Ez dira asko eskubaloi entrenatzaile diren emakumeak. Are gutxiago gizonezkoen taldeak zuzentzen dituztenak. Ane Herrerok arrakastaz bete du bere lehen denboraldia Ford Mugarri Arrasate taldean. Asteburu honetan lana borobiltzeko aukera dute entrenatzaileak zein jokalariek. Lehen Nazional Mailara igotzeko txartela eskura dute.
Xole Aramendi
2012ko Maiatzaren 04a
Ane Herrerok jokalarien buru lortu duen marka ez da txantxetakoa: 26 partidetatik 24 irabazi dituzte, bat berdindu eta bakarra galdu. Lider dira. Bigarren Nazional Mailan egindako liga apartaren ondoren, Lehen Nazional Mailara igotzearekin egiten du amets arrasatearrak. «Oso liga ona egin dugu eta igotzea sekulakoa litzateke! Batez ere jokalariengatik. Nik Espainiako Txapelketan esperientzia politak izan ditut jokalari moduan, baina eurak 12 urte dituztenetik ari dira jokatzen eta orain arte ez dute ezer seriorik irabazi. Aurten gogoz hartu dute eta entrenamendu oso onak egin ditugu. Motibazio faltagatik ez da izango... Gainera, irailetik apirilera arte maila mantentzea oso zaila da eta lortu dugu», azaldu du.
Aste hasiera da. Egun gutxi falta dira Gijonen igoera fasea jokatzeko. Urduri dago Ane. «Eguna hurbildu ahala, gero eta urduriago nago, baina, partida hasten denean, dena ahazten dut», esan du.
Odolean darama eskubaloia. Herrerotarran etxean egunerokok izan dira kirol honen inguruko kontuak. Txikitatik –aulkitxotik dio berak– ikusi ditu aita eta anaia entrenatzen eta jokatzen. Jokatzeari utzi eta entrenatzailea da orain Ane.
Kirol honetan erreferentziatzat izan dituenez galdetu eta ez du zalantzarik: aita eta anaia. Jesus Herrero Pitxi Aneren aitak sortu zuen kluba. Minbiziak lapurtu zion bizia Pitxiri, baina haren bideari jarraitzen diote etxekoek: Ines emaztea klubeko lehendakaria da, Ane alaba entrenatzailea eta Josu semea jokalaria. Josuk, beste lagun batekin, kadete mailako mutilak ere entrenatzen ditu. «Asko gustatzen zaigulako, bestela... Lan handia da. Jokalariez gain, beste 6-7 pertsona ari dira klubean eta lan handia egiten dute dena aurrera ateratzeko –dio–. Diru laguntzak ere gutxiago daude, jendeak ez du ematen hain erraz... Dena den, arazo ekonomiko handirik ez daukagu, nahiz borrokatu beharra dagoen diru apurrak lortzeko».
Denboraldi hasieran entrenatzaile izateko aukera sortu zenean ez zen kikildu. Jokalariek ere ez zuten atzera egin. Ordura arte haurrak entrenatzen zituen. «Beste maila bat da, jada ez dira umeak... Txikiei oinarrizkoa irakasten diezu, baina hau erabateko eskubaloi taktikoa eta teknikoa da. Hasieran kezka izan nuen, baina ahalik eta era naturalenean egitea erabaki nuen», esan du arrasatearrak.
Edu Orgaz aurreko entrenatzaileak berak bota zuen Aneren izena ordezkoaren bila ari zirenean. Ordurako bazuen esperientziarik mutil kuadrilla gobernatzen, nahiz laguntzaile bezala izan. «Iaz igoera fasean bigarren entrenatzaile bezala joan nintzen Bartzelonara», azaldu du.
Prestakuntzak kezkatzen du. «Ez daukat entrenatzaile prestakuntzarik, ikusitakoa dakit... Eta egoera jakin batzuetan faltan izan dut. Entrenatzaile tituluaren zati bat atera nuen eta ea orain bestea ateratzen dudan».
Ez da erraza izaten giza talde bat gidatzea. Eta Anerena egoera berezia da, nahiz berak naturaltasunez bizi duen. Jokalarietako bat anaia da, Josu. Eta, gainera, 21 urterekin, Ane bera da taldeko gazteena. «Bi jokalari badaude nire adinekoak. Beste guztiak hortik gorakoak dira. 32 urte ditu zaharrenak», argitu du entrenatzaileak.
Zer da zailena? «Astean zehar entrenatu den jokalariari asteburuan ez duela jokatuko esatea ez da erraza. Badakit jokalariaren larruan egotea zer den eta ez da batere atsegina. Jokalari denak ezagutzen ditut eta zaila egiten zait. Ez dute diruagatik jokatzen, ez zaio inori ordaintzen. Gustukoa dute. Lantegian errelebotik atera eta entrenatzera datoz... sekulako meritua dute», nabarmendu du.
Gidari izateko taldekideen errespetua irabazi behar. «Entrenamenduak etxetik prestatuta eta ikasteko gogoz zatozela ikusten badute, horrek lagundu egiten du», esan du.
Ez omen du zuzendu beharrekoa adierazteko eragozpenik. «Aita jenio bizikoa zen eta ni ere oso antzerakoa naiz. Bartzelonara joan nintzenean laguntzaile nindoan, baina taldekideek bazekiten esan beharrekoa esan egingo nuela», gaineratu du Anek.
