eta Usurbilgo fraide bat saiatu zen “Beti eskamak kentzen” erakusten. Ez zuen ikasi, noski. Kontuan izan behar da kanturako duten aldia oso laburra dela, martxoan hasi eta ekaina pasatu arte kantatzen dute ozta-ozta, uztailerako mututu egiten dira, lumajea aldatzen hasten zaielako. Udazkenean oso gutxi kantatzen dute eta neguan batere ez. Neguan hemen aurrez aurre dagoen Aitzabalgo puntan egoten diren beleekin entretenitzen gara. Zarataka hasten direnean putreak edo azeriren bat etorri zaien seinalea izaten da. Largabista hartu, begira jarri eta berehala aurkitzen duzu azeriren bat. Udaberrian umeak egiten hasten direnean hasten dira kantuan. Bi umealdi egiten dituzte. Zozoak eta birigarroak, eguraldi on samarra denean, ez dago isiltzerik.

Ikasketa prozesura itzuliz, gai al dira zuk kantatutakoa errepikatzeko?
Bai, bai. Birigarroa da beharbada ikasten azkarrena. Beste txorien kantuak ere ikasi egiten ditu: puskaka ikasiz, beste lauzpabost txoriren kantuak egitera irits daiteke. Okilarena oso garbi egin ohi du eta inoiz, eta hori oso zaila da, karnabarena ere kantatu ohi du. Oso errepika zaleak dira eta batzuetan oso ondo kantatzen dituzte besteen txorrotxioak, beren ahotsarekin, noski, ahots indartsuarekin. Nik kantatutakoa ere berehala errepikatzen dute. Txoriak oro har, baina birigarroak bereziki, lekuan lekuko berezitasunak izaten dituzte. Urbiara bidean, esate baterako, oso birigarro indartsuak daude. Ez dute hemen bezala kantatzen. Errepertorio estuagoa dute, gauza bera gehiago errepikatzen dute. Hemengoen kantua aberatsagoa da.

Noiz entzun zenuen norbait txorien kantua imitatzen lehen aldiz?
Osaba bat genuen oso txori zalea. Pare bat karnaba beti izaten zituen etxean eta haiek imitatzen nahikoa ona zen. Umetatik uste dut izan dudala zaletasun hau. Txirulariei beti entzun izan diet eskuetan txirula hartu orduko txori sentitzen direla. Lehen txoriak zaindu bai, baina ez nuen haiekin hainbeste denbora ematen, baina orain orduak pasa ditzaket. Goizean eta ilunabarrean izugarri gozatzen dut nik txoriekin. Gandiaga gunetik hona natorrela inoiz sumatu izan dut zozo bat kanturako entsegua egiten. Kantuan fuerte hasi aurretik apal-apal frogak egiten dituzte. Begira gelditzen ez bazara, ez dira lotsatzen. Gelditzen bazara, isildu egiten dira, beldurren bat sumatu balute bezala. Dena den, beti hemen bueltaka gabiltzanok ezagutu egiten gaituzte. Hori da behintzat nire susmoa. Buelta bat ematera ateratzen naizenean, neure aurretik joaten dira txori batzuk. Mila istorio konta ditzaket txorien inguruan. Gure terrazan, esate baterako, habia egin zuen buztangorri batek. Arrak bakarrik kantatzen du, baina kasu horretan amak ere, jaten emateko orduan, emakumeek beren umeei egiten dieten bezala, ahoarekin hots bat ateratzen zien. Ikasi nuen hots hori egiten eta egiten nien bakoitzean salto egiten zuten, jan bila. Terraza hori teilatuz inguratuta dago eta ikustekoa izan zen bi kumeak hortik ateratzeko amak nola erakutsi zien hegan, leiho batera lehenik, bigarren batera hurrengoan eta teilaturaino azkenik. Pena ere ematen dute batzuetan amak nola animatzen dituen eta nola ezin duten ikusteak.