Entrenatzailearen eta jokalarien arteko komunikazioa da giltza. «Pistan entrenatzaileak ikusten ez dituen gauzak ikusten dira, eta alderantziz. Eta saiatu naiz euren iritzia ere kontuan hartzen; garrantzitsua da. Nire jokalari garaietan faltan izan nuen jokalariaren sentsazioei adi egongo zen entrenatzailea. Zenbat eta begi gehiago, hobeto. Hori bai, azken erabakia nirea izango da!».
Eskubaloiak disfrutatu eta egunerokoaz ahazteko balio dio. Taldeko kirolak nahiago ditu. «Jakin behar duzu beste pertsonekin bai jokatzen bai elkarbizitza aurrera eramaten». Horixe izan zuen lezio garrantzitsuenetakoa Bera Berarekin Ohorezko Mailan jokatu zuen sasoian.
Pistan zein pistatik kanpo asko ikasi zuen. «Taldekideekin nengoen pisu batean eta etxetik kanpo bizitzen ikasi nuen. Familia eta lagunak hemen utzi eta talde profesionalean sartu nintzen, horrek daukan exijentziarekin... Momentu onak eta txarrak, denak bizi izan nituen», gogoratu du.
Kirolak eguneroko bizitzari aurre egiteko diziplina eman dio. «Konpromisoa hartu eta bete egin behar duzu. Gainera, nik, egitekotan, dena ematen dut, bestela nahiago ez hasi. Gehiago eman dezakedala baldin badakit, gehiago eskatuko diot neure buruari», kontatu du.
Okerreko erreakzioak saihesten ere ikasi zuen jokalari zela. «Eskubaloia kontaktuko kirola da. Daukadan fisikoarekin eta nire jenioarekin pentsatu izan nuen erreakzionatu egingo nuela, baina ez. Jo izan nautenean, modu onean zein txarrean, nire helburua orduan eta gol gehiago sartzea izan da. Ez dut arazorik nahi, jasotzen eta ematen ikasi beharra dago. Paperak galduz gero ni kaleratuko naute eta ekipoari kalte egingo diot. Eta horrek balio dit kalean ere».
Ikasketak eta kirola uztartzea lortu du Anek. Garbi zuen horrelaxe nahi zuela. Gizarte Lana ikasten hasi zen Donostian eta orain Gizarte Integrazioa ikasten du. Goizak horretan ematen ditu. «Eskubaloitik 10-12 urte bizi naiteke, eta gero zer?», esan du.
Eskubaloia da bere kirola, baina futbolean ere jokatu zuen 12-13 urte arte. «Lagunekin errazena zen. Ondoren eskubaloian hasi nintzen. Arrasaten orduantxe jarri zen martxan berriz nesken taldea. Ni baino nagusiagoak ziren, baina baimen batekin aritzen nintzen haiekin. Sei hilabete egin nituen. Baina jokatu nahi banuen Oñatira joan beharra neukan. Han lau urte egin nituen». Aitaren itzala handia da herrerotarren etxean, baina baita amarena ere. Bera arduratzen zen Oñatirako joan-etorriez. «Zenbat kilometro egin ote ditu ni hara-hona eramaten! Nire aita ezagutu zuenean ia ez zuen kirol hau ezagutu ere egiten, eta gero...», esan du.
Anek 13 urte zituen Gipuzkoako selekziorako deia jaso zuenean. «Oñatin ari nintzela Zarautzen jokatu genuen partida. Euskadiko selekzionatzailea zegoen ikusten. Amaieran aitari hurbildu zitzaion. ‘Non eduki duzu alaba?’, galdetu zion. ‘Alabak betidanik jokatu du!’, erantzun zion aitak».
Euskadiko selekzioa eta Estatu espainolekoa ondoren, bata bestearen atzetik etorri ziren. Eta, 17 urterekin, Donostiara, Bera Bera taldera. Urtebete jubenil mailan jokatzen baina nagusiekin entrenatzen eman zuen; gero, beste denboraldi bat senior mailan. «Exijentzia handia zen eta ikasketekin uztartzeko oso txarto ibili nintzen». Etxeranzko bidea hartu zuen.
Arrasaten kirol jarduerak izan duen ibilbidea gertutik ezagutu du. «Txikia nintzenean mutilen taldea Lehen Nazional Mailan zegoen eta polikiroldegia bete egiten zen. Sekulako giroa izaten zen. Goitik behera jaisten ikusi dut –adierazi du–. Mutilen eskubaloia betidanik egon da. Neskena, aldiz, tarteka. Orain ez dago. Eskubaloiak bizi izan zituen herrian garai politak, baina azkenaldian apaldu samar dago. Oro har, kirol guztiek galdu dute indarra. Jende gutxi joaten da ikustera, bai futbola, bai eskubaloia...».
Egin duten denboraldiak, hala ere, izan du oihartzunik herritarren artean eta horrek gauzak berpiztuko dituen esperantza du. «Kalean asko hurbiltzen zaizkigu asteburuko partida nola joan zaigun galdetzera», kontatu du.
Haurra zela profesionala izatea ez zitzaion burutik pasa ere egin. «Gustuko nuelako hasi nintzen jokatzen, ez besterik». Jokalari izateari utzi eta beste bide bat ari da jorratzen egun. Ez du damurik. «Etorri zaidan dena disfrutatu egin dut», adierazi du arrasatearrak. •