Ikusten dudanez, harreman estua lor daiteke txoriekin.
Umeei bezalaxe, jolas egitea gustatzen zaie. Bakoitzak bere eremua gordetzen du. Leku horretan berak agintzen duela esan nahi dute kantuaren bidez, emea eta kumeak lasai egon daitezen. Seminarioan bizi ginela, bagenuen zozo bat goizean gu igaro zain egoten zena. Segura Irratian meza emateko gela bat prestatuta genuen eta han meza ematen ari ginela ere, inoiz leihora etorri eta gu tentatzen aritzen zen. Ohartzen zen ez geniola kasurik egiten eta sekulako kantuak egiten zituen. Kantu indartsua dutenen artean gehien gerturatzen direnak zozoak dira. Beherago birigarroak ibiltzen dira eta horiei ere gustatzen zaie guk gela zabaldu eta burua ateratzen dugunean zerbait esatea. Horretarako, noski, neguan ogi apurrak jartzen dizkiegu leihoetan eta saiatzen gara laguntzen eta harremana mantentzen. Hemengo kantaririk onenak birigarroa eta zozoa dira. Badaude, gero, kaskabeltza, txantxangorria edo buztangorria ere. Kantua pobreagoa dute, baina pertsonen jarraipena egiten oso onak dira.

Zer ordutegi dute kanturako?
Sei ordutik behin jaten dute eta ondoren isilaldiak edukitzen dituzte. Beroriek jaten dute eta kumeei jaten eman ondoren isiltzen dira. Eguerdiko eguzkiarekin ere erretiratu egiten dira. Eguraldi epela denean oso euri zaleak dira. Barraskilo asko jaten dute eta pentsatzen dut euriarekin poztu egiten direla. Nik goizetan eta ilunabarrean ateratzen naiz gehienbat txori bila. Bakoitzak kanturako bere lekua du. Zozoak eta birigarroak hiru bat ordu egin ditzakete kantuan jo eta ke isildu gabe. Habia hosto artean ezkutatzea gustatzen zaie eta aurten larri samar dabiltza, zuhaitzak atzera daudelako. Leku bakoitzera gerturatu ahala hasten dira kantuan. Uste dut badutela jendea ezagutzeko sena.

Zer dute txoriek musikagileengan horrelako eragina izateko?
Txorien kantuaren punta batzuk hartzen dituzte normalean musikagileek jolas egiteko aukerak eskaintzen dituztelako. Hala egiten du Vivaldik “Urtearoak” lanean eta hala egiten du Haendelek “Kuku” izeneko organo piezan. Mozartek berak ere erabili zituen txorien txorrotxioak “Pianorako 17. kontzertua”-n edo Beethoven “Seigarren sinfonia”-n. Azken lan hori izadiari eskainita dago eta kukuaren kantua oso garbi agertzen da. Baina txorien kantuak erabili zituzten joan den mendeko musikagileen artean nabarmenena Ottorino Respighi da eta Messiaen ere hor dago, 40 bat txoriri eskainitako piano piezatxoak ditu eta Asisko San Frantziskori eskainitako opera bat, Parisen pare bat aldiz emandakoa eta azken lan horretan ere txorien presentzia nabarmena da.

Mixel Etxekopar: «Umea nintzela amonak eramaten ninduen txorien kantuak entzutera»

Mixel Etxekoparek ez du bereizketarik egiten musika tradizionalaren eta garaikidearen artean. Jada 23 urtez egin duten Xiru festibalean, esate baterako, tradizioan oinarritutako emanaldi esperimental asko egiten dituzte. Orain sei urte, Santa Grazin pastorala egin zen urtean, pastoral esperimental bat eman zuten Ahüskiko Iturriaren ondoan, anfiteatro natural batean, argirik eta mikrofonorik gabe, eta hunkiturik kontatzen ditu Mixelek gau hartako kontuak. Zuberoako lehen bertso eskolako partaide da, berak sasi bertso eskola deitzen badio ere. Astero biltzen dira sei lagun, tartean Joanes Etxebarri bertsolaria, eta urtero saioa egiten dute Urdiñarbeko Musikaren Egunean. Baina bertsotan inprobisatzen sentitzen dituen arrisku eta atsegin bertsuak sentitzen dituela dio txirularekin inprobisatzen. «Agertokian jolas egiten dakienak bakarrik komunikatzen du. Askotan beste txirulari batekin inprobisatzen hasi eta hanka sartzen badu, nik beste hanka-sartze batekin erantzuten diot eta jarraitu egiten dugu», dio. Txirulaz, txoriez eta beste hainbat gauzez hitz egin dugu eta alaba, Maika Etxekopar, Amaren Alabak taldeko kide eta aktorea, tarteka agertzen da aitaren jarduna entzutera. Egongelan Mixelek txirulaz betea dagoen kirol poltsa handi bat du. Txirula horien artean bada bat bereziki maite duena, Izturitzeko harpeetako txirularen errepika. Azkenaldi honetan François Rosserekin dabil txirula hori jotzen. Durangoko Azokan aurkeztu zuten elkarrekin egindako “Transhumantzia” diskoa eta orain dela hiru bat aste Charles Gros akademiak urtero banatzen dituen sarietako bat eman die tradizioaren tratamendu garaikideagatik. Joan den asteburuan ere François Rossek idatzitako obra bat eman zuten Izturitzeko harpean. Bost txirulari ziren. Tartean Mixel. 

Noiztik zaude harremanetan François Rosserekin?
Badira bederatzi urte elkarrekin lanean ari garela. Aldez aurretik ezagutzen genuen elkar, baina ez genuen harremanik. Telefonoz deitu zidan Bordelen eman behar zuen kontzertu batean parte hartu nahi nuen galdegiteko. Baietz erantzun nion berehala. Nik txirula, txorien kantuak eta tarteka perkusioa jartzen dizkiot. Urte hauetan ohartu gara musikaz gainera gauza komun asko ditugula. Bera musikagile ezaguna eta piano-jotzaile handia da eta nik ozta-ozta dakit musika irakurtzen, baina sakonean antzekoak gara. Bera Alsaziakoa da, baina frantsesa bigarren hizkuntza du, txikitan ez zekien alsaziera baizik. Alsaziarren historia ere berezia da: lauzpabost aldiz aldatu dira estatuz. Françoisek badu anaia zaharrago bat Alsazia alemaniarren esku egon zenean eskola alemanez ikasi zuena eta berak frantsesa ikasi zuen zortzi urte geroago, 45ean jaioa baita, gerra ondoan. Hamazortzi urteren aldea dugu, baina oso ondo konpontzen gara. Parisen goi mailako kontserbatorioan Olivier Messiaen izan zuen irakasle eta hark kutsatu zion txoriekiko zaletasuna. Ahozkotasuna asko maite du. Musika egiteko Alsaziako oihanetara joan ohi da eta ni ere hemengo basoetan ibiltzen naiz txirularekin. Gero eramango zaitut Uhaitzandi ibaiaren ertzera. Hura izan da nire akademia. Biok gara, beraz, mendikoak. Ni Alsazian ibili naiz berarekin eta bera ekarri dut hona, eta Larrañen edo Urdiñarben emanaldiak egin ditugu. Eta Izturitzeko emanaldia prestatzen ari gara.

Ez du Izturitzen pianorik sartuko?

Bost flautentzako pieza bat konposatu du. Guztira 23 flauta zati aurkitu zituzten harpe horretan, guztiak sai hezurrekin eginak. Europan flauta gehien aurkitu den harpea da. Horietako bat nahikoa osoa zegoen, 1920an aurkitu zuten, eta nik daukat Pariseko Musée des Antiquités Nationales delakoan gordetzen den txirula horren errepika.
Jotzeko zaila al da?
Orain hamabi urte deitu zidaten jotzen animatuko al nintzen galdetzeko. Duela 25.000 urteko Cro-Magnongo gizakiek jotzen zuen txirula bat jo ahal izateak hunkitu egin ninduen. Gure txirula arruntak hiru zulo ditu eta txistua du haizearen sarreran. Honek ez du ezer, lau zulo baizik. 2003an jo nuen lehen aldiz txirula hau. Olivier Dejours musikagileak propio txirula honentzat egindako pieza izan zen. Hura izan zen partitura irakurriz jo nuen lehen aldia. Zientzialariak muga batera iristen dira eta hortik aurrera ez dakite ezer, irudikatu egin behar izaten dute eta horretarako gaude artistak. Geroztik performance eta emanaldi asko egin ditugu Izturitzeko harpeetan eta orain François Rosseren lana prestatzen ari gara. Oraingoan bost txirula jotzaile izango gara. Ahotsa, klarinete baxua eta perkusio bereziak ere izango dira. Eta, noski, txorien kantuak ere jarriko ditut.

Txirula eta txorien kantuak familiatik al datozkizu?
Ama beti kantuz ari zen eta aita ezpainekin txistua jotzen. Osaba bat ere badugu kantaria eta anaia zaharragoa txirula jotzen hasi zen ni baino lehen. Umetan kantatu egiten genuen eta 14 urterekin hasi nintzen txirula jotzen maskaradetan batez ere. Etxahun Iruriren azken hiru urteak ezagutu nituen. Baina txirula eta txorien arteko lotura izugarria da. Nik umetatik izan dut txorien kantuak egiteko ohitura. Herrian hala ezagutu naute beti. Bost senide gara etxean, hiru mutil eta bi neska. Ni gazteena naiz eta aitak kontatzen zuen ni sortzeko nengoela gizon bat etorri zela gure etxera eta lau seme-alabak ikusirik, kontradantzarako lau dantzari bazituela esan omen zion, baina txirularia falta zela. Txirularia laster jaio zen. Gure jaiotetxearen ondoan dago Jauregi Berri eta pentze horietan egiten da orain Xiru festibala eta hor ibiltzen ginen jolasean umetan. Amonak kontatzen zuen karroan ibai ondoko kanabera artera eramaten ninduela eta han egoten nintzela txoriak entzuten eta handik mugitzen ninduenean negarrez hasten nintzela. Nik uste dut hitz egiten hasi baino lehen hasi nintzela txoriak imitatzen.

Ezagutzen al dituzu txori jakinen kantuak?
Bai, bai, batzuenak bai. Une honetan hemendik gertu badago elur txori bat honela kantatzen duena (txorrotxioak egiten ditu) eta elkarrizketak izaten ditugu. Batzuetan mendira joaten naiz eta beste batzuetan ibai ondora, hura baita nire haur denborako Edena.

Basa ahaideen tradizioak ere badu loturarik hegaztiekin.
Bistan da. Kantuz edo txirularekin ikasi ditudan melodia ederrenak basa ahaideak direla esango nuke, hegazti handiekin lotura dutenak, belatzaren edo arranoaren hegaldia irudikatzen dutenak. Nik “Arranoa bortüetan” txirularekin ematen ari naizelarik, arranoaren hegaldia irudikatzen ari naiz. Basa ahaideak hitzik gabeko kantuak dira [eta bat kantatzen hasten da eskuekin hegaldia irudikatuz; Johane Barkos artzainari ikasia omen da]. Txori baten izena edo etxe baten izena daramaten kantu horiek. Xiru festibala egiten hasi ginen orain 23 urte, Pirinioetako txirulariak biltzeko. Artzainak etortzen ziren basa ahaideak kantatzera. Edizio horietako batean Okzitaniatik dantzari bat etorri zen, neska gazte bat, eta esperientzia polita izan nuen berarekin. Lurrean eserita zegoen eta ni basa ahaide bat txirularekin jotzen hasi nintzelarik, poliki-poliki espiralean mugitzen hasi zen eta hegaztiak bezala altxatu zen. Melodia entzunda bakarrik egin zuen inprobisazio hori.